72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Michael Winterbottom
Erresuma Batua 
112 min.
24 Hour Party Manchesterreko Factory Records diskoetxearen igoera ikusgarriaren istorio bizkor eta zirraragarria da, Joy Division, New Order eta Happy Mondays bezalako taldeen sorlekua izan zenarena. Tony Wilson eta bere lagunek, 70eko urteen amaieran Sex Pistols-en kontzertu batera joan ondotik, bi hurrengo hamarkadetan pop musikaren ikuspegia aldatu eta Manchesterri nazioarteko sona eman zion egitasmoa gauzatu zuten. Factory Records merkaturatu ondoren, lokal bat erosi eta diskoteka propioa ireki zuten, Hacienda, berehala munduko ezagunenetakoa bihurtuko zena. Haatik, festak ezin du betiko iraun. Pelikula hau, musika, sexu, droga eta pertsonaia bitxien inguruko istorioa da, bere artistak libre utzi nahi zituen gizon baten sena erakusten duena; eta izan ere, horixe izan baitzen, bere galbidea.
François Ozon
Frantzia 
103 min.
50eko hamarkadan, mendialdean dagoen mansione burges batean Eguberriak ospatzeko prestakizunetan dabiltzala, ezbehar bat gertatu da: etxeko jabea hil egin dute. Biktimaren inguruneko zortzi emakume bertan dira eta, halabeharrez, horietako batek errudun izan behar du. Hartara, ikerketa-egun luzea hasiko da, ika-mika, traizio eta egi-aitorpen gogoangarriez beteta, zeinean emakume bakoitzak hura hiltzeko norbere arrazoiak zituela eta sekretu susmagaitzak gorde dituztela jakingo den. Egiak gupidagabe eta tragikoki eztanda egingo du, mozorroak eta gezurrak deseginez.
Mike Leigh
Erresuma Batua - Frantzia 
128 min.
Supermerkatu bateko kutxazain den Penny-ri Phil bere bikotearekiko maitasuna akitu zaio, taxilari gisa diharduen gizon samur eta filosofizalea berau. Bikotearen alaba, Rachel, zaharren egoitza bateko garbitzailea da, Rory, izaera oldarkorreko bere semea, berriz, langabezian dago. Philek eta Pennyk bizi-poza galdu dute, baina Rory gaisotzen denean eta larri ospitaleratzen dutenean, berriro elkartu eta amodioa berraurkituko dute. Penny eta Phil bizi diren Londresko auzoko bizilagun batzuk Roryren krisialdian nahasturik ikusiko dituzte beren buruak eta denak emozio-bidaia batean abiatuko dira.
Dai Sijie
Frantzia - Txina 
116 min.
Txinak 70eko hamarkadaren hasieran Kultur Iraultzaren uztarripean jarraitzen du. Bi nerabe, Luo eta Ma, intelektualen seme-alabak, Tibeteko lurralde urrunetako eskualde galdu batera bidaltzen dituzte beren berreziketarako. Iritsi bezain pronto, gazteek nola edo hala bizimodua atera eta bere inguruaren kontra matxinatzen ikasiko dute. Egun batez, Luok eta Mak Jostun Zaharra eta bere biloba xarmagarria ezagutuko dituzte. Luo jostun gazteaz maitemindu da eta melodrama txinatarretan oinarritutako istorioak kontatuz neska hezitzea erabaki du... harik eta benetako altxor bat aurkituko duten arte: maleta bat, liburu atzerritarrez, eta beraz, argiro debekatutakoez betetakoa. Luok eta Mak egunez lan egin eta gauez ezkutuan irakurtzen dute, gero beren abentura berriak herriko biztanleei kontatu ahal izateko. Laster, Luok eta Mak herria utziko dute. Kultur Iraultza bukatu da.
Paul Greengrass
Erresuma Batua - Irlanda 
107 min.
Ipar Irlandan, 1972ko urtarrilaren 30ean, hamahiru pertsona hil ziren Derry-ko kaleetan (Londonderry ingelesentzat) eta beste hamalau lagun Armada britainiarraren balek zauritu zituzten. Egun hori Bloody Sunday izenez ezagutzen da. Filmak gertatutakoa kontatzen du, tropak setiatutako hirira iritsi zirenetik, manifestarien aurkako Paraxutista-erregimentuko soldaduen jokabide bortitzeraino. Arreta soilik lau pertsonaietan jartzen du: Ivan Cooper, eskubide zibilen defendatzaileen buruzagia; Gerry Donaghy, soldaduen aurkako borrokan nahasitako 17 urteko gazte katolikoa; Patrick MacLellan, brigada-jenerala, manifestazioa irmotasunez geldiarazi dezan derrigortzen dutena; eta paraxutisten irrati-operadore gazte bat, zeinak, soldadu beterano porrokatuz osaturiko bere unitatearekin batera, Bogsideko auzoan sartzeko agindua jasotzen duen.
Michael Moore
Alemania - Kanada - AEB 
120 min.
