Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Hizketaldiak atalak programa zabala bilduko du, hala nola Sean Baker, Leos Carax, Laura Carreira eta Jane Schoenbrun zinemagileen sormen-prozesuetan sakontzeko mintzaldiak. Gainera, beste saio batzuetan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, ekoizpena feminismoaren eta intersekzionalitatearen ikuspegitik, inklusioa zinema-industrian eta jaialdiek sare sozialetan jasotzen duten tratamendua, baita adimen artifizialarekin, casting-zuzendaritzarekin, glamourrarekin, film-kartelekin, musika eta zinemarekin edo Espainiako krimen-telesailen boomarekin lotutako gaiak ere.
Hizketaldiak Pentsamendua eta Eztabaida sailak antolatutako atal bat da. Bertan, Donostia Zinemaldiak topaketarako eta ezagutza-sorkuntza eta -transmisiorako gune gisa duen izaera nabarmentzen da, bere buruari galderak egiteaz eta egoera zinematografiko aldakor bati aurre egiteko etorkizunean eskaini beharko diren erantzunak ematen saiatzeaz gain.
Hizketaldiak
Zinemaldiaren inaugurazio-jardunaldian (ostirala, hilaren 20a), bi saio egingo dira Tabakaleran. Alde batetik, zinema-aretoan Francine Maisler estatubatuarrarekin hizketaldi bat egingo da, María Laura Berch argentinarrak moderatua. Biak casting-zuzendaritzan aritu dira; zehazki, Maislerrek Alejandro Gómez Iñárritu, Greta Gerwig, Gus Van Sant, Terrence Malick eta Paul Greengrass zinemagileekin lan egin du; Berchek, berriz, J. A. Bayonaren La sociedad de la nieve / Society of the Snow (Perlak 2023) filmean parte hartu du, baita Benjamín Naishtat, Celina Murga, Paula Hernández, Diego Lerman, Luis Ortega eta Martín Rejtman zinemagileen proiektuetan ere, besteak beste.
Bestetik, Euskal Aktoreen Batasunarekin (EAB) lankidetzan, Glamourraren atzean: aktorea kontratazio-paradigma berrien aurrean saioa egingo da. Bertan, María José Zulueta agente artistikoak eta Eva Leira eta Yolanda Serrano casting-zuzendariek parte hartuko dute, Sara Mora abokatuarekin batera. EABko idazkari nagusi Alizia Otxoak moderatutako hizketaldi hori Tabakalerako Z Aretoan egingo da.
Hurrengo egunean, Sean Baker zinemagile estatubatuarra izango da protagonista Tabakalerako zinema-aretoan. Perlak sailean programatutako Anora filmarekin Urrezko Palma irabazi zuen Bakerrek Cannesko jaialdiaren azken edizioan. Zuzendariak hirugarrengoz hartuko du parte sailean aurten, The Florida Project (2017) eta Red Rocket (2021) filmen ondoren.
Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik da CIMArekin eta Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldearekin elkarlanean antolatutako hizketaldiaren izenburua. Hilaren 23an, Inés Nofuentes eta Beli Martínez ekoizleak eta Lara Izaguirre zuzendaria bilduko dira Z aretoan, Salima Jirari eduki- eta aniztasun-aholkularia izanik moderatzailea.
Hilaren 24an bi hizketaldi egingo dira Tabakalerako Z aretoan. Goizean, Justin Edgar zuzendariak eta Shani Dhandak −desgaitasunak dituzten pertsonen inklusioan adituak− Aniztasuna eta inklusioa pantailan eta pantailatik kanpo hizketaldian parte hartuko dute. Hitzordua BFI British Film Institute erakundearekin elkarlanean antolatu da eta Claire Bainesek −BFIko inclusion partnerrak− moderatuko du.
