Hamar proiektu teknologiko –Espainiako bost, Europako gainerako herrialdetako beste bost– lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challenge ekimenean, pertsona ekintzaileentzako eta startupetarako lehiaketa espezifiko sortu berrian. Hain zuzen ere, proiektuen garapena ikus-entzunezkoen arloan aplikagarri diren teknologietan badute oinarri. Aurtengo edizioan ekimenaren parte hartzeko 55 proiektu jaso dira guztira.
Espainiako proiektuek, gainera, aurten sortutako lehiaketa espezifikoan parte hartuko dute; ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ delakoaren –‘Spanish Screenings XXL’ Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko merkatuaren lau ardatzetako baten– parte izango da lehiaketa espezifiko hori.
Espainiako bost finalistak hauek dira: IZI Record, adimen artifizialean funtsatutako edukia lankidetzan sortzeko teknologia garatzen ari dena; Quantic Brains Technologies, ikus-entzunezko lanak osohasunean adimen artifizialaren bidez sortzea proposatzen duena; The Video Network, bideo-edukiak kudeatzeko plataforma bat, errealizadoreak balizko bezeroekin harremanetan jartzeko balio duena eta ekoizpen-prozesuaren fase guztiak biltzen dituena; eta Motmo.Pro euskal proiektua, bideoa eta partiturak editatzeko eta sinkronizatzeko plataforma, streamingean eta teknologian oinarritua. Azkenik, talde ekintzaile batek kino _GreenToken aurkeztuko du, blockchain teknologiarekin ikus-entzunezkoen industriak eragindako emisioen eta hondakinen kudeaketa digitalizatzeko proposamena egiten diguna.
Europako gainerako lekuetako proiektuei dagokienez, hauek hautatu dira: Mine S (Italia), controller modularrerako proposamen bat, sormen-prozesuaren hainbat alderdi barneratzen dituena; PentoPix (Erresuma Batua), adimen artifizialean oinarrituta dagoena eta testua 3D bistaratze bihurtzen duena storyboardak sortzeko eta edukiaren preprodukzioa egiteko; SMASH (Erresuma Batua), blockchaineko teknologiari esker, sortzaileak plataformen eta telebisten edukien arduradunekin biltzeko jomuga duena; Violette (Danimarka), suzko armen erreplikak garatzen dituena, filmaketetan segurtasuna handiagotze aldera; eta Watchers (Erresuma Batua), streamingeko plataformei interakzio sozialerako osagai bat gehitzea proposatzen duena.
Urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo business innovation centerretako batean inkubaziogunean doan sartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Epaimahai independente batek aukeratuko ditu proiektu irabazleak –bat Espainiakoa eta bestea Europako beste lurralderen batekoa–, eta bakoitzak 10 000 euro jasoko ditu. Gainera, deialdi honek 3.000 euro gehiago bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatutako proiektu onena saritzeko. Irabazleek eta finalistek, gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko.
Lehen hiru edizioetan irabazi dituzten proiektuek arrakastaz ari dira garatzen gaur egun euren enpresa-estrategia. Largo AI izenekoak (2019) 20 herrialdetan baino gehiagotan lortu ditu bezeroak; Filmchain deritzonak (2020), bestalde, hainbat lurraldetan ere merkaturatu du bere produktua; Kinetix izenekoak (2021), halaber, Beta bertsioarekin dihardu jada, eta finantzaketa-erronda garrantzitsu bat egin du.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge sustatzen du, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia, metaunibertsoari buruzko mahai-inguru bat barne hartzen duena. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu nahi du.
‘Spanish Screenings XXL’ Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko merkatua Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren –SEEParen– barruan dago. Planaren helburua zera da, Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio. Halaber, ‘Spanish Screenings: financing & Tech’ ekimenaren barruan, Espainiako inbertitzaileen eta talentu-ordezkarien arteko lehenengo topaketa antolatuko da. Topaketa horren edukia hurrengo asteotan jakinaraziko da.
Horrez gain, Spanish Screenings on Tour ekimenaren lehen edizioa Ventana Sur merkatuaren esparruan egingo da. Bertan, Espainiako proiektuak aurkeztuko dira ekitaldiaren sailetan, eta networkingeko jarduera batzuk ere antolatuko dira nazioarteko industriako funtsezko eragileekin. Proiektuak aurkezteko deialdia irailaren 19ra arte egongo da irekita.
