Sei film lehiatuko dira RTVE-Beste Begirada XVII. Saria eskuratzeko Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan (irailaren 22tik 30era). RTVEk −Zinemaldiaren babesle ofizialak− urtero ematen dio sari hau emakumearen errealitatetik hurbil dauden gaiak arlo guztietan lantzen dituen film luze bati. Beren filmetan askotariko gaiak genero-ikuspegitik jorratzen dituzten sortzaileek −nola emakumeek hala gizonek− zuzendutako, antzeztutako edo idatzitako zinema, hain justu.
Aurtengo edizioko epaimahaia Chelo Aparicio RTVEko kontseilariak, Chelo Loureiro zinema-zuzendari eta ekoizleak eta Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondarearen zuzendariak osatzen dute.
Sail Ofizialeko bi lan lehiatuko dira sari horretarako: Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt (AEB) eta Kitty Greenen The Royal Hotel (Australia). Bestalde, New Directorseko Hi Mom (Errusia) −Ilya Malakhovak zuzendua− eta Ashil (Iran-Alemania-Frantzia) −Farhad Delaramek zuzendua− ariko dira lehian. Perlak sailari gagozkiola, Stéphanie Di Giustoren Rosaliek (Frantzia) hartuko du parte; eta Zabaltegi-Tabakalerari dagokionez, azkenik, Delphine Girarden Quitter la nuitek (Belgika-Frantzia-Kanada).
Saria irailaren 30ean (larunbata) entregatuko da Zinemaldiaren amaiera-galan.
Saria lortzeko lehian ariko diren lanak edizio bakoitzean estreinatzen direnen artean hautatzen ditu Zinemaldiak. Iaz Isabel Coixeten El sostre groc filma saritu zuten, eta aipamen berezia egin zioten Marie Kreutzerren Corsage pelikulari.
RTVEk bi gala egingo ditu Donostian, taldeak partaidetutako Chinas eta La ternura filmak aurkezteko, eta lau film estreinatuko ditu hor Sail Ofizialean (Un amor, El sueño de la sultana, O corno eta They Shot the Piano Player), bat New Directors sailean (La estrella azul) eta Víctor Ericeren Cerrar los ojos (Donostia Sariaren emanaldia).
Sail Ofiziala
Raven Jackson olerkari, argazkilari eta zinemagilearen lehen film luzea Mississippiko emakume baten bizitzako hainbat hamarkada hartzen dituen esplorazio lirikoa da, geruza askoko erretratu aztoragarria eta forma ematen diguten pertsonen belaunaldiei eta lekuei egindako oda ederra.
Hanna eta Liv, bi lagun estatubatuar, motxilero gisa ari dira bidaiatzen Australian. Dirurik gabe geratu ondoren, Livek, abentura baten bila, The Royal Hotel izeneko pub batean (outbackeko meatze-herri urrun batean) aldi baterako zerbitzari-lan bat onartzeko konbentzituko du Hanna. Tabernako jabe Billyk eta hango pertsona talde batek Australiako alkoholaren kulturari buruzko sarrera zoro bat eskainiko diete, baina egoera kezkagarri batean harrapatuko dituzte laster Hanna eta Liv eta berehala galduko dute kontrola.
New Directors
Ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte batek bidaia labur bat hasiko du osasun mentaleko arazoak dituen paziente batekin, benetan nor den jakiteko. Erabaki bat hartu beharko du protagonistak: emakumearekin ihes egin ala emakumea ospitalera eraman.
Kirak 36 urte ditu. Pulkovoko aireportuko dei-zentroan lan egiten du, eta Vera ahizpa gaztearekin eta horren alabekin bizi da. Duela pare bat urte, amak etxetik bota zituen bi ahizpak, eta desagertu egin zen gero. Kirak onartu egin beharko du ama hilda dagoela eta aurrera egin behar duela. Horretarako, heriotza-ziurtagiria lortu behar du, herentzia erreklamatu eta arreba eta ilobengandik bereiz bizitzen hasi. Bizitza berri bat izango du zain, baina Kirak ez du ezer aldatu nahi eta ama noiz itzuliko egiten du amets.
Zabaltegi-Tabakalera
Gau batean, arriskuan den emakume batek poliziari deitu eta Annak dei hori hartuko du. Gizon bat atxilotuko dute. Asteak igaro eta auzitegiek frogak bilatu ahala, Aly, Anna eta Daryk ahaztu ezinezko gau hartako oihartzunei aurre egin beharko diete.
Perlak
Frantzia, 1870. Rosalie ez da gainerako gazteak bezalakoa. Sekretu handi bat ezkutatzen du: jaio zenetik, bere gorputza eta aurpegia ilez estalita daude eta disimulatu egin behar izan du hori bazterkeriarik ez jasateko. Emakume bizarduna da, alegia. Berak ez zuen inoiz feria-atrakzio bihurtu nahi izan. Egun batean, zor gehiegi dituen kafe baten jabeak Rosalierekin ezkontzea erabakiko du, haren ezkonsariak erakarrita, baina emakumearen sekretua jakin gabe. Alabaina, Rosalie aspertuta dago ezkutatzeaz, eta emakumetzat hartua izan nahi du, desberdina izan arren. Zer pentsatuko du senarrak egia jakitean?