Espainiako hamalau ekoizpen hautatu dituzte Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan, Donostia Zinemaldiaren 69. edizio honetan. Horietako lau Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira: Maixabel, Iciar Bollaínena; El buen patrón / The Good Boss, Fernando León de Aranoarena; La abuela, Paco Plazarena; eta Quién lo impide, Jonás Truebarena. Gainera, honako hauek Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo hartuko dute parte: Manuel Martín Cuencaren La hija / The Daughter; Alejandro Amenábarren La Fortuna telesaila; Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil / Rosa Rosae, The Civil War Elegy film laburra, inaugurazio-ekitaldian parte hartuko duena; eta Daniel Monzónen Las leyes de la frontera, Zinemaldiari amaiera emango diona.
Iciar Bollaínek Maixabel aurkeztuko du, non Blanca Portillok Juan Mari Jauregi ETAk hildako buru sozialistaren alargunaren rola baitu. Luis Tosarrek atentatuaren arduradunetako baten papera egin du, 2011n Langraiz bidearen bidez bultzatutako lehengoratze-topaketa berrikusten duen film honetan; izan ere, plan horren bidez Maixabel Lasak bere senarraren hiltzaileekin elkartzeko aukera izan zuen espetxean. Zinemagile madrildarra laugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean; izan ere, Laia Marullek eta Luis Tosarrek, Te doy mis ojos / Take my Eyes (2003) filmeko protagonistek, Zilarrezko Maskor bana irabazi zuten. Geroago, Mataharis (2007) eta Yuli (Gidoi onenaren epaimahaiaren saria, 2018) lanekin itzuli zen Bollaín Zinemaldira.
Fernando León de Aranoak hirugarren aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean; zehazki, Barrio (1998) filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta Fipresci Saria eskuratu zituen zuzendariak, eta Los lunes al sol / Mondays in the Sun (2002) pelikularekin, berriz, film onenaren Urrezko Maskorra. Lehiaketan parte hartuko duen film berri honetan, errealizadore madrildarrak Javier Bardem aktorea izan du protagonista El buen patrón / The Good Boss kontakizun tragikomikoan, non harreman pertsonal eta lanekoei begirada basatia ematen baitzaie.
Paco Plaza hainbat aldiz izendatu dute Goya sarietarako eta beldurrezko zinemaren arloan arrakasta handia izan duten filmak egin ditu, besteak beste, Veronica (2017) eta [REC] saga. Zinemagile valentziarra lehen aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, La Abuela filma ere beldurrezko zinemaren generokoa da. Carlos Vermutek idatzi du istorioa Plazaren ideia original batean oinarrituta. Filmak neska gazte baten istorioa kontatzen digu: Parisen modelo gisa zuen lana utzi eta Madrilera itzuliko da, bere amona gaixoa zaintzera, baina egonaldi hori amesgaizto bihurtuko zaio.
Jonás Trueba Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da aurten ere, 2016an La Reconquista / The Reconquest filmarekin parte hartu ostean. Quién lo impide filmak (izena Rafael Berrioren abesti batetik dator), nerabe gazte batzuen gogoetak, orainari buruzko aburuak eta etorkizuneko itxaropenak jasotzen ditu, eta konfinamenduaren aurretik, konfinamendu-garaian eta horren ondoren filmatu da. Bost urtean filmazio eta muntaketa ugari egin ondoren buru eman zaion proiektu zinematografiko luze baten emaitza da filma.
Bollaín, León de Aranoa, Plaza eta Trueba lehiaketa ofizialaren parte diren zinemagileen zerrendan –jada jakinarazian– sartu dira: Inés Barrionuevo, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Tea Lindeburg, Claudia Llosa eta Claire Simon.
La hija / The Daughter lanak Manuel Martín Cuenca ekarriko digu berriro Zinemaldira; izan ere, Donostia Zinemaldiarekin estu-estuki lotuta egon da hasieratik zinemagilearen karrera: bere lehen film luzea, La flaqueza del bolchevique / The Weakness of the Bolshevik (2003), Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean eman zen, eta Malas temporadas (2005), Caníbal / Cannibal (Argazki onenaren epaimahaiaren saria, 2013) eta El autor / The Motive (2017) Sail Ofizialean lehiatu ziren. Javier Gutiérrez, Patricia López Arnaiz eta Irene Virgüez Filippidis protagonista dituen thriller dramatikoa da La hija.
