Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez kenduta egon ondoren, Belodromoko emanaldiak berreskuratu egingo ditu Donostia Zinemaldiak 70. edizio honetan, ia 3.000 ikus-entzulerentzako edukiera eta 400 metro koadroko pantaila bat dituen zinema-areto erraldoi batean. Aurten programatutako hiru mundu-estreinaldien aurkezpenetan, zuzendariez gain, dagozkien lantalde artistikoetako pertsona ugarik hartuko dute parte, eta nabarmentzekoak izango dira, horien artean, musikaren munduko zenbait pertsona garrantzitsu.
Belodromoak larunbatean (hilak 17) irekiko ditu bere ateak (zehazki, 20:00etan), Sintiéndolo mucho / Feeling It dokumentalarekin. Fernando León de Aranoak Joaquín Sabina kantautoreari buruz egindako dokumental horren aurkezpenean, gainera, Sabina bera eta Leiva musikaria izango dira zuzendariari lagun egiten.
Egun bat geroago (igandea), 20:00etan, Rainbow filmaren txanda izango da. The Wizard of Oz (Ozeko Aztia) film klasikoari Paco Leónek egindako begirada horren emanaldian, berretsi dutenez, zinemagilea bera, musikaren arloan esperientzia duten antzezleak –hala nola Dora filmaren protagonista, Ayax Pedrosa eta Wekaforé– eta filmeko aktore-zerrendako beste pertsona batzuk –adibidez, Carmen Maura, Carmen Machi, Luis Bermejo eta Hovik Keuchkerian– izango dira.
Azkenik, Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Black is beltza II: Ainhoa bere animaziozko filma aurkeztuko du, eta, pertsonaiei ahotsa jartzen dieten hainbat aktore izango dira aurkezpenean: Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Darko Peric.
Film bakoitzerako sarrera indibidualen prezioa 8,25 eurokoa da eta saio bakoitzeko lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar edo gehiago erosiz gero, %25eko deskontua aplikatuko da.
Larunbata, Irailak 17
Joaquín Sabinaren erretratu bat, bonbina jantzita ez duela, bere larruazaletik zentimetro gutxira, azpikeriaz eta gauez, Fernando León de Aranoa zinemagile eta lagunak egina. Istorio latza, zuzena eta ekualizatu gabea (Sabinaren ahotsa bezala), artistaren intimitatearen, agertoki-atzealdeko eta B aldeko xehetasunak kontatzen dituena. Eszenatokitik jaistean hasiko da, eta egunerokoan lagunduko dio, baita ezustean ere, barrean eta draman. Sintiéndolo mucho hamahiru urteko filmaketa baten emaitza da, eta Joaquín Sabinaren agertoki guztiak jaso ditu, publikoak eta pribatuak, argiak eta ezkutukoak. Ibilaldi bat abeslariaren bizitzan eta lanean, mugiarazten, inspiratzen eta mina ematen duten gauzetan, musikariak eta zinemagileak elkarrekin eman dituzten egoera bizietan oinarrituta garatutakoa.
Igandea, Irailak 18
Musikarako ezohiko talentua eta eutsi ezin den barne-energia ditu Dora nerabeak. Bere urtebetetze-egunean eztabaida bortitza izango du aitarekin. Ondoren, etxetik ihes egingo du Totó txakurrarekin eta amaren bila abiatuko da. Ez du ezagutzen, Dora haurtxoa zenean desagertu zelako. Bidean, lagun berriak ezagutuko ditu eta Dorarekin joango dira Ciudad Capitalerako road trip batean. Bere iraganeko misterioa argitzen saiatuko diren etsai arriskutsuei ere egin beharko die aurre. Dena den, Doraren bizitasunak eta magiak lagunduko diote bidaiaren amaierara iristen, beste baten hasiera dena.
Ostirala, Irailak 23
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
Hiru emanaldi horiez gain, Belodromoak honako hauek ere berreskuratuko ditu: Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa; ezagutza zientifikoarekin lotutako eta ikastetxeei zuzendutako film baten emanaldia, astelehenetik ostiralera, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundearen eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan; eta Zinemaldiaren azken egunean egingo den saioa, Amaiera Galaren, Sail Ofizialaren amaierako filmaren (oraindik iragartzeke) eta Perlak sailaren amaierako filmaren (Brett Morgenek zuzendutako Moonage Daydream, murgilketa bat Davild Bowie musikariaren unibertsoan) emanaldiekin.
Larunbata, irailak 24 - Perlak
Gure garaiko artista handienetako batek, David Bowiek, kultura aldatzen eman ditu 50 urte baino gehiago. Orain arte ezezagunak ziren irudi eta antzezpen zoragarri eta kaleidoskopikoen bidez kontatua eta Bowieren hitzek eta musikak ainguratua, Moonage Daydream filmak mundu paregabe batean –Bowie munduan– murgiltzeko proposamena egiten die ikusle-entzuleei.