Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu barnean: guztira hogei film, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTB galetan banaturik.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari berrien nola ibilbide luzeko zinemagileen filmak.
Sailari Ana Schulz eta Cristobal Fernández zuzendarien Mudar la piel filmak emango dio hasiera. Locarnoko sail ofizialean estreinatu zen, lehiaketaz kanpo. Juan Gútierrezen eta Roberto Flórezen arteko laguntasuna aztertuko du. Lehenengoa Espainiako gobernuaren eta ETAren arteko bitartekaria izan zen; bigarrena, aldiz, traizioagatik zigortutako CNIko agente ohia da.
Eta klausurako filma Black is Beltza izango da, Fermin Muguruza (Irun, 1963) musikari, zuzendari eta ekoizleak zuzendutako filma. Black is Beltza eleberri grafikoa bizidun bihurtuko da pantaila handian Muguruzak zuzendutako animazio-filmaren bitartez. Aurrez, Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina (Zinemira, 2009), Next Music Station (Zinemira, 2011), Zuloak (Zabaltegi, 2012) eta Nola? (Zinemira, 2016) aurkeztu ditu irundarrak Zinemaldian. Black is Beltza filmari Unax Ugaldek, Emma Suárezek, Sergi Lópezek, Maria de Medeirosek, Óscar Jaenadak, Ramón Bareak, Ramón Agirrek, Jorge Perugorríak eta Rossy De Palmak jarri diote ahotsa, besteak beste.
Bataren eta bestearen artean, Zinemaldian estreinatutako beste hamar ekoizpen ikusi ahal izango dituzte ikusleek, kazetariek eta industria zinematografikoaren profesionalek. Horien artean dago La noche nos lleva, David González Rudiezen (Bilbo, 1980) hirugarren filma, bere film laburrekin Kimuak programan bost aldiz parte hartu eta gero. La noche nos lleva Carlos Algabak hezurmamitutako saskibaloi-jokalari profesional ohiari buruzkoa da.
Joaquín Calderónek (Iruña, 1968) Publikoaren Saria irabazi zuen Madrilgo Documenta zinema-jaialdian Sáhara no se vende opera primarekin. Bi hamarkadaz aktore ibilia, Calderónek Agus Barandiaran musikariaren familia-baserriaren galera hartu du abiaburu Basque Selfie filmean.
Bere lehenengo film luzea, La noche del ratón, nazioarteko jaialdietan aurkeztu eta gero, David Rodríguez Losadak (Donostia, 1981) bere jaioterrian estreinatuko du bere bigarren film luzea, Lady Off. Lan horretan Madrilgo antzerki-konpainia baten entseguetan sartuko da Ricardo III antzezlanaren eszena bat lantzen ari direnean.
Juanmi Gutiérrezek (Errenteria, 1945) hamarretik gora ez-fikzioko film luze egin ditu eta Zinemaldian aurkeztu dira gehienak. Oraingoan, Baúles filmean, Leóngo mendietako herrixka batean bizi den gizon baten istorioa kontatuko digu; izan ere, familiari ezer esan gabe Mexikora joango da gizona.
Margolaria / The Painter Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetari eta musikariaren lehenengo film luzea da. Sorkuntza-prozesuaren gakoei helduko die, Mikel Urdangarin abeslariak Alain Urrutiaren margolan bat bilatzeko egingo duen bidaiaren bitartez.
Film luzeen alorrean debuta egin du Txuspo Pyo (Altsasu, 1963) artistak ere, Izaro filmean Bermeo eta Mundaka arteko irlaren identitatea, historia eta legatua azterturik.
Antonio Díaz Huerta, El internado eta Luna, el misterio de Calenda telesailen zuzendaria, estreinakoz aritu da zuzendaritza zinematografikoan Gallo filmean. Lau Haizetara Dokumentalen XII. Koprodukzio Foroan aukeratutako proiektuetako bat izan zen filma, eta surflari bat da protagonista. Bere beldurrak gainditzeko, gogora ekarri beharko du itsutu egin zuen istripua.
Gure oroitzapenak talde-filmean, Joseba Sarrionandiaren alde anitzeko unibertsoa erretratatuko dute hamabi zinemagilek: Oskar Alegría, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Machado eta Maialen Sarasua zuzendariek, eta aurten Zinemaldian bi filmekin parte harturik, baita Josu Martinezek eta Fermin Muguruzak ere.
