72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Atzera begirako tematikoa: .doc - Ez fikzioaren bide berriak
Atzera begirako tematikoa: .doc - Ez fikzioaren bide berriak
Apichatpong Weerasethakul
Tailandia 
83 min.
Errealitatea eta fikzioa nahastu egingo dira "cadavre exquis" izeneko teknikaren bitartez errodaturiko dokumental esperimental honetan. Teknika hori surrealistek erabiltzen zuten eta hitz edo irudi sorta bat elkarri lotzea du helburu. Gidoi zehatzik gabe, errodatze-taldea Tailandia osoan barrena ibiliko da eta askatasun osoa emango die bertako biztanleei haur elbarri baten eta bere irakaslearen istorioa kontatzeko.
Julien Temple
Britainia Handia-AEB 
108 min.
Sex Pistols taldeak bi urte pasatxo baino ez zuen iraun eta disko bakarra grabatu zuen; hala ere, musikaren panorama erabat aldatu zuen. Dokumental hau bandari buruzko lan izugarria da; haien ibilbidea jarraitzen du, 70eko hamarkadako Londreseko kale zikinetatik eta Ingalaterraren historia sozialaren funtsezko une batetik abiatuta, Estatu Batuetako biran eztanda egin zuten arte.
José Luis Guerin
Espainia 
125 min.
Erreforma plan baten mehatxupean dagoen Bartzelonako Raval auzoan etxebizitza-bloke bat eraikitzen hasiko dira. Eraikuntzaren bilakaerak, eraikina altxako den eremua haurrak futbolera jolasteko erabiltzen zuten lursaila zenetik amaierako fasera arte, auzoko biztanleen bizitza markatuko du.
Naomi Kawase
Japonia 
50 min. Film ertaina
Maitasunari, memoriari eta bakardadeari buruzko filma da hau. Naomi Kawase bere aita zenarekin bakeak egiten saiatuko da. Ez zuen inolako traturik izan hazten ari zen bitartean, baina hark zeramana bezalako tatuaje bat egin ala ez egin pentsatzen ari da.
Claude Lanzmann
Frantzia 
95 min.
Dokumentalaren oinarria, 1979an nazien izugarrikeriei buruzko Shoah filma errodatzen zen bitartean Claude Lanzmannek Yehuda Lerner-i egindako elkarrizketa da. Sobibor filmak sarraskitze-esparru batean arrakasta izan zuen matxinada bakarrari buruz hitz egingo digu: hogei bat judutar presok aizkorakadaka hil zituzten 16 ofizial aleman, eta elektrizitatea moztu eta ihes egitea lortu zuten.
Harun Farocki
Alemania 
58 min.
1991n, Golkoko Gerraren iduriek nazioarteko hedabide guztiak hartu zituztenean, ia ezinezkoa zen egiazko irudiak ordenagailuz eginikoetatik bereiztea. Jatorrizko eta artxiboko materialaren laguntzarekin Harun Farockik estrategia militarraren eta ekoizpen industrialaren arteko harremana zehaztuko du, eta gerraren teknologiak eguneroko bizitzan aplikazioak nola aurkitzen dituen argituko digu.
Jørgen Leth, Lars von Trier
Danimarka-Suitza-Belgika-Frantzia 
90 min.
1967an Jørgen Lethek 13 minutuko film laburra egin zuen, Det perfekte menneske (The Perfect Human) izenekoa. Dokumentalak gizakien portaera zuen aztergai. 2000. urtean Lars von Trierrek film labur horren bost "remake" egiteko desafioa bota zion, baina film bakoitzak traba bat izango zuen eta zuzendariak zorrotz errespetatu beharko zituen. Prozedura horrekin, azkenean, bi zuzendariek zalantzan jarriko dituzte dokumentalaren generoari buruzko konbentzioak.
Nick Broomfield, Joan Churchill
Erresuma Batua-AEB 
90 min.
Nick Broomfield zuzendariak Aileen Carol Wuornos prostitutari buruz egin duen bigarren lana da. Emakumea 2002. urtean exekutatu zuten Floridan zazpi gizon hiltzeagatik. Gainera, Aileenen epaiketan Broomfieldek emandako testigantza ere biltzen du.
Errol Morris
AEB 
95 min.
