Zabaltegi-Tabakalera sailak hainbat zinema-jaialditatik –hala nola Berlin, Cannes, Jeonju, Locarno, Rotterdam, Sundance eta Venezia– datozen obren hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Lehiazko sail irekienean (izan ere, ez du estilo- edo denbora-mugarik), Santiago Lozak mundu-estreinaldi gisa erakutsiko digu lan berria Ruth Beckermann, Lee Chang-dong, Bi Gan, Natalia López Gallardo eta Hlynur Pálmason zinemagileekin batera. Sailean, eta beste film bat gehitzeke geratzen dela, oraingoz 22 lanek hartuko dute parte: 13 film luzek, zortzi film laburrek eta film ertain batek.
Zinema Eraikitzen ekimenean eta Koprodukzio Foroan hainbat proiektu aurkeztu eta Horizontes Latinos sailean parte hartu ondoren, Santiago Loza argentinarra (Córdoba, 1971) Amigas en un camino de campo / Friends on a Country Road film luzearen mundu-estreinaldiarekin itzuliko da Zinemaldira, eta adiskidetasunari, denboraren iragaiteari eta absentziari buruzko istorio bat kontatuko digu pelikula horretan.
Ruth Beckermann (Viena, 1952) zinemagile austriarrak Josefine Mutzenbacher (1906) eleberri erotikorako hurbilketa garaikide bat egin du Mutzenbacher bere film luze berriaren medioz. Berlinaleko Encounters sailean film onenaren saria irabazi zuen egilearen lan berriak.
Laura Citarella argentinarraren (La Plata, 1981) lan berria Trenque Lauquen da, Veneziako Orizzonti sailean parte hartuko duen filma, bi zatitan banatua (edo saga bat osatzen duten bi film), emakume baten desagerpen misteriotsutik abiatzen dena.
Andrés Di Tella argentinarra (Buenos Aires, 1958) 327 cuadernos (2015) eta Ficción privada / Private Fiction (2019) lanak aurkeztu zitueneko sailera itzuliko da. Oraingoan Diarios izango da bere ekarpena, BAFICI jaialdiaren azken edizioan estreinatutako pieza laburren sorta bat.
Skynd Deg Sakte / Hurry Slowly (2018) filmarekin debutatu ondoren, Anders Emblem norvegiarrak (Ålesund, 1985) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du bere bigarren filmarekin. Hala, A Human Position –Tromsø, Rotterdam, Jeonju eta beste jaialdi batzuetan erakutsia– bidegabekeria bat deskubritu eta bere bizitza pertsonala beste ikuspegi batetik aztertzen hasiko den kazetari baten erretratua da.
Natalia López Gallardo boliviarrak (La Paz, 1980), Carlos Reygadas, Amat Escalante eta beste hainbat zinemagileren filmetan muntatzaile-lanetan aritu ondoren, Manto de gemas / Robe of Gems filma zuzendu du. Mexikoko krimen antolatuaren indarkeria aztertzen du egilearen lehen film luzeak, eta Epaimahaiaren Saria jaso zuen azken Berlinalen.
Dylan Southern (1977) eta Will Lovelace (1978) britaniarrek, Björk, Jack White eta Blur artista eta talde ospetsuei buruzko buruzko dokumental musikalak elkarrekin zuzendu ondoren, Meet Me in the Bathroom sortu eta Sundancen estreinatu zuten. XXI. mendearen hasierarako atzerabegirako bat da filma, New Yorken garai hartan zegoen musika-agertokirako bidaia da, hain zuzen ere, The Strokes, LCD Soundsystem, Yeah Yeah Yeahs eta beste hainbat musika-talde nagusi zirela.
Locarnoko zinema-jaialdian izan ondoren, Ann Oren (Tel-Aviv, 1979) zinemagileak fikziozko bere lehen film luzea erakutsiko digu Donostian; bizkarrean zaldi-buztan bat ateratzen zaion emakume bat da Piaffe pelikularen protagonista nagusia.
Thomas Salvador frantziarrak (Paris, 1973) New Directors sailean estreinatu zuen Vincent n’a pas d’écailles / Vincent (2014) bere lehen lana, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean izango dugu oraingoan, den-dena utzi eta Alpeetan kokatzea erabakitzen duen ingeniari paristar bati buruzko La montagne / The Mountain film luzearekin, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean erakutsi ondoren.
