Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan, irailaren 16tik 24ra bitartean, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Belodromo sailetan ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako hemezortzi lanak jakinarazi dituzte Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, gaur. Hamabost film luze, bi film labur eta telesail bat izango dira.
Fernando Franco (Sevilla, 1976) Donostiako lehiaketa ofizialera itzuliko da bere hirugarren film luzearekin, La consagración de la primavera. La herida (2013) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eta Zilarrezko Maskorra (Marian Álvarez aktorearentzat) eskuratu zituen, eta Morir (2017) emanaldi berezi gisa hautatu zuten. La consagración de la primavera pelikulak 18 urteko neska baten (Valèria Sorolla) eta garun-paralisia duen gazte baten (Telmo Irureta) istorioa kontatzen du.
Suro Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) lehen film luzea da. Iaz, bere film labur bat, Heltzear, Veneziako zinema-jaialdian estreinatu eta Zabaltegi-Tabakalera sailean programatu zen. Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko den Ikusmira Berriak egonaldietako lehen proiektua den Suro filmean, Vicky Luengok eta Pol Lópezek bikote bat interpretatzen dute, landa-ingurura bizitzera joango dena.
La maternal da Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) egin duen bigarren pelikula, Las niñas debuteko film luzearekin (Made in Spain, 2020, Berlinen eta Malagan parte hartu ondoren) film onenaren, zuzendari berri onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren Goya sariak eskuratu ondoren. Palomerok ama izaten ikasi beharko duen 14 urteko nerabe baten (Carla Quílez) istorioa kontatzen du.
Jaime Rosales (Barcelona, 1970) ere itzuli da Donostiako lehiaketa ofizialera, Tiro en la cabeza filmarekin 2008ko Fipresci saria eskuratu eta Made in Spain eta Perlak sailetan (Petra, 2018) beste batzuk aurkeztu ondoren. Girasoles silvestres pelikulan Anna Castillok bizitza hobearen bila dabilen amarena egiten du.
Espainiako beste produkzio bat Sail Ofizialeko emanaldi berezi bat izango da: El sostre groc, Isabel Coixetek (Barcelona, 1962) zuzendutako ez-fikzio bat, 2001 eta 2008 bitartean Lleidako Antzerki Ikasgelan gertatu ziren sexu-abusuen gainean. Donostian debutatu zuen Coixetek zuzendari moduan Demasiado viejo para morir joven filmarekin (New Directors 1988).
Lehiaketaz kanpo ikusgai izango da Movistar Plus+en Apagón telesaila. Rodrigo Sorogoyenek, Raúl Arévalok, Isa Campok, Alberto Rodríguezek eta Isaki Lacuestak zuzendutako bost atalez osatuta dago, eta abiapuntua da energia-hornikuntza eteten duen eguzki-ekaitz bat.
Alberto Rodríguezek, gainera, Zinemaldiko inaugurazio-filma, iragarrita dagoen Modelo 77, aurkeztuko du.
Maria Elorza, New Directors sailean
Zuzendarien lehen eta bigarren filmez osatutako New Directors sailean ikusgai izango da Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto. Las chicas de Pasaik kolektiboko kide gisa egin zituen Elorzak (Vitoria-Gasteiz, 1988) bere lehen film laburrak, Donostian estreinatu ziren Gure Hormek (Zabaltegi-Tabakalera, 2016) eta La chica de la luz (Belodromoa, 2016). Sari ugari eskuratu dituzten Ancora Lucciole (2018) eta Quebrantos (2020) film laburrak ere sortu ditu. Aurtengo Zinemaldian bere lehen film luzea aurkeztuko du, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabe bati buruzkoa.
Elena López Riera, Lur Olaizola, Carlota Pereda eta Estibaliz Urresola, Zabaltegi-Tabakalera sailean
Zabaltegi-Tabakalera sailak Ikusmira Berriak egonaldietako beste proiektu baten aurkezpena hartuko du: Elena López Rieraren El agua, azken Canneseko Quinzaine des Réalisateurs-ean hautatu zutena. Sail berean Cerdita programatuko da, Carlota Peredaren debuta, Sundanceko zinema-jaialdian estreinatutakoa. Kimuak programako bi film labur ere izango dira ikusgai sail berean: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa filmak lehiaketaz kanpo hartuko du parte, Cinéma du Réel-eko estreinaldiaren ondoren, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Canneseko La Semaine de la Critique-an izan dena.
Isaki Lacuesta, Oriol Paulo eta Rodrigo Sorogoyen, Perlak sailean
Perlak saileko parte izango dira Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Berlinalen lehiatu zena, eta Rodrigo Sorogoyenen As Bestas, Canneseko zinema-jaialditik pasatu dena. Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehian arituko dira biak ala biak.
