Sei film lehiatuko dira irailaren 16tik 24ra egingo den Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko RTVE-Beste Begirada XVI. sarirako. Korporazioak –lehiaketaren babesle ofizialak–, emakumeen mundutik hurbileko gaiak jorratzen dituzten film luzeei, emakumeek zuzendu, interpretatu edo idatzitako film luzeei edo, gizonek zuzendu, interpretatu edo idatzitakoak izanik, emakumeen munduarekiko sentsibilitate berezia erakusten duten film luzeei ematen die golardoa urtero.
Edizio honetako epaimahaia honako hauek osatzen dute: Alauda Ruiz de Azúa, Cinco lobitos filmaren zuzendari eta gidoigilea, Salima Jirari El Kouaihi aniztasun-aditua eta Maite López Pisonero, RTVEko zinema-zuzendariordea.
Sei hautagaiak
Sail Ofizialeko bi pelikula lehiatuko dira sari hau eskuratzeko: Pilar Palomeroren La Maternal eta Isabel Coixeten El techo amarillo. New Directors sailari dagokionez, Carmen Jaquierren Foudre, Laura Baumeisterren La hija de las rabias eta Dinara Droukarovaren Grand Marin izango dira. Eta Perlak sailari gagozkiola, azkenik, Marie Kreutzerren Corsage filmak hartuko du parte.
Saria lortzeko lehiatzen diren filmak edizio bakoitzean estreinatzen direnen artean hautatzen ditu Zinemaldiak. Iaz Tatiana Huezo mexikarraren Noche de fuego filma saritu zuten (Mexiko-AEB-Uruguai-Alemania-Qatar).
RTVE, Donostia Zinemaldiko Babesle Ofiziala, Donostia hirira joango da lehiaketan ikusiko diren bi estreinaldi handiekin: Carlos Saurak artearen munduari buruz egin duen esperotako dokumentala, Las paredes hablan; eta Historias para no contar, Cesc Gayren komedia berria.
Gainera, RTVEren parte-hartzea duen zinemak presentzia handia izango du Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan; izan ere, haren lau pelikula Sail Ofizialean bilduko dira: Jaime Rosalesen Girasoles silvestres, Fernando Francoren La consagración de la primavera, Pilar Palomeroren La Maternal eta Mikel Gurrearen Suro.
Sail Ofiziala
Carlak 14 urte ditu eta neskato desafiatzailea eta hezigaitza da. Herri bateko kanpoaldean bizi da, errepideko jatetxe zahar batean, bere ama ezkongabe gaztearekin. Ez da ikastetxera joaten eta egunak Efraín lagunarekin ematen ditu. Gizarte-laguntzaile bat konturatuko da bost hilabeteko haurdun dagoela eta ‘La Maternal’ ama adingabeentzako zentroan sartuko da. Han egoera berean dauden beste gazte batzuekin biziko da. Neskek, haurtxoekin, aurre egin beharko diete helduen mundu berri horri, prestatzeko astirik izan ez duten arren.
2018an bederatzi emakumez osatutako talde batek salaketa bat jarri zuen Lleidako Antzerki Ikasgelako beren bi irakasleren aurka, 2001 eta 2008 bitartean, nerabeak zirela, jasan zituzten sexu-abusuengatik. Beranduegi zen. Beldurragatik, lotsagatik, gertatutakoa ulertzeko eta digeritzeko denbora gehiago behar izan zutelako, kasua preskribatuta zegoen eta artxibatu egin zuten. Hala ere, ez zekiten beren testigantzei esker ate bat ireki zutela eta, agian, dena ez zegoela galduta.
New Directors
1900eko uda, Suitza. Elisabeth etxera itzuli beharko da ahizpa nagusia ezustean hiltzen zaionean. Bere jaioterriko arau zorrotzengatik itota sentitzen denean, Elisabethek gutxika aurre egingo die bizitza bere erara bizitzeko eskubidea defendatzeko. Egilearen lehen lana.
Lilik den-dena utziko du Lurreko bazter urrun batera bidaiatu eta bere ametsa betetzeko: Ipar itsasoan arrantzatzea. Rebel izeneko arraste-ontzi baten kapitaina (Ian) konbentzitu egingo du aukera bat eman diezaion tripulazioarekin bat egiteko. Ontziko emakume bakarra izanik, Sparrow (txolarrea) ezizena jarriko diote; alabaina, eta ahula ematen badu ere, Liliren borondatea suntsiezina da, eta bere adore eta erabakitasun handi horiei esker, gainerakoen errespetua eskuratuko du. Askotan zoritxarrekoak diren gizonez osatutako mundu honetan, Lilik beste bizimodu bat izateko, aske izateko eskubidea bereganatuko du. Egilearen lehen lana.
Nikaragua, gaur egun. María, 11 urtekoa, bere ama Lilibethekin bizi da hondakindegi erraldoi baten ertzean. Ama-alaben etorkizuna arraza puruko txakurkume talde bat bandakide bati saltzean aldatzekoa zen, baina tratuak porrot egingo du, eta horregatik, Lilibethek hiriaren kanpoaldera joan eta María birziklatze-lantegi batean utzi beharko du, bertan lan egin dezan. Egunak aurrera doaz baina ama oraindik ez da itzuli. María galduta, nahastuta eta haserre dago. Gau batean, Maríak Tadeo ezagutuko du, neskatoari amarekin elkartzen laguntzeko prest dagoen haur zintzo eta ameslari bat.
Perlak
1877ko Gabonetan, Sissi enperatrizak 40. urtebetetzea ospatzen du baina ez du zorion-arrastorik inguruan: seme-alabek etengabe kritikatzen dute, eta denboraren eraginez desagertzen ari zaion edertasunaren menpe bizi da. Arauek ito egiten dute eta jakiteko eta bizitzeko gogo bizia sentitzen du Elisabet Bavariakoak (Austriako enperatrizak), eta horrrenbestez, gero eta gehiago oldartzen da inposizioen aurka, gaztaroko zirrara sentitu nahi baitu berriz.