"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko film sorpresa Blonde izango da, Marilyn Monroe izarraren erretratua, Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko eleberrian funtsatuta. Filmaren emanaldia irailaren 24an (larunbata) izango da Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan, eta Ana de Armas –protagonista– eta Andrew Dominik –zuzendaria– bertaratuko dira aurkeztera.
Plan B Entertainment ekoiztetxeko Dede Gardnerrek, Jeremy Kleinerrek eta Brad Pittek ekoitzia, Blonde, Veneziako Mostran lehiatu berri dena, Andrew Dominiken –The Assassination of Jesse James by the Coward Ford, Killing them Softly eta This Much I Know To Be True filmen errealizadorearen– lan berria dugu. Marilyn Monroe izarraren erretratu hau Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko kontakizun batean funtsatuta dago, eta aktore estatubatuar mitikoaren nortasun publikoaren eta pribatuaren arteko banaketan sakontzen du.
Ana de Armas antzezle kubatar-espainiarra dugu filmaren protagonista, eta jada egin ditu zenbait rol ikoniko, hala nola Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017), Knives Out (Rian Johnson, 2019), Wasp Network (Olivier Assayas, 2019, Donostia Saria Emanaldia) eta No Time To Die (Cary Joji Fukunaga, 2021).
Film sorpresak Antiguo Berri enpresa etxebizitza-sustatzaile, eraikitzaile eta lurzoru-garatzailearen babesletza du.
Joyce Carol Oates egilearen bestseller eleberrian oinarritua, Blonde filmak ausardiaz irudikatzen du Hollywoodeko ikono hilezkorrenetako baten bizitza, Marilyn Monroerena, hain justu. Izarrak izandako haurtzaro ezegonkorra (Norma Jeane gisa), izar bihurtzerainoko bilakaera eta harreman erromantikoak jorratzen ditu Blonde filmak, bere nortasun publikoaren eta pribatuaren arteko zatiketa zabaltzeaz gain.