Tabakalerak Vive le cinéma! erakusketa inauguratu du, zinemaren mugak aztertzen dituen erakusketa. Bertan, Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zinema-zuzendarien ikus-entzunezko lanak aurkezten dira. Horiek, zinema egiteko euren ohiko praktika eraldatu egin dute erakusketa-areto baterako instalazio zinematografikoak sortzeko. Nazioartean entzute handikoak diren lau zinemagileek erantzun diote ikus-entzunezko instalazio baten bidez erakusketan parte hartzeko Tabakalerak egindako gonbitari. Erakusketa hau Tabakalera eta Amsterdameko Eye Filmmuseumen arteko ekoizpena da Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan; 2022ko uztailaren 9tik 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko lehen solairuko erakusketa areto nagusian.
Vive le cinéma!erakusketan zinemagile bakoitzak argia eta soinua erabili ditu hainbat gai lantzeko: bizitza eta heriotza, politikoa eta egunerokoa, eta gorputzaren presentzia eta absentzia. Gainera, gailu zinematografikoa bera ere berriro asmatu da, praktika artistikoentzako egokiagoa den teknologia bat erabiliz, esperientzia filmikoa areagotzeko. Gero eta ohikoagoa da erakusketa-aretoetan filmak ikustea edo ikus-entzunezko piezak zinema-areto batean; baita bi diziplinen arteko konfluentziaren emaitzak ikustea ere. Zinemaren eta erakusketen arteko gurutzaketa honetatik bestelako espazio-denbora harremana sortzen da. Espazioari dagokionez, zinema-pantailan estatikoa eta dimentsio bikoa dena, eraldatu egiten da erakusketa-espazioan eta ikusleak hiru dimentsioko esperientzia izaten du. Denborari dagokionez, ez dago hasierarik eta amaierarik, mugitzen diren irudiak etengabe erakusten baitira erakusketa-aretoetan.
Erakusketa egituratzen duen ideia zinema berraurkitzearena da, argia eta soinua pantailaz harago hedatzeko moduarena. "Hedatutako zinema" modu berriek, begiratzekoek, entzutekoek eta esperimentatzekoek, funtsezko zeregina dute erakusketako lau artisten obretan. Erakusketako lau proposamenetako bi, Jia Zhang-kerena eta Moseserena, Amsterdameko Eye Filmmuseumen aurkeztu ziren eta Europako erakunde nabarmen honekin lankidetzan aritu da Tabakalera, erakusketa hau abian jartzeko. Bestalde, Lacuesta eta Kulumbegashvilirenak berariaz ekoitzi dira erakusketa honetarako.
Dea Kulumbegashvili (Georgia, 1986), egungo panorama zinematografikoko begiradarik interesgarrienetakoa da. Berak zuzendutako lehenengo film luzeak, Beginning (2020), Donostiako Zinemaldiko 4 sari garrantzitsuenak lortu zituen 2020an: film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendaritza hoberena, gidoi hoberena eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Georgiako aniztasun kultural, etniko eta konfesionalaren eragin handia du eta haren filmetan herrialde horretako errealitateak agertu nahi izaten ditu pertsonaien bidez, femeninoari interes berezia eskainiz.
Captives da Kulumbegashvilik erakusketarako egin duen proposamena; ikus-entzunezko instalazio inmertsiboa da, eta pantailako pertsonaia baten espazio zeharo intimoan sartzeko gonbita egiten dio publikoari. Aurkezpenaren esanahia zalantzan jarri nahi du obrak, gizakiaren eta ez gizakiaren arteko harremana, baita izateko bi moduren arteko lotura ere. Funtsean, begiratzeari buruzko azterlana da bere obra, eta espazio fisikoan dagoen ikuslearen eta pantailan dagoen bestearen presentziaren artean sortzen den azpiko narratiba hori aztertzen du. Soinuak garrantzi handia du instalazioan; Kulumbegashvilik berak garatu zuen Tabakaleran 2021ean, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Artisten Gunean egindako egonaldi artistikoan.
Isaki Lacuestak, Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi du Los pasos dobles (2011) eta Entre dos aguas (2018) filmeekin, eta zinema garaikideko zuzendaririk garrantzitsuenetakoa da nazioartean. 2018an Parisko Georges Pompidou zentroak atzerabegirakoa eskaini zion eta liburu bat argitaratu zuen hari buruz, Le cinéma d'Isaki Lacuesta (Brice Castanon eta Sergi Ramos, ed.). Azkeneko film luzea aurkeztu berri du, Un año, una noche (2022),Berlinaleko Atal Ofizialean. Vive le cinéma! erakusketan Prohibimos en España. Censuras, prohibiciones y denuncias en la España democrática (1977-2022), lana aurkeztu du; instalazio hau ispiluz estalitako kuboa da, banaka sartu behar da bertara, eta Espainian zentsuratu eta galarazitako ehun irudi inguru daude barruan. Aldi berean, aretoko soinuan honako galdera honi 26 musikarik emandako erantzuna entzuten da: «Abestu diezadakezu Espainian abestu ezin den zerbait?». Honako musikari hauek erantzun diote galderari, besteak beste: Albert Pla, Christina Rosenvinge, Fermin Muguruza, Gran Wyoming, Kiko Veneno, La Basu eta Soleá Morente. Galarazpenaren eta horren iruditerien kartografia moduko bat planteatzen da obran; Lacuestaren iritziz, gizartea ulertzeko modurik onena norberak bere buruari ukatzen zaiona ulertzea da.
