Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikoko bederatzi ekoizpenek (Alemania, Frantzia eta Espainiaren parte-hartzearekin) hartuko dute parte Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Horizontes Latinos Sailean. Film horietako bi mundu-estreinaldiak izango dira, eta beste hainbeste, berriz, Zinemaldiko Industriaren jardueretan hala nola –Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Zinema Eraikitzen Sailean– sortutako proiektu zaharrak. Gainera, obretako zenbaitzuk nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuek (kasu baterako, Berlinale, Veneziako Mostra eta Sundance) hautatu edo saritu dituzte.
Leonardo Medel (Concepción, 1983) txiletarrak hainbat film labur eta proiektu interaktibo zuzendu ditu, eta bere bigarren film luzea aurkeztuko digu; Coach (2015) izan zen bere lehenengo film luzea. La Verónicak mundu-estreinaldia izango du Donostia Zinemaldian eta Mariana di Girolamo (Ema, Pablo Larraín, Perlak, 2019) du aktore nagusi. Sare sozialetan oso ezaguna den modelo baten bizitza kontatzen digu filmak; bere lehen alabaren hilketaren susmagarri nagusitzat hartuko da protagonista.
Donostia Zinemaldiko hainbat sailetan arituak, lau idazlek (aktore, zinemagile, irakasle eta antzerkigile ere badirenak) elkarrekin zuzendu dute Edición limitada / Unlimited Edition. Film luze horretan Virginia Cosin (Caracas, 1973), Edgardo Cozarinsky (Buenos Aires, 1939), Santiago Loza (Córdoba, 1971) eta De nuevo otra vez (2019) lanarekin Horizontes Saria irabazi zuen Romina Paula (Buenos Aires, 1979) egileek idazketaz, irakurketaz, belaunaldi-talkaz eta sormen-prozesuaz gogoeta egiten dute. Autoretza kolektiboko film honek ere Donostia Zinemaldian izango du mundu-estreinaldia.
Mamá, mamá, mamá / Mum, Mum, Mum Sol Berruezo Pichon-Rivière (Buenos Aires, 1996) argentinarraren debutak Nazioarteko Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen Berlingo zinema-jaialdiaren Generation sailean. Zuzendariak Cleoren bizitzako gorabeherak kontatzen dizkigu: neskatoak bere ahizparen heriotzari aurre egin beharko dio, heldurik gabeko mundu batean eta bere unibertso femenino eferbeszentean sartuko duten hiru lehengusinekin batera.
Todos os mortos / All The Dead Ones filmak Berlingo azken zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zuen eta Caetano Gotardo (Vila Velha, 1981) eta Marco Dutra (Sâo Paulo, 1980) brasildarrek elkarlanean sortutako proiektu berria da. Bakoitzak bere lanak ere egin izan dituzte, baina Gotardo As boas maneiras (2017) filmaren –Dutraren aurreko filmaren– muntatzailea izan zen, eta oraingo honetan, elkarrekin idatzi eta zuzendu dute XIX. mendearen amaierako Brasilen girotutako istorio hau, antzinako nagusiei eta zerbitzariei buruzkoa (justu garai hartan deuseztatu zen esklabotza).
Natalia Metak (Buenos Aires, 1974) El prófugo / The Intruder aurkeztuko digu. Berlingo zinema-jaialdian ere parte hartu zuen filmak, eta filmen bikoizketa-lanetan diharduen abeslari liriko bati buruzkoa da; protagonistak gertakari traumatiko bat pairatuko du eta ezingo da lehengoratu. Literatura-edizioan eskarmentua du eta Muerte en Buenos Aires (2014) izan zen Metaren opera prima, baina beste film batzuen –adibidez, Las acaciasen (Pablo Giorgelli, Horizontes Latinos, 2011) eta Zamaren (Lucrecia Martel, 2017)– ekoizle elkartua ere izan da.
Carolina Moscoso txiletarrak (Santiago, 1986), animazio-proiektu, bideoklip eta antzezlanetan esperientzia du zuzendari eta muntatzaile gisa, eta Visión nocturna / Night Shot aurkeztuko digu Horizontes Latinos Sailean; bortxaketa bat zer den eta noiz amaitzen den galdetzen duen ez-fikziozko lana da Visión nocturna. Lehen film luze honekin, Marseillako aurreko zinema-jaialdian Nazioarteko Lehiaketako Film Onenaren Sari Nagusia irabazi zuen egileak.
