Perlak sailak –Espainian oraindik eman ez diren eta kritikariek goraipatu eta/edo nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan saritu dituzten filmek osatutakoak–, zinematografia garaikideko zinemagile garrantzitsuenetako batzuen azken filmak bilduko ditu aurten, hala nola hauenak: Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro González Iñárritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon.
Armani Beauty saileko babesle ofiziala da. Perlak saileko filmak Donostia Hiria Publikoaren Sarirako hautagaiak dira; Donostiako Udala da ikus-entzuleek filmaren lehen emanaldian ematen duten sari horren babeslea. Saria, zehazki, filmak Espainian banatzeko ardura duten etxeentzako bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.
Jean-Pierre (Engis, 1951) eta Luc (Awirs, 1954) Dardenne anaia belgikarrak, Cannes Urrezko bi Palmorri irabazi dituztenak, lehendabizikoz ariko dira lehian Donostia Hiriko Publikoaren Saria eskuratzeko Tori et Lokita / Tori and Lokita filmarekin (75. urteurreneko saria Cannesko jaialdian).
Louis Garrel (Paris, 1983) aktore, idazle eta zinemagileak gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian L'homme fidèle (2018) bere bigarren film luzearekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain justu. Bigarren zatia, La croisade (2021), Perlak sailean hautatua izan zen Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren; hirugarren zatia –L'innocent / The Innocent–, azkenik, Donostiara itzuliko da Cannesen izan ondoren.
Sail Ofizialean Eden filmarekin lehiatu ondoren (2014) eta L'avenir / Things to Come (2016) lanarekin Perlak sailean hautatua izan ondoren, Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Zinemaldira –zehazki, ikus-entzuleak epaimahaikide diren sailera– itzuliko da Un beau matin / One Fine Morning pelikularekin; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak.
Oliver Hermanus (Lurmutur Hiria, 1983) zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, Living, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago. Sundance jaialdian aurkeztu eta Veneziako sail ofizialeko lehianketaz kanpo hautatutako filmaren gidoia Literaturako Nobel saridun batek idatzi zuen, Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle britainiarrak, hain zuzen ere. Halaber, Bill Nighy eta Aimee Lou Wood dira remake berriarean aktore nagusiak.
Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades / Bardo, False Chronicle of a Handful obrarekin hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean Alejandro González Iñárritu (Mexico Hiria, 1963) mexikarrak, Amores perros (2000) eta Babel (2006) filmekin izan ondoren. Veneziako Mostran lehiatuko den film horrek kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar batean ipintzen du arreta.
Hirokazu Koreeda zuzendariak (Tokio, 1962) Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu izan du Wandafuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006), Aruitemo, aruitemo (Still Walking, 2008) eta Kiseki (I Wish, 2011; gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria). Japoniarrak, halaber, birritan jaso du Publikoaren Saria, zehazki, Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Son, 2013) eta Umimachi Diary (Our Little Sister, 2015) filmekin. 2018an, Manbiki Kazoku (Shoplifters) filmak Urrezko Palmorria eraman zuen Cannesen, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatua izateaz gain, eta Koreedak, orobat, Donostia Saria jaso zuen. Broker zinemagile japoniarrak zuzendutako lehen ekoizpen hegokorearra da, eta haren protagonistak Song Kang-ho antzezleak, aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen.
Corsage pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak (Graz, 1977) Sissiren istorioa berrikusten du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlan onenaren saria jaso zuen bertan.
Santiago Mitre (Buenos Aires, 1980), Paulina (2015) bere bigarren filmarekin Horizontes saria irabazi zuena, Donostiara itzuliko da aurten Argentina, 1985 pelikularekin. Veneziako zinema-jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta Juicio a las Juntas (junten epaiketa) izenez ezagutzen den jazoera berritzen du, Mitrek berak Mariano Llinásekin batera idatzitako gidoiarekin, eta Ricardo Darín antzezlearen protagonista-rolarekin.
Moonage Daydream –David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgiltzen den filma– izango da saila itxiko duen lana, Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren. Brett Morgen (Los Angeles, 1968) On the Ropes, Jane y Cobain: Montage of Heck obraren sortzaileak, bost milioi artikulu baino gehiago arakatu zituen (marrazkiak, grabazioak, filmak, egunkariak, etab.) ez-fikzio musikal hau eratzeko.
Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak (Iasi, 1968) Fipresci Sari Nagusia jaso zuen Donostian, 4 luni, 3 saptamâni si 2 zile (2007) filmagatik, eta R.M.N. aurkeztuko digu oraingoan Perlak sailean, xenofobiari buruzko egilearen gogoeta, Cannesen lehiatu zena.
Peter von Kant, François Ozonen (Paris, 1967) azken filma, joan den Berlinalen inauguratu zena, Perlak saila irekiko duen lana izango da. Ozonek, Dans la maison filmarekin (2012) Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu eta Le refuge (2009) lanagatik Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eta Jeune et jolie (2013) pelikularengatik RTVE-Beste Begirada Saria lortu zuenak, Une nouvelle amie (2014) eta Été 85 (2020) obrekin Sail Ofizialean lehiatzeaz gain, Rainer Werner Fassbinderri omenaldia egiten dio Peter von Kant bere film berrian, Denis Ménochet, Hanna Schygulla eta Isabelle Adjani aktoreekin batera filmatu duenean.
Perlak saileko hautaketan parte hartuko du, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Zehazki, Ruben Östlund (Styrsö, 1974) zinemagile suediarrak –Zabaltegi-Tabakalera bere beste Urrezko Palmorri batekin (The Square, 2017) inauguratu zuenak–, luxuzko gurutzaontzi batean girotu du Triangle of Sadness bere lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz.
Hamabi film horiei beste bat gehituko zaie, jada iragarri diren honako hauez gainera: Rodrigo Sorogoyenen As Bestas / The Beasts, Cannesen hautatua; Un año, una noche / One Year, One Night, Isaki Lacuestarena, Berlinalen lehiatu zena; Juan Diego Bottok zuzendutako En los márgenes / On the Fringe, Veneziako Mostran programatua; eta Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines, Oriol Pauloren ekoizpena, sailaren Emanaldi Berezi gisa erakutsiko dena.
Victoria Eugenia Antzokian, gainera, Pelikula Sorpresaren emanaldi bat ere gauzatuko da.
Peter Von Kant zuzendari arrakastatsu eta ospetsua bere laguntzaile Karlekin bizi da baina tratu txarrak eman eta humiliatu egiten du. Sidonie aktore handiari esker, Amir –jatorri apaleko gazte eder bat– ezagutu eta harekin maiteminduko da. Etxea partekatzea proposatu eta zinemaren munduan sartzeko laguntza eskainiko dio Peterrek Amirri.
Gure garaiko artista handienetako batek, David Bowiek, kultura aldatzen eman ditu 50 urte baino gehiago. Orain arte ezezagunak ziren irudi eta antzezpen zoragarri eta kaleidoskopikoen bidez kontatua eta Bowieren hitzek eta musikak ainguratua, Moonage Daydream filmak mundu paregabe batean –Bowie munduan– murgiltzeko proposamena egiten die ikusle-entzuleei.
Argentina, 1985 Julio Strasseraren eta Luis Moreno Ocamporen benetako historian oinarrituta dago. 1985ean Argentinako historiako diktadura militar odoltsuena ikertu eta jazartzera ausartu ziren bi fiskal horiek. Izan ere, demokrazia berri eta hauskor hartan indar militarrak zuen eraginak ez zituen beldurtu Strassera eta Moreno Ocampo, eta ustekabeko heroiez osatutako talde juridiko gazte bat bildu zuten "David Goliaten aurka" motako bataila baterako. Mehatxatuta bizi baziren ere (baita euren familiak ere), denboraren aurka egin zuten korrika, junta militarraren biktimen aldeko justizia erdiesteko.
Nazioarteko sari ospetsu baten irabazle izendatu berri dute Silverio, Los Angeles hirian bizi den kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar bat, eta sorterrira itzuli beharko du gizonak. Alabaina, bidaia sinple horrek muga existentzial batera eramango du ezustean. Hala, Silveriorek oroitzapen eta beldurren zentzugabekeriak oraineraino joatea erabakiko du eta gizonaren eguneroko bizitza nahasmen eta harriduraz beteko. Emozio handiz eta barrearen barrez, Silveriok enigma unibertsal baina barne-barnekoei aurre egin beharko die identitateari, arrakastaren, hilkortasunaren, Mexikoko historiaren eta emaztearekiko eta seme-alabekiko familia-lotura erabat hunkigarrien inguruan. Azken batean, gaur egun –garai benetan bitxi batean– gizaki izatearen benetako ondorioak aurrez aurre izango ditu.