Lehiaketaz kanpo estreinatuko da La Fortuna, Alejandro Amenábarrek zuzendutako akzio eta abenturazko telesaila; sei atal ditu eta bost ordu dirau. Amenábarrek lehiaketaz kanpo inauguratu zuen Zinemaldia 2015ean Regression filmarekin eta 2018an Mientras dure la guerra / While at War obrarekin lehiatu zen.
Sail Ofizialaren barruan, lehiaketaz kanpo, Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil / Rosa Rosae. A Spanish Civil War Elegy film labur dokumentala emango da inaugurazio-ekitaldian. José Antonio Labordetaren izen bereko abestian oinarrituta dago eta Saurak berak egokitu eta animatutako artxiboko argazki batzuetan funtsatuta gerrako haurrei egindako omenaldia da filma. Aragoiko zinemagileari ohorezko Urrezko Maskorra eman zitzaion 2007an, ibilbidea aintzatesteko.
Orobat, ekoizpen espainiar bat izango da Zinemaldiaren amaieraren protagonista. Daniel Monzónek Made in Spain sailean hartu zuen parte El corazón del Guerrero (2000) eta Celda 211 / Cell 211 (2010) lanekin (azken horrengatik zortzi Goya lortu zituen, besteak beste, film onenarena eta zuzendari onenarena), eta oraingoan Sail Ofizialari amaiera emango dio, lehiaketaz kanpo, Las leyes de la frontera filmarekin; Javier Cercasen izen bereko eleberriaren film-egokitzapena da, 70eko hamarkadaren amaieran girotua, Gironan, non hiru gazte oso ezberdin elkartuko baitira.
New Directorsen, Zinemaldiak zinemagileen lehen eta bigarren filmei eskaintzen dien sailean, Josefina / Josephine aurkeztuko da, Javier Marco errealizadoreak eta Belén Sánchez-Arévalo gidoilariak osatutako tandemaren lehen lana. Emma Suárez eta Roberto Álamo dira maitasun-istorio horren protagonistak.
Sail honetan, halaber, Turkiarekin batera gauzatutako koprodukzio bat emango da, İki Şafak Arasında / Between Two Dawns izenekoa; WIP Europa Saria eta WIP Europa Industria Saria irabazi zituen lan horrek iazko Zinemaldian. Kontzientzian, familian eta justizian zentratutako filma da Selman Nacar errealizadoreak eginikoa.
Baterako beste ekoizpen bat (Argentina eta Txilerekin) Horizontes Latinos sailaren hautaketan egongo da: Piedra noche / Dusk Stone, Ivan Fundek zuzendua. WIP Latam Industria Sariaren 2020ko irabazlea kostaldeko herri txiki batean kokatutako drama fantastikoa da.
Zabaltegi-Tabakaleran, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu ondoren, Mikel Gurrearen Heltzear emango da, 2021eko Kimuak katalogoan hautatutako film laburra. Ikusmira Berriak proiektu-egonaldietan izan zen zinemagile donostiarrak indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatzen digu.
Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean izan ondoren, Eles transportan a morte / They Carry Death, emango dute Tabakalerako zinema-aretoan; Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren lehen film luzea –oso kritikoa da kolonizazioarekin– Ikusmira Berriak ekimenean garatu zen.
Gaston Duprat eta Mariano Cohn zuzendari argentinarren Competencia Oficial obrak Perlak saila estreinatuko du. Oscar Martínez eta Donostia Sariaren irabazle Penélope Cruz eta Antonio Banderas dira zinemaren munduan girotutako tragikomedia honen protagonistak; Veneziako Urrezko Lehoia eskuratzeko ere lehiatuko da.
|
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako |
Justiziak Blanco baskula bat darama eskuan, nagusi onak langileei esan ohi dienez.
Blanco enpresak balantza industrialak sortzen ditu, baina fabrikarako sarbidean dagoena, bi platereko modelo zahar bat, okertuta dago. Hiriburutik urrutiko hiri txiki baten aldiri industrialean kokatua, Báculas Blancok hamarkada ugari eman ditu saltoki handietarako balantza industrialak sortzen, ibilgailuak eta abereak pisatzeko.
Blanco, enpresaren jabea, pozik dago, negozioa ondo baitoakio: probintziako gobernuak enpresa-bikaintasunari eman ohi dion sari bat jasotzear daude. Batzorde batek edozein unetan bisita egingo diela espero dute, eta dena prest utzi behar dute ordurako.
Alabaina, langileekin dituzten arazoek kolokan jarriko dute gauzen norabide egokia. Nagusi ona arazo horiek edonola konpontzen saiatuko da: galdutako oreka berrezartzeko, edozer gauza egingo du.
Susanak Parisen modelo gisa zuen bizitza bertan behera utzi eta Madrilera itzuli behar du. Izan ere, bere amona Pilarrek garuneko odol-isuria izan berri du. Duela urte batzuk, Susanari gurasoak hil zitzaizkionean, amonak hazi zuen neskatoa, alaba izango balitz bezala. Susanak Pilar zainduko duen norbait aurkitu behar du, baina hasierako plana, amonarekin egun gutxi batzuk ematea, amesgaizto bihurtuko da.
2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jáuregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarra hil zuten gizonetako batek berekin hitz egiteko eskatu zion Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari deneko kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak eten ostean. Zalantzak zalantza eta atsekabe handia izan arren, Maixabel Lasak onartu egin zuen aurrez aurre ikustea 16 urte zituenetik bere bikote izandakoa hil zuten pertsonekin. "Mundu guztiak merezi du beste aukera bat", erantzun ohi du emakumeak galdetzen diotenean zergatik erabaki zuen hitz egitea bere senarra hil zuen gizonarekin.
Quién lo impide nerabezaroari eta gaztaroari buruz dugun pertzepzioa aldatzeko dei bat da; XXI. mendearen hasieran jaio eta 2020an adin-nagusitasunera iritsi zirenena; orain guztiaren errudun diruditen baina itxaropenak murrizten ari zaizkien horienak. Dokumentalaren, fikzioaren eta lekukotasun-erregistro hutsaren arteko lan honetan nerabe gazteak diren bezala azaltzen dira, baina gutxitan ikusi ohi ditugun edo ikusten uzten diguten moduan: zinema-kamera baliatzen dute euren alderdi onena erakusteko eta etorkizunarekiko konfiantza itzultzeko, hauskortasun eta emozioan funtsatuta, umorez, adimenez, sinesmenez eta ideiez. Izan ere, maitasunaz, adiskidetasunaz, politikaz edo hezkuntzaz hitz egiten diguten gazteak ez dira beren gauzez bakarrik ari, beti, edozein adinetan, axola zaigunaz baizik. Quién lo impide guri buruzko film bat da: lehen ginenari, orain garenari eta etorkizunean izaten jarraituko dugunari buruzkoa.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo |
Saurak hogeita hamar irudi, marrazki eta argazki baino gehiago sortu eta berreskuratu ditu, inprimatu eta manipulatzeko, horiekin jolasteko eta, azkenik, filmatzeko. Ondoriozko istorioak Espainiako Gerra Zibila birsortzen du, baina gerra unibertsal baten izugarrikeriak haur baten eta bere inguruaren ikuspegitik islatzeko ere balio du.
Istorioa 1978ko udan hasten da. Nacho Cañas hamazazpi urteko ikasle barnerakoia da, eta kosta egiten zaio ingurura moldatzea. Gironan bizi da, eta egun batean Zarco eta Tere –hiriko auzo gatazkatsueneko bi gaizkile gazte– ezagutu eta amodiozko triangelu batean nahasiko da, uda osoan zehar bere bizitza betiko aldatuko duen ebasketa-, lapurreta- eta oste-lasterketa geldiezin bat bizitzera eramango duena. Las leyes de la frontera udako istorio bat da, eta bertan, Nachok lehen maitasuna sentituko du, heldu bihurtuko da, bi munduren arteko muga etengabe hautsiko du, eta ongiaren eta gaizkiaren –justiziaren eta injustiziaren– arteko lerroa zeharkatuko du.
