Manuel Abramovich, Christophe Honoré, Sebastián Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sangsoo, Ulrich Seidl eta Petr Václav zuzendarien lan berriak irailaren 16tik 24ra egingo den Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira. Halaber, Genki Kawamuraren eta Marian Mathiasen lehen lanak ere erakutsiko dira lehiaketan.
Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987) zinemagile argentinarra bere laugarren film luzearekin lehiatuko da aurten Donostia Zinemaldian. Hala, Pornomelancolía / Pornomelancholia –sex influencer baten erretratua– WIP Latam sailean hautatu zen iaz. Egilearen aurreko hainbat lan jada erakutsi izan dira Zinemaldian, zehazki, Zabaltegi-Tabakaleran. Mikel Gurrearen Suro filmarekin gertatu zen bezalaxe, Ikusmira Berriak egonaldietan parte hartzeari esker eratu ahal izan du egileak film hau, eta horrek esan nahi du aurten lehen aldiz lehiatuko direla, Urrezko Maskorra eskuratzeko, Zinemaldiak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa-Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) kudeatutako programa horretatik ateratako bi film.
Christophe Honoré (Carhaix-Plouguer, 1970) zuzendari frantziarra, jada Sail Ofizialean La belle personne / The Beautiful Person (2008) eta Non ma fille, tu n'iras pas danser / Making Plans for Lena (2009) erakutsi zituena, berriro lehiatuko da aita hil ondoren krisian sartuko den nerabe bati buruzko Le Lycéen / Winter Boy filmarekin. Aktoreen artean Paul Kircher, Vincent Lacoste eta Juliette Binoche daude.
Genki Kawamurak (Yokohama, 1979), gaur egungo funtsezko hainbat animazio-film japoniarren ekoizleak –hala nola Bakemono no ko / The Boy and the Beast (Mamoru Hosoda, Sail Ofiziala lehiaketan, 2015) edo Kimi no na wa / Your Name (Makoto Shinkai, Sail Ofiziala-Emanaldi bereziak, 2016)–, zuzendari gisa egin du debuta irudi errealeko film batekin; hala, Hyakka / A Hundred Flowers filmaren bidez alhzeimerra duen emakume baten istorioa kontatzen digu egileak.
Sebastian Lelio txiletarra (Mendoza, 1974), Perlak sailean Gloria (2013) filmarekin eta Horizontes Latinos sailean Una mujer fantástica / A Fantastic Woman (2017) filmekin parte hartu zuena, Sail Ofizialean estreinatuko da The Wonder lanarekin. XIX. mendearen erdialdean girotuta dago obra, Irlandako herri batean; agidanez, neskato batek hainbat hilabetean ezer jan gabe iraun du bizirik han. Emma Donoghueren izen bereko eleberrian oinarritutako film honetan Florence Pugh, Ciarán Hinds, Tom Burke, Toby Jones, Elaine Cassidy eta Niamh Algar antzezleak nabarmentzen dira.
Horizontes Latinos sailean bi aldiz sartu ondoren eta Una especie de familia / A Sort of Family (2017) filmagatik gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ostean, Diego Lerman argentinarra (Buenos Aires, 1976) berriz lehiatuko da Zinemaldian, oraingoan, El suplente / The Substitute filmarekin; Buenos Airesko aldirietako irakasle baten jazoerak biltzen ditu egilearen lan berriak, proiektu-fasean Zinemaldiaren 2019ko edizioko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuenak. Juan Minujín, Bárbara Lennie, Alfredo Castro, María Merlino, Lucas Arrua eta Rita Cortese dira Lermanen filmeko protagonista nagusiak.
Marian Mathias (Chicago, 1988) estatubatuar hasiberriak bere lehen film luzea aurkeztuko digu aurtengo edizioan; hala, Runner filmak Estatu batuetako midwesteko bi gaztek elkar topatzen dutenekoa kontatzen digu. Proiektu honekin, zuzendaria Canneseko Cinéfondation, Torino FeatureLab eta Veneziako zinema-jaialdian Production Bridge Program egonaldietan hautatu zuten.
