Celina Murga
Ana bere jaioterrira iristen da hainbat urte kanpoan igaro eta gero. Bere iraganaren bila doa, baina oso gutxi geratzen zaio bertan, lagun batzuk besterik ez eta Anak berregituratu nahiko dituen irudi ahul gutxi batzuk. Bertakoa izatearen eta deserrotzearen arteko sentsazio bitxi bat bere baitan darama. Anak herriko egunkaria erosten du eta Marianok, nerabezaroko bere mutilak ateratako argazki bat ikusten du bertan. Argazki horrek mutilaren bila joateko gogoa pizten dio. Bigarrren Hezkuntzan izandako lagun eta ikaskide ohiekin elkartzen da eta denei Marianoren berri galdetzen die. Azkenik, bizitzera Victoriara joan dela jakingo du, gertu dagoen hiri txiki batera. Anak orduan bidaia berri batean abiatzea erabakiko du.
Daniel Burak
Jorgek, 47 urteko zinegileak, tangoaren jatorrietan sustraituriko Bar El Chino tabernari buruzko dokumentala bertan behera utzi beharko du arazo desberdinak direla medio. Galzorian dauden balioak eta idealak laburbiltzen dituen taberna enblematiko honekin eta bertako pertsonaiekin identifikatzen da zuzendaria eta hunkitu ere egiten dute aldiberean. 26 urteko Martinaren presentziak filmarekin jarraitzeko adorea emango dio. Ordea, 2001eko amaieran Argentinan bizi den kaos sozio-politikoak bultzatuta, Martinak Espainiara alde egin beharko du. Goibelduta eta baliabide ekonomikorik gabe, aurrera egitea beste irtenbiderik ez du Jorgek bere helburua eskuratuko badu.
Gastón Biraben
Cristina, 15 urteko neska gaztea, Buenos Airesko ikastetxe katoliko zorrotz batetik modu zakarrean kaleratu eta epailearen aurrera eramaten dute, zeinak bere benetako izena Sofia Lombardi dela aitortzen dion, 70eko hamarkadan desagertutako arkitekto militante bikote gazte baten alaba. Epaileak bere amona biologikoa aurkeztuko dio. Nerabeak txundituta, emakume arrotz hori baztertu eta Auzitegiko Jauregitik alde egiten du. Une horretatik aurrera, bere benetako identitatea bilatzeari ekingo dio.
Damián Szifron
Toledo, 25 urteko arkitektogaia, zeloak jota dago. Lanean arreta jarri ezinik dabil Ana bere neska-laguna egiten eta egiten ez duenari adi baitago. Egun batez, etxerakoan, ezin du Anaren negarren eta nerbio dantzarien zergatia ulertu, neska sukaldera joan eta bere amesgaiztorik txarrena egia bihurtu dela ohartuko den arte: beste gizon bat aurkitu du bere apartamentuan ezkutaturik. Toledok aitzakia bat asmatuko du apartamentutik alde egiteko, larritasunak eta etsipenak ia arnasa hartu ezinik utzi dutela Ana konturatu ez dadin. Eraikinaren kanpoan amorantearen irteera itxarongo du eta gau oso batez luzatuko den jazarpena hasiko da, gizon hori nor den eta Ana zertaz ezagutzen duen jakitearren.
Juan Carlos Desanzo
Buenos Airesko Estación Constitución-eko bagoietan tangoak kantatzen, Roberto Goyeneche ?Polaco? Argentinako tangolari nabarmenetako bat imitatzen, bizibidea ateratzen duen kaleko mutila da ?El Polaquito?. Geltoki berean prostituzioan diharduen neska bat, ?La Pelu?, ezagutu eta harekin maiteminduko da. Egunero-egunero irabazien kontuak eman behar dizkiote ?Rengo? (herren) Carbajali, bi gazteak esplotatu egiten dituen zapata-garbitzaile faltsua den mafiosoa eta geltokian egiten diren negozio zikin guztiak kontrolatzen dituena. ?El Polaquito?-k ?La Pelu? libratu nahiko du eta horrek gaizkileentzako arriskugarri bihurtuko du. Filmak 1994an eraildako nerabe baten egiazko istorioa du oinarri eta protagonistak benetako kaleko mutilak dira.
