Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko programazio ofizialeko zortzi film dira Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria jasotzeko hautagaiak. Sari horrek jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filma aintzatetsiko du, Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuen enblema nagusi gisa.
Hautagaietako hiru Sail Ofizialekoak dira: Soy Nevenka / I Am Nevenka (Iciar Bollain), On Falling (Laura Carreira) eta Le dernier souffle / Last Breath (Costa-Gavras). Halaber, epamahaiak New Directors saileko Gülizar / Gulizar (Belkis Bayrak) filma ere analizatuko du, baita Reas (Lola Arias), Sujo (Astrid Rondero eta Fernanda Váladez) eta Cidade; Campo (Juliana Rojas) –hirurak Horizontes Latinos sailean programatuak–; eta Ainda estou aquí / I’m Still Here (Walter Salles) perla ere (Sallesen filmak gidoi onenaren saria jaso berri du Venezian). Argentinako, Brasilgo, Erresuma Batuko, Espainiako, Frantziako eta Turkiako filmak, lan-prekarietateari, migrazioari, kartzelari, borroka feministei, bizitza-amaierako zainketei, naturari edo demokraziaren aurkako arriskuei buruzko gogoeta pizten dutenak.
Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren epaimahaiburua Juan Diego Botto aktore eta zuzendaria izango da, eta Alicia Luna gidoigilea eta Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendari Asier Aranbarri izango ditu lagun epaimahaian. Saria –20.000 eurokoa film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat– emateko ekitaldia hilaren 27an (ostirala) izango da, Tabakalerako Prisman, 17:00etan. Emanaldiaren ondoren koktel bat egingo da, komunikabideen, industria zinematografikoaren eta publikoaren topagune izango dena. Zortzi pelikulen emanaldietarako sarrerak erosi dituzten pertsonek sari-banaketako ekitaldira sartzeko aukera izango dute. Iaz Bâtiment 5 / Les indésirables film irabazlearen ekipoa bertaratu zen, Ladj Ly filmaren zuzendaria barne. 2030 Agendak migrazioaren eta gizarte-kohesioaren inguruan sustatzen dituen gizarte-balioak bikain islatzen dituen filma da.
72. edizioko filmetako mezu zinematografikoari lotutako sariaz gain, 2030 Agendak sustatutako balioei lotutako hainbat hizketaldi ere egingo dira.
Horrela, Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik aztertuko da CIMArekin eta Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldearekin elkarlanean antolatutako hizketaldian. Hilaren 23an, Inés Nofuentes eta Beli Martínez ekoizleak eta Lara Izagirre zuzendaria bilduko dira Z aretoan, Salima Jirari eduki- eta aniztasun-aholkularia izanik moderatzailea.
Horrez gain, Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak eta Mugen Gainetik erakundeak elkarlanean antolatutako Errealitate transmaskulinoak zinema iberoamerikarrean barneratuz gaiari buruz hitz egingo da. Asteartean (hilaren 24a), zuzendaritza eta gidoigintzan (Afioco Gneco), ekoizpenean (Charli Bujosa) eta casting-zuzendaritzan (Do Bofill) diharduten profesionalek hartuko dute parte, eta Emilio Papamija (trans pertsonen ordezkapen eta ikerketaren zuzendaria ODAn) izango da moderatzailea.
Justin Edgar zuzendariak eta Shani Dhandak −desgaitasunak dituzten pertsonen inklusioan adituak− Aniztasuna eta inklusioa pantailan eta pantailatik kanpo 24an ere aztertuko dute. Hitzordua BFI British Film Institute erakundearekin elkarlanean antolatu da eta Claire Baines −BFIko inclusion partnerra− izango da moderatzaile.
Laura Carreira beste hizketaldi baten protagonista izango da hilaren 26an (osteguna). Hainbat film labur arrakastatsu filmatu ondoren, zuzendari portugaldarrak On Falling bere lehen film luzea aurkeztuko digu Donostia Zinemaldian. Bere mintzaldian filma egiteko prozesua xehetasunez aztertuko du, baita zinemak aldaketa sustatzeko dituen aukerak ere.
Azkenik, 26an bertan, Narratiba berriak: lente klimatikoa zineman hizketaldia eskainiko da Z aretoan, larrialdi klimatikoaren inguruko kontakizun alternatibo, positibo eta errealistak sortzeko aukerari buruz hausnartuz. Hizketaldi horretan Elham Ehsas zinemagile eta gidoigile britainiarrak, Eneko Muruzabal Bilibineko aholkulariak eta Greenpaceko ekofeminismoaren arloko koordinatzailea den Nerea Ramírezek hartuko dute parte. Saioa Climate Spring taldeko Len Rowles izango da moderatzailea.
Euskadi Basque Country 2030 Agenda, hirugarren urtez, Donostia Zinemaldiaren babesleetako bat da. Donostia Zinemaldiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordio horri esker, Donostia Zinemaldia funtsezko eragilea da Garapen Iraunkorreko Helburuei dagokienez Euskadik duen konpromisoan.
