Argentinan, Brasilen, Txilen, Kolonbian, Kuban eta Mexikon kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Horizontes Latinos saila, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren, Espainian erakutsi ez diren eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dituzten urteko film luzeen hautaketa. Horizontes sarirako lehian ariko diren filmen hautaketan WIP Latam sailaren azken edizioko lau lan daude: Dos estaciones, La piel pulpo, Un varón eta Vicenta B..
Ana Cristina Barragán zuzendari eta gidoilaria (Quito, 1987), Elías Quejereta Zine Eskolan sorkuntza-graduondoko bat ikasi zuena, Donostiara itzuli da La piel pulpo / Octopus Skin lanarekin, WIP Latamen 2021eko edizioan parte hartu zuena eta saila itxiko duena. Egileak Horizontes Epaimahaiaren Aipamen Berezi bat lortu zuen bere lehen film luzearekin (Alba, 2016). Zuzendariaren azken proiektua, La hiedra, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren parte da aurten.
Mariano Biasin argentinarrak (Buenos Aires, 1980) Sublime aurkeztuko digu, bere lehen film luzea, Berlinaleko Generation 14plus sailean izan ondoren.
Natalia Beristain (Mexiko Hiria, 1981) zuzendariaren hirugarren film luzea –Ruido / Noise– ere hartuko du, mundu-estreinaldi gisa, Horizontes Latinos sailak; egilea Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean lehiatu zen No quiero dormir sola (2012) bere lehen filmarekin. Ruido / Noise filmak Mexikoko genero indarkeriaren gurpil zoroan murgiltze mingarria da, desagertutako alabaren bila dabilen ama baten bitartez bizitakoa.
Pavel Giroudek (Habana, 1973) Omertà (2008) Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Egunean estreinatu zuen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren saria ere jaso zuen El acompañante (2013) proiektuagatik; El caso Padilla / The Padilla Affair aurkeztuko digu oraingoan, Heberto Padilla poeta kubatarraren inguruko ez-fikziozko lan bat.
Un varón, Fabián Hernándezen (Bogota, 1985) lehen film luzea, Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko da Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu ondoren. Un varón, gainera, iaz WIP Latam sailean hautatutako filmetako bat izan zen.
2021eko WIP Latamen hautatu zuten –eta hori baino lehen, proiektu gisa Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, 2019an–, halaber, Dos estaciones, Juan Pablo González mexikarraren (Jalisco, 1984) lehen film luzea, Sundance zinema-jaialdiko World Cinema Dramatic Competition lehiaketan parte hartu zuena; film horretan parte hartu zuen Teresa Sánchez aktoreak, izan ere, antzezlan onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen jaialdi horretan.
Patricio Guzmán (Santiago, Txile, 1941) Donostia Zinemaldira itzuliko da bere azken filmarekin, Mi país imaginario / My Imaginary Country izenekoarekin Cannesko zinema-jaialdiko Special Screening sailean aurkeztu ondoren; izan ere, aurtengo Horizontes Latinos lehiaketa inauguratuko du.
Carlos Lechugak (Habana, 1983) jada hartu izan du parte Horizontes Latinos sailean, zehazki, 2016an Santa y Andrés pelikularekin, eta orain Vicenta B. lanarekin itzuliko zaigu, 2021ean WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria jaso eta gero.
Carolina Markowiczen (São Paulo, 1982) ere lehiatuko da Horizontes saria lortzeko; hala, Carvão / Charcoal bere lehen film luzearekin izango dugu Donostian, aurten Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean hautatua izan ondoren.
Manuela Martelli txiletarrak (Santiago, 1983) bere lehen film luzea aurkeztuko digu Donostian; hala, 1976 Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu zen, Ventana Sur Proyecta 2018 eta Zinema Eraikitzen (2022, Toulouse) ekimenetan hautatua izateaz gain.
Valentina Maurel costarricarrak (San José, 1988) Zinemaldian aurkeztuko digu aurten bere lehen lana, Tengo sueños eléctricos, 2021ean Proyecta ekimenerako Jardín en llamas izenarekin hautatua, Locarnon izan ondoren.
