Made in Spain Donostia Zinemaldiko sail ez lehiakorrak –urteko film espainiarren lagin bat biltzen duenak–, hamahiru film luze eskainiko ditu 70. edizio honetan; horietako lau mundu-estreinaldiak izango dira, eta gainerakoak, berriz, aurretik nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak.
Tradizioz, Made in Spain saila beste zinema-jaialdi handi batzuetatik erreskatatutako filmez osatuta egon izan da, baina aurtengo edizioan (irailaren 16tik 24ra), filmen erena mundu-estreinaldi gisa ikusi ahalko da. Halako kasua da, adibidez, saila inauguratuko duen filma, El color del cielo / Color of Heaven, Marta Etura eta Francesc Garrido protagonista dituena. Joan-Marc Zapataren (Bartzelona, 1989) debuta da zuzendaritzan, eta zinema-izar garrantzitsu batek eta goi-mailako filosofo batek Suitzan izandako topaketa kontatzen digu.
Beste mundu-estreinaldietako bat Entre montañas / Alone in the Mountains izango da, Unai Canelak (Bartzelona, 2004) zuzendutako lehen film luzea. Pandemiaren garaian, Pirinioetako herri txiki batean konfinatu zen Canela, eta bere burua filmatu zuen han, naturarekiko lotura erakusten digun film hori sortzeko.
Álvaro Longoria (Santander, 1968) Tequila. Sexo, drogas y rock and roll / Tequila. Sex, Drugs and Rock and Roll dokumentalarekin egongo da sailean. Cecilia Rothek kontatutako dokumental horretan, Ariel Rot eta Alejo Stivel buru zituen Tequila rock talde ospetsuaren istorioa gogora ekartzen digu egileak. Kantabriako zuzendari eta ekoizlea lan horrekin itzuliko da Zinemaldira, Donostian lan hauek aurkeztu ondoren: Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012), The Propaganda Game (Zabaltegi, 2015), Ni distintos ni diferentes: Campeones (Belodromoa, 2018) eta Sanctuary (Beste jarduera batzuk, 2019).
Made in Spain sailean lau mundu-estreinaldietako azkena El crítico / The Critic izango da, Juan Zavala tolosarrak (1964) eta Javier Morales Pérez madrildarrak (1973) zuzendutako dokumentala, Carlos Boyero ardatz duena, Espainiako zinema-kritikari ezagun eta polemikoenetako bat. Zavalak eta Moralesek gidoilari eta ekoizle gisa parte hartu izan dute zinemarekin lotutako hainbat filmetan, hala nola Regreso a Viridiana (2011) eta El último adiós de Bette Davis (2014) pelikuletan.
Saila beste lehen lan batek itxiko du: La casa entre los cactus / The House Among the Cactuses, Carlota González-Adriok (Bartzelona, 1996) zuzendua eta Zinemaldian proiektatu aurretik estreinatuko dena. Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia da egilea, eta suspensez beteriko thriller emozional bat aurkeztuko digu, ezezagun bat agertzean elkarbizitza aldatuko zaion familia idiliko bati buruzkoa.
Gainera, Rodrigo Cortés (Ourense, 1973), Zabaltegi-Perlas sailean Buried (2010) filmarekin egon zena, eta El amor en su lugar / Love Gets a Room bere lan berrienarekin itzuliko da Donostiara, Sevillako zinema-jaialdian izan ostean. Adrián Silvestrek (Valentzia, 1981) Mi vacío y yo / My Emptiness and I aurkeztuko digu, bere hirugarren film luzea, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatua eta Málagakoaren Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Sari Bereziaren irabazlea. Bestalde, Albert Serra katalanak (Banyoles, 1975) bere film berria –Tourment sur les îles / Pacifiction– erakutsiko digu, Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu ondoren.
Azkenik, Carla Simón (Bartzelona, 1986), bere lehen lana –Estiu 1993 / Summer 1993– jada Made in Spain sailean erakutsi zuena, sailera itzuliko da bere bigarren filmarekin: Alcarràs, azken Berlinalen Urrezko Hartza irabazi zuena; gainera, aurten Simonek lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean Carta a mi madre para mi hijo / Letter to My Mother for My Son film laburrarekin.