Santiago Loza
Axel, berrogei urtetik gorako mediku batek, bere lanbidea utzi du eta bizitza epel samarra darama bere arreba eta honen seme-alabekin. Hainbestean bizi da, besterik gabe. Alabaina, egun batean haurdun dagoen emakume gazte bat ezagutuko du. Harreman bat hasten dute, amodioaren antzeko zerbait, aldi baterako bata-besteari uztartuta edukiko dituena. Baina Axelen urratsak alderrai dabiltza, eta aurki bere amorantea izandako bat bisitatzera joango da.
Raúl Perrone
Don Galván 85 urteko erretiratua da. Buenos Airesko aldirietan bizi da bere emaztearekin etxe xume batean. Gau hotz batean, jaiki eta bere keroseno-berogailu zaharra metxarik gabe geratu dela ikusten du. Konpontzen saiatuko da, baina ordezko pieza falta zaio. Metxaren bila ateratzea sartu zaio buruan, eta hartara, pertsonaia eta egoera mordoa ezagutzera eramango duen bidaian abiatuko da. Mundua ez da jada Don Galvánek ezagutu zuena eta egun bakar hori nahikoa izango da horretaz jabetzeko. Bizilagun batek Moróngo erdigunera hurbiltzen du, zeina persiar azoka bat eta Hong Kong arteko nahasketa den. Galván bertan bere metxa lortuko duelakoan dago, baina antza horrelakoak egiteari utzi egin diote. Autobusa hartzen du, taxi bat eta banaketa-kamioneta bat, baina metxa ez da inondik inora ere agertzen. Etxera itzultzeko, Don Galvánek mendia zeharkatu beharko du ekaitzaren eta beste hainbat arriskuren artean.
Luis Alberto Restrepo
Toño eta Paulina nekazari bikotea euren haurtzaro eta gaztaroan ezagututako bakandutako oihanetik kanpo bota eta hiri ezezagun, itzel eta gupidagabe bateko kaleetara bortizki bultzatu dituzte. Herrialdeko gatazka egoerak deserrira kondenatu ditu Toño eta Paulina protagonistak, alabaina, eurak beste drama garratz batek nahigabetu ditu. Beren barne eritua atsekabez, desliluraz eta desamodioaz beteta dago. Bakarrik egongo balira bezala sentitzen dira, bata bestearen oinazea onartu ezinik, eta are gutxiago elkarren bikote direla sentitzeko. Griñak ateak ireki zitzakeen, baina amodioak elkarrengandik aldentzen ditu Toño eta Paulina, eta ez die bizirik irauten lagunduko.
Martín Rejtman
Argentina-Frantzia
90 min.
Alejandro, 35 urteko taxilariak bere burua zurrunbilo batean galduta ikusiko du bat-batean, banantzeak, eguraldi aldaketa bortitzak, ezusteko aberastea, Argentinara itzuli nahi duten pertsonaiak, betirako aldegin nahi duten beste batzuk, eskularru magikoak, musika zaratatsua, ustekabeko txirotzea, Ezeiza aireporturako bidaia mordoa, pelikula pornoak, harreman berri bat, etsialdi latzak, pilula eta alkoholismo-menpekotasuna eta etxe aldaketak. Baina ez dirudi gauza hauek guztiak axola diotenik; egia esan, benetan inporta zaion gauza bakarra bere Renault 12a da.
José Henrique Fonseca
Ordura arte mutil arrunta izandako Máiquel auto-saltzaile langabea lagunekin egindako apustu txoro batek saripeko hiltzaile bihurtzen du lehendabizi eta gero arrakasta handiko segurtasun-enpresa bateko jabea. Gertakarien harian, kriminalek nola poliziak errespetatu egingo dute azkenik, eta bi emakumeren amodioa bereganatuko du... bere lehen hanka-sartzea egiten duen arte, horrek halabeharraren ardura beregain hartzera behartuko baitu.
