Donostia Zinemaldiak bere 70 kandelei putz egin die eta Zorionak zuri abestu du Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan; bart Kursaal Auditoriumean egin da Loreto Mauleón aktoreak eta Paco León aktore eta zuzendariak aurkeztutako inaugurazio-gala. Zeremoniaren ardatza lehiaketaren urteurrena izan da; izan ere, duela zazpi hamarkadatik lehiaketa babestu duten ikus-entzuleak omentzeko balio izan du.
"Komedia arinean" egin da zeremonia, Santiago Tabernero zeremoniaren zuzendariak agindu zuen bezala, eta Mauleón eta León NODOko (albistegi frankista) pertsonaia bihurtu dituen bideo-muntaketa batean agertu dira; horren ondoren, 1953an (Zinemaldiaren lehen edizioan) Goizaldi taldeko dantzari gisa parte hartu zuten lau emakume gonbidatu dituzte agertokira: Milagros Zatarain, Mariví Montes, María Arbizu Corpus eta Mila de Salustiano.
Edurne Ormazabal kazetariak –orain arte gala askotako aurkezle izan denak eta gaur egun Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendari nagusia denak–, Imaginatu Zinemaldia erakusketa bisitatzeko proposamena egin die ikus-entzuleei; uda osoan egon da erakusketa ikusgai Tabakaleran, eta hilaren 24ra arte ikusi ahalko da, Zinemaldiaren 70 urteen ospakizun gisa.
Cayetana Guillén Cuervo aktoreak nabarmendu egin du zinema espainiarrak presentzia handia izan ohi duela Zinemaldiko sail guztietan, eta Belén Cuesta antzezleak 2022ko FIPRESCI Sari Nagusia aurkeztu du Ryūsuke Hamaguchiren Drive My Car filmarentzat, FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek aurtengo film onentzat jo baitute japoniarraren lana.
Zuzeneko musika Mikel Erentxun musikari donostiarraren eta Rocío Márquez flamenko-kantari andaluziarraren esku egon da; hala, Bronquio musikariarekin batera jo du Márquezek, Zinemaldiaren antolakuntzan parte hartu zuten baina duela gutxi hil diren lau pertsonari eskainitako in memoriamaren ondoren: Alfredo Knuchel, 1991tik 1992ra Hautespen Batzordeko kidea eta Alemania, Austria, Suitza eta Holandako ordezkaria 1993tik 2010era; Mariano Larrandia, Zuzendaritza Batzordeko kidea 1978an eta 1985ean; Tony Partearroyo, Hautespen Batzordeko kidea izana 1993an eta 1994an, eta José Ángel Herrero-Velarde, 40 urte baino gehiago egon zena Zinemaldiari lotua Zuzendaritza eta Hautespen Batzordeko kide gisa, besteak beste.
Halaber, Zinemaldiak ongietorria eman die Epaimahai Ofizialeko kideei: Antoinette Boulat casting-zuzendari eta zinemagilea (Frantzia), Tea Lindeburg zuzendari eta gidoigilea (Danimarka). Rosa Montero idazle eta kazetaria (Espainia), Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisuala (Lesotho), Hlynur Pálmason zuzendari eta gidoigilea (Islandia) eta Matias Mosterín ekoizlea eta epaimahaiburu ofiziala aurtengo edizioan (Argentina). Argentinarrak nabarmendu duenez, "zinema ahotsen multzo hori da, mundua ikusteko hainbat eta hainbat modu: zuri-beltzean, koloretan, mutu edo zalapartan".
"Komunitate zinematografikoa osatzen dugunok inoiz baino gehiago dugu intolerantziari aurre egiteko ardura, pentsamendu kritiko bizia baliatuz. Geure burua zalantzan jartzekoa eta gogoan izatekoa oker egoteko arriskua dugula beti. Donostia Zinemaldiko edizio honetan, elkartzeko eskatu nahi nizueke, askatasuna goraipatzeko ez ezik, ditugun kontraesanak aitortzeko eta desberdinak izanik ere hitz egiteko dugun gaitasuna ospatzeko ere bai", erantsi du Mosteirínek.
Sail Ofiziala lehiaz kanpo inauguratu duen Modelo 77 / Prison 77 filmaren aurkezpenaren ondoren, Alberto Rodríguez –filmaren zuzendaria– eta Miguel Herrán eta Javier Gutiérrez –filmeko aktore nagusiak– bertan zirela, Zorionak zuri euskaraz abesteko eta pantailan agertu diren eta 70 zenbakia osatzen zuten bi kandela erraldoiri putz egiteko proposamena egin die ikus-entzuleei galaren aurkezleek.
Jai-giro horrekin hasi da, hala, lehiaketaren edizio berri bat, hilaren 24ra arte (larunbata) iraungo duena eta 193 obra –604 emanalditan banatutako film luzeak, laburrak eta ertainak eta telesailak– erakutsiko dituena, baita industriako jarduera ugari ere.