Gainera, Los renglones torcidos de Dios lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango da Emanaldi Berezi gisa. Torcuato Luca de Tenaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma Oriol Paulok sinatzen du, eta Bárbara Lennie eta Eduard Fernández ditu protagonista.
Paco León, Fernando León de Aranoa eta Fermin Muguruza, Belodromoan
400 metro koadroko pantaila eta ia 3.000 ikuslentzako lekua dituen aretoa da Belodromoa. Han estreinatuko dira Rainbow, Paco Leónek Ozeko aztia klasikoaren gainean egin duen bertsioa, Dora Postigorekin, Carmen Maurarekin eta Carmen Machirekin; Sintiéndolo mucho, Joaquín Sabinari buruzko Fernando León de Aranoaren dokumentala; eta Fermin Muguruzaren azken animazioko filma, Black is Beltza II: Ainhoa –lehen zatiak 2018ko Zinemira itxi zuen–.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Julia, 22 urteko gaztea eta bi umeren ama, Óscar gatazkatsuarekin maiteminduko da, eta harreman bat hasiko dute. Elkarrekin denbora igaro ahala, Juliak Óscarri buruzko zalantzak izango ditu, ez du jakingo hura den alboan behar duen pertsona. Hala, bidaia pertsonal batean abiatuko da zoriontasun bila beretzat eta bere familiakoentzat.
Madrilera iritsi berri da Laura unibertsitate-ikasketak egiteko. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garun-paralisia duen mutil bat. Mutilarekin eta haren amarekin izango duen harremanari esker, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko. Istorio honek bizitzako momentu bat kontatzen du, non dena baita posible, eta ezustean ezagutzen ditugun pertsonak erabakigarriak izan daitezkeela.
Carlak 14 urte ditu eta neskato desafiatzailea eta hezigaitza da. Herri bateko kanpoaldean bizi da, errepideko jatetxe zahar batean, bere ama ezkongabe gaztearekin. Ez da ikastetxera joaten eta egunak Efraín lagunarekin ematen ditu. Gizarte-laguntzaile bat konturatuko da bost hilabeteko haurdun dagoela eta ‘La Maternal’ ama adingabeentzako zentroan sartuko da. Han egoera berean dauden beste gazte batzuekin biziko da. Neskek, haurtxoekin, aurre egin beharko diete helduen mundu berri horri, prestatzeko astirik izan ez duten arren.
Helenak eta Ivanek bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan, baina, lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, bikotearen etorkizuna kolokan jarriko da.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo
Eguzki-ekaitz batek Lur planeta osoko elektrizitatea etengo du. Egoera horretan gertatuko dira bost istorio: elektrizitaterik, telekomunikaziorik eta garraiobiderik gabeko mundu batera egokitzeko borrokan ari diren pertsonaiek aurre egin beharko diete beren behar, sen eta beldurrik oinarrizkoenei.
Modelo kartzela. Bartzelona, 1977. Manuel izeneko kontulari gazte bat desfalkoagatiko epaiketa baten zain dago kartzelan, eta 6-8 urteko zigor bati aurre egin behar dio, zigorra neurriz kanpokoa bada ere egin duen deliturako. Bere zeldakide Pinorekin batera, bat egingo du preso arrunten eskubideen eta amnistiaren alde borrokatzen ari den kolektibo batekin, COPEL izenekoarekin. Askatasunaren aldeko gerra bat hasiko da, eta gerra horrek kolokan jarriko du Espainiako espetxe sistema. Kanpoan gauzak aldatzen ari badira, barruan ere aldatu egin beharko dira. Benetako gertakarietan oinarritutako adiskidetasun-, elkartasun- eta askatasun-istorio bat.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
2018an bederatzi emakumez osatutako talde batek salaketa bat jarri zuen Lleidako Antzerki Ikasgelako beren bi irakasleren aurka, 2001 eta 2008 bitartean, nerabeak zirela, jasan zituzten sexu-abusuengatik. Beranduegi zen. Beldurragatik, lotsagatik, gertatutakoa ulertzeko eta digeritzeko denbora gehiago behar izan zutelako, kasua preskribatuta zegoen eta artxibatu egin zuten. Hala ere, ez zekiten beren testigantzei esker ate bat ireki zutela eta, agian, dena ez zegoela galduta.
NEW DIRECTORS
Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume-armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimoa da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.