Debuta Hoy partido a las 3 (2017) filmarekin egin zuen Clarisa Navas argentinarrak (Corrientes, 1989) Las mil y una / One in a Thousand bere bigarren filmarekin parte hartuko du Horizontes Latinos sailean; izan ere, Las mil y una proiektua Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Forotik atera zen 2018an. Azken Berlinaleko Panorama saila ireki zuen filmak eta Jeonjuko zinema-jaialdian (Hego Korea) film onenaren saria irabazi zuen, lehen maitasun-istorioaren gorabeherei aurre egin behar dien neska gazte baten istorio bati esker.
Yulene Olaizola (Mexiko Hiria, 1983), zeinaren debutak –Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo (2008)– BACIFIn estreinatu eta aipamen berezia lortu zuen Horizontes Latinos-en, sail honetara itzuliko da Selva trágica / Tragic Jungle obrarekin (laster Veneziako Mostraren Orizzonti Sailean ere izango da filma). Rotterdamgo zinema-jaialdian eta Cannesko Quinzaine des réalisateurs hautaketan izan diren filmen egileak, hala, maien oihanaren barren-barrenean kokatu du bere filma oraingoan, Mexiko eta Belize artean, non emakume gazte eder eta misteriotsu batek antzinako elezahar bat piztuko duen oihanaren bihotzean.
Sin señas particulares / Identifying Features Fernanda Valadez (Guanajuato, 1981) mexikar ekoizleak zuzendutako lehen film luzea da; filmak Zinema Eraikitzen Industria Saria jaso zuen 2019ko Donostia Zinemaldian eta Sundance zinema-jaialdiren aurreko edizioan World Dramatic Competition lehiaketan estreinatu zen, non Publikoaren Saria eta Epaimahaiak Gidoi Onenari emandako Sari Berezia jaso baitzituen. Filmak Magdalenaren bidaia kontatzen digu; protagonista AEBko mugara joango da, bere seme desagertuaren bila.
Sail horretako film guztiak Horizontes Saria lortzeko lehiatuko dira eta, horrenbestez, 35.000 euro eskuratuko ditu film irabazlearen zuzendariak eta Espainian banatzeko ardura duen banatzaileak; gainera, Gazteriaren TCM Saria ere eskuratu ahalko dute hautagaiek zuzendutako lehen edo bigarren filmek, zehazki, honako hauek: Mamá, mamá, mamá / Mum, Mum, Mum, Las mil y una / One in a Thousand, El prófugo / The Intruder, Sin señas particulares / Identifying Features, La Verónica eta Visión nocturna / Night Shot.
Inés abeslari lirikoa da eta filmak bikoizten egiten du lan. Oporraldi zoragarri batez gozatzen ari dela, zerbait traumatikoa gertatuko zaio, eta ezingo da leheneratu. Hortik aurrera, kostatu egingo zaio lokartzea. Oso amesgaizto argiak izaten hasiko da, eta kosta egingo zaio horietatik esnatzea. Dirudienez, barnetik ateratzen zaizkion soinu bitxiak ere entzuten hasiko da. Inguruan bere ametsetatik datozen izakiak daudela sentitzen hasiko da Ines. Betiko geratu nahi duten izakiak.
Aktore, zuzendari, irakasle eta antzerkigile ere badiren lau idazleren topaketa zinematografikoa. Hitzaren inguruko lanbide-ugaritasun hori da filma osatzen duten lau pasarteen elementu komuna. Lau istorio eta lau protagonista –bi gizon eta bi emakume–, idazketari, irakurketari, belaunaldi-talkari eta sormen-prozesuari buruz modu desberdinetan hausnartzen dutenak.
Verónica modeloa da, sare sozialetan oso ezaguna eta nazioarteko futbol-izar batekin ezkondua; alabaina, zorigaitza pairatzen hasiko da bere lehen alabaren hilketari (hamar urte lehenago gertatua) buruzko ikerketan susmagarri nagusia dela jakitean. Ikerketak eragingo dion presioa dela eta, bere harremana apurtzear egongo da, eta jelosia sentitzen hasiko da bere alaba jaioberri Amandagatik.