Cyril Schäublin suitzarrak (Zurich, 1984) zuzendari onenaren saria lortu zuen Berlinaleko Encounters sailean, baita film onenaren saria ere Jeonjuko zinema-jaialdian, Unrueh / Unrest bere bigarren film luzearekin. Erlojuen fabrikazioan diharduen eta mugimendu anarkistak indarra hartzen duen XIX. mendeko herri txiki batean girotuta dago egilearen fizkiozko lan berria.
Sail Ofizialean In Fabric (2018) film luzearekin lehiatu eta Cold Meridian (2020) Zabaltegi-Tabakaleran erakutsi ondoren, aurten Peter Strickland britainiarrak (Reading, 1973) Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da berriz film labur berri batekin: Blank Narcissus (Passion of the Swamp) lanean film pornografikoen zuzendari beterano batek bere iragana gogoratzen du.
Hlynur Pálmason errealizadore islandiarrak (Sveitarfélagið Hornafjörður, 1984), bestalde, bi lanekin hartuko du parte aurten Zabaltegi-Tabakalera sailean. Batetik, bere hirugarren film luzea aurkeztuko digu, Godland, Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatua eta XIX. mendearen amaieran girotua; film luze horretan, Danimarkako apaiz gazte bat Islandiako gune urrun batera joango da eliza bat eraiki eta bertakoei argazkiak ateratzeko. Bestetik, Nest film laburra ere erakutsiko digu egileak, Berlinale Special sailean izan ondoren; urtebete zuhaitz batean etxe bat elkarrekin eraikitzen eman zuten senide batzuk dira Pálmasonen film laburraren protagonistak.
Las criaturas que se derriten bajo el sol / Les créatures qui fondent au soleil, Cannesko Semaine de la critique atalean programatua eta maitale ohiari bisita egitera doakion emakume trans baten istorioa kontatzen diguna, Diego Céspedes txiletarraren (Santiago, 1995) film labur berria da; Nest sailean Panavisión saria irabazi zuen Céspedesek El verano del león eléctrico (2018) obrarekin, eta 2020an, horrez gain, Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen La misteriosa mirada del flamenco proiektuarekin (txiletarraren lehen film luzea izango da).
Poetry (Perlak, 2010) eta Burning (2018) film luzeen egile, Lee Chang-dong hegokorearra (Daegu, 1954) Zinemaldian izango dugu berriz Heartbeat film laburrarekin. Filmaren protagonistak, zortzi urteko mutiko batek, eskolatik ihes egingo du, beldur baita bere amak, depresioa duenez, bere buruaz beste egingo ote duen etxean bakarrik dagoen bitartean. Hego Koreako zuzendariak Jeonjun estreinatu zuen lan hau, eta atzerabegirako bat eskaini zion, izan ere, zinema-jaialdi horrek.
Bi Gan (Kaili, 1989) errealizadore txinatarrak Di Qiu Zui Hou De Ye Wan / Long Day's Journey into Night (2018) bere bigarren filma Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zuen, eta aurten Po sui tai yang zhi xin / A Short Story maitagarri-ipuin pertsonal-pertsonalarekin izango dugu berriz ere sail berean zinemagilea, Cannesko zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialetik igaro ondoren.
Rotterdamgo eta Melbourneko jaialdietan aurkeztua, Nowhere To Go But Everywhere film laburra 2011n Japonian jazotako tsunamian emaztea galdu zuen gizon baten dramara gerturatzen da. Zuzendariak Erik Shirai (Chicago, 1984) eta Masako Tsumura (Tokio, 1973) dira; Shiraik Culinary Zineman erakutsi zuen The Birth of Sake (2015) bere lana.
Horrez gain, Zabaltegi-Tabakalerak Naname no rouka / Itchan and Satchan film ertaina ere izango du, non Takayuki Fukata japoniarrak (Yokohama, 1988) egoitza batean ingresatuta duten amonaren etxea txukuntzen ari direla gauza jakin batzuetan ados ez daudela jakingo duten bi ahizparen istorioa kontatzen baitigu.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, orobat, jada iragarri diren lau film hauek hautatu dira: Elena López Rieraren El agua / The Water, Ikusmira Berriak lehiaketan parte hartu eta Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean hautatu zen filma; Cerdita / Piggy, Carlota Peredaren lehen film luzea, Sundance zinema-jaialdian estreinatua; eta Kimuak programako hautatu ziren bi film labur, batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa / The Third Notebook, lehiaketaz kanpo erakutsiko dena Cinéma du Réel jaialdian estreinatu ondoren, eta bestetik, Estibaliz Urresolaren Cuerdas / Chords, Cannesko Semaine de la critique atalean izan ondoren Zinemaldian emango dena.