ZABALTEGI-TABAKALERA
Extremadurako uda itogarrian, ezezagun misteriotsu bat iritsiko da Sararen herrira eta horren jazarleak bahituko ditu. Sarak dena ikusi du. Berak bakarrik salba ditzake neska horiek, baina egin beharko luke?
Rita emakumeen abesbatza baten kide da. Entseatzeko lokala ordaintzeko behar duten udalaren dirulaguntza galdu dutenez, korua desagerrarazteko arriskuan dago. Horregatik, erabaki beharko dute beren haraneko enpresa kutsatzaileenetako baten babesletza onartzen duten ala ez.
Uda da Espainiako hego-ekialdeko herri txiki batean. Ekaitz baten ondorioz, bertatik igarotzen den ibaia gainezka egitear dago. Sinesmen zahar baten arabera, zenbait emakume uholde bakoitzarekin desagertzeko predestinatuta daude “barnean ura daukatelako”. Ana amarekin eta amonarekin bizi da, eta herrikoek mesfidantzaz begiratzen diote beren etxeari. Euritearen aurreko giro elektrikoan, Anak José ezagutuko du, barruko mamuak uxatzeko borrokan ari den bitartean.
Aktore bat eta zinemagile bat gidoi bat entseatzen ari dira. María Dolores González Katarain Yoyesek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu gidoiak. Gidoian aurrera egin ahala, beste emakume batzuen ideiak eta erreferentziak agertuko dira Yoyesen hitzetan: Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocío Díazescobar, Alexandra Kollontai edota Tina Modotti. Bitartean, iluntzen ari da kanpoan.
PERLAK
Alice ikertzaile pribatua ospitale psikiatriko batean sartuko da paranoia simulatuz kasu baterako frogak biltzeko: ospitaleratuta zegoen gizon baten heriotza, modu ez oso argian. Aitzitik, biziko duen egoera ez da esperotakoa izango eta zalantzak izango ditu berak ere ez ote duen burua galdu. Mundu ezezagun eta zirraragarria agertuko zaio. Gertaerekin detektibea susmagarri bihurtuko da arrasto-joko bikain baten eraginez, ezer ez baita dirudien modukoa izango.
Frantziako Antoine eta Olga bikotea aspalditik bizi dira Galizia erdiguneko herrixka batean. Lasai bizi diren arren, bertakoekin bizikidetza ez da nahiko luketen bezain idilikoa. Bizilagunekin, Anta anaiekin, izango duten gatazka baten ondorioz, tentsioa handituko da herrian eta egoera itzulezina izango da.
Ramón eta Céline bikote gaztea Parisko Bataclan lokalean zeuden 2015eko azaroaren 13an. Terroristen erasoaren bitartean, biak iritsiko dira musikarien kamerinora, bakoitza bere aldetik, babes bila. Handik ateratzean aldatuta daude. Eta ez dakite aurretik zirenak izango ote diren berriz.
BELODROMOA
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
Musikarako ezohiko talentua eta eutsi ezin den barne-energia ditu Dora nerabeak. Bere urtebetetze-egunean eztabaida bortitza izango du aitarekin. Ondoren, etxetik ihes egingo du Totó txakurrarekin eta amaren bila abiatuko da. Ez du ezagutzen, Dora haurtxoa zenean desagertu zelako. Bidean, lagun berriak ezagutuko ditu eta Dorarekin joango dira Ciudad Capitalerako road trip batean. Bere iraganeko misterioa argitzen saiatuko diren etsai arriskutsuei ere egin beharko die aurre. Dena den, Doraren bizitasunak eta magiak lagunduko diote bidaiaren amaierara iristen, beste baten hasiera dena.
Joaquín Sabinaren erretratu bat, bonbina jantzita ez duela, bere larruazaletik zentimetro gutxira, azpikeriaz eta gauez, Fernando León de Aranoa zinemagile eta lagunak egina. Istorio latza, zuzena eta ekualizatu gabea (Sabinaren ahotsa bezala), artistaren intimitatearen, agertoki-atzealdeko eta B aldeko xehetasunak kontatzen dituena. Eszenatokitik jaistean hasiko da, eta egunerokoan lagunduko dio, baita ezustean ere, barrean eta draman. Sintiéndolo mucho hamahiru urteko filmaketa baten emaitza da, eta Joaquín Sabinaren agertoki guztiak jaso ditu, publikoak eta pribatuak, argiak eta ezkutukoak. Ibilaldi bat abeslariaren bizitzan eta lanean, mugiarazten, inspiratzen eta mina ematen duten gauzetan, musikariak eta zinemagileak elkarrekin eman dituzten egoera bizietan oinarrituta garatutakoa.