Kennedy eta Johnson presidenteekin AEBetako defentsa idazkaria izan zen Robert McNamararen bizitza eta garaia aztertzen du. McNamarak Vietnamgo gerraren lehen zatian hartutako erabakietan parte hartu zuen. Izenburuak hizkera militarrean operazio militarretako parte-hartzaileek egiazko egoerari buruz duten ziurgabetasun maila adierazteko erabiltzen den "fog of war" (gerrako lainoa) esaldiari egiten dio erreferentzia.
Albertina Carri
Argentina-AEB 
89 min.
Zuzendariak norberaren nortasunaren -berea, gizarte oso batena- eraikuntzaren inguruan hausnartzera gonbidatuko du ikuslea, abiapuntutzat norbaiten falta hartuta: Argentinako azken diktaduran desagertu eta eraildako gurasoena. Kontakizunek eta argazkiek iraganari dagokion baina orainaldian proiektatzen den errealitate bat taxutuko dute.
Jonathan Caouette
AEB 
88 min.
Jonathan Caouettek, Texaseko familia disfuntzional bateko semeak, zurrunbilo psikodelikoa osatuko du bere oroimenekin, familiako argazkiekin, hamahiru urte zituenetik etxean grabaturiko filmekin, bideo euskarrian eginiko egunerokoekin, film hasi berriekin... Caouettek, zinema eginez ikasi zuen bere haurtzaroko mamuak aldentzen, eta horrela lortuko du babesgabetasuna eta abusuak, bere begien aurrean bortxatu zuten amaren eskizofrenia, karitate erakundeetan egindako egonaldiak eta, finean, autosuntsiketa uxatzen.
Wang Bing
Txina 
555 min.
Dokumental honek hiru zati ditu: Rust (oxidoa), Remnants (arrastoak) eta Rails (errailak). 1999 eta 2001 artean grabatu zuten eta Shenyang hiriko Tiexi barrutiko industria nolakoa zen erakutsiko digu. Garai batean Txinako ekonomia sozialista kartsuaren adibide zen lekua, pixkanaka gainbeheran murgilduko da.
Rithy Panh
Kanbodia-Frantzia 
101 min.
Kanbodiako Khmer Gorrien erregimenak iraun zuen lau urteetan (1975eko apiriletik 1979ko urrira arte) biztanleen laurden bat sarraskitu zuten. Alde guztietatik etsaiak ikusten zituen sistema paranoikoan, edozein disidentzia arrasto nahikoa zen susmagarriak S-21 segurtasun espetxean sartzeko. Filmeko protagonistek (S-21eko egiazko kartzelariak eta bizirautea lortu zuten pertsonak) argi eta garbi hitz egingo digute infernu hartan izandako esperientziez.
Thom Andersen
AEB 
169 min.
Munduko hiri guztiak hartuta, oso gutxi bihurtu dira mito Los Angeles bezainbeste, bai zineman bai telebistan. Thom Andersenek xehetasun osoz aztertuko ditu hiri hori irudikatzeko moduak, oharkabean pasarazi nahi izan dutenak, zein protagonista huts bilakatu dutenak. Eta, bide batez, zinema komertzialaren ikuspegiak egiazko hiria eta bertako biztanleak desitxuratzen dituen moduagatik duen kezka azalduko digu.
Ulrich Seidl
Austria 
87 min.
Kamerak elizara maiz joaten diren sei kristauk egiten dituzten errezoak eta Jesusekin dituzten elkarrizketak jarraituko ditu. Haietako bakoitzak arrazoi desberdinak izango ditu elizara joateko. Horrela, Ulrich Seidlek kristautasunaren eta beronen jarraitzaileen ikuspegi berezia eskainiko digu. Sinestun horien bizitzak nolakoak diren jakingo dugu otoitzetan beren premiak eta kezkak adierazteko moduagatik.
Ross McElwee
AEB-Britainia Handia 
107 min.
Ipar Carolina AEBetako tabako ekoizle nagusia da. Ross McElwee zinemagilearen aitonak Bull Durham tabako marka ospetsua sortu zuen bertan, eta orain, bilobak, bidaia autobiografiko batean barrena eramango du ikuslea, tabakoaren laborantzak dituen ondorio sozial, ekonomiko eta psikologikoetan zehar; eta, aldi berean, antza bere aitonarengan oinarrituta dagoen Hollywoodeko ahantzitako melodrama bat berreskuratuko du.
