Argentina, Brasil, Espainia, Estatu Batuak eta Suitzako bost proiektu hautatu dituzte Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programaren bosgarren edizioan. Hautaketa-batzordea Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostiako Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatu dute, eta jasotako 174 proposamenen artean proiektu hauek hautatu dituzte: EAEko zinemagileen kategorian, Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke; Espainiako zuzendarien kategorian, Alberto Martín Menachoren Antier noche; nazioarteko kategorian, Michael Wahrmannen Sin dolor, eta Nest Film Students atalaren azken edizioko bi parte-hartzaileen lanak, Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt eta Martina Juncadellaren Un personaje volador.
Aurten, inoiz baino proiektu gehiago jaso direnez (aurreko edizioan baino % 12 gehiago eta lehen edizioan baino % 427 gehiago), lehen aldiz bi egonaldi egingo dira; otsailean eta irailean. Horrela, zinemagileek egonaldiari ahalik eta etekin handiena atera ahalko diote.
Egoiliarrek beren proiektuak lau astetan zehar garatuko dituzte, otsaila eta martxoa bitartean. Denbora horretan, ekoizle eta zinemagileen tailerretan parte hartuko dute, eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Honako aditu hauek osatuko dute batzordea 2019an: Savina Neirotti, TorinoFilmLab laborategiko eta Turineko Scuola Holden eskolako zuzendaria; Sergio Oksman, zuzendari eta gidoilari brasildarra, eta Valeska Grisebach, zinemagile alemana. Azken horrek aurten hartuko du parte lehen aldiz programan.
Martxotik irailera bitartean, zinemagileek beren proiektuetan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen sareko tutoretza jasoko dute. Irailean, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak betetzera. Itzulera horretan, proiektua garapen handiagoa izango du, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren inguruko ikaskuntza-tailer batean hartuko dute parte, eta pitching saio baterako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.
Aitziber Olaskoaga (Bilbo, 1980) artista bisuala da. La sonrisa telefónica film ertainaren egilea da eta Faux Guide edo Al Nervión bezalako film kolektiboetan ere parte hartu izan du. Oraingo honetan, Jo ta ke lanaren bidez, Euskal Herriko nazionalismoari eta nazio-identitatearen eraikuntzari buruzko bideo-entsegua proposatzen du. Film laburraren abiapuntua Negu Gorriak taldeak 1990. urtean Herrera de la Mancha espetxearen aurrean eginiko kontzertua da. Filmaren bidez, zuzendariak zuzeneko kontakizuna egiten du bere esnaerari eta bilaketari buruz, ezker abertzalearen diskurtsoari buruzko oroitzapenak eta pentsamenduak eta aitarekin gaiari buruz izandako elkarrizketak oinarritzat hartuta irudien berrirakurketa eginez, aitarengandik jaso baitu “oinordetzan” bere militantzia politikoa.
Alberto Martín Menacho (Madril, 1986) Mi amado, las montañas lanaren egilea da, et, film horri esker, Las Palmaseko Jaialdian film labur onenari saria jaso zuen. Oraingoan, Antier noche lanaren bidez, egungo Europako hegoaldeko gazteak irudikatzen ditu. Film luze dokumental horretan, ehizaren mundua eta aplikazio mugikorrak elkarrekin gurutzatzen dira.
Michael Wahrmannek (Montevideo, 1979) bere lehen film luzea (Avanti Popolo, 2012) aurkeztu zuen Rotterdam eta Marseillako Zinemaldietan, eta, horrez gain, The Beast (2016) film laburra estreinatu zuen Canneseko Zinemagileen Hamabostaldian. Ikusmira Berriak programan, Sin dolor izeneko fikziozko film luzearen proiektua garatuko du. Lan hori Diego Lererekin batera idatzi du, eta honako hau da filmaren gaia : Diplomazialari frantses erretiratu batek eta bere emazte brasildarrak abandonatutako landetxe bat erosten dute Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean, eta konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoak bizi direla. Egileak beldur sozialeko thriller gisa definitzen du, filmak mugei eta klase-borrokari buruzko galderak planteatzen baititu.
Raven Jackson (Tennessee) poeta, argazkilari eta zinemagileak, All Dirt Roads Taste of Salt proiektuaren bidez, memoriaren naturarenganako hurbilketa poetikoa egin nahi du, gaztetako gertakariek heldutan duten isla aztertuz. Horretarako, Mississippiko emakume baten bizitza kontatuko digu, 3 urte dituenetik 60 urte bete arte. Jacksonen Nettles film laburra Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan estreinatu zen, Nest Film Students atalean.
Martina Juncadellaren (Buenos Aires, 1992) Fiora film laburra 2017ko Donostiako Zinemaldiko Zinema Ikasleen Topaketan hautatu zuten, eta BAFICIn film labur onenaren saria jaso zuen. Oraingo honetan, Un personaje volador proiektuaren bidez, Buenos Aireseko erdiguneko Ritz hotel ospetsuan bere nobela lantzeko ahaleginetan dagoen idazlea aurkezten digu, bikotekidearengandik banandu ondoren eta amaren heriotza dela eta doluan dagoen bitartean.
Ikusmira Berriak programaren lehen edizioetan hautatutako lau proiektu amaitu eta Zinemaldian aurkeztu dira: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrakZabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016 eta 2017an; Xacio Bañok zuzendutako Trote film luzea ere Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zen, Locarnoko Zinemalditik igaro ondoren. Lehen edizioko beste egoiliar batek ere, Maider Oleaga errealizadore bilbotarrak, hain zuzen, Muga deitzen da pausoa izeneko lana estreinatu berri du Gijoneko Zinemaldian.
Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.
All Dirt Roads Taste of Salt lan lirikoa eta ez-lineala da, oroitzapenen testura gogora ekartzen duena. Lanaren bidez, Estatu Batuetako hegoaldeko emakume beltz baten bizitza kontatzen digu, gaztetatik bizitzako azken urteetara arte.
Raven Jackson zinemagile, poeta eta argazkilaria Tennesseekoa da jatorriz. Hainbat sari irabazi ditu, eta, gaur egun, New Yorkeko Unibertsitateko Zinemagintza Programan parte hartzen ari da. Bere lanaren bitartez, bizitzaren eremu grisak aztertzen ditu. Interes berezia du hazten garenean bizitzen dugun esperientziari nolabaiteko testura gehitzen dioten istorioetan, baita norberaren sexualitatean edo gorputzak naturarekin duen harremanean sakontzen duten istorioetan ere.
2018an, IFP Marcie Bloom Fellowship programan parte hartu zuen, eta bere Nettles film laburra nazioartean aurkeztu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 66. edizioan. Bere lanak honako hedabide hauetan agertu dira, besteak beste: The New York Times, TriQuarterly, Kweli, PANK….
All Dirt Roads Taste Of Salt , funtsean, protagonistaren adin ezberdinetako nortasun guztien arteko elkarrizketa lirikoa da, bere bizitzako esperientzia guztiak biltzen dituena. Filma ez da denboran lineala; hala, memoriaren naturari buruz aritzen da, eta aztertu egiten du nola islatzen diren gaztetako gertakariak heldutasunean. All Dirt Roads Taste Of Salt lanaren bidez, protagonistaren bizitzako aldaketak eta txinpartak aztertzen ditut, baita horiek urteetan zehar nola zabaltzen diren ere.
Neguko hilabete hotzetan zehar, Extremadurako iparraldeko mendietan ehizara joaten dira. Ana (20) eta Juan Luis (25) bikote gaztea dira, eta erritual horretan txakurrak gidatu behar dituzte. Anak denboraldi bat darama herritik ihes egiteko eta hiriburura emigratzeko nahiarekin. Bikoteak elkarren arteko harremanaren baldintzak negoziatu behar ditu, eta elkarrekin jarraituko duten edo ez erabaki behar dute. Martín (11) Anaren neba gaztea da; haurra landa-eremuan hazten ari da, naturaren indarkeriaren albo-alboan. Behar bada, gaur egun banaketa bat irudikatzea desagertzen ari den mundu zaharraren eta agertzen ari den mundu modernoaren arteko haustura gogora ekartzea da. Antier noche gazteria honen isla da.