Gau euritsu batean, neska gazte batek eliza baten atarian uzten du bere haurtxoa. Abandonatutako haurtxoen lapurretan diharduten bi gizonek jasoko dute jaioberria, tarifa bat ordaintzeko prest dauden gurasoei saltzeko asmoz. Neska gaztea damututa itzuliko da elizara, eta bi gizonen legez kanpoko negozioa deskubrituko du han. Horiekin bat egitea erabakiko du adopziozko guraso aproposenak aurkitzeko. Errepidean zeharreko ezohiko bidaia horretan, haurraren bizitzan gurutzatuko direnen etorkizuna erabat aldatuko da.
1877ko Gabonetan, Sissi enperatrizak 40. urtebetetzea ospatzen du baina ez du zorion-arrastorik inguruan: seme-alabek etengabe kritikatzen dute, eta denboraren eraginez desagertzen ari zaion edertasunaren menpe bizi da. Arauek ito egiten dute eta jakiteko eta bizitzeko gogo bizia sentitzen du Elisabet Bavariakoak (Austriako enperatrizak), eta horrrenbestez, gero eta gehiago oldartzen da inposizioen aurka, gaztaroko zirrara sentitu nahi baitu berriz.
Sylvie, 60 urteko emakume bat, kartzelatik irtetear dagoen Michelekin maitemindu da. Loradenda bat ireki nahi dute elkarrekin, bizitza berri bati ekiteko. Alabaina, Sylvieren seme Abelek begi txarrez ikusten du harreman hori, Michelek berriz delituren bat egingo duela uste baitu. Clémence bere lagunik onenarekin ikertzen hasi eta Abelek ulertuko du iritziz aldatu behar duela.
1950eko hamarkadako Londresen girotua, filmeko protagonista Williams da, bulegoko paperen artean bizi den funtzionario beterano bat, II. Mundu Gerraren ondoren hiria berreraikitzen ari den bitartean. Bere bizitza arriskuan jartzen duen gaixotasun bat diagnostikatzen diotenean, aurrezki-kontua hustu eta kostaldera joatea erabakiko du. Hitz ematen dio bere buruari bere azken egunek zentzua izango dutela, baina konturatzen da ez dakiela nola lortuko duen hori. Ezezagun misteriotsu batek hirira eramango du Williams, eta horren ondoren, jakin-mina piztuko dio lankide gazte batek: Williamsek galdu duen bizitasuna duela dirudi. Lankide baikorrak lagunduta, Williamsek ahalegin handia egingo du bere ingurua modu harrigarri batean zoriontsu egiteko.
Gabonak baino egun batzuk lehenago, Matthias bere sorterrira itzuliko da, Transilvaniara, Alemanian lanean ari zela abandonatu zuen semearekin harremanetan jartzeko. Han, semearen heziketan gehiago inplikatzen saiatzen den bitartean, lasaitasuna eten egingo da bertako enpresa batek langile atzerritarrak kontratatzea erabakitzen duenean. Frustrazioak, gatazkak eta grinak berriro azaleratu eta komunitatearen itxurazko bakea hautsiko da.
Gaur egungo Belgikan, Afrikatik bakarrik iritsi ziren haur batek eta neska nerabe batek erbesteko baldintza gogorrei aurre egin beharko diete euren adiskidetasun suntsiezinarekin.
Bi modelo luxuzko itsas bidaia batera gonbidatu dituzte. Yatea hondoratzen denean, jenderik gabeko uharte batean amaituko dute aberts okituen talde batekin eta emakume garbitzaile batekin. Bizirik irauteko borrokan, antzinako hierarkiak nahastu egingo dira, garbitzailea baita arrantzan dakien bakarra.
Sandra gazteak bakarrik hezi behar du bere alaba eta, gainera, aita gaixorik du eta maiz joaten zaio bisita egitera. Familia borrokan ari da aitak behar dituen zaintza medikoak jaso ditzan, eta halako batean, Sandrak Clément topatuko du berriz, aspaldian ikusi gabeko lagun hura. Clément beste norbaitekin konprometituta badago ere, istorio sutsu bati ekingo diote bi protagonistek.