Azkenik, beste bi film hauek osatuko dute sailaren aukera: batetik, Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) debuta, Errementari, Sitgesen estreinatu eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean Publikoaren Saria eskuratu zuen filma; bestetik, Bajo la piel de lobo, Samuel Fuentes (Noreña, Asturias, 1972) gidoilari eta zuzendariaren lehenengo fikzio-film luzea. Besteak beste, El secreto de Marrowbone (Sail Ofiziala, 2017) eta Vicky Cristina Barcelona (Zabaltegi-Perlas, 2008) filmen zuzendaritza- eta ekoizpen-taldeetan aritua da Fuentes. Bajo la piel de lobo Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen, eta Mario Casasek hezurmamitutako tranpa-jartzaile bat du protagonista; harekin batera, Irene Escolar eta Ruth Diaz antzezleak aritu dira filmean.
Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian, Josu Martinezen (Bilbo, 1986) Jainkoak ez dit barkatzen / God Doesn’t Forgive Me estreinatuko da. Filmak Lezo Urreiztietaren istorioa kontatuko digu: XVI. mendeko pirata bat, okerrez 1907an jaioa. EiTB Galan, hilaren 26an leku berean, Víctor Cabacoren Vitoria, 3 de marzo proiektatuko da. Bere lehenengo film luzean, 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmen ostean, aurten ere euskaraz filmatutako ekoizpen bat izango dugu Sail Ofizialean. Ekoizpen berezien atalean Telmo Esnalen azken lana dago, Dantza, Glocal in Progress Industria Sariaren irabazlea hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako ekoizpenetarako industria-jardueraren lehenengo edizioan. Esnalek (Zarautz, 1966) lehenengoz parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurrez bi film ekarri ditu: Aupa Etxebeste! (2005), Asier Altunarekin batera zuzendua, Zuzendari Berriak sailerako aukeran sartu eta Gazteriaren Saria irabazi zuena, eta Urte berri on, amona! (2009).
Koldo Almandozek (Donostia, 1973) 1997ko Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo film laburra, Razielen itzulera, Zabaltegi sailean, eta bi hamarkadaren ostean sail horretan aurkeztu zuen bere lehenengo film luzea, Sipo Phantasma, Rotterdameko zinema-jaialdian estreinatu eta gero. Oreina, haren bigarren film luzea, aldiriko industrialdean dago girotuta eta Kutxabank-New Directorssaria lortzeko lehiatuko da.
Maddi Barber ere (Iruña, 1988) saiatuko da Zabaltegi-Tabakalera saria lortzen Itoizko urtegiaren eraikuntzaren ondorioetan oinarritutako 592 metroz goiti film laburrarekin. Kimuak film laburren aurtengo aukeran hautatutako lanetako bat da.
Donostia / San Sebastián Hiria Publikoaren Sariko lehiakideen artean ere euskal ekoizpen bat izango dugu: Un día más con vida / Another Day of Life, Raúl de la Fuentek (Iruña, 1974) eta Damian Nenowek (Bydgoszcz, Polonia, 1983) zuzendua eta Canneseko zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztua. Ryszard Kapuściński kazetariak Angolara egindako bidaia azaltzen du filmak.
Culinary Zineman euskal ekoizpeneko bi film aurkeztuko dira. Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak, 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak, 2012) film luzeen egilea– bi Michelin izarreko L'Escaleta familia-jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean. Eta Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmean duela 50 urte euskal artearen eta musikaren ikuspegia berritu zuten Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduetako artelanetan inspiratuko dira Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle.
Aipatutako film luze guztiak Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, beste zinema-jaialdi batzuetan estreinatutakoak salbu (Mudar la piel, Un día más con vida, Bajo la piel de lobo eta Errementari). Epaimahai berezi batek emango dio saria Zinemaldian munduko estreinaldia izan duen euskal film luze onenari; 20.000 euro, filmaren ekoizle(ar)entzat.
Film horiez gain, euskal ekoizpeneko proiektu bat egongo da. Europa-Latinoamerika Foroan Ane & Peio, maitasun istorio bat piper artean aurkeztuko da, Un otoño sin Berlín filmaren zuzendari Lara Izagirrerena (Euskal Zinemaren Gala 2015 eta Irizar sariaren aipamen berezia Irene Escolarrentzat).
SAIL OFIZIALA
|
Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa. Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da! Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.
NEW DIRECTORS
|
Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.