Great Yarmouth-Provisional Figures, Britainia Handian filmatua eta girotua, Marco Martinsen (Lisboa, 1972) lan berria dugu eta immigrazioaren drama jorratzen du Tânia pertsonaiaren bitartez. Tânia portugaldarra da jatorriz, eta bere herrialdetik etorritako langileen eta Norfolk eskualdeko lantegien arteko lotura gisa jokatzen du.
Laura Mora kolonbiarra (Medellín, 1981), sari ugariren irabazlea –besteak beste, aipamen berezia Kutxabank-New Directors Sarian eta Gazteriaren Saria Matar a Jesús / Killing Jesús (2017) filmarekin– bere bigarren film luzearekin itzuliko da Zinemaldira; zehazki, Los reyes del mundo / The Kings of the World Medellín hiriko bost kale-mutil protagonista dituen ipuin subertsibo eta fantastikoa da.
Frelle Petersen (Aabenraa, 1980) zuzendari danimarkarrak, Onkel / Uncle (2019) filma zuzendu eta lan horrekin Tokioko Nazioarteko Zinema-jaialdian Sari Nagusia eskuratu ondoren, Resten af livet / Forever lanarekin lehiatuko da Zinemaldian. Filma familia-erretratu korapilatsu baina baikorra da, non bi senar-emaztek eta haien alabak doluari aurre egin beharko baitiote haien seme nagusia eta horren anaia zaharra hiltzen denean.
Hong Sangsoo (Seul, 1960) Top / Walk Up filmarekin lehiatuko da; hala, tarteko adineko zinemagile batek hainbat pertsonarekin topo egiten dueneko istorioa kontatzen digun film honekin bigarrenez hartuko du parte Hego Koreako zinemagileak Sail Ofizialean, non zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (2016) filmarekin. Geroago, Zabaltegi-Tabakaleran Geu-hu / The Day After (2017) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020, aipamen berezia) erakutsi zituen.
Ulrich Seidl austriarraren (Viena, 1952) aurreko zenbait lan jada eman izan dira Zinemaldiaren atzerabegirakoetan eta beste sail batzuetan –hala nola Zabaltegi-Tabakaleran–, eta aurten lehiaketa ofizialean hartuko du parte, lehendabizikoz, Sparta filmarekin; Berlingo azken zinema-jaialdian estreinatutako Rimini (2022) filmarekin hasitako diptikoa burutzen du zuzendariaren film berriak. Horrela, Spartako pertsonaia nagusia Riminiko protagonistaren –porrot egin duen abeslari baten– anaia da.
Petr Václav (Praga, 1967) txekiarrak jada hartu zuen parte New Directors sailean Paralelní svety / Parallel Worlds (2001) lanarekin, eta Donostian izango dugu aurten ere, oraingo honetan, Sail Ofizialean. Txekiarraren film luze berria, Il Boemo, drama biografiko bat da, eta Josef Myslivecek du ardatz, 1770eko hamarkadako opera italiarreko konposatzaile emankorrenetakoa izan zen musikagilea, hain zuzen.
Titulu horiez gain, Espainian ekoitzitako lau film ere lehiatuko dira Sail Ofizialean; duela egun batzuk iragarri ziren lan horiek eta honako hauek dira: Fernando Francoren La consagración de la primavera; Mikel Gurrearen Suro; Pilar Palomeroren La maternal, eta Jaime Rosalesen Girasoles silvestres.
Gainera, lehiaketatik kanpo, La (très) grande évasion / Tax Me If You Can filmaren emanaldi berezia eskainiko da. Ekoizpen frantziar horretan, Yannick Kergoatek (Le Raincy, 1962) ihes fiskalaren zirkuituak arakatzen ditu, eskala handiko iruzurraren mekanismoak argitzeaz gain.