Donostia Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du zein filmek merezi duen Zabaltegi-Tabakalera Saria, 20.000 eurokoa: 6.000 euro filmaren zuzendariari emango zaizkio, eta gainerako 14.000 euroak obra Espainian banatzeko ardura duen enpresari.
Nataly emakume transak bere maitale ohia bisitatuko du, Leon, alaba Sekretoz lagunduta. Hala, eguzkitik ezkutatzen den komunitate misteriotsu eta isolatu batera joango dira. Bilera horiek harreman toxiko eta abusuzko bat ekarriko diote gogora Natalyri.
Pierre, ingeniari paristarra, Alpeetara doa lanagatik. Ingurune hark izugarri erakarrita, mendi-tontorretan kanpatu eta eguneroko bizitza atzean uzten du. Han Léa ezagutuko du, jatetxe alpetar bateko chef bat, mendien barrenean distira misteriotsuak ageri diren bitartean.
Emakume bat desagertu egin da. Bi gizon haren bila atera dira: biek maite dute. Zergatik joan zen? Gizon bakoitzak bere susmoa du, baina besteari ezkutatzen dio; bata, arraroa bada ere, ez da sekula bestearen aurkari izango. Bietako inor ez dago zuzen, baina existitzen al da zuzen dagoen norbait? Bat-bateko ihes hori fikzioen segida baten muin sekretu gisa agertzen da, eta filmak, sotilki, korapilatu egiten ditu fikzio horiek: aspaldi galdutako beste emakume baten bihotzaren sekretua; agidanez inork sumatzen ez duen naturaz gaindiko jazokizun batek astindutako landa-herri bateko bizitzaren sekretua; lautadaren sekretua, etengabe hedatzen eta dena irensten ari dena, arrastiriaren ondoren mundua beregatzen duten itzalak bezala.
Astak kazetari gisa egiten du lan Norvegia mendebaldeko kostalde-herri batean, eta bertakoa izateari esanahia eta zentzua aurkitzen saiatzen ari da. Asilo-eskatzaile baten desagerpenaren egia ezkutua bilatzen ari dela, bere bizitza pertsonalean eta justiziari buruzko ikuspegian eragina izango du bilaketa hark.
Mendiko herri batean, zerutik harri bat erori eta bi lagun haren bila aterako dira. Solasean emango dute ibilaldia, hil zitzaien lagun bat gogoratu, barre egin, eztabaidatu eta beste bilatzaile batzuk aurkituko dituzte. Ibilbidean olerkiak irakurtzen dira, olerkiak entzuten dira, poesia haizean sentitzen da. Egunaren hasieratik argia desagertu arte. Agur bat edo gehiago, baita topaketak eta promesak ere. Adiskidetasunari, neguko paisaiei eta poesiari –alferrikakoa baina, aldi berean, beharrezkoa– buruzko filma.
Zinema pornoko zuzendari adintsu batek iruzkin bat egiten du 2022an, 1972an zuzendu eta duela gutxi berraurkitu den underground film baten DVDrako. Filmean agertzen den gizon sexi eta eder-ederrak hainbat amets erotiko bizi dituen bitartean, zuzendariak filmaren atsekabea adierazten du protagonistarekiko harremanak ez duelako funtzionatuko.
Pieza laburrak mugikorrarekin grabatutako irudiekin, artxibo pertsonala eta aurkitutako materiala. Gorabeherak eguneroko bizitzan, haurtzaroko oroitzapenak, lagunen potretak, bidaia-kronikak, irakurketak eta abestiak: egunerokoak.
XIX. mendearen amaieran, Danimarkako apaiz gazte bat Islandiako eremu urrun batera joango da eliza bat eraiki eta hango biztanleei argazkiak ateratzeko. Alabaina, zenbat eta gehiago barneratu paisaia bortitz hartan, orduan eta gehiago urrunduko da bere helburutik, bere misiotik eta moraletik.