PERLAK
|
Kapuscinski poloniar berriemaile bat da, idealista eta alferrikako kausen zalea. 1975ean Angolara, Gerra Hotzaren azken gudu-zelaira, bidaiatuko du. Han, okerreko agurrak ere ordain daitezke biziaz. Afrikako herrialdeak eta bere abenturan ezagutuko dituen pertsonek –adibidez, Carlota gerrillari karismaduna– betirako aldatuko dute Kapuscinski. Ilunaren bihotzera egindako bidaia horrek idazle bihurtuko du kazetaria.
ZABALTEGI-TABAKALERA
|
Gelditzen al da bizitzeko aukerarik lurralde bat goitik behera aldarazten badute? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eraikitzeko. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak marra banatzaile bat marrazten du bailarako paisaian: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.
CULINARY ZINEMA
|
Luis gidoilaria da lanbidez eta bere sorlekura itzuliko da, Alacanteko mendialdeen barnealdeko Cocentaina herrira, bere anaia Kiko Moyari eta bere lehengusu Alberto Redradori liburu bat idazten laguntzeko, familia-jatetxeko sukaldaritzari buruz. L’Escaleta du izena jatetxeak, bi Michelin izar preziatu jaso zituen, eta Espainia eta Portugaleko 25 jatetxe onenen artean dago. Urtebete igaro denean, bere ibilaldi horri esker, bidaia lauso eta bilaketa horri guztiari esker, familiarekin berriz elkartuko da Luis eta ikusleak inoiz ez bezala biziko du bi Michelin izar dituen jatetxe baten atzean dagoen bizimodua, gastronomiarekiko grinarekin konprometituta eta jendeari euren onena ematera erabakita dagoen familia oso baten eskutik.
Basque Culinary Centerren, abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, Bihar dok 13 menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira, eta hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute. Bost ekitaldi bereziren bitartez, Gaur, Ez dok amairu eta Euskal sukaldaritza berria (BCCren aita espirituala) mugimenduak ezagutuko ditugu. Ekitaldi horiek barneratu ostean, lidergoak banatu, eta menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Dokumentalean, ikasleen begien eta ekitaldien bidez, mugimenduok euskal gizartean zer garrantzi izan zuten ezagutuko dugu. Halaber, nola jarraitu duten sukaldariek ere sortze-prozesua gauzatzen. Azkenik, sukaldari gazteek egindako "Bihar dok amairu" menua dastatzeko antolatuko den bazkarian, euskal kulturaren aurpegi adierazgarrienak egongo dira, artista eta musika berriekin baturik. Sinbolikoki, belaunaldi batek berriari ateak irekiko dizkio.
ZINEMIRA
|
Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Juan ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko bakea lortzen ahalegindu zen bitartekari bat da. Roberto haren bizitzan urte luzez infiltratutako zerbitzu sekretuko espioi bat da. Mudar la piel haien istorioa da: Juanena, zuzendariaren aitarena, eta Robertorena, hura zelatatu zuen gizonarena. Traizioa gorabehera, adiskidetasun bitxia landu dute biek. Mudar la piel, orobat, zinemagileek espioiarekin izandako harremanaren eta haren identitate labaina harrapatzeko zailtasunaren kronika da.
1965eko urria. San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso du, baina ezingo dute denek desfilatu: arrazarekin lotutako kontuak tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte har dezatela debekatu dute. Benetako gertakarietan oinarrituta, Muguruza, Cano eta Alderetek Manex Unanueren istorioa kontatuko dute, erraldoi beltz horietako bat eramateko ardura duen fikzio pertsonaiarena. Konpartsako kideek inposatutako erabakia onartu izana deitoratuz, etxera berriz ez itzultzeko erabakia hartuko du Manexek. Gaztearen begiradaren bitartez, 60ko hamarkadaren erdialdean gizartea irauli zuten gertakariak ezagutu ahal izango ditugu: Malcolm Xen heriotzagatiko mobilizazioak, Warholen tailerreko giro bitxia, Black Pantherren eta Kubako zerbitzu sekretuaren artean eratutako harremana eta hippie mugimenduaren hastapenak, musikako lehenengo makrojaialdien giro psikodelikoaz inguratuta.
Bajo la piel de lobo filmak tranpa-jartzaile bakarti baten istorioa kontatzen du. Martinón mendialdeko herri urrun bateko azken biztanlea da. Udaberrian soilik izaten du kontaktua beste gizaki batzuekin, harrapatzen dituen animalien larruak salerosteko bailarara jaisten denean. Hala ere, haren bizitzan emakume bat agertzen denean, sentimendu berriak bizitzen hasiko da. Topaketa berezi horren ondorioz aukeratu egin beharko du: bere kalteberatasuna aurkitu edo bere alderdi basatienera abandonatu bere burua.
Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak, euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko. Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz ere gehiago da “etxea”. Basque Selfie istorio tristea da, baina onbideratzailea, eta tradizioa du ardatzean: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioa.
1931. urtea. Loisen, Espainiako Leongo mendialdeko herri batean, Julián Lópezek kutxa handi batean sartuko ditu bere gauzak eta, haren emazte Candelasek ezer jakin gabe, Mexikorako bidea hartuko du. 1970. urtea. Candelas duela hiru urte hil zen. Ustekabean, Mexikotik gutun bat iritsiko da Loisera, Julianen heriotzaren berri emateko. Riañoko familia-etxean, txoko batean, Julianek Mexikora eramandakoaren antzeko kutxa zaharra aurkituko dute.
Zortzi urte igaro dira 1833ko Karlistadaz geroztik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko gobernu-komisarioa basoaren sakonean dagoen errementeria ilun bateraino iritsiko da gertakari bat ikertzen ari denean. Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakartia bizi da han. Inguruko herritarrek lapurretei, hilketei eta deabruzko itunei buruzko istorioak kontatzen dituzte hari buruz. Harik eta, egun batean, halabeharrez, Usue izeneko umezurtza errementeria misteriotsuan sartzea lortzen duen arte. Orduan, agerira ekarriko du Patxi errementariaren atzean ezkutatzen den egia lazgarria.
Aitor sortzetiko glaukoma batekin jaio zen, eta eskuineko begiko ikusmena galdu zuen hamalau urte soilik zituenean. Sendagileek berriz ere surfik ez egiteko gomendatu zioten, baina hala ere haien aholkuei kasurik ez egitea erabaki, eta surf egin bitartean ikusmena galdu zuen zorigaiztoko istripu batean. Orduan, 39 urte zituen. Gaur, istripua gertatu zenetik 5 urte igaro direnean, desgaitasuna dutenek edozein erronkari aurre egin diezaioketela erakutsi nahi du Aitorrek, baina horretarako, fisikoki eta mentalki prestatu beharko du. Batez ere, itsu utzi zuen istripua gogora ekartzeak sortzen dizkion zalantzak eta beldurrak gainditu beharko ditu.
Joseba Sarrionandiaren aurpegia poliedrikoa da; ez literatura-adierazpideko molde guztiak ukitu dituelako soilik, baita bere iruditeria, ezin konta ahala munduz osatua, sortzeko gai izan delako. Beraz, literaturaren munduan agertzen diren elementuetako asko agertuko dira hemen, zalantzarik gabe: itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, nora eza, erbestea, gerra, suntsipena, amodioa, deriba, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura…
Izaro dokumental/saiakera bat da, eta Izaro irlaren identitatearen, historiaren eta legatuaren erretratu zatikatua eguneratzen du, haren diasporaraino. Izaro izenak sortu ditu hainbat botere-praktika, irlaren jabetzari buruzko aldarrikapen juridikoak, teilaren jaurtiketaren moduko festak, Izaro Films Presenta ekoiztetxea, bere talaia Windsor dorrearekin, emakumezkoen nahiz gizonezkoen izen bereziak eta Bermeoko armadoreek eraikitako azken belaunaldiko atun-ontzi bat, Indikoko uretan arrantzatzen duena, Seychelleko ikurrinaren pean.
Ana aktore gazteak, tamalez, ezin du antzezle profesionala izan. Astelehenetik larunbatera denda batean saltzaile dabil, lanaldi erdian, eta horrekin uztartu behar ditu bere antzerki-ekoizpen txikiak, halakoren batean lekurik aurkitzen duenean. Baina orain, rol berri bat buru-belarri prestatzen dabil Ana: Shakespeareren Richard III antzezlanean Lady Ana hezurmamitzeko aukeratu dute, Madrilgo off antzoki txiki batean. Ekoizpen xumea izan arren, Anari ilusio handia egiten dio aukera horrek, baina ilusioak berehala egingo du topo antzelanaren zuzendariaren borondate gogorrarekin; izan ere, Richardek eszenatokian (metaforikoki) hertsatu, iraindu eta are umiliatu ere beharreko jostailu soiltzat ulertzen du Lady Anaren pertsonaia.
