"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema iberoamerikarrean transmaskulinitatearen irudikapenari buruzko elkarrizketa, zinema industria inklusiboa eta segurua eraikitzeko moduari buruzko iritziak eta ideiak partekatzeko helburuarekin. Iberoamerikako industriako profesionalen esperientzia abiapuntutzat hartuta, ikuspegi transbertsalak eraikitzeko gertatzen ari diren estrategietan eta aldaketetan oinarrituko da elkarrizketa. Narratiba zinematografikoek begirada berriak nola ekartzen dituzten aztertuko da, iragana berriro bisitatuz eta etorkizun inklusiboagoa irudikatzeko erreferente berriak arakatuz.
Emilio Papamija trans gaietako ikerketa- eta ordezkaritza-zuzendaria da ODAn (Ikus-entzunezkoetako Aniztasunaren Behatokia). Intimact erakundearen kolaboratzailea ere bada, intimitatea koordinatzeko erakunde aitzindaria Espainian, eta genero-politiken eta mendeko pedagogien aholkulari independentea.
Do Bofill aktore trans ez binario-maskulinxa, casting-zuzendaria eta aktoreen coacha da. Arteetan lizentziatua Santiago hiriko (Txile) Finis Terrae Unibertsitatean antzerkigintza-aipamenarekin. Besteak beste, As Bestas, Cerdita eta La consagración de la primavera proiektuetako casting-zuzendaritzako laguntzailea izan da, bai eta Anekumen eta Entró con un hacha lanetako casting-zuzendari ere, aktore-coachaz gain.
Charli Bujosa Cortés (Palma, 1989). 2019an Bubota zuzendu eta ekoitzi zuen, bere lehen film laburra. 2021ean Mansalva Films etxea sortu zuen hurrengo lanak ekoitziz: Todo está perdido animaziozko film laburra (2024an Goya saria jasotzeko izendatua) eta Una zona ajardinada dokumentala, 2023an DocumentaMadrid saria irabazi zuena.
Afioco Gnecco italotxileniar zuzendari eta gidoilaria da. Zilarrezko Biznaga irabazi zuen joan den Malagako Zinemaldian Ciao Bambina film laburrarekin. Eta gaur egun Este cuerpo mío filmatzen amaitu berri du, Carolina Yusterekin batera zuzendutako film luze dokumentala, trans maskulinitateak aztertzen dituena.