Dokumental horrekin bat egingo dute Isabel Coixet en El sostre groc ez-fikziozko lanak (aurtengo edizioko beste emanaldi berezia izango da) eta Apagón Movistar Plus+en telesailak; zehazki, Apagón lehiaketatik kanpo programatuta dago eta Rodrigo Sorogoyenek, Raúl Arevalok, Isa Campok, Alberto Rodríguezek eta Isaki Lacuestak zuzendutako bost kapituluk osatzen dute. Gainera, Alberto Rodríguezen Modelo 77 filmak inauguratuko du Zinemaldia lehiaketatik kanpo.
LEHIAKETARAKO
Luciok, unibertsitateko literatura-irakasle itzaltsu batek, ikasgela baten ardura hartuko du haurtzaroko auzoan kokatutako eskola batean, Buenos Aires hiriko aldirietan. Han, Dilan –narkoen talde batek jazarritako ikasle bat– salbatzen lagunduko dio aitari.
2019ko urria, Great Yarmouth, Norfolk (Erresuma Batua). Hiru hilabete geratzen dira Brexiterako. Ehunka etorkin iristen dira Portugaldik hirira indioilar-haragiaren prozesamendurako lantegietan lan egin nahi dutelako. Tânia (Portugaldarren ama) halako fabriketako langilea zen, baina gaur egun hotel-jabe ingeles batekin ezkonduta dago. Bera da pertsonarik aproposena migratzaile portugaldar horiei lan bat eskuratzen laguntzeko, baina hiritar britainiar bihurtu nahi du, negozio zikin hori utzi eta hotel abandonatuak (senarraren jabetzakoak) eraberritu, hirugarren adinekoentzako egoitza bihurtzeko.
Yurikori dementzia diagnostikatu diote, eta, beraz, adimena bizkor ari zaio hutsaltzen. Alabaina, bere seme Izumirentzat, amaren oroitzapenak bizi-bizirik diraute, esperientzia izan zuenean bezain bizi. Baina bizipen baten oroitzapenak nabarmen torturatzen du gizona: ama desagertu egin zela pentsatu zuenean.
1764. Josef Venezian bizi da, baina urtebetetik gora darama bizimodu kaxkarra izaten. Opera-konpositore bihurtu nahi du. Hiria jada finkatuta dauden egile talentudunez beteta dagoenez, ez dago lekurik Josefentzat, agidanez. Biolin-jotzaile gisa lan bila dagoela, neska dirudun baten orbitan sartuko da, eta aretoetan jotzeko aukera emango dio horrek. Baina Josefek markesa libertino baten maitale bihurtzean izango du nahi duena lortzeko benetako aukera. Jokamolde sofistikatuak irakatsiko dizkio hark, baita abarkadun-hezkuntzaren seinaleak kendu eta erlijio-intolerantziarik gabeko existentzia hedonista batean sartu ere. Eraldatuta, Josefek sekulako enkargua jasoko du: opera bat idaztea San Carlorako (Europako antzokirik handiena).
17 urte dituela, Lucasen nerabezaroa suntsitu egingo da bat-batean. Bizitza basapizti bihurtu zaio eta hezi egin beharko du. Anaia Parisera joan zaio bizitzera eta orain amarekin bakarrik bizi da Lucas, eta bi horien tartean, itxaropena eta maitasuna berreskuratzeko borrokatu beharko du mutikoak.
"Egun batean gizon guztiak lo geratu eta Lurraren ertzak erre egin ziren". Los reyes del mundo desobedientziari, adiskidetasunari eta erresistentzian existitzen den duintasunari buruzko filma da. Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano Medellíngo bost kale-mutil dira. Erresumarik, legerik eta familiarik gabeko bost errege lur aginduaren bila abiatuko dira. Klan basati eta maitagarri baten bidez kontatutako ipuin subertsiboa, errealitatearen eta eldarnioaren artekoa. Bidaia bat ezerezera, den-dena gertatzen den lekura.
