Anekumen –Irati Gorostidik zuzendutako eta Apellaniz y de Sosako Claudia Salcedok ekoitzitako proiektua– Start Me Up programan parte hartzeko hautatutako hirugarren –eta azken– lana da. Ikus-entzunezko industriaren dinamizazioarekin lotuta, ECAMen –Madrilgo Erkidegoko Zinematografiako eta Ikus-entzunezkoen Eskolaren– ekimen berri hau La Incubadorari atxikitako nazioarteko garapen-programa bat da, eta beste foro eta laborategi batzuekin batera sortu da, hala nola hauekin: Cannesko zinema-jaialdiak antolatutako Short Film Corner | Rendez-vous Industry foroko Focus COPRO' ekimena; Ikusmira Berriak, Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EQZE Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako egonaldi-programa; eta Málagako Zinema-jaialdia.
2022an Ikusmira Berriak programan parte hartu ondoren, Anekumen proiektua La Incubadorako taldeak hautatua izan da, Cecilia Barrionuevoren eta Ikusmira Berriak lantaldearen lankidetzarekin. «Bereziki pozten gaitu miresten dugun zuzendari bati bere lehen film luzea garatzen laguntzeak, baita militantea eta pertsonala izanik kontatzeko eta ekoizteko modu desberdinak aztertzeko jomuga duen zinema batean sakontzen jarraitzeak ere», adierazi du Rafa Alberola ECAM Industriako arduradunak.
Ekimena azaroaren 20tik 25era gauzatuko da Madrilen, eta halako proiektuak indartzean ardaztuta egongo da, baita garapen- eta finantzaketa-etapa indartzeko behar izaten dituzten ekoizpen- eta marketin-baliabideak ematean ere.
Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusionatuta, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte euren ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.
''Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da. 70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta''.
ECAMen ekimena lankidetzan aritzeko akordio gisa sortu da, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko hainbat ekimenen arteko sare-lan gisa, hain zuzen, ekimen horiek nola nazionalak hala nazioartekoak izanik; hona hemen ekimen horietako zenbaitzuk: Cannesko zinema-jaialdiak antolatutako Short Film Corner | Rendez-vous Industry foroko Focus COPRO' ekimena; Ikusmira Berriak, Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EQZE Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako egonaldi-programa; eta Málagako Zinema-jaialdia. Ekimen hau parte hartzen duten proiektuen neurrira diseinatuta egongo da, ekoizpenarekin eta marketinarekin lotutako ezagutzak eta baliabideak emateko eta, hala, proiektu horiek indartzeko jomuga izanik.
ECAM irabazi-asmorik gabeko kultura-fundazioa da, ikus-entzunezkoen sektoreko hurrengo belaunaldiak prestatzeko ez ezik, industriari lotutako kultura-jarduerak sustatzeko xedea ere baduena. ECAMen ondarerik handiena ikasleak –bai lehengoak bai egungoak–, irakasleak –industriako profesionalak– eta bere giza taldea dira.