"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
63. Donostia Zinemaldian zehar industriako jarduera ugari gauzatuko dira. Horiek guztiak Agenda Profesionalean zehaztuta daude eta Zinemaldiaren webgunean unean-unean eguneratuko dira. Industriako akreditatuek egunero jasoko duten News Flashean ere agertuko dira eguneratzeak.
Donostia nazioarteko industriaren topagunea izango da Zinemaldi osoan zehar, eta bereziki hilaren 21, 22 eta 23an, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen ekimenak ospatuko diren egunetan.
Profesionalen arteko bilerak eta topaketak, aurkezpenak, prentsaurrekoak, mahai-inguruak eta ekitaldiak programatuko dira. Horiek guztiek profesionalen arteko harremanak egitea, kooperazioa bultzatzea eta pelikulen nazio mailako zirkulazioa ahalbidetuko dute.