Azkenik, Andrés Ramírez Pulidoren (Bogotá, 1989) La jauría Horizontes saria irabazteko lehiatuko da, Zinema Eraikitzen (Toulouse) sailean eta Cannesko Semaine de la Critique atalean egon ondoren (Grand Prix saria eta SACD saria jaso zituen Cannesen).
Horizontes Latinos saileko filmak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari. Horizontes Latinos Sariaren epaimahaiak du film horiek baloratu eta saritzeko ardura. Horizontes Latinos sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren filmak (aurten, 1976, Carvão, Dos estaciones, La jauría, La piel pulpo, Sublime, Tengo sueños eléctricos eta Un varón) Gazteriaren TCM Sarirako ere lehiatuko dira; 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek ematen du arestian aipatutako golardoa.
“2019ko urria. Ustekabeko iraultza bat, eztanda sozial bat. Milioi eta erdi pertsonak manifestazioak egin zituzten Santiagoko kaleetan demokrazia gehiago, bizimodu duinagoa, hezkuntza- eta osasun-sistema hobeak eta Konstituzio berria eskatzeko. Txilek bere memoria berreskuratua zuen. 1973an egin nituen ikasle-borroketatik espero nuen jazoera azkenean benetako bihurtu zen”. Patricio Guzmán.
Iris eta Ariel 17 urteko neba-arreba bikiak dira eta amarekin eta Lía haurride txikiarekin bizi dira molusku eta narrastiz betetako uharte harritsu batean. Nerabeak kontinentetik isolatuta hazi dira, intimitate komunaren mugak gainditzen dituen anaiarteko harreman batean, eta naturarekin duten harremana transzendentala da. Ozeanoaz haraindi sumatzen duenaren bila, Irisek uhartea utzi eta hirira joatea erabakiko du. Merkataritzaguneek, zaratak, kanpoan den aita bilatu nahiak, haurride bikiarengandik banantzeak eta ama ez egoteak zehazten dute haurrideenganako maitasunak eta naturan duen nortasunak duten garrantzia.
1976, Txile. Carmen hondartzara joan da bere etxearen birmoldaketa gainbegiratzera. Senarra, seme-alabak eta bilobak hara-hona dabiltza neguko oporretan. Familiaren apaizak eskakizun bat egingo dio Carmeni: ezkutuan etxean hartuta duen gazte bat zaindu dezala. Hala, esploratu gabeko lurraldeetan sartuko da Carmen, ohiko bizimodu lasaitik urrun.
Brasil, 2022. São Pauloko landa-eremu urrun batean, ikatz-fabrika baten alboan bizi den familia batek atzerriko gonbidatu misteriotsu bat ezkutatzeko proposamena onartu du. Etxea laster bihurtzen da gordeleku, ustezko gonbidatua oso bilatutako drogaren burua baita. Senar-emazteek eta semeak arrotz horrekin batera bizitzen ikasi beharko dute, nekazari-errutina aldatu ez zaielako plantak egiten dituzten bitartean.
María Garcíak, Jaliscoko tekila fabrika baten oinordekoak, bere negozioari eutsi nahi dio atzerriko korporazioak nagusi diren merkatu batean. Bere egoera okertzen ari den bitartean, Rafa bere administratzaile berriarengana hurbiltzen ari da. Izurrite luze batek eta ustekabeko uholde batek kalte konponezinak eragiten dituztenean, emakumeak ahal duen guztia egin beharko du bere komunitatearen aberastasun- eta harrotasun-iturri nagusia salbatzeko.
Habana, 1971ko udaberria. Heberto Padilla poeta aske utzi berri dute, eta idazle kubatarren gremioaren aurrean agertu da. Bertan, "bihotzetiko autokritika" bat egingo du: iraultzaren aurkako agentetzat jotzen du bere burua, eta konplizitatea leporatzen die han diren lankide askori, hala nola bere emazteari. Duela hilabete bat, Kubako estatuaren segurtasunaren aurka egitea egotzita atxilotu zutenean, mundu osoko abangoardia intelektuala mobilizatu zuen, eta denen artean gutun bat bidali zioten Fidel Castrori, poetaren askatasuna eskatzeko, obra poetikoaren bidez desadostasuna adieraztea izan baitzen haren bekatu bakarra. Idazlearen erreduntasun-aitorpena lehen aldiz erakusten zaie ikus-entzuleei grabazio baten bidez, eta aitorpen horrek markatzen du, hain zuzen, Gabriel García Márquez, Julio Cortázar, Mario Vargas Llosa, Jean-Paul Sartre, Jorge Edwards eta Fidel Castroren testigantzak biltzen dituen istorio honen ildo narratiboa.