Irisek Renata –iragan bereziko neska gazte bat– ezagutu eta berehala sentituko du harengatiko erakarpena. Beldurrak gainditu eta segurtasun-faltari aurre egin beharko die bere lehen maitasuna bizitzeko. Samurtasunez beteriko istorioa, oso kontrako ingurune batean, non desioak forma asko hartzen baititu iluntasunean eta hizkimizkiek arma bihur baitaitezke.
Udako egun batean, neskato bat bere etxeko igerilekuan itoko da. Haurraren gorpua hor geratuko da amak aurkitzen duen arte. Beste alaba, Cleo, bakarrik utziko du amak etxean hainbat orduz. Cleoren izeba –Leoncia– iritsiko da berehala, Cleoren lehengusina Manuela eta Nerinarekin. Haur bakoitza bere mikrounibertso partikularrean murgilduta egongo da: Nerinak eskura dituen gizon gutxiak seduzitzen saiatzen den bitartean, Manuelak ispiluan begiratuko dio bere buruari, amak erregimenean jarri duelako; Cleo ahizparen tragediak markatuta dago baina ez da gai hori adierazteko: ama giltzapetuta dago bere gelan, baita izeba ere, hura depresiotik zaintzen baitu. Horregatik, Cleo, bere lehengusinekin batera, haurtzaroko mundu femeninoan murgilduko da, heriotza bera bezain maltzurra batzuetan: inoiz musu eman ez izanari beldurra, bizitza osoan bakarrik geratzeari beldurra, hilerokoa izateari beldurra, jada bertan bizi den pertsona berarena ez den gorputz bati, heldutasunaren aldaketa atzeraezinari.
1920, Mexiko eta Belize arteko muga. Maien oihanaren barne-barnean, non legerik ez dagoen eta mitoak nagusi diren, Mexikoko txikle-langileen talde batek Agnes topatuko du, gazte belizetar eder eta misteriotsu bat. Agnesen presentziak tentsioa eragingo du gizonen artean, eta haien fantasia eta desioak areagotzeaz gain. Indar berrituarekin egingo diote aurre beren patuari, konturatu gabe Xtabay esnatu dutela, oihanaren bihotzetik zelatan dagoen elezahar bat.
Magdalenak bidaia bat egingo du Estatu Batuen mugarako bidean desagertutako bere semearen bila. Egungo Mexikoko herri eta paisaia atsekabegarrien artean egingo duen ibilbide horretan Miguel ezagutuko du, Estatu Batuetatik deportatu berri dutena eta etxera bueltan doana. Hala, elkarri lagun egingo diote, Magdalena bere semearen bila, eta Miguel ama berriz ikusteko zain, biktimak eta biktimarioak elkarrekin noraezean dabiltzan lurralde batean.
São Paulo, Brasil, 1899, esklabotza abolitu eta urte batzuetara. Hiria ziztu bizian ari da hazten. Soares familiako hiru emakumeak, antzina lurren eta esklaboen jabeak zirenak, hirira itzuli berri dira. Azken neskamea hil zitzaienetik galduta daude eta zailtasunak izango dituzte Brasilgo aldaketetara egokitzeko. Aldi berean, Nascimento familiakoek, zeinak Soarestarren jabetzan langile esklaboak ziren, orain, askatu berri diren pertsona beltzentzako lekurik ez duen gizarte bati aurre egin behar diote. Brasilen iraganaren eta orainaren artean, lekuz kanpo, mundu modernoan bizirik ateratzeko borrokatzen dute guztiek.
Santiagotik gertuko hondartza batean bortxatua izan eta zortzi urtera, zinemagile gazte batek kaleidoskopio bat muntatuko du hainbat bideo-egunkarirekin; bertan, abusuaren zauriak, berriz biktimizatzen duten prozesu judizialak eta harekin batera doan adiskidetasuna agertzen dira. Bidaia horretan galdera hau sortzen da: zer da, benetan, bortxaketa bat eta noiz amaitzen da?