Beste behin, EiTBk irailaren 22tik 30era bitartean izango den Donostia Zinemaldiari leihoa zabalduko dio bere hedabideetan. Halaber, zinema-jaialdiaren aurtengo edizioan ETBk babestuta parte hartuko duten sei ekoizpenetatik bi, Morir eta Handia, Sail Ofizialean ikusi ahal izango dira.
Astelehen honetan, irailak 11, lankidetza hitzarmena sinatu dute José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendariak, eta Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusiak. Hartara, Euskal Irrati Telebistak Zinemaldiaren inguruko tarte eta emanaldi bereziak izango ditu telebistan, irratian eta interneten.
ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en tarte berezia eskainiko diote, beraz, zine ekitaldi bereziari. Irekiera (irailak 22) eta itxiera galak (irailak 30) ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, Euskal Zinema eta ETB Gala eta Donostia Sariak internet bidez emango dira (streaming bidez) eta baita telebistaz ere, oraindik katea eta ordua zehaztu gabe badaude ere.
ETBko albistegietan tartea izango du egunero Zinemaldiak. Albistegietan zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde osoa arituko da lanean guztiaren berri emateko bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!', eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere jarraipen estua egingo diote.
‘EiTB Kultura Transit’-ek bi saio eskainiko dizkio Zinemaldiari
'EiTB Kultura Transit'ek irailaren 21eko eta 28ko programak eskainiko dizkio Donostia Zinemaldiari. Lehenengo saioan, irailaren 21ean, inaugurazioaren bezperan, aurtengo edizioaren nobedadeak kontatuko ditu José Luis Rebordinosek. Gainera, hobeto ezagutuko dugu Zinemaldia bera eta baita bere zuzendaria ere. Hurrengo programan, 28koan, Julia Juániz aurtengo Zinemira Saria jasoko duen errealizadore eta muntatzaile nafarrari elkarrizketa egingo diote eta aurtengo Zinemaldiaren beste protagonista batzuekin hitz egingo dute. Berebat, Zinemadian aurkeztuko diren euskal film batzuk eta horien egileak aurkeztuko dituzte Sortzaileak atalean.
eitb.eus-ek, berriz, gune berezia eskainiko dio eta bertan Zinemaldiak ematen duena bere ikuspegitik landuko du. Halaber, streaming-ez emango ditu ekitaldi berezienak. Bideoak eta argazki galeriak argitaratuko ditu webguneak eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako edukiak kaleratuko dituzte. Arreta berezia egingo diote Euskal Zinema eta ETB Galan aurkeztuko den Elkarrekin-Together dokumentalari eta Handia filmari.
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
ETBk babestutako sei ekoizpen Donostia Zinemaldian
ETBk babestutako sei produkzio izango dira Zinemaldian. Nabarmentzekoa da horietako bi Sail Ofizialean egongo direla: Aitor Arregik eta Jon Garañok euskaraz errodatutako Handia lehiaketan, eta Fernando Francoren Morir emanaldi berezietan.
Halaber, Zinemiran Nur eta herensugearen tenplua Juanba Berasategiren azken filma eskainiko da. Irailaren 26an izango den Euskal Zinemaren eta ETBren Galan, berriz, Elkarrekin-Together dokumentala proiektatuko dute. Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoaren zuzendaritzapean, euskal arkeologo talde batek AEBko uharte urrun batera egiten duen bidaia du ardatz Victoria Eugenia antzokian emango den lanak.
Bestalde, Belodromoko emanaldi jendetsuan Antonio Cuadrik zuzendutako Operación Concha komedia izango da ikusgai.
Azkenik, Glocal in progress, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei zuzenduta dagoen sail berrian, Telmo Esnalen Dantzak parte hartuko du, oraindik errodatze prozesuan badago ere.