Espainiako proiektuak
Proiektuaren deskribapena: IZIk teknologia berri bat garatu du, eta haren lehiakortasun-abantaila nagusiak hauek dira: multikamera da (erabiltzaile askok aldi berean grabatzen dute), audioa soinu-mahaitik txertatzen da bideoetan, eta ondoriozko bideoa automatikoki eta pertsonalizatuta autoeditatzen da erabiltzaile bakoitzarentzat adimen artifiziala erabiliz.
Proiektuaren deskribapena: Ikus-entzunezkoen industriako ingurumen-prozesuen kudeaketan trazabilitate digitala txertatzea, kontserbazio-ekintzekin, sortzen diren lurraldeari lotutako konpentsazio gisa.
Bosgarren belaunaldiko DLT batekin egindako e-partaidetzako ereduan oinarritua.
Proiektuaren deskribapena: Irakurgailu bat diseinatu dugu, erabiltzaileei abestiak erreproduzitzeko, tablaturarekin elkarreraginean aritzeko eta artistak ikusi nahi duen plano mota hautatzeko aukera ematen diena. Esperientzia % 100 pertsonalizatu daiteke orain 1.000 abesti baino gehiagorekin eta musika-ikaskuntzaren Netflix bihurtuz joango da horrela.
Proiektuaren deskribapena: Adimen Artifizialeko teknikak aplikatzen ditugu testuak, ahotsak, musika, ikusmen artifiziala, mugimendua, sentimenduak eta memoria sortzeko, gure ereduak machine learningeko hainbat teknikarekin trebatuz sare neuronalak sortzeko. Konbinazio orok aukera ematen digu ikus-entzunezko lanak modu automatizatuan sortzeko.
Proiekturaren deskribapena: Elkarlan-ekonomiaren eredu berriak ikus-entzunezkoen munduan aplikatu ditugu, edozein enpresak bideoaren onurez baliatu ahal izateko komunikaziobaliabide gisa, eta aurrekontu handirik erabili behar izan gabe horretarako.
Europako proiektuak
Proiektuaren deskribapena: Mine S tresnari esker, artistek eta ikus-entzunezko teknikariek euren kontrolatzaile pertsonalizagarria eraiki dezakete, nahi dutenean. Horrela, beren lanerako eta sorkuntzarako tresna ezin hobea izango dute beti.
Proiektuaren deskribapena: PentoPix tresnak koderik gabeko ikuspegia eskaintzen die sormen-industriei. PentoPixek testu egituratua 3Dko bistaratze bihurtzen du automatikoki, eta, horri esker, sortzaileek euren istorioak gara ditzakete, gidoi grafikoak sor ditzakete eta edukia aurretiaz dezakete (metabertsoaren esperientziak barne) 3Dko diseinuaren ezagutza tekniko sakonik zertan izan gabe.
Proiektuaren deskribapena: SMASHek erabiltzaile-esperientzia zehatza eta findua eskaintzen du, kaleratze- eta tokenizatze-erregistroarekin, eduki-sortzaile baten jabetza intelektuala babesten laguntzeko eta proiektuen truke segurua ahalbidetzeko. Gure etorkizuneko berrikuntzak blockchain bat dauka erregistro aldaezinak eta kontratu adimendunak sortzeko, proiektuen bizi-zikloa gobernatzeko jomugaz azkenik.
Proiektuaren deskribapena: Benetako itxura duten gure erreplikak gure Violette teknologiaz hornituta daude (patentearen zain), setean erabilera segurua eta benetakoa ahalbidetzen duen teknologiaz. Uste dugu alternatiba seguruagoa eta errazagoa eskaintzen dugula aktoreek eta ekipoak suzko armak erabil ditzaten, istorioak kontatzeko esperientzia sinple eta eraginkorra izan dadin.
Proiektuaren deskribapena: Produktuak eduki-plataformen gaitasunak areagotzen ditu elkarlanplataforma baten mailan, gure helburua zera baita, pertsonek testu eta ahotsaren bidez elkarreragitea filmak eta kirol-ekitaldiak ikusten dituzten bitartean. Bazkideak soluzio moldagarri eta egonkor bat jasotzen du SDKren bidez, eta azkar eskalatzen da karga handietan.