Arratsaldean, James Verdesoto. Istorioak kontatzeko artea: Film ikonikoen kartelak hizketaldia gauzatuko da. James Verdesoto AEBn bizi den diseinatzaile grafiko ekuadortarra izango da protagonista, Ocean's Eleven eta Pulp Fiction filmetarako (besteak beste) kartel enblematikoen egilea berau. Bere mintzaldian, film baten esentzia atzemateaz gain, kultura zinematografikoaren sinbolo iraunkor bihurtuko diren zinema-kartelak sortzeko arteaz hitz egingo digu Verdesotok.
Hilaren 26an Narratiba berriak: lente klimatikoa zineman hizketaldia eskainiko da Z aretoan, larrialdi klimatikoaren inguruko kontakizun alternatibo, positibo eta errealistak sortzeko aukerari buruz hausnartuz. Hizketaldi horretan Elham Ehsas zinemagile eta gidoigile britainiarrak, Eneko Muruzabal Bilibineko aholkulariak eta Greenpaceko ekofeminismoaren arloko koordinatzailea den Nerea Ramírezek hartuko dute parte. Saioa Climate Spring taldeko Len Rowlesek moderatuko du.
Hurrengo egunean, Guy Lodge kritikari eta idazlea izango da Hedabide berriak: zinema eta jaialdiak sare sozialen garaian hizketaldiaren moderatzailea. Wendy Ide (The Observer), Diego Batlle (Otroscines.com) eta Pepa Blanes (Cadena Ser) profesionalek parte hartuko dute bertan.
Hizketaldiak: Nest
Nesten −Donostia Zinemaldiaren barnean nazioarteko zinema-ikasleentzat antolatzen den film laburren lehiaketaren− esparruan programatutako lau hizketaldi ere biltzen ditu programak. Topaketa horiek guztiak Tabakalerako zinema-aretoan egingo dira.
Astelehenean −hilaren 23an−, Elena López Riera errealizadoreak moderatuko duen hizketaldi bateko protagonista izango da Leos Carax zinemagilea. Les amants du Pont-Neuf (1991), Holy Motors (2012), Annette (2021) eta beste lan batzuekin hainbat lehiaketatan saritua, Caraxek Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du aurten C'est pas moi / It's Not Me film ertainarekin (Cannes Premiere atalean jasoa); López Rierak ere film ertain bat aurkeztuko du Zinemaldiko sail irekienean: Las novias del sur / Southern Brides, Cannesko Semaine de la Critique atalean estreinatua, hain zuzen ere.
BIMErekin lankidetzan, hilaren 24an musikaren eta zinemaren gaineko hizketaldi bat egingo da, Antón Álvarezen (C. Tangana) partaidetzarekin. Izan ere, Álvarezek New Directors sailari hasiera emango dio zuzendu duen lehen film luzearekin, La guitarra flamenca de Yerai Cortés izenekoarekin. Álvarezekin izango dira Yerai Cortés eta Harto Rodríguez, filmeko musikaren egileak biak Álvarezekin batera.
Hilaren 25ean (asteazkena) Jane Schoenbrunen txanda izango da. Zinemagileak Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du I Saw the TV Glow film luzearekin, Berlinaleko Panorama sailean programatu eta Sundance zinema-jaialdiko Midnight sailean estreinatu zuen obrarekin, hain justu. Bere aurreko lanak A Self-Induced Hallucination (2018) dokumentala eta We're All Going to the World's Fair (2012) fikziozko film luzea dira.
Bestalde, Laura Carreira beste hizketaldi baten protagonista izango da hilaren 26an (osteguna). Hainbat film labur arrakastatsu zuzendu ondoren, zinemagile portugaldarrak On Falling bere lehen film luzea aurkeztuko digu Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Hizketaldian filma egiteko prozesuari buruz hitz egingo du, baita zinemak aldaketak sustatzeko duen aukerei buruz ere.