2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera kasu guztietan: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundua bidezko, ekologiko, oparo eta baketsuagoa izan dadin lortze aldera.
Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea. Yemen, Irak, Siria, Afganistan, Birmania, Hego Sudan, Etiopia, Somalia, Sahel, Kongoko Errepublika Demokratikoa, etab. Gerrak eta haren ondorenek munduan geroz eta presentzia handiagoa izateak hausnarketa bultzatu beharko luke nazioartean, bakearen gaineko 16. GJHren eguneraketari buruz.
2030 Agendak, gobernuak, foru-aldundiak edo udalak ez ezik, enpresak, unibertsitateak, erakundeak eta gizarte-eragileak eta pertsonak ere inplikatzen ditu. Euskal erakundeen konpromisoa da, eraldaketarako eta elkartasunerako agenda global eta lokal honi lehentasun osoa ematen diotena.
Sail Ofiziala
Halako elkarrizketa filosofiko batean, Augustin Masset doktorea eta Fabrice Toussaint idazle itzaltsua bizitzaz eta heriotzaz ari dira... Topaketa-zurrunbilo honetan, medikua gidaria da, eta idazlea, berriz, haren bidaiaria, bere beldur eta larritasunei aurre egin beste erremediorik izango ez duena. Dantza poetiko batean, paziente bakoitza emozioen, barreen eta malkoen sintesi hutsa da. Bidaia bat gure bizitzaren bihotz taupakarira.
On Fallingeko protagonista Aurora da, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldar bat. Lantokiko hormen eta pisu partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora isolamenduari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatzen da, baina bere buruaz duen kontzientzia arriskuan egoten hasiko da. Algoritmoetan oinarritutako eta isolatuta mantentzeko diseinatutako ekonomiak zuzendutako ingurune batean, On Fallingek zentzua aurkitzeko eta konektatzeko borroka isil eta bizia arakatzen du.
2000n, Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernándezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen gizon batengandik: udalerriko alkatea. Nevenkak badaki oso garesti ordaindu beharko duela salaketa jartzeko erabakia. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio honetako protagonista #metoo mugimenduaren aitzindari izan zen, itzal handiko politikari bat sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea izanik.
New Directors
Emrek ez du salatu Gülizar emaztegaiak jasandako sexu-erasoa, baina errudunaren bila joatea erabakiko du geroago. Gülizarrek ezkontza prestatu behar du eta klaustrofobiko eta mutu bihurtuko zaio ataza pixkanaka, beldur baita ez ote den jakingo nork eraso zuen. Isiltasunaren erresumina nola emakumea bera hala Emrekiko maitasuna erretzen ari da.
Horizontes Latinos
Hiriaren eta landaren arteko migrazioekin lotutako bi istorio. Lehen zatian, hondakin-presa bat erori eta Joanaren sorterria urpean geratu ondoren, landa-langileak São Paulora joan beharko du bere ahizpa Taniarekin eta haren biloba Jaimerekin bizitzera. Joanak borroka egin beharko du langile-hiri batean aurrera ateratzeko. Bigarren zatian, aita hil ondoren, Flavia aita zenaren baserrira joango da haren emazte Mararekin (aita-alabak elkarrengandik aldenduta zeuden). Naturak frustrazioei aurre egitera eta oroitzapen eta mamu zaharrei aurre egitera behartuko ditu bi emakumeak.
Yoselik Eiffel dorrearen tatuaje bat du bizkarrean eta beti bidaiatu nahi izan du, baina atxilotu egin zuten aireportuan droga-trafikoagatik. Nacho iruzurragatik atxilotutako gizon transa da, kartzelan rock-talde bat sortu zuena. Gozoak edo zakarrak, ilehoriak edo kaskamotzak, zisak edo transak, aspaldi atxilotuak edo kartzelan sartu berriak: musikal hibrido honetan, denek euren bizitzak birsortzen dituzte Buenos Airesko espetxe batean.
Mexikoko herri txiki batean, karteleko pistolari bat erail dute. Sujo, haren lau urteko seme maitea, umezurtz eta arriskuan geratuko da. Sujok ozta-ozta ihes egin dio heriotzari, izebak lagunduta, zeinak mendi-eremu isolatu batean haziko baitu, zailtasun, pobrezia eta bere nortasunari lotutako etengabeko arriskuarrekin. Nerabe dela, errebeldia piztu eta, erritu iniziatiko gisa, tokiko kartelarekin bat egingo du. Gaztetan, Sujo bere bizitza berregiten saiatuko da, jaioterriko indarkeriatik urrun. Alabaina, aitaren ondareak harrapatzen duenean, bere patuari aurre egin beharko dio.