(Madril, 1986) Alberto Alcalá de Henaresen hazi zen. Egun, Genevan bizi da eta han egiten du lan. Zinema errealizadorea eta muntatzailea da. Arte Bisualak ikasi zituen Genevako Haute école d’art et de design eskolan. Bere lanak arte-zentroetan, museoetan eta nazioarteko zinemaldietan egon dira ikusgai: Musée de l’Elysée (Lausanne), Filmmuseum München, Entrevues (Belfort) eta Rotterdameko nazioarteko zinemaldian, besteak beste. Mi amado, las montañas filmarekin film labur onenaren saria jaso zuen Las Palmaseko nazioarteko zinemaldian, baita Penínsulas saria ere, Santiago de Compostelako Curtocircuíto nazioarteko zinemaldian.
Antier noche proiektua amonari beti entzun izan diodana adieraztea da; hau da, herenegun gauean gertatutakoaz hitz egitea, orainalditik iragana kontatzea. Film honek munduko txoko baztertu batetik zinema egiteko desioari erantzuten dio, ezagutzen dudan gazte talde batekin. Gainera, aurretik ere haiekin lan egin izan dut. Eta, elkarrekin, euren istorio hori berreraikiko dugu, hain zuzen nire familiarekin aurreko mendeko 60ko hamarkadan hasi zen istorio hori. Orduan, baita egun ere, emigratzea etengabe aurrera doan garaiera egokitzeko irtenbideetako bat da.
Erretiroa hartutako bikote frantses batek abandonatutako etxe bat erosten du Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean. Irla haiek uste baino isolatuago dago. Baina, erositako lurraldera iritsi bezain laster, konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoez osatutako arrantzale-herri txiki bat dagoela. Herritarrek gorputzean dituzten orbainek hamarkadetan zehar gordetako sekretua ezkutatzen dute. Lanak lurrari eta mugei lotutako klase-borroka irudikatzen du, eta galderak planteatzen ditu mugei eta min mota ezberdinei buruz, beldurrezko thriller sozialen estiloa jarraituz.
Michael zuzendaria eta ekoizlea da. Montevideon (Uruguai) jaio zen, eta 2004az geroztik Brasilen bizi da. 2007an, zinemagintzan graduatu zen Sao Pauloko FAAP institutuan. Avós (2009), Oma (2011), eta The Beast (2016) film laburrak, eta Avanti Popolo (2012) film luzea estatu-mailako eta nazioarteko hainbat zinemalditan aurkeztu dira, honako hauetan, adibidez: Canneseko Zinemagileen Hamabostaldia, Berinale, Rotterdam eta Brasiala. Urteetan zehar, 60 sari baino gehiago jaso ditu. Ekoizle gisa, Sancho&Punta sortu zuen, zeinetan film luze hauek ekoitzi zituen, besteak beste: Los Territorios (Ivan Granovsky); Invisible (Pablo Giorgelli); eta Elon Não Acredita na Morte (Ricardo Alves Jr eta beste batzuk).
Hasiera-hasieratik, filma beldurrezko narratiba gisa bururatu zitzaidan. Ez naiz generoko filmen oso zalea, eta aurreko lanetan ez nuen generoa landu. Hala ere, hasierako kontzeptu hori filmaren egitura dramatikoaren oinarri gisa erabili nahi izan nuen.
Aldi berean, hasieran genero-eraikuntza argia dirudien horrek bistakoa gainditu eta ikus-entzunezko forma abstraktuagoa eskuratu behar du. Genero-sistema eta -arauengandik aldendu eta adierazpen pertsonal bihurtu behar da, gaur egungo Brasilgo egoera sozial eta politiko sutsua irudikatzeko.
1990. urtean Negu Gorriak taldeak lehenbiziko kontzertua egin zuen Herrera de la Mancha espetxearen aurrean. Beranduago, emanaldiaren VHSa jarri zuen salgai. Zinta hori sinbolo bihurtu zen ezker abertzalearen jarraitzaileentzat. Jo ta ke bideo-entseguaren abiapuntua irudi horiek dira, hain zuzen, baita zuzendariaren senideen oroitzapenak ere. Haren bidez, hausnartu egiten du nazio-identitatearen eraikuntzari eta aberriaren, aitaren eta abertzaletasunaren arteko loturari buruz. Proiektuak egilearen kontzientzia politikoaren susperraldia jasotzen du, euskal inguru politizatu eta polarizatu batean.
