Donostia Zinemaldiko 70. edizioan programatutako zazpi film egongo dira Espainiako Lankidetza Saria eskuratzeko lehian. Sari hori Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) ematen du, zeina Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mende dagoen. 2015etik urtero ematen zaio saria giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako (Espainiako eta Portugalgo filmak ere sartzen dira) filmaren ekoizleari.
Elena González Gonzálezek, AECIDeko Lankidetza eta Kultura Sustapenerako saileko nagusiak, epaimahaian parte hartuko du Miren Gutiérrez Almanzor Deustuko Unibertsitateko ikerlariarekin eta Miren Albistur Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko aholkulariarekin batera.
Espainiako Lankidetza Saria Sail Ofizialean, New Directors sailean edo Horizontes Latinos sailean parte hartzen duen Iberoamerikako film bati ematen zaio. Sariaren helburua da Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetza-balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko. Sariaren zortzigarren edizioan, Donostia Zinemaldiaren eta AECIDen arteko lankidetzari esker, saria 10.000 eurokoa izango da.
Espainiako Lankidetza Saria irailaren 24an jakinaraziko da Kursaalean egingo den amaierako galan.
Hautagaietako bi, Pilar Palomeroren La Maternal (Espainia) eta Laura Moraren Los reyes del mundo / The Kings of the World (Kolonbia – Luxenburgo – Frantzia – Mexiko – Norvegia), Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta Laura Baumeisterren La hija de todas las rabias / Daughter of Rage (Nikaragua –Mexiko – Herbehereak– Alemania – Frantzia – Norvegia – Espainia), berriz, New Directors sailean; gainontzeko guztiak Horizontes Latinos sailean arituko dira: Patricio Guzmánen Mi país imaginario / My Imaginary Country (Frantzia – Txile), Andrés Ramírez Pulidoren La jauría (Frantzia – Kolonbia), Natalia Beristainen Ruido / Noise (Mexiko) eta Fabián Hernándezen Un varón (Kolonbia– Frantzia – Herbehereak – Alemania).
Sail Ofiziala
Carlak 14 urte ditu eta neskato desafiatzailea eta hezigaitza da. Herri bateko kanpoaldean bizi da, errepideko jatetxe zahar batean, bere ama ezkongabe gaztearekin. Ez da ikastetxera joaten eta egunak Efraín lagunarekin ematen ditu. Gizarte-laguntzaile bat konturatuko da bost hilabeteko haurdun dagoela eta ‘La Maternal’ ama adingabeentzako zentroan sartuko da. Han egoera berean dauden beste gazte batzuekin biziko da. Neskek, haurtxoekin, aurre egin beharko diete helduen mundu berri horri, prestatzeko astirik izan ez duten arren.
"Egun batean gizon guztiak lo geratu eta Lurraren ertzak erre egin ziren". Los reyes del mundo desobedientziari, adiskidetasunari eta erresistentzian existitzen den duintasunari buruzko filma da. Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano Medellíngo bost kale-mutil dira. Erresumarik, legerik eta familiarik gabeko bost errege lur aginduaren bila abiatuko dira. Klan basati eta maitagarri baten bidez kontatutako ipuin subertsiboa, errealitatearen eta eldarnioaren artekoa. Bidaia bat ezerezera, den-dena gertatzen den lekura.
New Directors
Nikaragua, gaur egun. María, 11 urtekoa, bere ama Lilibethekin bizi da hondakindegi erraldoi baten ertzean. Ama-alaben etorkizuna arraza puruko txakurkume talde bat bandakide bati saltzean aldatzekoa zen, baina tratuak porrot egingo du, eta horregatik, Lilibethek hiriaren kanpoaldera joan eta María birziklatze-lantegi batean utzi beharko du, bertan lan egin dezan. Egunak aurrera doaz baina ama oraindik ez da itzuli. María galduta, nahastuta eta haserre dago. Gau batean, Maríak Tadeo ezagutuko du, neskatoari amarekin elkartzen laguntzeko prest dagoen haur zintzo eta ameslari bat.
Horizontes Latinos
“2019ko urria. Ustekabeko iraultza bat, eztanda sozial bat. Milioi eta erdi pertsonak manifestazioak egin zituzten Santiagoko kaleetan demokrazia gehiago, bizimodu duinagoa, hezkuntza- eta osasun-sistema hobeak eta Konstituzio berria eskatzeko. Txilek bere memoria berreskuratua zuen. 1973an egin nituen ikasle-borroketatik espero nuen jazoera azkenean benetako bihurtu zen”. Patricio Guzmán.
Oihanaren erdian kokatutako birgaitze-zentro esperimental batean, Eliú hilketagatiko epai bat betetzen ari da. Beren lagun onena –bere konplizea ere badena– leku berera eramaten dutenean, gazteek euren krimena berreraiki eta Eliúk atzean utzi nahiko lukeen iraganari aurre egin beste erremediorik ez dute izango. Terapia eta lan behartuen artean, Eliúk giza naturaren iluntasunari aurre egin eta bereari ihes egiten saiatuko da berandu izan baino lehen.
Emakumeen aurkako gerra egiten ari den herrialde bateko indarkeria orokorrak bizitza suntsitu dien ama bat da Julia edo, hobeto esanda, hori bera pairatu duten ama, ahizpa, alaba eta lankide ugarietako bat. Julia bere alaba Gerren bila dabil. Eta bilaketa horretan, ezagutuko dituen emakume guztien istorio eta borrokak ehunduz joango da.
Carlos Bogota erdialdeko gazte-aterpetxe batean bizi da. Gabonak dira eta eguna familiarekin igaro nahi du. Aterpetxetik irtengo da bere auzoan oporrak igarotzeko, eta bertako basakeriari egin beharko dio aurre, indartsuenaren –alfa arraren– legea nagusi den leku batean. Carlosek alfa ar izan daitekeela erakutsi beharko du, baina maskulinotasun-adierazpen horiek bizirik irauteko hartu beharreko erabakiekin talka egingo dute.