Luis Barrios
Matiasek, Peruko kostaldeko herriska bateko alkateak, emaztea galdu zuen Percy bere semea haur bat besterik ez zela. Nekazari xume batzuren alaba txiki eta ederraz, Nataliaz, arduratuko da Matias, neska komentu batean sartuz. Neskak 17 urte betetzen dituenean, gurasoek neska ezkontzan emango diote Matiasi. Nataliak erlijiorako benetako bokazioa du eta komentuan jarraitu nahiko luke, baina aita Estebanek, Matiasen laguna denak, bere betebeharra ezkontzea dela gogoraraziko dio. Nataliak baldintza bakar bat jarriko du, ordea: Matiasek ezingo duela ukitu. Lau urtez ezkonduta egon ondoren, itxuraz bizitza atsegina daramate, baina orduan Matiasek akordioa hautsiko du. Hartara, Santiago erretore gaztea etorriko da aita Esteban ordezkatzera, Natalia mistikoak Kristoren pertsonifikazioa bailitzan ikusiko duena, eta egoera horretan tragedia saihestezina izango da.
Alejandro Malowicki
Alde batetik lukurreria, bestetik langileak, bestalde iragana eta azkenik, etorkizuna. Halaxe ikusten du Pablok bere burua aitak sortutako fabrikaren ardura hartzen duenean, 90eko hamarkadako Argentinan bere ETE-a osatzen duten partaide guztiek jasaten dituzten gatazkei aurka egiten saiatu beharko du. Giro klaustrofobiko batean, zorrak itota daudela, krisi ekonomiko batean murgiltzen dira, denak denen kontra jarriz, inork espero eta nahi ez duen zerbait. Eredu neoliberal, basati eta bidegabeko batek setiatzen ditu. Gustavo, Pabloren semea izango da agian ireki eta itxi egiten den ate hori, kanpoko argia ikustea galarazten diguna, zeharkatzeko gai izango den bakarra.
Sarah Rogacki
Rena Juarez New Yorkeko Washington Heights auzunean bizi den 15 urteko neska latino ederra da. Honen ama Marielak auzoko ospitalean gaueko txanda egiten duenetan, Renak kalean igarotzen du gaua Ricky bere aitaordearen jazarpena saihesteko, harik eta egoera jasanezina egingo den arte, eta orduan Renak, Wanda Love bere lagun onenari laguntza eskatuko dio, aztikeriak egiten dituen sinestun handia berau. Wandak arazoan esku hartzea erabaki du eta Rickyri begizkoa bota dio, baina Rickyren bortxakeriek gora egingo dute eta Renaren lagunek, Zane buru dutela, aitaordeari lezio bat ematea erabakiko dute. Baina gauzak okertu egingo dira eta Ricky beldurtzeko planak kale egingo du.
Joel Cano
Kuba-Frantzia-Italia
106 min.
Hiru emakume kubatarren bizitzak aldi berean asaldatuko dira. Maria bere alaba egoera ilun samarrean galdu duen nekazaria da. Normak telebistako albistegi bat aurkezten du eta erregimenaren berri faltsuak emateari uko egin dio. Nievesek txerrien hiltegi klandestino batean dihardu eta bertako nagusiak lanetik kaleratuko du. Hiruen halabeharrak gurutzatu egingo dira, euren bizitzak bezain ahula den istorio batean, hil zorian dagoen komunismoaren baitan.
Carlos Sama
B saileko bikoizketa-zuzendari neurotiko bat da Orlando, Soniarekin bizi dena, barneko bakearen bila dabilen ?new age? emakume horietako bat. Orlando krisialdian dago, Soniaren amodioak itota eta beste emakume baten berritasunak tentaturik. Miauritzio gazte bakartiak, harremanetarako baldarra denak, Renérekin harreman korapilotsua du, emakume ?postmodernoa? berau, Miauritziok bere ordenagailua nahiago duela ikusteaz nazka-nazka eginda dagoena. Orlandok Kenneth Flamingoren ahotsa bikoiztu du, estatubatuar ?horikeria-sail? bateko aurkezlearena. Programa hau Mamá Rosaren arrastoaren atzetik dabil, bokazio berritzat bikote zoriontsuak suntsitzea duen segidako hiltzailea berau. Ariel ikerketan laguntzaile duten iragarlea da, telepatikoki Soniarekin maiteminduko dena. Den-denek hiltzaile eta tiroketen nahas-mahasean harrapatuta ikusiko dituzte euren buruak, non, edozer gauza gerta litekeen, baita amodioa ere, telebistan bezalaxe.