"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldia lankidetzan ariko da SOS Arrazakeria Gipuzkoaren mentoretza sozialerako programekin 50 zinema-sarrera emanez. Akonpainamendu-programa horiek erreferentziazko pertsona bat ematen diete kausa sozioekonomikoengatik kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei, eta pertsona horrekin lotura bat sortzen dute, gizarteratze-prozesuan laguntze aldera.
Irailaren 16tik 24ra egingo den Zinemaldiaren 70. edizioko saioetara joatea testuinguru berean kokatzen da. “Sarrera horiek akonpainamendu-programa horietan parte hartzen duten pertsonen artean banatuz, pertsona horien gizarteratze-prozesua normalizatzen eta sendotzen da, Donostia Zinemaldia eskuraezin gisa ez agertzea lortzen baita; aitzitik, gure gizarteko pertsona guztiak sar ditzake, hala nola beste kultura batzuetatik iritsitakoak”, Karlos Ordoñez SOS Arrazakeria Gipuzkoaren mentoretza sozialerako programen koordinatzaileak azaldu duenez.
Mentoretza soziala hauskortasun-egoeran dauden pertsonekin esku hartzeko baliabide ba da. Halako egoeran egonik halako programetan bildutako pertsona bakoitzari mentore bat esleitzen zaio, astean hiru orduz lagun diezaion, gutxienez sei hilabetez. Horrela, gizarteratze-prozesuarekin zerikusia duten alderdiak lantzen dira, hala nola autoestimua, sozializazioa edo ongizate psikosoziala. SOS Arrazakeria Gipuzkoak mentoretza sozialerako hiru programa ditu: lehenik, Urretxindorra, unibertsitateko edo goi-mailako ikasleak nerabezaroaurrean dauden haur migratzaileekin lotzen dituena, eta, halaber, aste hauetan, hain zuzen ere, unibertsitate-boluntarioak sartzeko ateak irekita dituena bere bederatzigarren edizioari begira; bigarrenik, Izan Harrera, ZEHAR Errefuxiatuekin elkartearekin batera garatua, non SOS Arrazakeria elkarteko boluntarioek akonpainamendua egiten dieten errefuxiatu edo asilo-eskatzaileei; eta hirugarrenik, Itsasargia programa Pasaian bizi diren emakume autoktono eta migratzaileei zuzendua. Gainera, Hiritarron Harrera Sarea ekimenarekin batera, kalean bizi diren gazteei akonpainamendua egiteko prozesuak ere gauzatzen dira.