Estatu Batuetan biolentzia eta beldurraren patologiaren ikuspuntu eztabaidagarri eta gogorra erakusten du dokumental honek, su-armek eragindako hildako-kopuru handiena duen herrialdea, non arma gehiago dago boto-emaileak eta telebistak baino. Armekin txora-txora eginda gauden nazio bat gara, ala burutik jota gaude eta kito? Charlton Heston eta Erriflearen Elkarte Nazionalaren errua ote? Ala oraindik konpontzeke dauden arrazazko gatazkak dira hainbeste heriotz eragiten dutenak? Eskuindarrek erantzuletzat Hollywood, Rock and Rolla eta Internet jotzen dituzte. Ala amerikarrak historikoki indarkerirako joera daukagu besterik gabe? 1999an Columbine High School-en gertatutako tiroketa tragikoaren ondorioak dira Bowling for Columbine filmaren muina, irailaren 11ko ajea bete-betean bizi duen herriaren erretratu probokatzaile, sakon eta tarteka garratza aurkezten duena.
Fernando Meirelles
Brasil - Frantzia 
135 min.
60ko hamarkadan eraikitako babes ofizialeko etxebizitzen auzune bat da Cidade de Deus, 80ko hamarkada hasieran Rio de Jaineiroko tokirik arriskutsuenetako batean bilakatu zena. Buscapé, bertako mutiko bat, sentibera eta izutiegia da kriminala izateko, halere, adimentsuegia ere bada gaizki ordaindutako lanekin konformatzeko. Dena aurka duen ingurune bortitzegi batean hazi den arren, errealitatea beste era batera ikus dezakeela konturatuko da, ikuspuntu artistiko batetik, alegia. Eta, honela, argazkilari bihurtuko da, bere penak ludituz.
Stephen Frears
AEB 
98 min.
Londresko kale zitaletako mundu sekretuan edozer gauza saleros daiteke. Okwek eta Senayk legez kanpoko jardueren haztegi den hotel berean ari dira lanean. Ia ez dute bata bestea ezagutzen, harik eta aurkikuntza harrigarri bat egiten duten arte. Ezin diote, ordea, bere nagusi ustelari ezertxo ere aipatu. Ezin dute poliziarengana jo. Eta zorioneko izango dira oraingo honetan bizirik ateratzea lortzen badute.
Gaspar Noé
Frantzia 
90 min.
Atzeraezina. Denborak dena desegiten duelako. Zenbait ekintzek konponbiderik ez dutelako. Gizakia animalia delako. Mendeku nahia berezko bulkada delako. Krimen gehienak zigorrik gabe gelditzen direlako. Maitearen galerak tximista baten moduan suntsitzen duelako. Maitasuna bizitzaren sorrera delako. Historia osoa espermaz eta odolaz idazten delako. Igarkizunek gertakarien bilakabidea aldatzen ez dutelako. Denborak guztia ezagutzera ematen duelako. Onena eta txarrena.
Bertrand Tavernier
Frantzia - Alemania - Espainia 
170 min.
Paris, 1942. 1940az gero, Frantzian pelikulak egiten dituen Continental Films izeneko produkzio-etxe alemaniar batek frantses guztien ezbai jakin bat islatzen du: posible al da lanean jarraitzea ezer gertatu ez balitz bezala? Ala kolaboratzeari uko egin eta herrialdetik alde egin behar al da? Jean Devaivre Continental-ean zuzendariaren laguntzaile gisa hasiko da erresistentziako bere jarduerak ezkutatzeko. Ekintzazko gizona da, oldartsua eta ausarta. Jean Aurenche poeta arima duen gidoilari bat da, alemanen lan eskaintzak errefusatzen saiatzen dena. Hiru amoranteen artean zein aukeratu ez dakien gizon isila da. Hauen inguruan hamarka pertsonaia biraka dabiltza, batzuk otzanak, besteak, berriz, errebeldeak. Batzuk borrokan dihardute eta beste batzuk etsaiarekin kolaboratzen dute; nolanahi ere, okupatutako Frantzian denek pairatu beharko dituzte gosea, hotza eta murrizketak.
Otar Iosseliani
Frantzia - Italia 
122 min.
Astelehen goizero, Vincentek ohikeria monotono berdinari ekiten dio. Ordu eta erdiko bidaia zigarrorik erre ezinik, gogoko ez duen lan batera iristeko. Etxera itzultzean, famili betebeharrek pintatzeko zaletasuna oztopatzen diote. Jada Vincentek ezin ditu astelehen goizak jasan. Lantegiaz, bere emazte eta seme-alabez, bizitzaren kontraesanez, nekazal herri horretako biztanleen ustekabeko bitxikeriez gogaiturik dago: postariak denen eskutitzak irakurtzen ditu; apaizak ez die emakumeei begirik gainetik kentzen; baserritar zikoitz batek segurtasun-sistema berriak jartzen darrai; nerabeak bizikletaz joan-etorrian dabiltza burutik pasatzen zaien guztiaz hitz eginez herriko bizimodua eramangarriagoa egitearren... Egun batez, Vincentek mundu pixka bat ikusi nahi duela erabaki eta Veneziara joango da. Han bizitzan duen hutsune zehatzaz jabetu daiteke agian.
