Perlak sailak 17 film luze erakutsiko ditu aurten, eta horietako hamabost lehiatuko dira Udalak zazpigarren urtez jarraian babesten duen Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Udalak donostiarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du golardoa, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak. Golardoa Europako Kultura Hiriburuaren testuinguruan sortu zen eta, horrenbestez, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirau.
Armani Beauty-k babestutako Perlak saileko obrek nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Victoria Eugenia antzokian gauzatuko dira film horien emanaldiak eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.
Eneko Goia Donostiako alkateak gogoratu du aurten Zinemaldiak 70 urte bete dituela, eta hori, bere ustez, "urtez urte publikoaren saria jaso duelako izan da". "Beti esan dugu Donostia Zinemaldia dela munduko zinema-erakustaldi jendetsuenetarikoa, herrikoiena. Horri esker harrotasun eta poztasunez ospatzen dugu aurtengo urteurrena. Urte askorako Zinemaldia izango dugu orain arte bezala publikoaren babesa mantentzen duen bitartean", adierazi du alkateak.
Iaz, Céline Sciammaren Petite Maman lanak eskuratu zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria –Zinemaldian aurkeztu baino lehen, Berlingo zinema-jaialdian lehiatu zen–, eta Emmanuel Carrèrek irabazi zuen, berriz, Europako film onenaren saria, zehazki, Ouistreham / Between Two Worlds filmarekin–Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atala ireki zuen lanari hasiera eman zion obra–.
Bestalde, Zinemaldiak eta Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko dituzte premia ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean, Kursaalen eta Belodromoan filmak ikusteko aukera izan dezaten. Donostian erroldatutako 18 urte gorako langabeek eskatu ahalko dituzte tiketak.
Alde batetik, sarrera-txartelen eskaera irailaren 14ko 9:00etatik irailaren 26ko 14:00ak arte egin ahalko da Arroka plazako Udal!nforen bulegoan, bai eta 010 telefonora deituz edo Udalaren webgunearen bidez ere. Bestetik, Udal!nforen aipatutako bulegoan 9:00etatik 14:00etara jaso ahalko dira identifikazio-dokumentua, langabe-agiria et inprimatutako sarbide-eskera erakutsiz betiere.
José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eskerrak eman ditu Udalak Zinemaldi inklusiboago baten bidean aurrera jarraitzeko emandako laguntzagatik. “Harrotasunez esan ohi dugu Donostia Zinemaldia jaialdi nagusiki publikoa dela, baina hainbat arrazoi direla-eta, gizarteko sektore batzuek ezin dute sarrera bat erosi. Ekimen honekin eta baita beste batzuekin ere -SOS Arrazakeria Gipuzkoarekin egiten dugunarekin adibidez-, arrakala hori apur bat txikiagotzen saiatzen gara”, adierazi du.
FILMAK
Peter Von Kant zuzendari arrakastatsu eta ospetsua bere laguntzaile Karlekin bizi da baina tratu txarrak eman eta humiliatu egiten du. Sidonie aktore handiari esker, Amir –jatorri apaleko gazte eder bat– ezagutu eta harekin maiteminduko da. Etxea partekatzea proposatu eta zinemaren munduan sartzeko laguntza eskainiko dio Peterrek Amirri.
Argentina, 1985 Julio Strasseraren eta Luis Moreno Ocamporen benetako historian oinarrituta dago. 1985ean Argentinako historiako diktadura militar odoltsuena ikertu eta jazartzera ausartu ziren bi fiskal horiek. Izan ere, demokrazia berri eta hauskor hartan indar militarrak zuen eraginak ez zituen beldurtu Strassera eta Moreno Ocampo, eta ustekabeko heroiez osatutako talde juridiko gazte bat bildu zuten "David Goliaten aurka" motako bataila baterako. Mehatxatuta bizi baziren ere (baita euren familiak ere), denboraren aurka egin zuten korrika, junta militarraren biktimen aldeko justizia erdiesteko.
Frantziako Antoine eta Olga bikotea aspalditik bizi dira Galizia erdiguneko herrixka batean. Lasai bizi diren arren, bertakoekin bizikidetza ez da nahiko luketen bezain idilikoa. Bizilagunekin, Anta anaiekin, izango duten gatazka baten ondorioz, tentsioa handituko da herrian eta egoera itzulezina izango da.
Nazioarteko sari ospetsu baten irabazle izendatu berri dute Silverio, Los Angeles hirian bizi den kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar bat, eta sorterrira itzuli beharko du gizonak. Alabaina, bidaia sinple horrek muga existentzial batera eramango du ezustean. Hala, Silveriorek oroitzapen eta beldurren zentzugabekeriak oraineraino joatea erabakiko du eta gizonaren eguneroko bizitza nahasmen eta harriduraz beteko. Emozio handiz eta barrearen barrez, Silveriok enigma unibertsal baina barne-barnekoei aurre egin beharko die identitateari, arrakastaren, hilkortasunaren, Mexikoko historiaren eta emaztearekiko eta seme-alabekiko familia-lotura erabat hunkigarrien inguruan. Azken batean, gaur egun –garai benetan bitxi batean– gizaki izatearen benetako ondorioak aurrez aurre izango ditu.