Pirjo Honkasalo
Finlandia-Danimarka-Suedia-Alemania 
106 min.
Txetxenia gerra amaigabean dago murgilduta eta haurrek ondorioak jasaten dituzte. San Petersburgo parean dagoen Kronstadt irlan haur umezurtzentzako eskola militar bat ireki zuten. Han, soldadu izateko prestatzen dituzte eta txetxeniarrak beren etsaiak direla irakasten diete. Txetxenian, Xhadizhat Gataeva andreak ama lanak egiten ditu suntsituriko Grozny hiriko hondarren artetik jasotako 63 umezurtzentzat.
Michael Moore
AEB 
122 min.
Abiapuntutzat 2000. urtean Texasen petrolioaren industrian hala-moduzko postu bat izatetik AEBetako presidente izatera iritsi zen George W. Bushen aukeraketa eztabaidagarria hartzen du, eta haren aitaren eta Bin Laden familiaren arteko negozio-harreman ilunak deskribatzen ditu. Bestalde, 2001eko irailaren 11ren ondoren AEBetan gertatutakoa aztertzen du, baita Bushen gobernuak nola erabili zuen Dorre Bikien erasoa onura politikoak lortzeko ere.
Michel Khleifi, Eyal Sivan
Belgika-Alemania-Frantzia-Britainia Handia 
270 min.
2002ko udan, bi hilabetez, Eyal Sivan zinemagile israeldarrak eta Michel Khleifi palestinarrak batera bidaiatu zuten Palestinan/Israelen barrena, iparraldetik hegoaldera. Route 181 izena eman zioten ibilbideari, Nazio Batuek 1947ko azaroaren 29an emandako 181. Ebazpenak -Palestina bi estaturen artean banatzen zuena, bata judutarra eta bestea arabiarra- ezarritako irudizko muga jarraitu baitzuten. Bide horretan, mugan bizi diren israeldarrei eta palestinarrei emango diete hitza.
Yervant Gianikian, Angela Ricci Lucchi
Italia 
71 min.
Inolako elkarrizketarik ez duen artxiboko irudien bilduma hau gerraren izugarrikeriei buruzko dokumentala da. Austriako haur behartsuen irudiak (1918), 1920an hildako haur errusiarrenak, Lehenengo Mundu Gerrako beteranoen aurpegi moztuenak eta gorputz txikituenak, Mussoliniren botererako igoeraren irudiak eta italiarrek Abisinia inbaditu zutenekoak benetan ikaragarriak dira.
Werner Herzog
Alemania-Frantzia-Austria-Britainia Handia 
80 min.
Lurra bizi ezinezko leku bilakatu da eta astronauta talde bat orbitan geratuko da planetaren inguruan, ezin lurreratu. Aparteko material filmikoa erabilita eta Galileo misioko astronauten testigantzekin, Herzogek zientzia-fikziozko fantasia ikusgarria sortuko du.
Avi Mograbi
Israel-Frantzia 
100 min.
Israelgo soldatuek palestinarrei ematen dieten tratuari buruzko dokumentala da hau. Avi Mograbik Sansoni eta Masadan suizidio masiboa egin zuten zeloteei buruzko mito judutarren eta gaur egungo palestinarren esperientzia bortitzaren arteko analogia egingo du. Sansonen balentriei buruz gidaren azalpenak entzuten ari diren turista judutar talde baten irudiak palestinarrek kontrol-puntuetan jasaten duten tratu iraingarriaren irudiekin kontrajarriko ditu.
Jeff Feuerzeig
AEB 
110 min.
Dokumental honek Daniel Johnston kantautorearen historia harrigarri eta, aldi berean, izugarria erakutsiko digu. Txikitandik, Danielek sormen artistikorako joera erakutsi zuen, berak eginiko komikien eta Super 8 grabaketen bitartez. Baina drogek eta gaixotasunak Deabruarekin irudizko topaketak izatera eramango dute jeinu depresibo hau.
Sergei Loznitsa
Errusia 
52 min.