Hizketaldiak: Industria
Zinemaldiko Industria sailarekin lankidetzan, Pentsamendua eta Eztabaida arloak ohiko telesail-jardunaldia antolatu du, Serieen jardunaldia: Loa kentzeko istorioak. Krimenezko serieen arrakasta Espainian izenburua izango duena. Topaketa hilaren 21ean izango da (larunbata), eta mundu osoan hazten ari den fenomeno bat aztertuko dute Susana Herreras ekoizleak, Laura Sarmiento sortzaile eta gidoigileak eta Elías León Siminiani errealizadore eta ekoizleak.
Asteartean (hilaren 24a), Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak, Mugen Gainetik elkartearen eta 2030 Agendarekin elkarlanean antolatutako Errealitate transmaskulinoak zinema iberoamerikarrean barneratuz hizketaldian, zuzendaritza eta gidoigintzan (Afioco Gneco), ekoizpenean (Charli Bujosa) eta casting-zuzendaritzan (Do Bofill) diharduten profesionalek hartuko dute parte, eta Emilio Papamija (trans pertsonen ordezkapen eta ikerketaren zuzendaria ODA delakoan, Ikus-entzunezkoen Aniztasunaren Behatokian) izango da moderatzailea.
Zinemaldia & Technology ekimenaren −teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak estutzeko helburua duen Zinemaldiaren atalaren− esparruan, Zinemaldia & Technology: Adimen artifizial sortzaileak hobeto bizitzen laguntzen al gaitu? hizketaldia egingo da hilaren 26an (osteguna). Moderatzailea AC Coppens (The Catalysts) izango da, eta hauek hartuko dute parte bertan: Judith Membrives i Llorens (Algorightseko ikertzaile eta sortzaileetako bat), Margarita Grubina (Reespecher taldeko negozio-garatzailea) eta Ignacio Lacosta (VFXen gainbegirale seniorra XRelity Studios konpainian).
Hizketaldi horiez gain, Industria Sailak hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatuko ditu hainbat gairen inguruan (hala nola ikus-entzunezko ekosistema europarra sendotzeko aliantzak eta inbertsioak). Orobat, hirugarren urtez jarraian, Inbertitzaile Sortzaileen Topaketa (Spanish Screenings: Financing & Tech) antolatuko du, gaur egun nazioarteko finantzaketan eta koprodukzioan existitzen diren joerei buruzko mintzaldiak eta hizketaldiak proposatuko dituen ekitaldia, hain zuzen ere.
HIZKETALDIEN PROGRAMA
Besterik adierazi ezean, hizketaldietarako doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Tabakalerako leihatilan egongo dira eskuragarri, saio bakoitzaren bezperatik aurrera. Akreditaziodunak sarrerak erreserbatzeko online sistemaren bidez sartu ahalko dira.
Ostirala, hilaren 20a, 12:00etan, Tabakalerako Zinema-aretoa
Ostirala, hilaren 20a, 18:00etan, Tabakalerako Z aretoa
Larunbata, hilaren 21a, 12:00etan, Tabakalerako zinema-aretoa
Larunbata, hilaren 21a, 17:00etan, Tabakalerako Z aretoa
Astelehena, hilaren 23a, 11:00etan, Tabakalerako Z aretoa
Astelehena, hilaren 23a, 12:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Asteartea, hilaren 24a, 10:30ean, San Telmo Museoko ekitaldi-aretoa
Asteartea, hilaren 24a, 11:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Asteartea, hilaren 24a, 17:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Asteartea, hilaren 24a, 15:30ean, Tabakalerako zinema-aretoa
Asteazkena, hilaren 25a, 15:30, Tabakalerako zinema-aretoa
Osteguna, hilaren 26a, 12:00etan, Tabakalerako Prisma
Osteguna, hilaren 26a, 15:30ean, Tabakalerako zinema-aretoa
Osteguna, hilaren 26a, 17:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Ostirala, hilaren 27a, 16:00etan, Tabakalerako Z aretoa