Jorge saskibaloi-jokalari profesionala izan zen hogeita hamabost urteak bete arte. Orain hogeita hamazazpi ditu, eta ez daki zer egin bere bizitzarekin aurrerantzean. Egunero berandu jaikitzen da, bideo-jokoetara jolasten da, zabor-janez betetzen da eta ondoren gauera arte oinez ibiltzera ateratzen da. Ia-ia ez du harremanik beste inorekin, eta burbuila batean bizi da; baina isolamendua akaso urrunegi eraman duela ohartzen denean, burbuila hori hausten saiatuko da.
Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin iandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.
Zinemira sariak Ramón Agirre aktorearen ibilbidea sarituko du
|
Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian, Jainkoak ez dit barkatzen / God Doesn't Forgive Me filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria banatuko da. Donostia Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE/APV ekoizleen elkarteak euskal zinemagintzako pertsona ospetsu bati ematen diote ohorezko sari hori. Aurreko urteetan Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016) eta Julia Juaniz (2017) izan dira saridunak, eta aurten, 2018an, Ramón Agirre aktorearen ibilbidea ohoratuko da.
Arkitektura ikasi eta gero, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Antzerti arte dramatikoko eskolan ibili zen Agirre (Donostia, 1954), eskolako lehenengo belaunaldietako batean. Haren lehenengo lan zinematografikoen artean, 27 horas (27 ordu, Montxo Armendariz, Zilarrezko Maskorra, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1988) daude. Horrez gain, zuzendari hauen esanetara aritu da, besteak beste: Álex de la Iglesia (El día de la bestia / Piztiaren eguna, 1995), Manuel Gutiérrez Aragón (Visionarios, Sail Ofiziala, 2001), Pablo Malo (Frío sol de invierno, Zuzendari Berriak, zuzendari berri onenaren Goya saria, 2004), Asier Altuna eta Telmo Esnal (Aupa Etxebeste!, Gazteriaren Saria, 2005), Emilio Martínez Lázaro (Las 13 rosas, 2007, lau Goya sari eta beste hamar izendapen), Aizpea Goenaga (Sukalde kontuak, Zinemira – Panorama 2009), Aitor Mazo eta Patxo Telleria (La máquina de pintar nubes / Hodeiak pintatzeko makina, Zinemira 2009) eta Alberto Gorritiberea (Arriya, Zinemira-Panorama, 2011).
Azken urteetan jardun bereziki oparoa izan eta hainbat zuzendarirekin egin du lan: besteak beste, Michael Hanekerekin Amour filmean (Urrezko Palmorria Cannesen, atzerriko hizkuntzako film onenaren Oscar saria eta Fipresci Sari Nagusia Donostian, 2012), eta Fernando Franco (La herida, Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, 2013), Mikel Rueda (A escondidas / Ezkutuan, 2014), Fernando González Molina (Palmeras en la nieve, 2015), Pedro Almodóvar (Julieta, Canneseko sail ofiziala eta Made in Spain, 2016), Fernando Trueba (La reina de España, 2016), eta Aitor Arregi eta Jon Garañorekin (Handia, Epaimahaiaren Sari Berezia, Euskal Zinemaren Irizar saria eta hamar Goya, 2017).
Aurten, New Directors saileko Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmean eta Zinemiran aukeratutako beste hiru lanetan agertuko da; hain zuzen, Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Errementari (Paul Urkijo, 2017, Publikoaren Saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean) eta Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017) filmetan. Eta 2019an beste bi lan estreinatuko ditu: Daniel Calparsororen film berria, El silencio de la ciudad blanca, eta Agur Etxebeste!, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako filmaren bigarren zatia.
Film laburretan ere aritua da Agirre, esate baterako, Adiós Toby, adiós (Ramón Barea, 1995), Tercero B (Jose Mari Goenaga, Kimuak 2002) eta Deus et machina-n (Koldo Almandoz, Kimuak 2012), eta zenbait animazio-piezaren ahotsa jarri du, hala nola Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro, Kimuak 2011) film laburrarena.
Zinemaldian, 2011n epaimahaikide izan zen Bi anai (Imanol Rayo) filma saritu zuen Serbitzu-Zinemira sariaren epaimahaian.
Ezin konta ahala antzezlanetan ez ezik, telesail eta telebista-programa ezagunetan ere antzeztu du Agirrek, bai Euskal Herrian (Bertan Zoro, Bi eta bat, Goenkale, Martin eta, duela gutxiago, Go!azen), bai Espainian (El joven Picasso, Los ladrones van a la oficina, Canguros, Hermanos de leche, La casa de los líos, Petra Delicado, El comisario, Médico de familia, Periodistas, Hospital central, Aquí no hay quien viva eta La familia mata).
