Hamaika film lehiatuko dira RTVE-Otra Mirada XV. Saria eskuratzeko Donostia Zinemaldiaren 69. edizio honetan, irailaren 17tik 25era. Korporazioak urtero entregatzen die golardo hori Zinemaldiko film luzeen artean emakumeen mundutik gertuko gaiei heltzen dietenei, emakumeek zuzendu, antzeztu edo idatzitakoei edo, gizonen filmak izanik, emakumeen munduari sentsibilitate berezia erakusten diotenei.
Aurtengo epaimahaia honako hauek osatuko dute: Concepción Cascajosa. RTVEko Berdintasun Behatokiko presidente eta Korporazioko aholkularia; Anna Castillo aktorea (Mediterráneo, Zinemaldian aurkeztua, La llamada, Viaje al cuarto de una madre, Estoy vivo, etab.); eta Rosa Zufia kazetaria, EITBn, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eta beste hainbat erakundetan lan egin duena.
Sail Ofizialetik, lau film lehiatuko dira sari hori lortzeko: Du Som Er I Himlen / As In Heaven, Tea Lindeburgena (Danimarka); Crai Nou / Blue Moon, Alina Grigorerena (Errumania); Camila saldrá esta noche / Camila Comes Out Tonight, Inés Barrionuevorena (Argentina), eta Maixabel, Iciar Bollaínena (Espainia).
New Directors Sailari dagokionez, berriz, Lena Lanskhinen (Errusia) The Unwanted / Nich’ya lehiatuko da, eta Horizontes Latinos sailaren barnean, aldiz, Tatiana Huezoren (Mexiko, AEB, Uruguai, Alemania eta Qatar) Noche de fuego.
Zabaltegi-Tabakalerari gagozkiola, bi film hauek ariko dira lehian: Cenzorka / 107 Mothers, Peter Kerekesena (Eslovakia-Ukraina) eta Razzhimaya Kulaki / Unclenching the Fists, Kira Kovalenkorena (Errusia). Bestalde, Perlak Saileko pelikula hauek izango dira hautagai: Benedetta, Paul Verhoevenena (Frantzia eta Herbehereak); Ouistreham / Between Two Worlds, Emmanuel Carrèrerena (Frantzia); eta Titane, Julia Ducournaurena (Frantzia-Belgika).
Aurreko edizioetan bezalaxe, sariak antena-eskubideak bereganatzea ekarriko dio film irabazleari. Zinemaldiak berak hautatuko ditu golardoa lortzeko lehian ariko diren pelikulak, aurtengo edizioan estreinatuko direnen artean betiere. Iaz Eliza Hittmanen (Erresuma Batua eta AEB) Never Rarely Sometimes Always filmak eraman zuen saria.
RTVEk, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizialak, aurten ere ahalegin guztia egingo du, programazio berezi bat ezarriz nola bere kanal guztietan hala RTVE Play plataforman, Gipuzkoako hiriburutik, baita Zinemaldian erakutsiko diren filmetan parte hartuz ere: Maixabel eta El buen patrón / The Good Boss (biak Urrezko Maskorra eskuratzeko hautatuak), La hija / The Daughter, Josefina / Josephine eta Competencia oficial / Official Competition.
Halaber, Érase una vez en Euskadi / Once Upon a Time in Euskadi eta Mediterráneo / Mediterraneo: The Law of the Sea lanak Korporazioak Zinemaldiaren esparruan irailaren 22 eta 23rako antolatu dituen bi galatan estreinatuko dira.
SAIL OFIZIALA |
XIX. mende amaierako egun batean betiko aldatuko da Lise 14 urteko neskaren bizitza. Bere neba-arrebetatik zaharrena da, bere familiako lehena da eskolara joaten eta itxaropenez eta konfiantzaz beteta ikusten du etorkizuna. Baina ama erditzen ari dela, badirudi gaizki doala zerbait. Gaua ilundu eta erditzeak aurrera egin ahala, Lise ulertzen hasiko da balitekeela etxekoandre gisa amaitzea neska koskor gisa hasi zuen eguna.
Emakume gazte batek gizatasuna galtzeko prozesuan izandako bilakaera psikologikoa azaltzen digu filmak. Goi-mailako hezkuntza lortzeko eta bere familia disfuntzionalaren indarkeriatik ihes egiteko borrokan ari da Irina. Artista batekin izandako esperientzia sexual anbiguo bat izango da familiaren indarkeriari aurre egiteko akuilua.
Camilak Buenos Airesera joan beharko du bizitzera amona larriki gaixotzen zaionean. Bere lagunak eta eskola publiko liberala atzean utzi eta ikastetxe pribatu tradizional batean sartuko da. Camila basatia baina heldugabea da, eta izaera hori dela-eta, zailtasunak izango ditu.