Chul, zortzi urteko mutiko bat, eskolatik etxera doa ziztu bizian, beldur baita amak, depresioak jota, ez ote duen bere buruaz beste egingo bakarrik dagoela.
Dibortzio-prozesu isil baten erdian, Isabelek hiria utzi du bere bi seme-alabekin, familiaren landetxe abandonatura joateko. Laster jakingo du bere neskamearen ahizpa, María, desagertu egin dela. Isabelek Maríari laguntza eskaini eta isileko itun bat ezartzen dute bi emakumeek desagertutako ahizpa aurkitzeko. Bitartean, Roberta, ikerketaren ardura duen polizia, semea karteletatik atera nahian dabil. Eremua nahastuta eta arriskuan dago, baina inguruabar horiek gorabehera, patuaren aurreko erabakiak bere horretan dirau.
Artxiboko materialaren bidez, 2000ko hamarkadaren hasieran New York hirian zegoen musika-jokalekurako bidaia sakon bat. Irailaren 11aren testuinguruan eta politikaren, teknologiaren eta kulturaren alorretan gertatzear zeuden mugimendu sismikoetatik kanpoko mundu batean, Meet Me in the Bathroom filmak rock’n’rollaren azken aro erromantiko handiaren historia kontatzen digu, garai bat markatu zuten musika-talde batzuen ikuspegitik: The Strokes, LCD Soundystem, Yeah Yeah Yeahs eta Interpol.
Ehun urtez baino gehiagoz, Josefine Mutzenbacher, Vienako prostituta baten istorioa eleberria polemikoa izan da haurren eta emakumeen sexualitatearen deskribapen lizunak egiten dituelako. Anonimoki argitaratu bazen ere, eleberria Felix Salten idazle austriarrari (Bambiren egilea) egotzi izan zaio luzaroan, eta, aldi batez debekatuta egon bazen ere, Vienako literatura-lan entzutetsu gisa ere aitortu izan da mundu-mailan. Egunkari-iragarki baten bidez, Ruth Beckermanek casting baterako deialdia egingo du, eleberri pornografiko ezagun horren film bat egiteko: "16 eta 99 urte bitarteko gizonak behar dira".
Itchan eta bere ahizpa nagusia, Satchan, amonaren etxera doaz. Amona zahar-etxe batean dute gaur egun. Etxea garbitzen hasiko dira, eraberritzerako prestatzeko asmoz, baina bien artean arrakala sotil bat dagoela ikusiko dute apurka-apurka.
Urtebetean zuhaitz batean etxe bat elkarrekin eraikiko duten anai-arreben istorioa. Dituzten zailtasunetan eta alaitasunean jarraitzen diegun bitartean, urtaroen edertasuna eta basakeria sentituko ditugu.
Nowhere to go but everywhere Yasuo Takamatsuren bidaia harrigarriari buruzkoa da, gizona emaztearen bila dagoela, kendu zion ozeano berean. 2011n Japonia iparraldea suntsitu zuen tsunamiaren ondoren, Yasuok emaztearen telefono mugikor arrosa suntsitua aurkitu zuen, inoiz jaso ez zuen mezu batekin: "Etxera nahi dut joan". Mezu horrek, itxuraz hilobitik bidaliak, bere bizitzako misioari ekitera bultzatuko du Yasuo. Emaztea aurkitu eta etxera ekartzea.
Eva foley-artista barnerakoia da eta zailtasunak ditu zaldi bat duen iragarki baterako soinuak sortzeko. Hazten hasi zaion zaldi-isats batek ahaldunduta, botanikari bat limurtuko du mendetasun-joko baten bidez. Piaffe kontrolerako, generorako eta artifiziorako bidaia bizi bat da.
Maitagarri-ipun bat.
Teknologia berriak aldatzen ari dira erlojuak egiten diharduen XIX. mendeko herri suitzar bat. Josephine langile gazteak erloju mekanikoen bihotzean etengabe oszilatzen duen gurpiltxo bat fabrikatuko du. Dirua, denbora eta lana antolatzeko modu berrien eraginpean, erloju-fabrikatzaile anarkisten toki-mugimenduan sartuko da Josephine, eta Piotr Kropotkin bidaiari errusiarra ezagutuko du han.