Donostia Zinemaldiak bere ingurumen-diagnostikoa aurkeztu du gaur, eta irailean izandako bederatzi eguneko ekitaldiaren ondoriozko karbono-aztarna murrizteko neurriak hartzen jarraitzeko konpromiso irmoa duela berretsi du, bai eta erakundeak urteko gainerako urteetan izandako jarduerari dagokionez ere.
Azken hilabeteotan, Naider enpresak Zinemaldiaren ingurumen-diagnostikoa egin du. Nazioarteko topaketek eragin ekonomiko eta soziokultural positiboa izan ohi dute egiten diren hirietan, eta Zinemaldia ez da salbuespena, baina, halaber, ingurumen-inpaktu nabarmena ere eragin ohi dute, batez ere, mugikortasunaren eta parte-hartzaile askoren presentziaren ondorioz: Zinemaldiak 178.000 ikusle eta 4.300 pertsona akreditaziodun hartzen ditu.
Diagnostikoa egiteko, karbono-aztarna neurtu da, eremu guztietako informazio xehatuan oinarrituta. Gainera, inkestak egin zaizkie Zinemaldiarekin lotutako eragile guztiei, eta prestakuntza- eta trebakuntza-jardunaldi bat egin da langileekin, jarraipen-bilerez gainera. Aztertutako kategoriak mugikortasuna, hondakinak, kontratazioak, energia eta konpromisoa izan dira.
ZINEMALDIAREN INPAKTUA BEDERATZI EGUNEKO EKITALDI GISA
Ikerlanean zehaztu denez, Zinemaldiak eragin handia du ingurumenean (0,13 tona CO2 bertaratutako pertsona bakoitzeko), baina, proportzioan, antzeko beste ekitaldi batzuek baino txikiagoa. Jada duela hamarkada bat, lehiaketaren aztarna kalkulatzeko ikerlan bat egin zen, eta, filmen, ikus-entzuleen eta akreditaziodunen kopurua nabarmen hazi den arren harrez geroztik, emaitza ez da apenas aldatu.
Ingurumen-inpaktu nagusia mugikortasunak eragiten du; beste modu batean esanda, mugikortasunak emisioen %75 eragiten du, gehienbat, mundu osoko pertsona akreditaziodunek egindako nazioarteko bidaien ondorioz. Kanpo-faktorea izanik, Zinemaldiaren antolakuntzak ez du horretan jarduteko gaitasun handirik, eta, horrenbestez, ikerlanak bideragarriagotzat jotzen du emisioak konpentsatzeko bidea aktibatzea. Horren inguruko proposamenak aztertzen dituen bitartean, Zinemaldiak bere ibilgailu-flotan auto elektrikoen erabilera sustatzen jarraituko du: gaur egun, Audik guztira 30 auto elektriko jartzen ditu Zinemaldiaren esku, gonbidatuak lekualdatzeko.
Zinemaldiak dirauen bederatzi egunetan, 4.852 kilogramo hondakin sortzen dira (papera, kartoia eta gainerakoak frakzioa, batez ere); horien %9 berrerabili egiten da, eta %76, berriz, birziklatu. Hondakinen atala, mugikortasunarekin batera, aurre egin beharreko ingurumen-erronka handiena da, eta, besteak beste, behin bakarrik erabiltzeko produktuak ezabatzea, material berrerabilgarriak lehenestea, gaikako bilketa eta bertaratutako pertsonak sentsibilizatzea eskatzen du. Esate baterako, material birziklatuekin egindako moketa emango dio Zinemaldiari Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko alfonbra gorri gisa erabiltzeko, eta Zinemaldia amaitu ondoren, alfonbra horiek birziklatu egingo dira, arropak sortzeko edo beste erabilera batzuk emateko. Orobat, Zinemaldiak ematen dituen 10.500 akreditazioak biodegradagarriak izango dira, lehiaketaren egoitzetan gaikako bereizketa eta birziklapena sustatzen jarraituko da, eta behin bakarrik erabiltzeko edalontziak eta dendatik plastikozko poltsak kenduko dira; izan ere, dendan, ehun-produktuen merchandisinga (kamisetak, poltsak, etab.) %100 organikoa izango da. Gainera, Gazteriaren Epaimahaiaren Sarirako eta Donostia Hiria Publikoaren Sarirako, bozketa digitalaren sistema baliatuko da boto inprimatuaren ordez. Argitalpenei dagokienez, Zinemaldiak inprimaturiko argitalpen batzuk kentzearen edo ale gutxiago inprimatzearen alde egin du, eta, horrez gain, bertsio digitalen erabilera eta kontsulta bultzatuko du.
Kontratazioen bolumenak ere inpaktu handia du hainbat arazo direla-eta, hala nola, azpiegiturak, itzulpenak eta argiztapen- eta soinu-teknikariak. Zinemaldiaren aurrekontuaren %90 iraileko bederatzi egunetan kontsumitzen da, eta, ahal duen neurrian, lehiaketa dagoeneko hasi da aldagai berdea sartzen kontratazio batzuetan; hala, osasun-egoerak jaiak eta ekitaldiak egitea ahalbidetzen duen bezain laster, zero kilometroko cateringa eta ontzi birziklagarriak lehenetsiko dira lehen neurri gisa.