Perlak
Brasil, 1971. Herrialde bat diktadura militar baten atzaparretan. Ama batek bere burua berrasmatu beharko du indarkeria arbitrarioko ekintza batek bere familiaren bizitza suntsitzen duenean.
HIZKETALDIAK
Astelehena, hilaren 23a, 11:00etan, Tabakalerako Z aretoa
Industrian dauden desparekotasunez eta botere-dinamikez jabetuta, emakume zinemagileen elkarteek, Donostia Zinemaldiarekin batera, ikus-entzunezko ekoizpenean praktika berriak bultzatzen dituzte, zaintza, abusuen prebentzioa eta inklusio intersekzionala lehenesteko, ekoizpenean parte hartzen duten guztien ongizate integrala aintzat hartzen duen aldaketa esanguratsu bat aurkitze aldera. Horrela, Hizketaldi honetan, aldaketa horien erronkak eta ingurune segurua eta errespetuzkoa ziurtatuko duten zaintza-politiken garrantzia aztertuko dira, aniztasuna baloratuko duten praktika intersekzionalak aplikatzeko ikuspegiak partekatzeaz gainera. Ideia-truke honen helburua egungo erronkak nabarmentzea da, baita ikus-entzunezko industria inklusibo eta bidezkoagoa izan dadin lortzeko ekintza zehatzak inspiratzea ere, generoa, arraza, sexu-orientazioa edo bestelako ezaugarriak edozein izanik ere.
Asteartea, hilaren 24a, 10:30ean, San Telmo Museoko ekitaldi-aretoa
Zinema iberoamerikarrean transmaskulinitatearen irudikapenari buruzko elkarrizketa, zinema industria inklusiboa eta segurua eraikitzeko moduari buruzko iritziak eta ideiak partekatzeko helburuarekin. Iberoamerikako industriako profesionalen esperientzia abiapuntutzat hartuta, ikuspegi transbertsalak eraikitzeko gertatzen ari diren estrategietan eta aldaketetan oinarrituko da elkarrizketa. Narratiba zinematografikoek begirada berriak nola ekartzen dituzten aztertuko da, iragana berriro bisitatuz eta etorkizun inklusiboagoa irudikatzeko erreferente berriak arakatuz.
Asteartea, hilaren 24a, 11:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Nola pantailan hala pantailatik kanpo errepresentazio anitz eta ekitatiboak duen garrantziari helduko zaio hizketaldi honetan. Filmetan pertsona desgaituak sartu eta horiekin istorio eta pertsonaia interesgarriak sortzeak zer-nolako garrantzia duen aztertuko da, galdera hauei erantzuten saiatzeaz gainera: zein izaten dira akatsik ohikoenak desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzean? Nola hobetu zinema-platoetarako irisgarritasuna? Gainera, zinema-industria inklusiboagoa bermatzeko ekoizpen-, zuzendaritza- eta gidoigintza-eginkizunetan aniztasuna zergatik den funtsezkoa ere aztertuko da. British Film Instituterekin elkarlanean antolatutako saio honekin, Zinemaldiak bereziki azpimarratu nahi du inklusibotasuna handitzeak, kontatutako istorioak aberasteaz gain, eragin positiboa duela gizartean, giza aniztasuna islatzen eta baliozkotzen baitu.
Osteguna, hilaren 26a, 15:30ean, Tabakalerako zinema-aretoa
Laura Carreira portugaldar zinemagileak, Red Hill (2019), BAFTA Scotland Awards edo Veneziako Zinemaldian lehiatu zen The Shift (2020) filmeetan Film Labur Onenaren sarirako izendatua, hainbat film labur arrakastaz estreinatu ondoren, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean bere estreinako film luzea aurkezten du, On Falling. HIzketaldi honek filma egiteko prozesuari buruz lehen eskutik ikasi nahi du, baita zinemak aldaketak sustatzeko, kontzientziatzeko eta gizartea aldatzeko dituen aukerei buruz ere.
*Saioak On Falling filmaren proiekzioa eta ondorengo hitzaldia barne hartzen ditu.
Osteguna, hilaren 26a, 17:30ean, Tabakalerako Z aretoa
Hizketaldi honek zinema garaikideak krisi klimatikoari nola heltzen dion aztertuko du, ez bakarrik hondo apokaliptiko bat bezala, baizik eta istorioak eta pertsonaiak moldatzen dituen elementu nagusi bezala. Hala, eztabaidak arreta jarriko du zinemagileak nola ari diren narratiba tradizionalak birdefinitzen ingurumen-larrialdiak islatzeko, giza drama eta ekologia uztartzen dituen genero edo azpigenero berri bat sortuz. Testuinguru horretan, ahots berri horiek sentsazionalismotik eta katastrofikotik aldentzea bilatzen dute, ikuspegi ñabartuagoak hautatuz, erresistentziari, egokitzapenari eta konponbideen bilaketari buruzko istorioak barne.