Lalo sex influencerra da: bere gorputz biluziaren argazkiak eta etxean egindako bideo pornoak posteatzen ditu sare sozialetan dituen milaka jarraitzaileentzat. Bere bizitzaren gidari bakarra bada ere, intimitatean, pertsonaiatik kanpo, etengabeko malenkonian bizi dela dirudi.
Egon eta Maren senar-emazteek seme heldua galdu dute, eta atsekabeak lur jota utziko du familia osoa, baita Lily alaba ere. Nahigabea jasateko oso modu desberdinak dituzte hirurek, eta behea joko dute laster. Bizitzara itzultzeko eta familia berreraikitzeko bideari ekin beharko diote orain hirurek. Forever bizitza ospatzeko familia-drama bat da, Hego Jutlandian girotua, Danimarkako hego-hegoaldean.
Aita bat-batean hil ondoren, Haasek Will ezagutuko du. Runner Estatu Batuetako paisaia zabalean zehar elkar ezagutzen duten bi gazte ezezagunen istorioa da.
Ewald Errumaniara joan zen bizitzera aspaldi. Orain, eta berrogeitik gora urte dituela, berriro hasi nahi du. Neskalaguna utzi eta barnealdera joango da bizitzera. Inguruko gazteen laguntzarekin, eskola bat gotorleku bihurtuko du. Haurrak pozik eta kezkarik gabe bizi dute bizitza berria. Baina mesfidantza laster piztuko da herrikoen artean. Eta Ewaldek luzaroan ezkutatu duen egia bati aurre egin beharko dio derrigorrean. Rimini filmaren ahizpa da Sparta, eta Ulrich Seidlek iraganetik ihes egiteko ezintasunari eta nork bere burua aurkitzeko minari buruz sortutako diptikoa amaitzen du.
Irlandako Midlands eskualdea, 1862. Neskato batek jateari utzi dio, baina bizirik eta egoera onean dago, miraria badirudi ere. Lib Wright erizain ingelesa herri txiki batera eraman dute Anna O 'Donnell hamaika urteko neska behatzera. Turista eta erromes ugari biltzen dira hainbat hilabetean ezer jan gabe bizirik iraun duen duen neskatoa ikustera. "Zeruko manarekin bizirik irauten duen santu" bat al dago herrian? Aitzitik, fenomeno horren arrazoiak gaiztoagoak al dira? XIX. mendeko Neska barautzaileen fenomenoan inspiratutako thriller psikologikoa, Emma Donoghueren eleberri entzutetsuaren egokitzapena.
Adin ertaineko zinema-zuzendari batek, alaba hainbat urtez ikusi gabe egon ondoren, harekin bisitatuko du barne-diseinatzaile baten eraikin bat. Alabak ere barne-diseinua ikasi nahi duelako joan dira bertara. Diseinatzaileak solairuz solairu erakutsiko dizkie egin dituen berrikuntza guztiak. Hirurak solairu guztietako gela guztietan sartuko dira, begiratu bat ematera. Filma horrela hasten da, eta horren ondoren, berriro behetik hasi eta solairuz solairu igoko gara.
LEHIAKETATIK KANPO
Ongi etorri kapitalen ihesaren mundura! Dirutza handi bat metatzeko gakoa izan nahi al duzu? Aurkitu konplizeak, jakin nola ezkuta zaitezkeen eta nola aprobetxa dezakezun sistemaren lege-hutsune oro. Gainerakook austeritate-politiken onurez gozatu beste erremediorik ez dugu izango, gero eta desberdinkeria handiagoko mundu honetan. Noraino irits daitezke gure ekonomia nazionalei lapurtzen dieten harrapari haiek? Zenbateraino dira gure politikariak haien sopikun? Eta nola geldiaraziko ditugu? Ikerketa sakon, dibertigarri, zirraragarri eta egiazkoa, aldaketarako dei berezi eta itxaropentsua.