"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak ohorezko Zilarrezko Maskorra eman dio gaur, irailaren 14an, SADE Cines enpresari, historian zehar Zinemaldiarekin izandako lankidetzagatik.
Sociedad Anónima de Deportes y Espectáculos sozietatea –SADE akronimoez ezaguna– 1925eko abenduaren 28an sortu zen, Vicente Mendizábal e hijos eta Principe Films enpresak bat egin zutenean. 1953an, Zinemaldiaren lehen edizioa egin zenean, SADE jada han zegoen, eta Zinemaldiarekin egon da urtero-urtero haren 70 edizioetako guztietan.
Eneko Goia Donostiako alkate eta Zinemaldiko Administrazio Kontseiluko presidenteak ohorezko Zilarrezko Maskorra eman dio SADE Cines enpresako presidente Jose Ramon Aramendiri, eta hauek ere izan dira saria emateko ekitaldian: Leopoldo Arsuaga SADEko arduradun ohia; Juan Luque, Javier Iturbe eta Arantxi Aldama zinema-aretoetako langile beteranoak, eta zinema-industriako, hedabideetako eta Zinemaldiaren lantaldeko hainbat ordezkari.
Príncipe, Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoen (20 areto guztira) jabea da gaur egun SADE Cines enpresa, eta iraileko bederatzi egunetan Zinemaldirako funtsezkoa izateaz gain, urte osoan egiten duen lanagatik ere behar-beharrezkoa da, aliatua baita esperientzia zinematografikoaren transmisioan eta zinemazale berrien sorkuntzan.
SADEko Zinema Unitateko zuzendari Iñaki Elorzak adierazi duenez, “Zinemaldiaren 70 urteetan zehar, SADE enpresako langileek gaitasun ezin handiagoa erakutsi dute munduko lehen mailako jaialdi baten eskakizunei arrakastaz erantzuteko. Enpresan denbora luzeena daramatenek nabarmentzen dute Zinemaldiaren historiaren parte izatea harro sentiarazteko zerbait dela, eta oroitzapen ahaztezin ugari dituzte, emanaldi-kabinan mundu-izar ospetsuekin egiten diren topaketa pertsonalak kasu. Errealizadore gazteekin ezartzen den lotura berezi hori da nabarmentzekoa, euren lehen lana estreinatzen denean urduri samar jarri ohi baitira. Denborak aurrera egin ahala, horietako batzuk zuzendari ospetsu bihurtu dira, Pedro Almodóvarren kasuan bezala”.
Zazpi hamarkadotan zehar, SADE enpresak Zinemaldiko emanaldiak hartzeko zuen gaitasuna ugarituz joan da, 1984an gertatu zen bezala, lehenengo multizinea iritsi zenean, jada existitzen ez den Pequeño Casino delakoa. Beste inflexio-puntu bat 1989an gertatu zen, Astoriako zazpi aretoak gehitu zirenean; izan ere, nabarmendu duenez, “oso antolaketa-erronka handia izan zen zinema hartako teknikarientzat; alabaina, bikain gainditu ahal izan zuten erronka”.
SADEren aretoetan dauden baliabide teknikoen berri ere eman du, Juanma Bajo Ulloa gazte-gazte batek baimena eskatu zuenean Astoriako kabinatik ikusteko, “hango leiho monumentaletik aretora, Alas de mariposa (Urrezko Maskorra, 1991) filmaren emanaldia, guztiz liluratuta pantaila erraldoi harekin eta bertako besaulki-patioarekin”. Eta gauza bera egin zuen Elías Querejetak, Príncipe zinemako kontrol-kabinatik emanaldi bat ikusteko eskatu zuenean, Zinemaldian izan zeneko azken aldietako batean”, Iñaki Elorzak gogorarazi digunez.