Aribidean - Jo ta ke, errealizadorea, gidoilarikidea eta ekoizlekidea.
2017 - Una alegría loca, errealizazioa, muntaketa, soinua eta fotografia.
2017 - LA OLA zinema-laginaren goiburua, errealizazioa, fotografia eta muntaketa.
2016 - La sonrisa telefónica, errealizazioa, muntaketa, gidoia eta fotografia.
2011 - Faux guide, tailerraren zuzendaritza, Red Caballorekin batera.
1992. urtean, Negu Gorriak taldeak diskorik argitaratu ez zuen urte bakarrean, nire amak amaitutzat jo zuen zoriontasunik gabeko bikote-bizitza . Ordura arte, ez nuen sekula feminismo hitza entzun; hala ere, aitaren figura autoritario eta misoginoaren aurka altxatzen hasi nintzen. Urte batzuk geroago, neure buruari galdetuko nion zergatik antolatzen diren ezkerreko ideologia baten jarraitzaileak zenbait opresio-sistemaren aurka borrokatzeko, baina gero zergatik ezin dute gauza bera egin patriarkatua bezalako sistemen aurka. Oroitzapen horiek bide emango diete aitaren, aberriaren eta nazionalismoen arteko loturari buruzko hausnarketei. Irudiak iragan eta etorkizuneko beste aukera batzuk irudikatzeko tresna gisa erabil ditzakegu?
Amaren heriotzagatik doluan dagoenean, idazle bat Buenos Aireseko erdiguneko hotel mitikora lekualdatzen da. Bere hurrengo nobelari ekiten dion bitartean, hirian zehar noraezean ibiltzen da, ireki ezin duen margolan-biribilki batekin. Ezezagun batzuekin topaketa ustekabe bezain errebelatzaileak izan ondoren, bere egunak arraro bihurtzen dira. Gau luze batean, azkenean lortu egiten du bere amak utzitako obrak zabaltzea. Ordutik aurrera, ez da soilik bera izango: Pablo ere izango da, pizti neurrigabea eta samurra; Úrsula ere izango da, emakume kaustiko eta malenkoniatsua. Hiru nortasun, hiru bizitza, eta denak ala denak esperientzia berean bilduta.
Martina Juncadella (Buenos Aires, 1992) aktorea, zinemagilea, poesia idazlea eta Argentinako Socios Fundadores argitaletxeko zuzendarikidea da. 2016an, Andrés di Tellak koordinatutako Proyecto Documental zinema-tailerrean parte hartu zuen. Bertan, bi film labur landu zituen: Mensajes (2016)eta Fiora (2017); azken hori Martín Vilelarekin batera zuzendu zuen. Fiora lanarekin EIECINE 2017atalean parte hartu zuen.
2018an, Jacqueline Golbertekin batera idatzitako No me imagino siendo vieja film laburra zuzendu zuen; Jacqueline Golbert filmeko protagonista ere bada. Filma nazioartean estreinatu zen Biarritz Amérique Latine 2018 Zinemaldian, eta Liziéres saria jaso zuen harengatik. Horrez gain, bi liburu argitaratu ditu: 8 poemas (2015) eta Prendan el horno (Socios Fundadores, 2018).
Zenbat identitate egon daitezke bizitza batean? Zenbat ezagutzen ditugu? Zenbat ez ditugu ezagutzen?
Horietako bakoitzaren jatorri eta esplorazioan elkar gurutzatu eta bereizten dituen aukeren pasioa gordetzen da. Un personaje volador konstelazio horren isla da. Ama galtzean (Mónica Rossi margolari argentinarra), errealitate-krisia bizitzen duen idazle baten (Iosi Havilio) irudian dago inspiratuta . Pertsonaiak beste bizitza batzuk bilatuko ditu, bizi duen bilakaera partikularra bezain fikziozkoak eta benetakoak direnak. Beste nortasun horiek modu paralelo eta bereizian hitz egin, pentsatu eta jokatzen dute, bakoitzak bere kolore, erritmo, hizkuntza, musika eta isiltasunekin.
Ideia originala eta garapena: Iosi Havilio eta Martina Juncadella