"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
TikTok Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko bazkide nabarmena izango da (@sansebastianfes); 2022ko irailaren 16tik 24ra bitartean egingo da Zinemaldia. Elkarketa horrek are gehiago hurbilduko du Espainiako zinema-kultura TikTok osatzen duten pertsonengana (mila milioi pertsonatik gora mundu osoan).
Donostia Zinemaldia formatu mugikorreko entretenimendu-plataforma batekin erkidetzen den lehen aldiz da, eta horrek agerian uzten du ekitaldi kultural horrek apustu egiten duela berrikuntzaren eta inspirazio eta entretenimendurako modu berrien alde.
TikToken iritziz, Espainiako zinema-jaialdi garrantzitsuenarekin eta nazioarteko zirkuituko jaialdi garrantzitsuenetako batekin egindako aliantza berri honek indartu egiten du bere kultura eta entretenimendua babesteko eta sustatzeko duen konpromisoa, nola plataformaren barruan, hala plataformatik kanpo.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek oso positibotzat jo du akordio hori, lehiaketako edukiak teknologia berriak eta lengoaia digital berriekin ohituta dagoen belaunaldi batengana gerturatzea ahalbidetuko baitu. "Zinemaldiaren bokazioa ikus-entzule guzti-guztiei kasu egitea da, eta TikTok aliatu ona da eginkizun horretan", aldarrikatu du.
Lankidetza horren bidez, TikTok plataforma Zinemaldiaren erkide garrantzitsu bihurtuko da, eta haren komunitateak eduki esklusibo eta Zinemaldiaren une errepikaezin ugarirako sarbidea izango du; nolanahi ere, plataformaren lengoaia bereizgarrira egokituko dira eduki horiek, eta hainbat sortzaileren eskutik ezagutu ahalko dira.
Erabiltzaileek aukera izango dute lehiaketaren atzean jazotzen den guzti-guztiaren berri izateko, hala nola izarrak Maria Cristina hoteletik irteten, gonbidatuak Kursaalera iristen, edo artistekiko topaketak, eta ohikoa ez den modu batean erakutsiko da hori guztia. Horrela, TikTok komunitateak bat egin ahalko du sorkuntza-esperientzia honekin eta Donostia Zinemaldiaren magia biziko du Zinemaldiak TikToken duen kontu ofizialaren bitartez, @sansebastianfes helbidean.
TikTokek, zinemak bezalaxe, aukera ematen dio edonori istorioak bideoen bidez ezagutzeko eta partekatzeko. Mundurako leiho bat da, joerak bildu eta mugak gainditzen dituena, adierazpide berri bat sortuz eta erabiltzaileak inspiratuz, bere komunitateari entretenimendua eskaintzeko ez ezik, erabiltzaileei euren sormena pizteko gero eta soluzio gehiago proposatzeko ere bai.
TikTok formatu laburreko bideo mugikorretarako plataforma nagusia da. Gure egitekoa jendearen bizitza inspiratzea eta aberastea da, eta sormen-adierazpenerako gune bat eskaintzen dugu horretarako, esperientzia jator, alai eta positibo bat. TikTokek bulego globalak ditu, besteak beste, Los Angeles, New York, Londres, Paris, Berlin, Dubai, Jakarta, Seul eta Tokio hirietan egoitzak izanik. www.tiktok.com.