Klasikoak sailak, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituenak, bost filmez osatutako eskaintza heterogeneo bat bilduko du Donostia Zinemaldiak irailaren 16tik 24ra izango duen 70. edizio honetan. Aurtengoan, Josep Escobar eta Alexandre Cirici Pellicer, Juzo Itami, Nana Mchedlidze, Basilio Martín Patino eta Charles Vanel zinemagileen lanak edizio zaharberrituetan berrikusi ahalko dira.
Sortu zenetik (2018an) lehendabizikoz, Klasikoak sailak animaziozko film baten emanaldia bilduko du, Érase una vez… (1950) izenekoa, Josep Escobar (1908-1994) komikigileak zuzendu zuen film luze bakarra; Alexandre Cirici Pellicerrekin (1908-1983) batera zuzendu zuen filma Escobarrek. Zipi, Zape, Carpanta eta beste hainbat pertsonaiaren sortzaileak Errauskine ipuinaren egokitzapen hori zuzendu zuen; filmaren kopia bakar batek baino ez du iraun, eta zuri-beltzean, gainera. Kataluniako Filmategiak Luciano Berriatuaren partaidetzarekin eta Estela Filmsen laguntzaz egindako berreraikitze-lanari esker, jatorrizko kolorearekin gozatu ahalko dugu filma Zinemaldian.
Gainera, sailak Tampopo (1985) berreskuratuko du, Juzo Itamik (1933-1997) zuzendutako film japoniar arrakastatsua, 4K formatuan zaharberritutako bertsioak mundu-estreinaldia izango du Donostian. Westernaren ukituak dituen sukaldaritza-komedia honetan, bi kamioilarik (Tsutomu Yamazaki eta Ken Watanabe) jatetxe baten jabeari (Nobuko Miyamoto) ramen-plater perfektua prestatzen laguntzen dioten bitartean izandako gorabeherak kontatzen dizkigu errealizadoreak Tampopo filmean.
Espainiako zinemaren funts-funtsezko beste egile baten debuta ere emango da Klasikoak sailean. Basilio Martín Patino (1930-2017) zuzendariaz ari gara, Nueve cartas a Berta (1966) filmarekin Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi zuen zinemagileaz, hain justu. Espainiako Filmategiak zaharberritua Portugalgo Zinematekako laborategietan eta Cineric taldearen laguntzaz, Ingalaterratik itzultzean erbesteratu espainiar baten alabaz maiteminduta dagoen gizon baten (Emilio Gutiérrez Caba) istorioa kontatzen digu zuzendariak filmean.
Edizio honetako beste klasikoetako bat Pirveli mertskhali / The First Swallow (1975) izango da, Nana Mchedlidze (1926-2016) zuzendari, aktore eta gidoilari georgiarrarena. Jason kirolari talentudun eta sutsuak Potiko itsas portuan Georgiako lehen futbol taldea sortu bitartean izandako gorabeherak kontatzen dizkigu zinemagileak pelikula honetan.
Azkenik, Klasikoak sailak Dans la nuit (1930) film mutua emango du, eta Joserra Senperenak zuzenean joko du pianoa emanaldi horretan. Charles Vanel (1892-1989) aktore emankorrak zuzendutako film luze bakarra da Dans la nuit, eta protagonistaren rola (lan-istripu baten ondorioz aurpegia desitxuratu eta bizitza aldatzen zaion meatzari bat) ere berak antzeztu zuen. Cannesko zinema-jaialdiko eta Lyongo Lumière zinema-jaialdiko zuzendari Thierry Frémauxek aurkeztuko du emanaldia.
Emakume batekin ezkondu eta harekin zoriontsu bizi dela, harrobi batean lanean ari den gizon batek istripu bat izango du leherketa baten ondorioz. Aurpegia desitxuratuta geratuko zaio eta maskara bat erabili beharko du...
Konde bat eta bere alaba Aubanel gaztelu ederrean bizi dira. Basailu guztiek maitasuna diote kondesa gazte, eder eta bihozberari, baina amaorde eta ahizpaordeak, aitzitik, tratu txarrak ematen dizkiote. Morroietako batek esklabotzatik askatuko du neska, azti batek eta Ulises katuak lagunduta.
50eko hamarkada. Lorenzo ikasle salamancarrak uda bat Ingalaterran igaro berri du. Han, aukera zabalak dituela ikusteaz gain, Berta ezagutu du, erbesteratu espainiar baten alaba. Handik itzultzean, familiaren, lagunen eta neska-lagunaren giro tradizionalak zapaldu egiten dutela sentitu eta Bertari gutun batzuen bidez deskribatuko dizkio bere kezkak.
Jason kirolari sutsu eta talentu handikoak historiako lehen georgiar futbol-taldea sortu zuen Potiko itsas portuan. Pobreak badira eta kirol materiala falta bazaie ere, atzerriko eta bertako talde ugari garaituko dituzte Ingalaterrako talde ospetsu baten kontra jokatu behar duten arte.
Goro eta Gun kamioilarien ustekabeko bisita batek ramen perfektuaren bila joateko inspirazioa emango dio ramen-establezimendu bateko jabeari. 4K formatuan berritutako bertsioa.