Emanaldietan erabilitako energiak, aretoen klimatizazioak eta ostatuen gastuak eragindako inpaktuari dagokionez, kontsumo handiena hirugarrenek egiten dute, hau da, ekitaldia ospatzeko alokatutako gune eta hoteletan gertatzen da, eta horrek murriztu egiten du emisioen zifretan eragiteko gaitasuna. Alabaina, Zinemaldiak dagoeneko hasi du argiztapen halogenotik LED teknologiarako trantsizioa ekitaldiaren kanpoaldean gauzatzen dituen instalazio gehienetan. Aurtengo edizioan, Zinemaldiko kanpoko argiztapen guztiaren %80 LED lanparen bidez egingo da, eta horrek %75eko energia-aurrezpena ekarriko du.
Ikerketaren arabera, konpromisoari buruzko atalean oraindik badago zer hobetu erabilera bakarreko produktuetan, merchandisingean eta dekorazioan, halakoak ez baitira birziklatu, ez baitira birziklagarriak. Gainera, ez da mugikortasun-alternatiba iraunkorrik edo hondakinen kudeaketa zehatzagorik lehenetsi, baina Zinemaldiak badaki ingurumen-aldagaia txertatu behar duela bere jardueran, eta jarrera eredugarria hartu behar du, gainera, arlo horretan, nazioarteko topaketa izaki. Ildo horretan, sektorea arazo horren inguruan kontzientziatzeko balio duten programa publikoak egitea ere sustatuko du. Edizio honetan, esaterako, zinema-banaketari buruzko mahai-inguru bat antolatuko du, bai eta banaketa hori jasangarriagoa izan dadin geure gain hartu behar ditugun erronkei buruzkoa ere. Gainera, urteak daramatza Greenpace erakundeak Lurra Saria ematen Zinemaldiko filmen artean bakearen eta ingurumenaren defentsaren balioak hobekien islatzen dituenari.
ZINEMALDIAK ERAKUNDE GISA URTE OSOAN IZAN DUEN ERAGINA
Zinemaldiaren ingurumen-diagnostikoa ez da mugatzen urteko edizioa egiten den iraileko bederatzi egunetara, erakundeak eta haren berrogeita hamar langilek gainerako hilabeteetan duten inpaktua ere aztertzen baitu. Kasu horretan, erakundeak urte osoan zehar duen aztarna (5,7 tona CO2 pertsona bakoitzeko) oso txikia da ekitaldiarenarekin alderatuta.
Nolanahi ere, inpaktu handiena mugikortasunak ere eragiten du, kasu honetan, lan-bidaiek. Hori dela-eta, Zinemaldiak konpromisoa hartzen du konpentsazio-neurriak aztertzeko eta, bitartean, ahal duen neurrian, lehentasuna ematen jarraitzeko trenezko joan-etorriei eta furgonetaz partekatutako bidaiei hegaldien ordez (Cannesko zinema-jaialdirako bidaien eta filmen hautaketarekin lotutako beste joan-etorri batzuen kasuan egiten den bezala). Ikerlanaren arabera, Zinemaldiko langileen mugikortasun in itinere hori eredugarria da, langileen %76k oinez, bizikletaz, autobusez edo trenez joatea erabakitzen baitu.
Urteko gainerako denboraldietako kontratazioek (itzulpenak, webgunearen mantentze-lanak, etab.) ere inpaktu esanguratsua dute, eta hondakinei dagokienez, oraindik badago hobetzeko marjina: aurten, Zinemaldiko bulegoetan paperontzi indibidualak kendu dira, erabilera bakarreko edalontziak eta plastikoak kartoi birziklatuko ontziekin eta material jasangarriekin ordeztu dira, eta birziklatzeko estazioak instalatu dira, hondakinen %90 baino gehiago birziklatzeko, inprimagailuen erabilera optimizatzeko konpromisoa hartzeaz gain, paper-kontsumo altua ikusirik. Bulegoetako energiari dagokionez, %100 berriztagarria da jada, eta inpaktua txikia da. Azkenik, aurtengo ekainean bezala, plastikoaren gehiegizko erabileraren inguruan kontzientziatzeko eta behin bakarrik erabiltzeko ontzien edo poltsen kontsumoa murrizten saiatzeko Donostiako Udalak sustatzen duen plastikorik gabeko hilabetea babesten jarraituko du Zinemaldiak.
Donostia Zinemaldiak ondo daki plataforma gisa erantzukizun handia duela eta ondo kokatuta dagoela, klimaren eta jasangarritasunaren inguruko kontzientziazioari eta konpromisoari buruzko mezua helarazteari dagokionez, gaur egun inoiz baino larriagoak diren arazoak izanik. Hurrengo edizioetan, lehiaketak bere emisioak neurtzen jarraituko du ikerlan berrien bidez, eta, aldi berean, kategoria guztietan ingurumen-inpaktua murrizteko eta nazioarteko helburuekin eta naturaren zaintzaren borrokarekin bat egiteko jarduketak sustatzen jarraituko du kategoria guzti-guztietan.