Álex Ventura, esperientziarik gabeko diplomazialari gazte bat, sinesmen guztiak kolokan jarriko dizkion misio baten buru bihurtuko da: Frank Wildek –urpeko ondare komuna arpilatzetik bizi den abenturazale batek– ostutako urpeko altxorra berreskuratzea. Álexek bere bizitzako abenturari ekingo dio Lucía (aiurri biziko funtzionarioa) eta Jonas Pierce (abokatu iparramerikar bikaina) lagun dituela, eta maitasuna, adiskidetasuna eta sinesmenekiko konpromisoa zein garrantzitsuak diren ulertuko du. Sei kapituluko telesaila.
Irenek hamabost urte ditu, eta adingabe arau-hausleentzako zentro batean bizi da. Haurdun geratu da eta bizitza aldatu nahi du Javierri, zentroko hezitzaileetako bati, esker. Javierrek berekin eta bere emazte Adelarekin bizitzea proposatuko dio bikoteak mendian isolatuta duen etxean, neskaren haurduntza ongi joan dadin. Baldintza bat ezarriko diote horren truke: haurtxoa jaiotzean, eman egin beharko die. Akordio hauskor hori arriskuan egongo da Irene sabelean daraman haurra beretzat sentitzen hasten denean.
NEW DIRECTORS |
Langile batek zauri larriak eragiten dizkion istripu bat izan du Kadirren familia-negozioan, eta beraz, Kadirrek bere ametsetan, familian eta zauritutako langilearen emaztearen bizitzan eragina izango duen erabaki moral bat hartu beharko du.
Juan espetxe-funtzionarioak igandero behatzen dio, isilik, Bertari; presoetako baten ama da Berta. Azkenik, Bertarekin hitz egitea lortuko du, baina, ia konturatu gabe, beste aita baten itxurak egiten hasiko da, eta kartzela barruan Josefina izeneko alaba bat duela asmatuko du. Juan eta Bertak duten hutsunea betetzeko premiak, inguruan duten errealitatetik haratago elkar topatzera eramango ditu.
HORIZONTES LATINOS |
Sina kostaldera joango da bere lagun Gretari udako etxea saltzen laguntzeko. Duela urtebete baino gutxiago, Gretak bere seme bakarra galdu zuen itsaso horretan eta Sinaren laguntza behar du. Dena biltzen eta giltza entregatzeko prestatzen ari diren bitartean, Brunok, Gretaren senarrak, bertako jendearen arteko zurrumurruak –izaki bitxi bat agertu dela– baieztatzen dituen zerbait ikusi duela esango die.
ZABALTEGI-TABAKALERA |
1492. Kristobal Kolonek zuzendutako tripulazioan, jada hilda egon behar zuten hiru gizon daude. Bidaia ziurgabe batean parte hartuz, heriotz-zigorra saihestea lortu dute, baina Kanaria uharteetara iristean, ontziko bela bat hartu eta ihes egingo dute. Bitartean, Mundu Zaharrean, emakume bat hilzorian duen ahizpa salbatzen saiatuko da, sendalari batek lagunduko diolako itxaropenez. Bi bidaiak heriotza saihesteko ahaleginak dira. Bi bidaiak denboraren eta historiaren mende daude.
Donostia, 2000. Euskal gatazka aktibo dago. Kanpoan duen anaiari gutun bat idazten dion bitartean, Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako maila-igoerarik gogorrenerako entrenatzen ari da.
PERLAK |
Ospea eta gizarte-prestigioa lortu nahian, enpresaburu aberats batek arrastoa utziko duen film bat egitea erabaki du. Horretarako, izar onenez osatutako talde bat kontratatuko du: Lola Cuevas (Penélope Cruz) zinemagile ospetsu-ospetsua eta talentu berdingabea baina are ego berdingabeagoa duten bi aktore ezagun: Félix Rivero Hollywoodeko aktorea (Antonio Banderas) eta Iván Torres antzerki-aktore erradikala (Oscar Martínez). Bi aktoreak mitoak dira, baina ez dira inola ere munduko adiskiderik onenak. Lolak gero eta proba bitxiagoak jarriko dizkie eta euren artean ez ezik, beren legatuekin ere borroka egin beharko dute Félixek eta Ivánek.