Orona Fundazioak eta Donostiako Zinemaldiak berritu egin dute elkarrekiko lankidetza-hitzarmena, eta, honenbestez, Zinetek babesten jarraituko dute. Laugarren urtea du aurten proiektu horrek.
Hitzarmenaren arabera, bi erakundeek Zinetek film-zikloa sustatuko dute. Zineklub-formatua izango du ekimenak, eta helburua, berriz, gazteak enpresa- eta berrikuntza-alorretara hurbiltzea. Bi arlo horiek Orona Ideo eremu berezian daude uztartuta, unibertsitatea, ikerketa eta enpresa biltzen baititu Orona Ideok, eta han dago Orona Fundazioa ere.
Aurten, urritik apirilera bitartean proiektatuko diren sei filmak Batxilergoko, lanbide-heziketako eta unibertsitateko zenbait ikaslek aurkeztuko dituzte, eta haiek antolatuko dituzte proiekzio ondorengo mahai-inguruak ere. Eztabaidagune izango dira ekitaldi horiek, ikasleek etorkizunean beharko dituzten zenbait gaitasun gara ditzaten, batez ere lan-mundurako baliagarriak: talde-lana, proiektukako kudeaketa, komunikazio-trebetasuna...
Ekimen hori Gipuzkoako ikastetxe guztietara hedatzea da asmoa; orain arte, izan ere, Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Donostialdekoetara bakarrik iritsi da.
Duela lau urte sortu zen Zinetek proiektua, eta hainbat film proiektatu dira, guztiak ere enpresaren, giza baliabideen eta teknologiaren alorretakoak. Guztira 2.500 gaztek baino gehiagok ikusi dituzte film horiek, aberastasun intelektualeko eta belaunaldien arteko elkarrizketa-, partaidetza- eta topaketa-giroan, heldu batzuk ere joan baitira proiekzioetara.
EIECINE
Aurreko urteetan bezala, Orona Fundazioak 5.000 euroko saria eman dio Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako film labur berritzaileenari. Aurten, Elsa Rosengren zuzendariaren Zeit Der Unruhe / News 23/06/2016 filmak jaso du saria.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate Fakultateko (HUHEZI) zenbait ikaslek osatutako epaimahai batek eman du saria. Epaimahaikideek ekimenaren jarduera guztietan hartu dute parte: eskola magistraletan, aurkezpenetan, mahai-inguru eta proiekzioetan, lantegietan, XVI. Topaketaren inaugurazio- eta amaiera-ekitaldietan... Tabakaleran izango dira ikusgai XVI. Topaketan saritutako film laburrak 2018ko udaberrian.
Inguruko garapen kulturala, soziala eta ekonomikoa bultzatzeko antolatzen diren ekimenei laguntzeko Fundazioaren asmoari jarraikiz berritu da lankidetza-hitzarmena. Ekimen horien artean dago, besteak beste, Donostiako Zinemaldia. Orona Fundazioaren iritzian, funtsezkoa da hezkuntza-komunitateak jarduera horietan parte hartzea.
Proiektu horren bidez, bere lanaren zutabe nagusietako batzuk tinkatzen ditu orona Fundazioak; adibidez, jarduerak antolatzea gazteen trebakuntza zabaltzeko eta osatzeko, eta guneak sortzea gazteen gaitasunak hobetzeko.
Hitzarmen honen bidez, gazteen artean espiritu kritikoa eta zinemazaletasuna sustatzeko konpromisoa sendotzen du Donostia Zinemaldiak.
AURTENGO PROGRAMA
2017/ 2018
+ EIECINE saria irabazi duten film laburren emanaldia
LEHEN HIRU EDIZIOETAKO PROGRAMAZIOA
2015/2014
+ EIECINE saria irabazi duten film laburren emanaldia
2015 /2016
+ EIECINE saria irabazi duten film laburren emanaldia
2016/2017
+ EIECINE saria irabazi duten film laburren emanaldia