Jonás Trueba zuzendariak (Madril, 1981), berriz, Tenéis que venir a verla / You Have to Come and See It filma erakutsiko digu, Karlovy Vary jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu ondoren lan horrengatik. Truebak, Made in Spain sailean jada parte hartzeaz gain aurreko zenbait lanekin, Sail Ofizialean ere parte hartu izan du La reconquista / The Reconquest (2016) eta Quién lo impide (2021) lanekin. Azken horrek, besteak beste, antzeztaldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra eta Fipresci Saria irabazi zituen.
Made in Spain sailak SGAE Fundazioa du laguntzaile. Gainera, SGAE Fundazioak hiru urte daramatza Dunia Ayaso saria ematen Zinemaldian. Golardo hori duela zazpi urte hil zen gidoigile eta zuzendari kanariarraren omenez sortu zen, historian protagonismoa izan duten emakumezko protagonistak edo emakumeak gizartean duen egoera islatzen dutenak erakusten dituzten zinema-lanak aintzatesteko. Halaber, Fundazioak euskal ekoizpeneko gidoi onenaren saria finantzatzen du 2019az geroztik, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak bultzatuta. Azkenik, SGAE Fundazioak eta Euskadiko Orkestrak Zinemaldiarekin batera antolatzen duten Kontzertua & Proiekzioa itzuliko da aurten Belodromora.
Olivia Brontë zinema-izarra Suitzara joango da, moda-aldizkari garrantzitsu batekin argazki-saio bat egitera. Han Tristán del Valekin egingo du topo, urte batzuk lehenago ezagutu zuen filosofo espainiar batekin. Berriro elkartzeak iragana berrikustera eramango ditu biak, eta aukeratu zuten bideak nora eramaten dituen galdetzera.
Emilio eta Rosak familia perfektua sortu dute. 70eko hamarkadan, Kanarietako leku hutsen batean, bost alabenganako maitasunez beteriko etxe bat eraiki zuten; alabek gaztelaniazko lore-izenak dituzte: Lis, Iris, Melisa, Lila eta Dalia. Han, euren herrialdean atzean utzitako zibilizaziorik eta bizitzatik isolatuta, euren paradisu bereziaz gozatzen dute, mundu osotik bereiz. Kanpoko mundua arriskutsua da familiarentzat, eta euren familian nahasiz gero, familia suntsituko luke beharbada. Emiliok eta Rosak baino ez dakite hori. Horregatik daramate bizitza osoa alabei sekretu izugarri bat ezkutatzen.
Laurogei urte lur bera lantzen eman ondoren, Solé familia azken uzta elkarrekin egiteko bilduko da.
1942ko urtarrila. Polonia osoko 400.000 juduk urtebetetik gora daramate naziek ezarri dien ghetto estu batean sartuta hiriaren erdian. Hesitik kanpo, bizitzak aurrera jarraitzen du. Barruan, bertako biztanleek bizirik irauteko borrokatzen dute. Alabaina, adreiluzko horma altuak ez du aktore juduen talde baten sorkuntza gelditzea lortuko; hala, neguko gau hotz-hotz batean komedia musikal bat antzeztuko dute Fémina antzokian. Ikus-entzuleek barre egiten dute eta hunkitu egiten dira maitasun-istorio bat ikustean. Bizi duten egoera latza une baterako ahazten dute. Atzealdean, aktoreek hil edo biziko dilema bati egin beharko diote aurre, emanaldiaren ondoren ihes egiteko aukera suertatzen zaienean.
Carlos Boyero zinema espainiarreko figurarik jarraitu eta beldurgarrienetako bat da. Polemikaren atzetik dabil duela berrogei urte baino gehiago bere lehen artikulua argitaratu zuenez geroztik, inoiz ez baita atera eztabaidaren erdi-erditik. Amaitzen ari den garai baten azken ordezkaria ote da? Sare sozialek kritikarien eragin tradizionalarekin amaitu al dute? Hain polemikoa den figura horren ibilbide eta nortasunetik abiatuta, El crítico filmak, gainera, kritika zinematografikoaren generoak Espainian bizi dituen aldaketa handiei buruzko hausnarketa pizteko xedea du.
Unai nerabea Pirinioetako herri txiki batean dago pandemiagatik konfinatuta. Urtebetez baino gehiagoz, intentsitate handiz biziko du urtaroen iragaitea eta hurbileneko naturarekin –askotan ezezagunena ere baden horrekin– konektatuta sentitzearen zirrara.
