"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak eta Red Balloon Alliance proiektuak berriz ere bultzatuko dute Puxika Gorria –Zinemaldiaren egunetan (irailaren 16tik 24ra) martxan egongo den sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua–, Ludoteca Zorionak Kids & Party taldearekin elkarlanean.
Puxika Gorriaren laugarren edizio honetan, aurrez aurreko formatuari eutsi zaio eta San Telmo Museoan egingo dira zerbitzuaren jarduerak oraingoan ere. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazioa errazteko helburua duena, pertsona akreditaziodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei zuzenduta egongo da.
Zerbitzua 2019an sortu zen, eta hasiera batean haurtzaindegia bazen ere, ludoteka bihurtu da, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko neska-mutilak biltzeko, kontziliazioa ahalik eta familia gehienei errazte aldera.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien haurtzaindegiekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurrenez hurren) bateratutako jarduera da. Halaber, egitasmoa hedatuz doa, Punto de Vista (Nafarroa) eta Sevillako zinema-jaialdiak ere bat egin baitute. Hainbat enpresa eta erakunderen laguntza du Puxika Gorriak, besteak beste, honako hauena: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea, ICAA, CINANDO, SGAE Fundazioa, Le collectif 50/50, Zorionak jostailu-denda, Danish Film Institute, Morena Films, ECPV-EHZE Euskal Herriko Zinema Eskola, German Films, DonostiKidSS eta Mimo Bite The Experience. Ekimenak Europa International-en eta The Film Agency-ren babesa du.
2021eko edizioan bezala, Puxika Gorriak 120 metro karratuko gune bat izango du San Telmo Museoan, eta, bertan, behar bezala aireztatutako terraza estali bat eta barneko gune bat gaituko dira. Zerbitzuak higiene-neurri egoki guztiak betetzen ditu, covid-19a ez dadin transmititu.
Ludotekak 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak, eta inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Zorionak Kids & Party enpresako zaintzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dute arreta, eta halako guneetan jarduteko beharrezko aseguru guztiak dituzte. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditaziodunek.
Ludotekan inskribatzen diren familiek doako haurrentzako jarduerak egiteko aukera izango dute Itsas Museoa eta Mimo Bite The Experience bezalako zentroetan. Zinemaldiaren bederatzi egunetarako tarifa 50 euro da; 30 euro hiru egunetarako; eta 15 euro egun baterako. Lekua eskatzeko, redballoonalliance@gmail.com helbidera idatzi behar da, zehaztuta zer egunetarako nahi den erreserbatu zerbitzua eta zein den haurraren adina, eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria erantsi behar da.