Oihanaren erdian kokatutako birgaitze-zentro esperimental batean, Eliú hilketagatiko epai bat betetzen ari da. Beren lagun onena –bere konplizea ere badena– leku berera eramaten dutenean, gazteek euren krimena berreraiki eta Eliúk atzean utzi nahiko lukeen iraganari aurre egin beste erremediorik ez dute izango. Terapia eta lan behartuen artean, Eliúk giza naturaren iluntasunari aurre egin eta bereari ihes egiten saiatuko da berandu izan baino lehen.
Emakumeen aurkako gerra egiten ari den herrialde bateko indarkeria orokorrak bizitza suntsitu dien ama bat da Julia edo, hobeto esanda, hori bera pairatu duten ama, ahizpa, alaba eta lankide ugarietako bat. Julia bere alaba Gerren bila dabil. Eta bilaketa horretan, ezagutuko dituen emakume guztien istorio eta borrokak ehunduz joango da.
16 urteko Manuel kostaldeko hiri txiki batean bizi da. Baxua jotzen du bere lagun onenekin duen musika-taldean. Lagun horietako bat Felipe da, eta oso lagun minak dira biak gazte-gaztetatik. Manuelek harreman bat du Azulekin, eta bizitasun handiz ari dira esploratzen harreman hori biak. Baina lehen aldiz egitear dagoela, Manuelek sentimendu zeharo berria izango du, eta Felipe bestela ikusten hasiko da. Bi adiskideon ohiko egoerak aldatzen hasiko dira. Manuelek jakin nahi du Felipek ere bulkada hori sentitzen ote duen. Erronka bi mutikoen adiskidetasuna arriskuan ez jartzea da, baina kolokan egongo da azkenean halabeharrez.
Evak ezin du jasan bere amak etxea eraberritu eta katuaz libratu nahi izatea. Dibortzioaz geroztik noraezean dabil katua, eta nonahi egiten du pixa. Evak handik alde egin eta aitarekin bizi nahi du, baina aita noraezean dabil, katua bezalaxe, eta bigarren nerabezaroa bizitzen ari da. Evak jarraitu egingo dio, artista izateko eta maitasuna berriz aurkitzeko desioarekin berriz konektatzeko asmoz. Alabaina, igeri egiten jakin gabe helduen ozeano bat zeharkatzen saiatze horretan, barrena jaten ari zaion amorrua sentitzen duela eta amorru hori aitarengandik heredatu zuela jakingo du Evak.
Carlos Bogota erdialdeko gazte-aterpetxe batean bizi da. Gabonak dira eta eguna familiarekin igaro nahi du. Aterpetxetik irtengo da bere auzoan oporrak igarotzeko, eta bertako basakeriari egin beharko dio aurre, indartsuenaren –alfa arraren– legea nagusi den leku batean. Carlosek alfa ar izan daitekeela erakutsi beharko du, baina maskulinotasun-adierazpen horiek bizirik irauteko hartu beharreko erabakiekin talka egingo dute.
Vicenta Bravok kartak irakurtzeko eta pertsonen etorkizuna argitzeko dohain berezia du. Arazoak dituzten eta irtenbide bila joaten zaizkion pertsonak hartzen ditu Vicentak egunero etxean. Vicenta bakean bizi da semearekin, baina semeak Kubatik alde egitea erabakiko du halako batean, eta dena bertan behera erortzen hasiko da. Vicenta ez ga gai izango krisi horretatik irteteko eta inguruan gertatzen ari dena ikusteko. Orduan, agidanez denek fedea galdu duteneko herrialde baten barnealdera bidaiatzea erabakiko du.