2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jáuregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarra hil zuten gizonetako batek berekin hitz egiteko eskatu zion Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari deneko kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak eten ostean. Zalantzak zalantza eta atsekabe handia izan arren, Maixabel Lasak onartu egin zuen aurrez aurre ikustea 16 urte zituenetik bere bikote izandakoa hil zuten pertsonekin. "Mundu guztiak merezi du beste aukera bat", erantzun ohi du emakumeak galdetzen diotenean zergatik erabaki zuen hitz egitea bere senarra hil zuen gizonarekin.
NEW DIRECTORS |
Vikak 14 urte ditu eta Uraletako eskualde errusiarreko hiri txiki batean bizi da, hiriburutik kanpo. Basoan, hezeguneetan hazten diren fruituak bildu eta amari laguntzen dio kaleko merkatu batean fruitu horiek saltzen. Eskolako koreografia-eskolak gustatzen zaizkio. Eta haurtxo bat dauka, baina inork ez luke sekula horren berri izan beharko.
Mexikoko mendietan kokaturiko herri bakarti batean, neskatoek mutilen tankerara mozten dute ilea eta lurpean ezkutalekuak dituzte. Anak eta bere bi lagun onenek ihesitako pertsonen etxeak okupatu eta emakumez mozorrotzen dira inork ikusten ez dituenean. Magia eta alaitasunezko unibertso zeharkagaitz batean bizi dira; bien bitartean, amek esklabo edo mamu bihurtzen dituztenengandik ihes egiteko prestatzen dituzte. Baina, egun batean, nesketako bat ez da ezkutalekura garaiz iritsiko.
ZABALTEGI-TABAKALERA |
Lesyak pasio-hilketa bat gauzatu du eta zazpi urte Odesako emakume-zentzategi batean igarotzeko zigorra ezarri diote. Lehen umea erditu berri, soilik emakumez osatutako mundu batean sartu da: presoak, erizainak eta zaindariak, adin guztietako emakumeak, emazteak eta alargunak, alabak, ahizpak, arrebak, haurdunak eta seme-alabak dituzten emakumeak. Uniformearen koloreagatik ez balitz, batzuetan zaila izango litzateke bakoitza nor den zehaztea.
Ipar Osetiako mendietan, harkaitz malkartsuen artean, Mizur meatze-herri txikia dago. Jazoera dramatiko batzuen ondorioz, Zaur horra joan zen bizitzera seme-alaba Ada, Akim eta Dakkorekin. Zaur aita zorrotza da, diziplina da beretzat garratzitsuena, eta ez da gai zaintza eta gehiegizko babesa bereizteko. Seme nagusiak, Akimek, jada ihes egin zuen aitarengandik Rostovera −Mizurretik gertueneko hirira− lan egitera joan zenean. Akimen anaia gazteak, Dakkok, oraindik ez du erabaki zer nahi duen egin bizitzan, eta arreba, Ada, aktiboki ari da ihesaldia prestatzen. Jada emakumea bada ere, aitak ume gisa tratatzen jarraitzen du. Ada laster konturatuko da oso zaila izango zaiola aitarengandik ihes egin eta bizitza berri bat hastea. Akim itzultzean, argitara aterako dira familia-traumak, oraindik sendatzeke daudenak, sekula ez baitute horiei buruz hitz egin.
PERLAK |
XV. mendearen amaieran, izurritea herrialdea suntsitzen ari dela, Benedetta Carlini Pesciako komentuan (Toscana) sartuko da nobizia gisa. Benedettak gazte-gaztetatik mirariak egiteko gaitasuna izan du; komunitatera iritsi eta berehalako eragina izango du, transzendentala.
Marianne Winckler autore ezagunak lan-kolokatasunari buruzko liburu bat idaztea eta errealitate hori bertatik bertara bizitzea erabaki du. Horretarako, nortasuna ezkutatuz Normandiako (Frantzia iparraldean) herri batean garbitzaile-lana lortu eta gizarteko gainerakoek ezagutzen ez duten bizitza bat ezagutuko du, non irabazitako eta gastatutako euro oro garrantzitsua baita. Esperientzia gogorra bada ere, lankideen arteko solidaritateak adiskide bihurtuko ditu Marianne eta lankideak. Elkarri laguntzeak adiskidetasuna dakar, eta adiskidetasunak, konfiantza. Baina zer gertatuko zaio konfiantza horri egia argitara ateratzen denean?
Esplikaziorik gabeko krimen batzuen ondoren, aita batek duela 10 urte desagertutako semea aurkituko du berriz. TITANIOA: bero eta korrosioari erresistentzia handia dion metala, egoki-egokia aleazio erresistenteetarako.