Lemohang Jeremiah Mosese (Lesotho, 1980) egungo Afrikako zinemaren ahotsik berritzaileenetako eta prestigiotsuenetakoa da. Kontinente hartako zinemaren inguruko estereotipoak zalantzan jartzen dituzten zinemagileen belaunaldikoa da eta bere istorioak kontatzeko bestelako iruditeria bisuala garatu du. Mosesek bere filmetan haurtzaroko oroitzapenak prozesatzen ditu eta Europatik datozen erlijioek kolonizazio ondorengo gizarteetan duten eragina ikertzen du. Bere lana espazio "zurien" barruan erakusten da, baina zerikusi txikia du zuritasunarekin eta handiagoa afrikartasunarekin eta belztasunarekin.
Bere pieza Bodies of Negroes. I Will Sculpture God, Grim and Benevolent da. Mosese bere jaioterrira itzuli da, Lesothora, gorputz femenino beltzen edertasuna ospatzeko ikuspegi sentsorialetik. Erakusketan aurkeztutako instalazioan ikusleak sei pantaila aurkituko ditu, pantaila horietan hilzorian den ama zaintzen duten 11 alaba beltz daude. Aurpegia, gorputza, oinak nola garbitzen dizkioten ikusten dugu. Baina ama zenbat eta gehiago garbitu, orduan eta erritual antz handiagoa dute ekintzek, eta alaben transgresioak garbitzeko bide bihurtzen dira.
Jia Zhang-ke (Txina, 1970) Txinako egungo zinema independentearen ahotsa da. 2015ean Ikusleen Saria lortu zuen Donostiako 63. Zinemaldian Shen he gu ren/Mountains May Depart (Más allá de las montañas) filmarekin. 2017an Nazioarteko Zinema Jaialdia hasi zuen Pingyaon eta 2019an Literatura Jaialdia Lüliangan. Zinemagile honek Vive le cinéma! erakusketara Close-Up ekarri du, pantaila anitzeko esku hartzea, zaintza-kameren nonahikotasunean oinarritua. Txina garaikidean hiri edo herrietako txoko guztiak CCTV zaintza-kameraz josita daude. Ia ez dago puntu itsurik gune publikoetan. Kamera horiei "zeruko begia" deitzen zaie eta irudi-ekoizle handienak dira. Baina gizabanakoak "zehaztugabe" eta "hutsal" bihurtzen dira, angelu handiko zaintza irudi horien artean.
Close-Up lanean lau kamerek pertsonen joan-etorri handiko trafiko bidegurutze bat eskaneatzen dute eta bosgarrenaren ardatza zauritutako gizonezko bat da. Plano orokorra zena lehen plano bihurtzen da eta ikusleek zauritutakoaren istorioa jarrai dezakete eta ikusi dezakete kamerek behatu, kontrolatu, koadratu eta zuzendu egiten dutela, aldi berean, jendearen begirada erakusketara. Gehiegizko zaintza-irudiak eta zinemagileak pertsona batengan duen begirada kontrajartzean, Jia Zhang-kek zinemak gizabanakoa gertutik behatzeko duen gaitasuna errebindikatzen du eta horrekin, baita giza izatea behatzeko duena ere.
Lau instalazioen sarrera gisa, artista bakoitzaren filmografiei buruzko bideo-saiakerak eskaintzen ditu erakusketak. Kulumbegashvili eta Lacuestari buruzko bideo-saiakerak Irati Gorostidi eta Maider Oleaga euskal zinemagileek egin dituzte; ikus-entzunezko lanak egin dituzte bi zuzendari horien zinema egiteko moduari buruz.
Vive le cinéma! erakusketarekin Tabakalera Donostia Zinemaldiaren 70. urtemugan sartu da buru-belarri eta datozen hilabeteetarako erakusketen eskaintza osatu du; Donostia Zinemaldiarekin batera Imajinatu Zinemaldia inauguratu ondoren eta uztailaren 14an Scalaren proposamen berria Tabakalerako eskailera nagusian jarri ondoren. Azken proposamen horretan Carlos Casas zinemagileak beste soinu-instalazio bat proposatuko du, Mutia izenekoa.
Vive le Cinéma! erakusketan jarduera-programa zabala izango da eta erakusketako zuzendari protagonisten proiekzio zenbait eskainiko dira datorren udazkenean. Gainera, azaroan Nazioarteko VII. Zinema Mintegia egingo da. Hiru eguneko programa berezia zinemaz pentsatu eta eztabaidatzeko. Mintegi horretan erakusketako lau artistez gain, Rabih Mroué, Alex Reynolds, Maddi Barber eta Mirari Echávarri artistak ere izango dira. Irailean, Arte-makinaren beste edizio bat hasiko da, publikoa arte garaikidera gerturatzea xede duen ikastaroa. Kameleoiak gara! ere izango dugu, familientzako ohiko arte-lantegiak, eta baita erakusketa bisitatzeko ikustaldi gidatuak ere.