Aritz Galarza
Bizkaiaren izena hartzen duen saltsaren misterioak haren jatorria eta haren osagaiena aztertzera eramango gaitu. Eta, bide batez, lortu duen nazioarteko izaera eta gure inguruneak, esperientziak eta gertakari historikoek baldintzaturiko gure gastronomiaren bilakaera aztertzera. Bestetik, hainbat galderari erantzuten saiatuko da: saltsa behar bezala egiteko giltzak, jatorrizko errezeta bat ote dagoen, saltsa horrekin lagunduriko platerei loturiko balio sentimentala, eta nortzuk diren haren historia luzearen egiazko arduradunak.
Alfonso Arau
Estreinaldiaren hogeigarren urteurrenarekin bat, bueltan dugu Mexikon XX. mendearen hasieran girotutako amodioari eta gastronomiari buruzko istorio hau. Tita eta Pedro gazteak zeharo maiteminduta daude, baina maitasunari uko egin beharko diote, Mamá Elenak aginduta; izan ere, Titak, alaba gazteenak, ezkongabe izan behar du, zahartzaroan ama zaintzeko. Mexikoko sukaldaritza tradizionalaren usainen eta zaporeen artean, Titak denboraz haratago iraungo duen maitasunagatik sufrituko du.
Franc Aleu
Esperientzia berri bat aurkezteko ikus-entzunezko pieza da hau. Munduko jatetxerik onen izendaturiko El Celler de Can Rocak, opera garaikidearen estetika nabarmen berritu duen Franc Aleuk gastronomia eta opera uztartzen dituen proposamena sortu dute. Horretarako, formatu anitzeko ikuskizun harrigarria antolatu dute, zientziaren zein kulturaren arloetako ordezkari ezagunen parte-hartzearekin.
Gina Kim
Hao chef ospetsu bat izan zen, baina bere jatetxea porrot egitear dago, bera oso burugogorra baita eta bezeroek gustuz aldatu baitute, hots, ez baitute plater tradizionalik jan nahi. Bere legatua salbatzeko, Mark bilobak sukaldaritzako lehiaketa batean izena emango du. Lehiaketak «Final Recipe» du izena, eta munduko osoko talentu handiko chefekin lehiatu beharko da. Mark probak irabazten hasiko da, janaria prestatzeko modu xarmagarriari esker, eta mundu guztiaren arreta erakarriko du, baita programako ekoizle Juliarena ere. Julia ohartuko da Markek, bitxia badirudi ere, bere senar David chef maisuaren antz handia duela.
Amit Gupta
Bi anaia, biak ala biak sukaldari apartak, izugarri haserretuko dira elkarrekin. Borrokaren klimaxean, bi zatitan puskatuko dute familiako errezeta-liburua: anaietako bat lehenengo platerekin geldituko da, eta, bestea, berriz, bigarrenekin. Jatetxe lehiakide bana jarriko dute, bata bestearen ondoan, eta hogei urte emango dituzte bestea gainditzen. Alaba batek elkartuko ditu, ezkontzan bi anaiek janaria elkarrekin prestatzea nahiko baitu. Lortuko ote bakea?
Trevor Graham
Hummusarekiko maitasuna izan al daiteke Ekialde Ertainean bakea lortzeko errezeta? Galdera hori bera zerabilen buruan Trevor Graham zuzendariak, albistegietan inoiz ikusten ez dugun Ekialde Ertaineko liskarraren alderdiari buruzko dokumentala filmatzerakoan. Grahamek hummusa prestatzen duten tabernetan egindako bidaia komikoa da, Beiruteko, Tel Aviveko, Jerusaleneko eta New Yorkeko sukaldeetan barrena. Bidaian, Ekialde Ertaineko dama handi Claudia Rodenekin, fanatikoekin, kolono juduekin, pertsonaia biblikoekin, aktibista politikoekin, garbantzu-hazleekin, nobelistekin eta jekeekin egingo du topo. Horientzat guztientzat, hummusa obsesio erlijioso bat da ia.
Teresa Fabik
Maitasunari, adiskidetasunari eta ametsak jarraitzeko beharrezko adoreari buruzko komedia erromantikoa da, Kajsa Ingemarssonen izen bereko nobela arrakastatsuan oinarritutakoa. Agnes sukaldaria da, eta izugarri gustatzen zaio sukaldean ibiltzea. Lan ona du luxuzko jatetxe batean, maite duen mutil-laguna, eta bere lagunik onenak edozer egingo luke beregatik. Baina, halako batean, kaleratu egingo dute, eta mutil-lagunak utzi egingo du. Lagun batek jatetxe berri baten jabekide izatea proposatuko dio. Ez du ezer galtzekorik.
Atsunori Kawamura
Dokumental honek «bizitzaren zopa»ren jatorria aztertu du. Yoshiko Tatsumi 88 urteko sukaldaritzako artistak bizitza osoa darama zopa hori prestatzen. Japoniako paisaia eder eta finek hainbat eta hainbat uzta-mota eskaintzen dituzte, nekazari jakintsuen zaintzapean. Yoshikok osagairik onenak hautatu, eta ardura handi-handiz prestatuko ditu. Yoshiko Tatsumiren «bizitzaren zopa»ren lurrunetatik haratago, jendea bakean elikatzen zen garai ahaztuak etorriko zaizkigu gogora, bakean bizi zirenekoak.