Aki Kaurismäki
Finlandia - Alemania - Frantzia 
Lynne Ramsay
Erresuma Batua - Kanada 
97 min.
John Malkovich
Espainia - AEB 
135 min.
Agustin Rejas agenteak Ezequiel lider gerrillari ospetsua harrapatzeko agindua jasotzen du, Gobernuaren erorialdia behartu eta hirietara iristeko mehatxupean nekazarien iraultza baten bultzatzaile nagusia baita. Ezequielen jarraitzaileek erabiltzen dituzten taktika basatiak direla eta ikaraturik, militarrek modu berean edo irmoago erantzutea erabaki dute, gizartean izuikara-giroa sortaraziz. Rejas jada legendazkoa bihurtu den Ezequielen arrastoaren atzetik doa, matxinoak errukigabe aurrera egiten dutela ohartzen den artean. Yolanda, bere alabaren balet-irakasleari esker, guztia bertan behera ez uzteko ezinbesteko kemena aurkituko du.
Emanuele Crialese
Italia 
90 min.
Lampedusako uharte txiki batean bizi den 13 urteko mutikoa da Pasquale, tiragomaz txoriak ehizatzea eta nesken aurrean bere Vespaz jauziak egitea atsegin duena. Bere aita, Pietro, gizon eskuzabal eta bortitza da, mutilak maite du, baina haren beldur da, aldi berean. Eta bere ama, Grazia, gizartean bere lekua aurkitu ezinik dabil, buruhauste eta esames etengabeen iturri baita. Pasquale amaz lotsatzen da, baina herriko jendeaz eta bere aitaz babestuko du ezinbestean, honek Milanen ospitaleratu nahi baitu. Hori dela eta, ama kobazulo batean ezkutatuko du Pasqualek, mundu guztiari bere burua itsasora bota duela sinestaraziz. Bisitan doakio, jaten ematen dio eta zaindu egingo du, ezingo duela betiko ezkutuan gorde konturatzen den arte... San Bartolo gauez, itsas ondoan piztutako suek Graziaren aurpegia argitzen dute mirarizko agerraldia bailitzan.
Roman Polanski
Frantzia - Polonia - Alemania - Erresuma Batua 
148 min.
Wladyslaw Szpilman poloniar piano-jole bikaina, judua berau, erbesteratzeaz libro da, baina Varsoviako ghettoaren bihotzean bizi beharko du, gainerako juduen antzera sufrimendua eta iraina pairatuz. Ihes egitea lortuko du eta hiriburuaren hondakinetan ezkutatuko da. Ofizial aleman batek bizirik irauten lagunduko dio.
Bénédicte Liénard
Frantzia - Belgika - Luxenburgo 
85 min.
Espetxean Joannak bera bahituta daukatenen agintea zalantzan jartzen du. Bien bitartean, Claudinek lantegiko produkzio-kateetik bere iragana gogorarazten du; Joannarekin lotzen duen iragan hori. Joannaren abokatuak Claudineri bere laguna indarkeriaren bidean jarri zuten arrazoiak azaldu diezaizkion eskatzen dio; baina testigantza emateak oraindik neska babesten duen alderdi sindikala salatzea ekarriko luke nonbait. Joannak, bere aldetik, hasiera batean etsipenak jota egon den arren, azkenerako bere duintasun-eskubidea aldarrikatzeko kemena izango du eta hori ezezik, baita bere inguruko emakumeen duintasuna ere. Claudinek ere ez du amore emango: testigantza ematera ausartuko da azkenean, lantegi barruko borrokaren buru izango da eta Joannaren erradikalismotasunarekin bat egingo du; sindikatuak proposaturiko akordioari uko egin eta bere kanporatzea onartuko du.
Elia Suleiman
Frantzia 
92 min.
Jerusalemen bizi den palestinar gizon baten eta Ramalako palestinar emakume baten arteko amodio-istorioa kontatzen du. Mutilak bere bizitza gaixo dagoen bere aitaren eta bere maitearen artean banatzen du, eta biak ala biak bizirik iraun dezaten saiatzen da. Egoera politikoaren poderioz, neskaren mugimendu-askatasuna bi hirien artean kokatua dagoen Armada israeldarraren kontrola hasten den toki berean bukatzen da. Kontrola zeharkatu ezin dutenez, beren elkartze intimoak orube bakarti batean gertatzen dira, kontrolaren ondo-ondoan. Maitaleek ezin dute okupazioaren errealitatea saihestu; beren intimitatea ere ezin dute babestu. Errealitate horretatik ihes egiteko ezintasunaren aurrean, beren desira konplizeak ondorio bortitzak eragingo ditu.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: