Bulgariako, Moldaviako Errepublikako, Turkiako eta Ukrainako lau ekoizpenek osatzen dute guztira WIP Europaren hautaketa. Donostia Zinemaldiaren ekimena, ekoizpenaren zati handiena Europakoa duten eta postprodukzio-fasean dauden filmei zuzendua, irailaren 19an, 20an eta 21ean izango da.
Nadejda Koseva zuzendari bulgariarrak –Berlinalen, Sundancen eta Sarajevoko zinema-jaialdietan izandako film laburrak zuzendu dituenak–, bere bigarren film luzea aurkeztuko digu, Klopka / The Trap izenekoa; Danubio ibaiaren ertzean kokatutako herri bateko biztanle bat da filmaren protagonista, eta atzerriko inbertsiogileek enpresa-eskaera jakin bat egitean, funtsezko erabakiak hartu beharko ditu, horrek barne-gatazka sortzen dioelarik. Kosevaren lehen film luzea Irina izan zen, eta Europako Zinema Akademiaren European Discovery sarirako izendapen bat izan zuen.
Moldaviako Errepublikako aktore, muntatzaile eta errealizadore Anatol Durbalak ere bere bigarren filma erakutsiko digu. Varvaran langile zintzo baten istorioa kontatzen zaigu: bere haur jaio berri goiztiarraren bizitza salbatzeko dirua behar duenez, dilema handia izango du eroskeriak onartzeko aukera suertatzen zaionean.
Selman Nacar Donostiara itzuliko da Tereddüt Çizgisi / Hesitation Wound ekoizpen turkiarrarekin. Filmeko istorioa egun bakar batean gertatzen da, protagonistak –bere ama gaixoaz arduratu behar duen abokatu kriminalista batek– defendatzen duen gaizkileari epaia eman behar zaion egunean. Nacar New Directors sailean lehiatu zen 2021ean Iki Şafak Arasında / Between Two Dawns filmarekin, zeinak WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazi zituen 2020an.
Ty mene lyubysh? / Do You Love Me?, Tonia Noyabrova ukrainar zinemagilearen bigarren film luzea, Kieven girotua dago, Sobietar Batasuneko azken urteetan. Pertsonaia protagonista nerabe bat da, dibortziatzear dauden gurasoen sekretuen jakitun, horiei kontra egiten diena.
Bestalde, Ion Borșen CARBON filmak –hark WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria ere irabazi zituen 2021ean–, New Directors sailean parte hartuko du aurten. Ekimen honetan parte hartzen dutenen beste kasu arrakastatsu batzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Europa Industria Saria Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe, Dolby Labs., Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No problem Sonido enpresek ematen dute saria. Saria aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluak dituen DCPa sortzea eta Espainian banatzea.
WIP Europa Saria 10.000 euro WIP Europa Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.
Yovo naturarekin harmonian bizi da Danubio ibaiaren ertzean. Etxearen ondoko uhartean basurde basati bat giltzapetu dute itxitura batean, eta animalia sakrifikatu egingo dute eroskeriaren zenbateko baten truke. Atzerriko inbertitzaile itzaltsu bat Yovoren herrira iritsiko da, oso erradioaktibitate handiko hondakinen biltegi bat baimentzeko. Basurdea uste baino indartsu eta oldarkorragoa da, eta ehiza-txakurrak hilko ditu. Ehizaldiarekin jarraitzeko aukera bakarra Yovoren txakurrak –oso ondo hezita dagoenak– parte hartzea da.
Canan hiri txiki bateko abokatu kriminalista da; epaitegietan ematen ditu egunak, eta ospitalean gauak, ama zaintzen. Cananek defendatzen duen gaizkile bati epaia emango zaioneko egunean gertatzen da filma. Akusatuaren sinesgarritasunak hobera egingo du prozesuan zehar. Cananek bere amaren, epailearen eta akusatuaren bizitzetan eragina izango duen hautu moral bat egin beharko du.
Munduak bere inguruan biratzen duela sinetsita bizi da Kira nerabea. Sobietar Batasuneko azken urteetan Ukrainan jaioa eta hazia, etorkizuna aurresangarri eta arazorik gabeko gisa ikusten du. Baina sentipen hori laster desagertuko zaio. Halako batean, aitak maitalea duela eta amak badakiela baina ezer esatea nahiago duela jakingo du. Kiraren familia Sobietar Batasunarekin batera hasiko da desegiten, eta ezagutzen zuen mundua irreala iruditzen hasiko zaio gazteari. Kira maitasunaren eta etorkizunerako itxaropenen bila dabil, baina imajinatu ezin zuen bide ilun batean ari da sartzen.
Sashak gas naturaleko enpresa baterako egiten du lan. Bere emazteak uste baino bi hilabete lehenago erditzen duenean, Sashak dirua lortu beharko du haur goiztiarra salbatzeko. Halaz ere, ez ditu eroskeriak onartu nahi, eta arriskuan jarriko du bere lanpostua horrek, lankideekin tirabirak sortzeaz gain. Emazteak ez du ulertuko eta Sashak krisia izango du. Eliza batean galdara jartzeko enkargatzen diotenean, ohartuko da horman margotutako ikono bat txikitu beharko duela. Sasha ikonoa salbatzen saiatuko da, baina sistema perbertitu beharko du.
WIP Europa egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Creative Europe MEDIAren laguntzari esker gauzatu ahal izan da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Marché du Film - Festival de Cannes, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.
Industria Saila ondorengoen babesarekin