Halaber, Susa argitaletxeak 1983an argitaratutako Eta zergatik ez?… Sigrid poesia-liburua irudiztatu du Agirrek, eta 1994an Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria eraman zuen Errenta antzezlanaren testuari esker.
ZINEMIRA KIMUAK
|
(PROFESIONALENTZAT ETA AKREDITAZIODUNENTZAT SOILIK)
Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2018 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Kimuak-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimenak, urteko film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film labur sartu dira Kimuak programaren aukeraketan.
Gelditzen al da bizitzeko aukerarik lurralde bat goitik behera aldarazten badute? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eraikitzeko. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak marra banatzaile bat marrazten du bailarako paisaian: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.
1915eko uda. Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.
1972an, Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzi zuen bere artikulu ezagunenetako batean. Hilabete gutxiren buruan, hil egin zuten. Orduz geroztik, ipurtargiek desagertzen jarraitu dute. Baina oraindik bada gogoratzen dituenik.
Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izarren hautsa baino zerbait gehiago.
Atenasko erdigunea. Krisialdian dagoen mundu batek eta suntsipenak inguratuta egonik, denak amaierara daramatzala dirudi, baina talde txiki bateko pertsonaiek aurre egiten diote egoera horri. Anaitasunaz eta ez etsitzeko nahiaz hitz egingo dugu.
Bilbo, 2009. Jone nerabea DBHko 4. mailako ikaslea da giro aldarrikatzaile eta abertzaleko institutu batean. Aita Eusko Jaurlaritzako kargu politiko izendatzearen ondorioz, eskolta jarriko diote eta ordura arteko bizimodua galduko du.
«Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien
arrazoi gordea,
nora ote dijoan denbora aldakorrak
daraman bidea.»
EUSKAL ZINEMAREN GALA
|
Lezo Urreiztieta XVI. mendeko pirata bat zen, okerrez 1907. urtean jaioa. Bere bizia arriskuan jarri, eta ehunka pertsonena salbatu zuen; Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerritar gobernuekin; Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean; Franco akabatzear egon zen… Hura hil eta berrogei urtera, Martin Ugalde idazlearen magnetofonoak haren istorio sinestezina ezagutaraziko digu, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Elkarrekin 1975. eta 1978. urteen artean izandako elkarrizketa batzuk harturik abiaburu, film honek argitara aterako du XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotza.
EiTB GALA
|
Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakizunetan, poliziak bost langile hil zituen greba luze baten ostean. Begoñak, erdiko klaseko gazte batek, zuzenean biziko ditu “inoiz ezer gertatzen ez den hiria” astindu zuten gertakari horiek. Gero eta latzagoa den gatazka batean, zer alderekin bat egingo duten erabaki beharko dute hala berak nola bere familiak. Azkenean, sarraskiaren ostean, ez dira inoiz ere berdinak izango, ez Begoña, ez hiria, ezta herrialde osoa ere. Benetako istorio bat, benetako pertsonaiekin.
INDUSTRY CLUB
EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA
|
Anek 30 urte ditu eta kazetaria da. Betidanik izan du bidaia-idazlea izateko eta bizitza munduan zehar bidaiatzen emateko ametsa. Haren asmoek, ordea, ez dute zerikusirik errealitatearekin. Zornotzan bizi da, Bizkaiko herri txiki batean, aitonarekin batera. Sosik gabe dago, eta herriko aldizkarian horoskopoa idaztea da egiten duen kazetari-lan bakarra, hilean 150 euroren truke. Baina auto zahar batek eta billete sorta batek bere lehenengo bidaia handiari ekiteko aukera emango diote Aneri. Abentura handi bihurtuko den errepide-bidaia horretan, Ane Peioren bila joango da ezkutuan. Bere lehenengo amodioa izan zen Peio, eta Anek ez du 12 urte zituenetik ikusi.
Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak
|
Euskarara bikoiztutako haur-filmak
|
Zinemira Euskaraz programaren barruan, Zineuskadiren laguntzaz, haurrentzat pentsatutako film-aukeraketa bat eskainiko da, euskarara bikoiztua.
Horrez gain, Belodromoan goizero Paul King-en Paddington 2 filma emango da euskarara bikoiztua.
Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak
|