Gau euritsu batean, neska gazte batek eliza baten atarian uzten du bere haurtxoa. Abandonatutako haurtxoen lapurretan diharduten bi gizonek jasoko dute jaioberria, tarifa bat ordaintzeko prest dauden gurasoei saltzeko asmoz. Neska gaztea damututa itzuliko da elizara, eta bi gizonen legez kanpoko negozioa deskubrituko du han. Horiekin bat egitea erabakiko du adopziozko guraso aproposenak aurkitzeko. Errepidean zeharreko ezohiko bidaia horretan, haurraren bizitzan gurutzatuko direnen etorkizuna erabat aldatuko da.
1877ko Gabonetan, Sissi enperatrizak 40. urtebetetzea ospatzen du baina ez du zorion-arrastorik inguruan: seme-alabek etengabe kritikatzen dute, eta denboraren eraginez desagertzen ari zaion edertasunaren menpe bizi da. Arauek ito egiten dute eta jakiteko eta bizitzeko gogo bizia sentitzen du Elisabet Bavariakoak (Austriako enperatrizak), eta horrrenbestez, gero eta gehiago oldartzen da inposizioen aurka, gaztaroko zirrara sentitu nahi baitu berriz.
Alicek (Pugh) eta Jackek (Styles) Victoria izeneko komunitate idealizatu batean bizitzeko zortea dute. Goi-sekretuko proiektu batean diharduen konpainia baterako lan egiten duten gizonak eta horien familiak hartzen dituen hiri esperimentala da Victoria. Bizitza perfektua da eta konpainiak bertakoen behar guztiak asetzen ditu. Alabaina, bizitza idiliko hartan arrakalak hasiko dira agertzen, eta itxura horren azpian dagoen gauza askoz ere maltzurrago baten zantzuak geratuz joango dira agerian. Eta orduan Alicek bere buruari galdetuko dio, halabeharrez, zertan ari diren zehazki Victorian eta zergatik. Zer prezio ordaindu beharko du Alicek paradisu honetan gertatzen ari dena argitara ateratzeko?
Familiari, maitasunari eta elkartasunari buruzko filma. Bizirik irauten saiatzen diren hiru pertsonaiaren atzerako kontaketa, elkarri lotutako hiru istoriorekin, agian hiruon bizitza behin betiko ibilbidez aldatuko duten 24 ordu erabakigarritan. Estres ekonomikoak harreman pertsonaletan duen eragina aztertzen du filmak, maitasunari eta elkartasunari esker aurrera atera gaitezkeela islatzeaz gain. Erlojupeko bidaia zirraragarria hiri handi baten marjinetan.
Sylvie, 60 urteko emakume bat, kartzelatik irtetear dagoen Michelekin maitemindu da. Loradenda bat ireki nahi dute elkarrekin, bizitza berri bati ekiteko. Alabaina, Sylvieren seme Abelek begi txarrez ikusten du harreman hori, Michelek berriz delituren bat egingo duela uste baitu. Clémence bere lagunik onenarekin ikertzen hasi eta Abelek ulertuko du iritziz aldatu behar duela.
1950eko hamarkadako Londresen girotua, filmeko protagonista Williams da, bulegoko paperen artean bizi den funtzionario beterano bat, II. Mundu Gerraren ondoren hiria berreraikitzen ari den bitartean. Bere bizitza arriskuan jartzen duen gaixotasun bat diagnostikatzen diotenean, aurrezki-kontua hustu eta kostaldera joatea erabakiko du. Hitz ematen dio bere buruari bere azken egunek zentzua izango dutela, baina konturatzen da ez dakiela nola lortuko duen hori. Ezezagun misteriotsu batek hirira eramango du Williams, eta horren ondoren, jakin-mina piztuko dio lankide gazte batek: Williamsek galdu duen bizitasuna duela dirudi. Lankide baikorrak lagunduta, Williamsek ahalegin handia egingo du bere ingurua modu harrigarri batean zoriontsu egiteko.
Gabonak baino egun batzuk lehenago, Matthias bere sorterrira itzuliko da, Transilvaniara, Alemanian lanean ari zela abandonatu zuen semearekin harremanetan jartzeko. Han, semearen heziketan gehiago inplikatzen saiatzen den bitartean, lasaitasuna eten egingo da bertako enpresa batek langile atzerritarrak kontratatzea erabakitzen duenean. Frustrazioak, gatazkak eta grinak berriro azaleratu eta komunitatearen itxurazko bakea hautsiko da.
Gaur egungo Belgikan, Afrikatik bakarrik iritsi ziren haur batek eta neska nerabe batek erbesteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete euren adiskidetasun suntsiezinarekin.
Bi modelo luxuzko itsas bidaia batera gonbidatu dituzte. Yatea hondoratzen denean, jenderik gabeko uharte batean amaituko dute aberts okituen talde batekin eta emakume garbitzaile batekin. Bizirik irauteko borrokan, antzinako hierarkiak nahastu egingo dira, garbitzailea baita arrantzan dakien bakarra.
Ramón eta Céline bikote gaztea Parisko Bataclan lokalean zeuden 2015eko azaroaren 13an. Terroristen erasoaren bitartean, biak iritsiko dira musikarien kamerinora, bakoitza bere aldetik, babes bila. Handik ateratzean aldatuta daude. Eta ez dakite aurretik zirenak izango ote diren berriz.
Sandra gazteak bakarrik hezi behar du bere alaba eta, gainera, aita gaixorik du eta maiz joaten zaio bisita egitera. Familia borrokan ari da aitak behar dituen zaintza medikoak jaso ditzan, eta halako batean, Sandrak Clément topatuko du berriz, aspaldian ikusi gabeko lagun hura. Clément beste norbaitekin konprometituta badago ere, istorio sutsu bati ekingo diote bi protagonistek.