Hogeita hamar urte izanik ere, hogei urte zituztenean bezala bizi dira, baina jada pasatu zaie promesa gazte bihurtzeko adina. Maitasunaz maiteminduta daude, baina, euren bilaketan, elkar suntsitzen dute, andregai ohiez andregai ohi, harremanez harreman dabiltza noraezean. Popa eta autofikzioa testuingurutzat hartuta eta erabat erreala ote den jakiterik ez dagoen abeslari ezagun baten agerpenarekin, Zaida, haustura baten ondoren, hirira itzultzen denean hasiko den jolas batean gaude. La amiga de mi amiga bost protagonista lesbianaz osatutako korapilo-komedia bat da. Bartzelonako kale, ohe eta komunetan gertatzen den ipuin moral bat.
Manuel Bianquetti inspektoreak Cádizeko polizia-etxera lekualdatzea onartu behar izan du. Neska gazte baten gorpua aurkitzean, hasierako lasaitasuna amaituko zaio, atsekabetzen duen iragan bat gogoraraziko baitio horrek. Nagusiak aurka izan arren, Bianquettik gurutzada bakarti bati ekingo dio erruduna harrapatzeko, agian imajinatu besterik egiten ez dituen froga batzuei jarraikiz. Bizilaguna bikotekide ohiak jazartzen duen erizain hauskor bat da, eta laguntzen dion pertsona bakarra, agidanez.
Sor Marina oso moja ezohikoa da eta El Parralera –ixteko arriskuak dagoen ikastetxe batera– iritsiko da 1994ko udan. Iristean, haurrak erabat deskontrolatuta daude. Familiarik gabeko mutilak dira eta bihurrikeriekin egingo diote harrera emakumeari, Marinak dena aldatuko duen ideia bat izango du: futbol-talde bat osatzea. Bi mojak lagunduta (Angelines xaloa eta hauskorra, eta Tatiana basati baina onbera), benetako familia baten antzeko zerbait sortuko du. Urte batzuk geroago, Valdok, mutiletako batek, debuta egingo du Real Madrideko lehen taldean.
Raphi pertsona gaztea, androginoa eta naif samarra da. Olerkiak idazten ditu eta bere ametsetako printzearekin maitemintzea du amets. Bere jaioterritik Bartzelonara joan zen bizitzera, eta han errealitatea oso urrun dago imajinatzen duen bezalakoa izatetik. Genero-disforiaren diagnostikoa jaso eta bidaia nekez bat hasiko du bere benetako nortasuna onartzeko. Medikuak, lankideak, trans lagunak, queer artistak eta aplikazio bidez ezagutzen dituen gizonak: denek emango dizkiote aholkuak, baina denborak eta bizi-esperientziak bakarrik lagunduko diote Raphiri bere lekua aurkitzen munduan.
Bi lagun bikote berriz elkartu dira. Musika entzuten dute, solasean aritzen dira, irakurri eta jan egiten dute, pasieran ibiltzen dira, ping-pongean jolasten... Film baterako gauza txikia dirudi baina, horregatik, IKUSI EGIN BEHAR DUZUE.
Tequila. Sexo, Drogas y Rock and Roll dokumentala Cecilia Rothek kontatua da, Tequila rock-talde ospetsutik bizirik atera ziren Ariel Rot, Alejo Stivel eta Felipe Lipe kideen parte-hartzearekin. Trantsizioan gazte espainiarren askapenari soinu banda jarri zion rock-talde mitikoaren istorioa kontatzen du. Bost gazte, beren garaipen-ametsa bat-batean lortu baina ospeak eta arrakastak suntsitu zituenak. Alabaina, euren abestiek klasiko suntsiezin gisa iraun dute denboran.
Tahiti uhartean (Polinesia Frantsesa), De Roller (Errepublikako goi-komisario eta Frantziako Estatuaren ordezkaria) gizon kalkulatzaile eta jokamolde akatsgabekoa da. Harrera ofizialetan zein legez kanpoko establezimenduetan, etengabe hartzen die pultsua edozein unetan haserretzeko arriskua dakarten tokiko biztanleei. Eta are gehiago zurrumurru bat finkatzen denean: agidanez, itsaspeko bat ikusi da, eta haren presentzia fantasmala, beharbada, Frantziako entsegu nuklearrak berriro hasiko direlako seinale da.