Dokumentala Bigarren Mundu Gerran gertaturiko Leningradeko setioaren irudiek osatzen dute. Irudiak Sergei Loznitsak bildu zituen, Moskuko artxibategietan. Jatorrizko soinurik gabeko irudiei kontu handiz berreraikitako soinu banda gainjarri zaie, eta horrela, setio garaiko eguneroko bizitzaren eszenek gaur egungoak dirudite.
Joaquim Jordà
Espainia 
112 min.
Historia honen hasiera El País egunkariko artikulu bat da. Artikuluak, Esther Chumillasen kasua kontatzen zuen: Cuencako 18 urteko neska honek agnosia du 15 urterekin meningitisaren diagnostikoa gaizki egin ziotelako. Joaquim Jordà zuzendaria, garun infartu baten ondorioz alexia eta ikusmenaren agnosia duena, Estherrekin harremanetan jarri zen. Más allá del espejo lehiaketaz kanpo aurkeztu zen 2006ko Donostia Zinemaldian.
Juan Carlos Rulfo
Mexiko 
84 min.
Mexikoko kondaira batek dio deabruak arimak eskatzen dituela zubiak eraikitzerakoan ez daitezen erori. Film honek Mexiko Hirian zubi bat eraikitzen ari diren zenbait langileren istorioa kontatzen digu. Ideia, langile talde horren eguneroko bizitzara, ametsetara eta umorea, amodioa eta une txikiak bizitzeko duten duintasun zoragarri horretara hurbiltzea da.
Spike Lee
AEB 
255 min.
Katrina urakanak New Orleansen eginiko hondamendiari buruzko dokumentala da hau. Zoritxarreko egunaren lehenengo urteurrenean, Spike Lee zuzendari afroamerikarrak xehetasun osoz dokumentatuko ditu hondamendia eta bere ondorio izugarriak, eta, aldi berean, omenaldia egingo die New Orleansi eta bertako biztanleei.
Isaki Lacuesta
Espainia 
115 min.
Alde batetik, Israren istorioa kontatuko digu. Aita hil ondoren, mutiko ijito honek ezingo du inoiz gehiago abestu, flamenko-kantarien tradizioan jaio bada ere. Bere ametsa noizbait jaio zen Irlatik urrun bidaiatzea da. Bestetik, Makikoz hitz egingo digu filmak. Neskak Irlara bidaiatuko du berez arrotzak zaizkion tradizioa eta bizitza ulertzeko modua bereganatzeko. Tresna horiekin bere aitaren gaixotasunak sorrarazi dizkion sentimendu adierazezinei aurre egin ahal izateko esperantza du.
Aitor Arregi, José María Goenaga
Espainia 
93 min.
Beren ideien alde lapurretak edo kontrabandoa egin duten anarkistak asko dira. Che Guevararekin estrategiak eztabaidatu dizutenak edo Pantera Beltzen lider Eldridge Cleaver lagundu dutenak, ordea, oso gutxi. Baina, aurreko guztiaz gain, igeltsero lanetan egun bakar batean ere hutsik egin gabe banku handi bati iruzurra egitea lortu duena bakarra da: Lucio Urtubia, Cascanteko semea (Nafarroa). Lucio Donostia Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak sailean izan zen 2007an.
John Gianvito
AEB 
58 min.
Dokumental honek AEBetan lau mendetan zehar gertatutako gatazka politikoak eta sozialak aztertzen ditu, eta gutxiengoa diren gizarte-taldeei merezi duten garrantzia ematen die. Talde horien artean daude AEBetako jatorrizko biztanleak, afroamerikarrak, emakumeak eta baztertutako taldeak, oro har. Gianvitok poema bisuala sortu du denboraren eta gizakien memoria berpizten duten hilobien eta monumentu historikoen planoen bitartez.
Guy Maddin
Kanada 
80 min.
My Winnipeg Guy Maddin jaio zen Winnipeg herriaren omenez eginiko sasi-dokumental surrealista da. Zuzendariaren hitzetan, "doku-fantasia". Artxiboko irudien eta fantasiazko narrazio baten bitartez Kanadako lekurik hotzenetako bateko bizitzaz hitz egingo digu. Hantxe, elurretan itotako zaldi batzuk ikuskizun bilakatuko dira paseoan dabiltzanentzat.
Eduardo Coutinho
Brasil 
100 min.
