"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Olmo Figueredo (Sevilla, Espainia. 1980) La Claqueta PC eta La Cruda Realidad ekoiztetxeen (biak sevillakoak) bazkide fundatzailea da. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Sevillako Unibertsitatean, eta ikus-entzunezko enpresen ekoizpen eta kudeaketan espezializatu zen, MEGA eta EAVE graduondo-programa europarren bitartez. European Film Promotion erakundeak “Producer on the Move” izendatu zuen, eta MIP-TVk, berriz, “New Producer To Watch”; Europako Zinema Akademiaren eta Espainiako Zinema Akademiaren kide da. 40 lan baino gehiago ekoitzi ditu, nola film luzeak hala film laburrak eta telesailak, ia beti beste ekoizle batzuekin batera (dela koprodukzio nazionalak dela nazioarteko koprodukzioak). Bere proiektuen izendapenak eta sariak izan dituzte Goya sarietan –La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2019), zeinak Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eta Irizar Saria eskuratu zituen Donostia Zinemaldian– Forqué Sarietan –Nacido en Gaza, (Hernán Zin; 2014)– eta Platino Sarietan –Nacido en Siria (Hernán Zin, 2016)–. Aurten Bernabé Ricoren El inconveniente estreinatu du Málagako Zinema-jaialdian, eta Donostia Zinemaldiko edizio honetan Carlos Sedesen El verano que vivimos filma eta El Estado contra Pablo Ibar telesail dokumentala –Espainia eta Estatu Batuetan 6 urtean Figueredok berak filmatua, bere debuta izanik zuzendari gisa– aurkeztuko ditu.