"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
65. Donostia Zinemaldian zehar industriako jarduera ugari gauzatuko dira. Horiek guztiak Agenda Profesionalean zehaztuta daude eta Zinemaldiaren webgunean unean-unean eguneratuko dira. Industriako akreditatuek egunero jasoko duten News Flashean ere agertuko dira eguneratzeak.
Donostia nazioarteko industriaren topagunea izango da Zinemaldi osoan zehar, eta bereziki hilaren 24, 25, 26 eta 27an, Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroa, Zinema Eraikitzen 32 eta industriako jarduera berria Glocal in Progress ekimenak ospatuko diren egunetan.
Jardunaldiak, bilera eta topaketa profesioalak, aurkezpenak eta mahai-inguruak programatuko dira. Horiek guztiek harremanak, lankidetza eta pelikulen nazioarteko zirkulazioa ahalbidetuko dute.