Reas (Lola Arias); Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe it's True What They Say About Us (Camilo Becerra eta Sofía Paloma Gómez); Mi bestia (Camila Beltrán); Selva / Jungle (Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos García); Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays (Iair Said) eta Sombra Grande / Big Shadow (Maximiliano Schonfeld) dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan profesionalen entzunaldi batean aurkeztuko diren sei film luze latinoamerikarrak. WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango diren sei lan horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.
Lola Arias antzerkigile eta idazle argentinarrak Reas –bere bigarren filma– aurkeztuko du; Teatro de Guerra / Theatre of War (Zabaltegi-Tabakalera, 2018) filma bezalaxe, errealitatearen eta fikzioaren artean murgiltzen da Reas. Oraingo honetan, euren iragana berreraikitzen duten eta etorkizuna musikal baten moduan irudikatzen duten preso ohiak –emakumeak zein trans pertsonak– dira protagonistak. Proiektu-fasean zegoela, 2020an Reas filmak Visions du Réel jaialdiko HEAD Pitchings du Réel saria irabazi zuen.
Camilo Becerrak eta Sofía Paloma Gómezek Txile eta Argentinaren arteko koprodukzio bat zuzendu dute: Quizás es cierto lo que dicen de nosotras. Colliguayko sektaren kasuan oinarritua, emakume psikiatra baten eta haren alabaren (sektako kidea) harremanean oinarritzen da filma, hilketa baten ikerketa atzean dagoela.
Mi bestia Camila Beltránen lehen film luzea dugu; Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen zinemagile kolonbiarrak 2020an, eta ArteKino International Award saria irabazi zuen bertan. Filma Bogotan girotuta dago, eta hiriak behin eta berriz elektrizitate-etenaldiak jasaten dituela kontatzen digu; Deabruaren etorrerari buruzko zurrumurrua zabaltzen ari da, eta inguruabar horiek eragin handia dute protagonistarengan (neskato nerabe eraginerraz bat).
Juan Miguel Gelacio eta Esteban Hoyos kolonbiarrek euren lehen filma aurkeztuko digute, Selva, Bogotan kokatua; protagonistaren azken egunak deskribatzen dizkigu filmak, lanean dei enigmatiko bat jaso ondoren eta flamenko talde misteriotsu batek hiria hegan zeharkatzen duen bitartean.
Los domingos mueren más personas Iair Said argentinarraren bigarren filma da; komedia gazi-gozo honek, judu homosexual gazte baten gorabeherak kontatzen dizkigu, bere jaioterrira itzuli behar duenean aitaren azken egunei aurre egiteko. Saiden film laburrak Cannes eta BAFICIn proiektatu ziren.
Sombra Grande filmarekin, Maximiliano Schonfeld argentinarra Donostian izango dugu berriz; 2021ean Jesús López pelikula estreinatu zuen Horizontes Latinos sailean, WIP Latametik igaro ondoren, eta 2022an Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen Frankenstein egitasmoarekin. Sombra Grande Entre Ríos probintzia argentinarrean dago girotuta, etorkin alemanen ondorengoen bizileku den toki batean. Bertan lagun talde batek desagertutzat jotzen zen hizkuntza bati buruzko pelikula bat filmatzeko asmoa du.
WIP Latamen aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean: aurtengo edizioan, WIP Latamen 2022ko edizioan saritutako izenburuetako bi –Guto Parenteren Estranho Caminho / A Strange Path eta Martín Benchimolen El Castillo / The Castle– Horizontes Latinos sailean lehiatuko dira, hurrenez hurren Tribecako zinema-jaialdian eta Berlinalean parte hartu ostean; 2021ean, bestalde, Manuel Abramovichen Pornomelancolía filmak Argazkigintza Onenaren Saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian, Ikusmira Berriak programan (2018) eta WIP Latamen (2021) esku hartu ondoren. Ekimen honetako parte hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Latam Industriaren Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido eta Sherlock Films. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean, eta film irabazlea Espainian banatzean datza.
WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria. 30.000 euro gordinetan datza, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.
David −erdi klaseko judu gazte homosexual bat, lodikotea eta hegan egiteari beldurra diona−, Europatik Buenos Airesera itzuliko da osaba hil zaiolako. Itzultzean, Davidek jakingo du amak aitaren arnasgailua deskonektatzea erabaki duela, aspalditik gizona bizirik mantentzen duen gauza bakarra. David haurtzaroko etxera itzuliko da, eta amarekiko elkarbizitza intimoaren eta estutasun existentziala betetzeko gogo biziaren artean biziko da. Buenos Airesen egunak aurrera doazen bitartean, ospitalean diharduen aita saihesten ahaleginduko da David, baina patuak edozer egingo du topaketa hori gerta dadin.
Bogota, 1996. Herritarrak izututa daude, iristear den ilargi-eklipse batean deabrua iritsiko delaren zurrumurrua zabaltzen ari delako. Mila nerabe asaldatua gertatzen zaion guztia seinale gisa ikusten hasiko da. Inguruan duen munduak kaltegarriagoa dirudi eta bera ere aldatzen ari dela sentitzen du Milak.
Ximena psikiatra arrakastatsuak alaba nagusi Tamararen ezusteko bisita izango du, aspaldian elkar ikusi gabe egon ondoren. Komunitate espiritual batean egon da Tamara, eta egonaldi horrek zeharo aldatu eta aldendu du. Tamarak amaren etxean aterpea hartzen duen bitartean, ikerketa bat abiarazi da Tamararen haurtxo jaio berria inguruabar bitxietan desagertu dela-eta sekta horren barnean. Justizia zein Ximena haurtxo desagertuarekin zer gertatu den argitzen saiatuko dira.
Yoselik Eiffel dorreko tatuaje bat du bizkarrean, eta Ezeizako aireportuan atxilotu zuten droga-trafikoa egotzita. Nacho trans mutil bat da, iruzur egiteagatik atxilotu eta kartzelan rock talde bat sortu zuena. Emakumeen kartzelan bertan egon ziren espetxeratuta, baina ez zuten elkar ezagutu filma egin arte. Reas dokumental-musikal bat da, askatasunaz gabetu ziren pertsonak protagonista dituena. Caserosen antzinako kartzelan, iraganeko bizitzako eszenak berregiten eta etorkizuneko bizitza musikal baten eran irudikatzen dute, non beraiek abesten, dantzatzen eta antzezten duten.
Flamenko talde bat Bogota hiriaren gainetik aritu da hegan azken egunotan. Inork ez daki nondik datozen txoriak: zalantzarik gabe, galdu egin dira. Julián ere galduta dago: call center batean lanean eman ditu azken bost urteak, pilotu automatikoa jarrita zuela, eta bizitzatik deskonektatuta sentitzen da. Lanean dei misteriotsu bat jaso eta desagertu egingo da protagonista arrastorik utzi gabe. Filmak Juliánek Bogotan emandako azken egunen arrastoari jarraitzen dio, beretzat esanguratsuak diren pertsonekiko harremanak eta ahanzturarako azken bidaia.
Duela urte batzuk, itxuraz galduta zegoen hizkuntza bat −chaná izenekoa− hitz egiten zuen gizon bat agertu zen. Handik gutxira hiztegiak argitaratu eta hizkuntza erabat berreskuratu zen. Gizon horrek, halaber, gaur egun Volgako alemanen bizileku den toki berean kokatu zituen chanák, Entre Ríos probintzian; komunitate horren dialektoa ere galtzen ari da hor. Izen bereko poema-liburuan oinarritua, alemaniarren herrixka haietan bizi den eta hizkuntza berriari buruzko film bat prestatzen ari den lagun talde baten istorioa da Sombra Grande.
WIP Latam ekimena Ibermedia Programaren laguntzari eta Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, EGEDA - Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones, No Problem Sonido, Projeto Paradiso eta Sherlock Films taldeen lankidetzari esker gauzatu ahal da.
Industria Saila ondorengoen babesarekin