Egunkarian ikusitako iragarki bati erantzunez, 83 emakumek beren bizitzaz hitz egin zuten kamera baten aurrean; haietatik 23 Rio de Janeiroko Glauce Rocha antzokian filmatzeko hautatu zituzten, 2006ko ekainean. Urte horretako irailean, zenbait aktoresak emakume haiek kontaturiko istorioak interpretatu zituzten, beren erara, noski, egiaren, fikzioaren eta antzezpenaren arteko mugak lausotuz.
Agnès Varda
Frantzia 
110 min.
Agnès Vardak bere bizitzaren zati izan diren hondartzak erakutsiko dizkigu eta Nouvelle Vagueko zinemagile gisa bere hastapenei buruz, Jaques Demyrekin bizitako denborari buruz, feminismoaz, bere bidaiez eta ekoizle independente gisa egindako lanaz hitz egingo digu autorretratu honetan. Bere oroimenak aztertuko ditu argazkien, filmen zatien, etxeko grabaketen eta elkarrizketen bitartez, une jakin bateko sentimendua harrapatzeko asmoz.
Raymond Depardon
Frantzia 
90 min.
Rymond Depardon mendian isolaturiko Frantziako herrixka bateko nekazarien bizitzen, balioen eta familiako istorioen lekuko bilakatuko da. Sorlekura zerk lotzen dituen jakingo du, baita haien ondarea zein den ere, eta bere buruari galdetuko dio zer etorkizun duen bere lurrarekiko horrelako lotura sentitzen duen jende horrek. Profils paysans izeneko bere trilogiaren azkeneko zatia da.
Frederick Wiseman
AEB 
91 min.
Austin, Texas. Lord's Gym gimnasioa duela hamasei urte ireki zuen boxeolari profesional izandako Richard Lordek. Lord's Gymera, adin, arraza eta gizarte klase guztietako jendea etortzen da, batzuek boxeolari izateko asmoz, eta besteak, sasoi onean egoteko besterik ez. Guztiek gimnasioan egiten dute topo eta lekua Ameriketako gizartearen aniztasunaren adibide bikain bilakatu da.
Andrei Ujica
Errumania 
180 min.
Nicolae Ceausescuren argazkirik ezagunenak egin zioten epaiketa sumariokoak dira. Film klasiko baten argumentuaren antza du: akusatuak bere bizitza errepasatzen du prozesuak antzezlan baten antza gero eta handiagoa hartzen duen bitartean. Oraingoan, ordea, antzezlanak ezaugarri berezi batzuk ditu. Hasteko, auzipetua ez da Joana Arc-ekoa edo Alfred Dreyfus, tirano zital bat baizik.
Jean-Gabriel Périot
Frantzia 
9 min. Film laburra
Frantzia, 1944ko uda. Herrialdeak nazien okupaziotik askatzea lortuko du. Garaipenagatiko ospakizunen ondoren zigorra eta umiliazio publikoa jasan beharko dute gerran zehar soldadu alemanekin harremanak izatea leporatu dieten emakumeek. Ilea larru-arras moztuko diete, jo egingo dituzte eta esbastikak margotuko dizkiete aurpegian. Périotek artxiboko irudiak erabiliko ditu, elkarrizketarik gabe, dokumentalaren, animazioaren eta zinema esperimentalaren mugetan ibiltzeko.
Broadcast Club
Frantzia 
12 min. Film laburra
Hauxe izango da, esan zion neskak bere buruari, gauzek izenik ez duten basoa.
Marina Lutz
AEB 
18 min. Film laburra
Aita batek bere alabari haren lehenengo 16 urteetan jasanaraziko dizkion abusu emozionalak dokumentatuko ditu eta, hil ondoren, audio zintaz, Super 8 filmez eta 10.000 argazki baino gehiagoz beteriko kutxak utziko ditu. Alaba Marina Lutz da, The Marina Experiment dokumentalaren zuzendaria, eta materiala aurkitu ondoren, publikoari aurkeztea erabakiko du.
Isabel Coixet
Espainia 
25 min. Film laburra
We Are Water fundazioarentzat ekoitzitako dokumentala, Asia erdialdean dagoen Aral itsasoaren hondamendi ekologikoari buruz. Munduko estreinaldia Donostia Zinemaldian.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: