Ernst Lubitsch
Alemania
37 min.
Film laburra
Ernst Lubitsch da bazterrak nahastea atsegin duen amaginarrebak mehatxaturiko senar-emazte batzuei buruzko komedia honen protagonista, rol bikoitz bat jokatuz. Emazteak dibortziatzeko asmoa agertzen duenean, senarrak bere buruaz beste egin duen itxurak egin eta etxezain berri gisa berriro agertuko da. Lubitschek antzezpen-estilo dramatikoagoa saiatu zuen, baina laster bere hastapenetan landutako komediara itzuliko zen.
Ernst Lubitsch
Pinkus gazte libertino eta lotsagabea eskolatik kaleratu dute eta zapata-denda batean hasi da lanean, arau guztiei muzin eginez. Agian Lubitschen antzezpenik berezkoena (garai hartako umore juduaz, gerora eztabaidagarri izango zena) eta zuzendari lanetan lortutako bere lehen arrakasta. Bere sasoi mutuan ohiko izan zen Hanns Kräly gidoilariarekin egindako lehen lankidetza ere bada.
Ernst Lubitsch
Alemania
11 min.
Film laburra
Lubitsch aktorearen bufoi-dohainak erakusten dituen film horietako baten zati bat, gordetzen den bakarra. Berlingo jantzigintza denda bateko ikastunaren pertsonaia haragitzen du, desastre hutsa diren bere prozedurekin denda nahaste-borrastean murgiltzen duena.
Ernst Lubitsch
Alemania
42 min.
Film laburra
Gizonezko alargun baten alaba liburudenda bateko langile batekin maitemindu da, eta denda berean ari da alargunaren andregaia ere. Lubitschek alderdi serioagoak eta hunkigarriagoak erakusten ditu Emil Jannings aktorearen konplizitatearekin, zeinak burges txikiaren rol honekin bere bizitzako rola izango zena iragartzen duen, Der Blaue Engel (Aingeru urdina, 1930) Josef von Sternbergen filmako eskola-maisuarena. Garai hartako hiriaren deskribapen zehatza, dantza-aretoko funtsezko eszena barne.
Ernst Lubitsch
Desastre hutsa den senarra, zurruterako eta parrandarako bizi dena, kartzelan gau bat igarotzera zigortu dute. Zigorra bete ordez, festa batera doa eta bertan bere emaztea topatuko du, baina hau mozorrotuta dagoenez, ez du ezagutuko, eta horrek bikote harreman ezberdin bat hasteko aukera emango die. Garai hartan Alemanian oso ezaguna zen Ossi Oswalda aktoreak Lubitschekin buruturiko hamaika kolaborazioetako bat.
Ernst Lubitsch
Bere osaba kanpoan denez, neska gazte batek gizon baten moduan bizitzea erabakiko du. Gizonak bezalaxe jantzi eta tutore berri bat aurkituko du eta harekin maiteminduko da... gizonez jantzita egonda ere. Ossi Oswalda aktoresa gizon izateak ere eragozpenak badituela ohartuko da, sexu gaizki-ulertuekin jokatzen duen rol ausarta haragitu, eta espiritu feminista aurreratua erakutsiz.
Ernst Lubitsch
Egiptoar zital batek gatibu duen emakumea salbatu nahiko du esploratzaile batek. Hilobi madarikatu bat, maitasun obsesibo bat, basamortuan zeharreko jazarpen bat... Lubitschek garaiko izar nagusiarekin, Pola Negrirekin, egindako lehen lankidetza, exotismoan eta fantastikoan bete-betean murgilduz.
Ernst Lubitsch
Prosper Meriméeren betiereko sorkuntzaren arabera, zigarro-saltzaile den Carmen ijitoak galbideraino erakarritako Don Joséren istorioak Lubitschen bertsio honetan flashback luze itxurako jatorrizko egiturari eutsi dio, Pola Negri sentsual eta limurtzaile baten aintzarako. Hollywood distiratsuenaren moduko dekoratuekin, Alemanian jada oso ospetsu zen zuzendariak Europa osoan arrakasta bikaina erdietsi zuen.
Ernst Lubitsch
Asteburu bat bere emaztearengandik urrun pasa nahi duen gizon batek gaixo itxurak egingo ditu. Medikuak egun batzuk mendialdean pasa ditzala gomendatuko dio, eta bera tiroldarrez mozorrotuko da amodiozko konkista tamalgarritan endredatuz. Lubitschek aktore gisa egindako azkenaurreko filma.
Ernst Lubitsch
Lubitschen berezko gizarte satiraren lehen adierazgarria, eldarniozko mansione batean bizi eta bere alaba ezkontzearekin itsututa dagoen handiki baten arazoak kontatzen dituena. Honen aldean, bere bizimoduari konponbidea bilatu nahian dabilen gainbehera egindako aristokrata bat. Gerora, amerikar ?screwball comedy? izango zenaren zantzuekin, Lubitsch bere estiloaren oinarriak ipintzen hasia zen.
Ernst Lubitsch
Izaera historikoa duen Lubitschen lehenbiziko filma Alexander Dumasen lanean dago oinarrituta, eta Luis XV.aren amorantearen istorioa kontatzen du. Frantziako Iraultzaren jendetza-eszenek bere garaian harridura sortu zuten, baina Lubitschen talentua, batez ere, Parisko Operaren edo gillotinaren eszenen moduko horietan nabarmentzen da.
Ernst Lubitsch
Artisau batek panpin mekaniko bat sortu du neska gazte baten lekua har dezan, honek ez baitu bere senargaia denarekin ezkondu nahi. Lubitschek E.T.A. Hoffmanen kontakizun batean oinarritutako maitagarrien ipuinari umore fina jartzen dio, eta Ossi Oswaldak beste ordezkatze kasu bati etekinik handiena aterako dio. Lubitsch beraren aburuz, bere alemaniar pelikulen artean hiru onenetako bat.
Ernst Lubitsch
Lubitschek 1920an ekindako Shakespearen bi egokitzapenetan lehena, Basati bezatua-ren bertsio librea da, bi alaba zeharo ezberdinak, Gretl xarmanta eta Liesl etxekoia, dituen garagardogile trakets eta txoriburuari buruzkoa (xelebre antzean diharduen Emil Jannings). Filmaren arrakastak bertsio berri bat eragin zuen zinema soinudunarekin, hau ere, Henny Portenekin.
Ernst Lubitsch
Shakespearen sorkuntzaren bufoi-bertsioa, Capuletotarrak eta Montescotarrak bavariar, zakar eta arrunt bihurturik, ia pertsonaia guztiak eldarnioaren zorian daude, gailurra mozorro-dantzaldi bat delarik. Lubitschek egindako iraupen laburreko azken komedia izan zen.
Ernst Lubitsch
Yeggar pailazo konkorduna, ikuskizun ibiltari baten zuzendaria, dantzarietako batekin maitemidu da. Neskak pailazoaren desioei baietz esan, baina desleiala izango da harekin. Max Reinhardtek sortutako antzerki-pantomiman oinarriturik, paraje exotikoetako maitagarrien ipuinen girora eginiko hurbiltze berri bat da. Lubitschek aktore gisa egindako azken lana.
Ernst Lubitsch
Egundoko berregite historikoa, "garai guztietako pelikularik handiena" izendatu zutena. Emil Janningsen Enrike VIII.a, sendo, basati eta ankerra eta Henny Portenen Ana Bolenaren xalotasuna oso bestelakoak dira. Bi arkitektok Londresko dorrearen, Windsor Gazteluaren eta Westminster Abadiaren errepliken eraikuntza zuzendu zuten. 5.000 estrek parte hartu zuten.
Ernst Lubitsch
Mendiko bidelapur talde bateko buruzagiaren alaba bere aita atxilotzeko agindua duen militar-komandoko buruarekin maitemindu da. Hortik abiatuta, Lubitschek militarismoa eta gerra etengabe satirizatzen dituen bilbea asmatu zuen, eta honek Alemanian harrera hotza izan zezan eta Estatu Batuetan estreinatu ez zedin eragin zuen.
Ernst Lubitsch
Mirabe eder batenganako mirespenak Amenes faraoiaren eta Etiopiako erregearen arteko gerra piztu du. Neskak Ramphis maite du ordea. Europan ordura arte ekoizturiko filmerik ikusgarriena izan zen eta piramideen, tenpluen, basamortuen, baita Nilo ibaiaren egundoko berreraikitzea egin zen Ufa alemaniar estudioetan.
Ernst Lubitsch
Espainiako erregea kale-kantaria den Rositaz maitemindu da, baina honek Don Diego, sosik gabeko noblea maite du; erregeari burla egiten dion kanta bat abesteagatik neska atxilotzen dutenean, honen defentsan atera dena. Rosita eta Don Diego presondegira bidali eta gizona heriotzera zigortu dute. Erregeak Rositari eta Don Diegori begiak zapi batez estaltzea eskatuko du hil aurretik ezkontzeko, baina erreginak Don Diego salbatuko du borreroaren armetan jaurtigairik gabeko kartutxoak jarriz.
Ernst Lubitsch
Montmartreko cocotte bat konpositore batekin txora-txora eginda dago, eta harekin ezkontzea lortuko du. Alabaina, neska gaztea ez da bere senarraren bizimodu txukun eta lasaira ohituko, eta bere larritasun horri irtenbide bat bilatzen saiatuko da. Lubitschek drama hautatu zuen Alemaniako bere azken pelikula egiteko. Estatu Batuetan filma moztu eta amaiera aldatu zioten.
Ernst Lubitsch
Stock profesoreak bere emazteaz dibortziatzeko aukera ikusiko du hau Braun doktorearekin, Charlotte bere lagun onenaren senarrarekin flirtean hasten denean. Braun doktorearen bazkide den Mueller doktorea, bere aldetik, Charlottekin dago maiteminduta. Baina Charlottek eta Braunek ez dute euren miresleengan interesik, eta hauek azkenean bata-bestearekin hasiko dira.
Ernst Lubitsch
Zor ugari dituen Edmund Lamontek Mabel Wilton alargun aberatsa gorteiatzen du, baina azkenean honen alaba Jeannekin bukatuko du. Behin honekin ezkonduta, Harriet izeneko beste neska batekin harremanetan darrai. Lamontek Fred Armstrong doktorearekin maiteminduta dagoen Jeanneri dibortzioa ukatzen dionean, neskaren amak Lamont akabatuko du.
Ernst Lubitsch
Alexei ofizial gazteak erreinu txiki bateko tsarina azpikari iraultzaile batzurengandik salbatu du, eta neskak ordainetan, bere maitasuna eskainiko dio. Mutilak orduan maite zuen neska eta tsarinaren ohorezko dama den Anna utziko du. Baina tsarina ez da berarekin leiala izango eta Alexeik, hisiaz, konspiratzaileekin bat egingo du. Kantzilerrak iraultza errotik moztu eta tsarinak Alexei atxilotzeko agindua emango du.
Ernst Lubitsch
Halamoduzko sona duen Erlynne andrea Londresera itzuli eta Lord Windermereri deitzeko agindua eman du. Honek hilda uste duen emaztearen ama dela aitortu, eta bere isiltasunaren truke dirua eskatuko dio. Lady Windermereren urtebetetze-festarako gonbidapen bat ere jaso nahiko du, baina honek ezezkoa emango dio. Erlynne andreak orduan gonbidapen gisa errefusatze-gutuna hartu eta festara bertaratuko da, Lady Windermereren zeloak piztuz.
Ernst Lubitsch
Dantzari diharduen Georgette eta Maurice bikote gaztea beti dabil flirtean. Egun batez, beren apartamentuan ate joka Paul Giraud doktorea azaldu da, Mauricek leiho aurrean entseatzen duenez, Suzanne emaztea erakarri nahian dabilela eta. Georgette andregai ohi bat dela ohartzean, istorio xelebre bat asmatuko du Suzanneri Georgettekin izandakoa ezkutatzearren... Bere aldetik, Maurice ere Suzannekin flirtean hasiko da eta honi bere senarrak Georgettekin duen harremana kontatuko dio.
Ernst Lubitsch, (John M. Stahl)
Karl Heinrich, herrialde txiki bateko erregearen iloba eta printze oinordekoa dena, Heidelbergera doa ikastera bere tutore Jüttner doktorearekin batera. Bertan Kathirekin txora-txora eginda geratuko da, Jüttner eta biak ostatu hartu duten bentako jabearen ilobarekin. Karl Heinrich zoriontsu dago, baina erregea hilzorian da eta tronuratzeko itzuli beharra dauka.
Ernst Lubitsch
Errusiako Pablo tsarra Pahlen kondeaz bakarrik fio den gizon aldartetsua da. Honek, bere aldetik, hura babestu nahi du; baina, erregearen ekintzek pizten dioten lazturaren aurrean, honek tronua ez duela merezi erabakiko du. Tsarrak umiliatu eta jipoitu duen Stefan guardiak konspirazioarekin bat egiten du. Gau batez, Stefanek tsarraren kontra tiro egin, eta ondoren kondea ere tirokatuko du.
Ernst Lubitsch
Marcus Paltram suitzar herriska bateko ehiztaria Cigliarekin dago maiteminduta, baina, aldi berean, Piak, Ciglia gorroto duen mendialdeko neska batek, mutila du maite. Gau batez, Piak Marcus limurtuko du, eta neskaren amak behartuta, honek Piarekin ezkondu beharko du. Ciglia betidanik bera maite izan duen Lorenz Gruberrekin ezkonduko da. Cigliak oraindik Marcus maite duelako amorraturik, herria utz dezan Gruber erosten saiatuko da.
Ernst Lubitsch
Sylvaniako ministroak kezkati daude Louise erreginak ezkongabe dirauelako. Alfred kondea Paristik itzultzean, non amodio ugari bizi izan dituen, erreginak bere gaitasun erromantikoak erakusteko eskatuko dio. Azkenean ezkondu egingo dira, baina Alfredek ez du atsegin izango bere emaztearen menpe egotea; hala ere, itxurak gorde beharko ditu herria atzerriko potentzia batekin negoziaketa ekonomikoetan hasi baita.
Ernst Lubitsch, Dorothy Arzner, Otto Brower, Edmund Goulding, Victor Heerman, Edwin H. Knopf, Rowland V. Lee, Lothar Mendes, Victor Schertzinger, Edward Sutherland, Frank Tuttle
Saio ezberdinez osatutako errebista musikala. Horietako hiru Ernst Lubitschek zuzendu zituen. Origin of the Apache: gizon bat eta emakume bat logelan dantzan. A Park in Paris: Parisko jendarme bat parke batean zaintze lanetan. The Rainbow Revels: Maurice Chevalier eta emakumeen koru bat Parisko kedar-garbitzaileak antzeztuz.
Ernst Lubitsch
Vera kondesa harroputz hutsa den Otto printzearekin ezkontzeko zorian dela, hura utzi eta Montecarlora abiatuko da. Kasinora doa, bertan izugarri aberatsa den Rudolph kondeak emakumea begiz joko du. Ilea ukitzen uzten badio, jokoan zorioneko izango dela esaten dio. Emakumeak baimena eman eta xirmi-xarma bailitzan, irabazten hasiko da. Hain dago txundituta bere zortearen mudantzaz, ezen nor den jakin gabe ere, Rudolph ile-apaintzaile gisa kontratatuko duen.
Ernst Lubitsch
Nikolaus ?Niki? von Preyn tenientea Franzi biolinjolearekin Vienan maitemindu, eta amorante egingo dira. Flausenthurmeko erregea xarma gutxiko Anna bere alabarekin hirira iristen denean, Nikik kaleko ohorezko guardian parte hartuko du. Pareko espaloian dagoen Franziri irribarre eta begi-keinu bat egingo dizkio karroza pasa ahala, baina Annak orduan keinu horiek berarentzat direla pentsatuko du.
Ernst Lubitsch
Lehen Mundu Gerraren ondoren, Paul Renard gazte frantsesak berak hildako alemaniar soldadua, Walter Holderlin, ezin du burutik kendu. Paulek Walterren azken gutuna irakurri eta sinatu zuen, eta Alemaniara abiatuko da soldaduaren familiari hori kontatu eta barkamena erregutzera. Topatzen dituenean ordea, ezin izango die bere iragana aitortu eta Walterren laguna zela gezurra esango die. Paul eta Elsa, Walterren ezkongaia zena, elkarrekin maiteminduko dira, eta gazteak Holderlin familiarekin duen harremana estutuz joango da.
Ernst Lubitsch, George Cukor
André Bertier doktorea eta Colette bere emaztea zoriontsu bizi dira, harik eta Mitzi Olivier, neskaren eskolako lagun dotorea bisitan etortzen zaien arte. Hainbat azpijokoren ostean, Mitzik gaiso dagoenaren plantak eginaz, Andrérekin bakarrik geratzea lortuko du, baina neskaren senarra den Olivier irakasleak detektibe bat kontratatu du Mitziren leialtasunik ezaren frogak jaso ditzan.
Ernst Lubitsch
Venezian, bere burua kondesatzat aurkezten duen Lily izeneko karteristak baroi baten itxurak egiten dituen Gaston Monescu lapur ospetsua ezagutu eta harekin maiteminduko da. Gastonek François Fileba aristokratari lapurreta egin eta harrapatu baino lehen Lilyrekin ihes egin du. Urtebete geroago, Parisen, Gastonek diamanteak txertatuta dauzkan poltsa bat lapurtuko dio Mariette Colet alargunari, poltsa itzuli egingo dio ordea eta andrea liluratuz, honek idazkari gisa kontratatu dezan lortuko du.
Ernst Lubitsch (The Clerk), Norman Taurog, Stephen Roberts, Norman McLeod, James Cruze, William A. Seiter, H. Bruce Humberstone
Lubitschek sinaturiko atalean (The Clerk), handiki batek bere ondasunak bere oinordekoek baino estimu handiagoa dion jendeari uztea erabaki du. Telefono-aurkibidean besterik gabe hainbat pertsona aukeratzen ditu. Phineas V. Lambert bulegariak milioi bat dolar jasotzen du. Bere mahaitik lasai antzean altxa, enpresako presidentearen bulegora abiatu eta aho-puzker bat egiten dio.
Ernst Lubitsch
Parisen etxebizitza berean bizi diren George Curtis pintoreak eta Tom Chambers antzerkigileak hiri honetara doan trenean Gilda Farrell ezagutu dute, beraiek bezalaxe amerikarra eta publizitate-marrazkilaria dena. Biak ala biak berehala neskarekin maiteminduko dira, eta Gildak ez bata, ez bestea ezin aukeratu duenez, menage à trois bat bizitzea erabakiko dute.
Ernst Lubitsch
Izugarri aberatsa den Sonia alargunak Marshovia bere herrialde txikiko aberastasunaren erdia kontrolpean du. Herriak emakumeak bere dirua bertan xahutu dezan behar du bizirik irauteko, eta beraz, senarrik aurkitzen ez duenez, andreak Parisera alde egiten duenean, erregeak Danilo printzea bidaliko du berau gorteiatu eta atzera ere etxera ekar dezan. Nahitaez lortu beharko du gainera, bestela gerra-kontseilu bat zain edukiko baitu.
Frank Borzage, (Ernst Lubitsch)
Madeleinek Parisen perla-iduneko eder bat lapurtu eta Espainia aldera ihes egiten du. Tom amerikarra ezagutu eta berataz baliatuko da muga zeharkatzeko, ostutako bitxia mutilaren jakan ezkutatuz. Donostian elkarrekin topatuko dira berriz ere, eta gero, Aranjuezen. Tom kondesa baten plantak egiten dituen Madeleinekin maiteminduko da, hau koilarea berreskuratzen saiatzen den bitartean. Filma Frank Borzagek zuzendu bazuen ere, Paramounteko ikuskatzailea zen Lubitschek bere ?ukitu? berezia gehitu zion.
Ernst Lubitsch
Maria emaztea aspaldi apur bat alboratuta dauka bere senar Sir Frederick Barker aristokrata britainiarrak. Haserretuta dagoenez, Parisera joango da senarrari ezertxo ere esan gabe. Bertan Mariak Anthony Halton ezagutu eta honekin afaldu eta hiriko monumentuak bisitatuko ditu. Maria Haltonek asmo serioagoak dituela jabetzean, desagertu eta Ingalaterrara itzuliko da, bere senarra ordea ez da kanpoan egon denik ere ia ohartu.
Ernst Lubitsch
Michael Brandon gaizki hezitako milioduna da, zazpi emazte izan dituena, den-denak bere dirutzak erakarritakoak. Rivierako denda batean Nicole de Loiselle ezagutu du baina honek kalabazak eman dizkio. Txirotutako frantses noble familia bateko alaba denez, bere aitaren aginduz, Nicolek azkenik Brandonen ezkont proposamena onartu bai, baina diru-truke dela argi utziko du.
Ernst Lubitsch
Iranoff, Buljanoff eta Kopalski kamaradak Parisera bidali dituzte frantses hiriburuan bizi den Swana errusiar dukesa nagusiari konfiskatutako bitxien salmentarekin Gobernuarentzako dirua lor dezaten. Hiru kamaradak luxuzko hotel batean gela hartzen dute, frantses auzitegiek bitxien benetako jabea nor den argitzen duten bitartean. Errusiako Gobernuak Nina ?Ninotxka? Ivanovna Yakushova bidaliko du orduan gauzak konpontzeko.
Ernst Lubitsch
Budapesteko Matuschek eta Konpainia dendako saltzaile-buru lotsatia da Alfred Kralik. Goizero-goizero, enplegatuak elkarrekin itxaroten dute Hugo Matuschek, euren nagusiaren etorrera. Alfredek egunkariko iragarki bati erantzun, eta gutun bidezko amodiozko istorio bat bizi du. Matuschekek Klara Novak kontratatu du Alfreden nahien kontra. Lanean, Alfred eta Klara etengabe liskatuta dabiltza, Klara Alfreden gutunkide ezkutua dela susmorik hartu gabe.
Ernst Lubitsch
Larry Bakerrek bere lana eta etxeko bizimodua oso maite ditu, bere emazte Jill asper-asper eginda dagoela eta Larryren aldetik arreta gehiagoren beharretan dela ohartu gabe. Emakumea Larry jakinaren gainean jartzekotan dabilenean, Sebastian, pianojole xelebre bat, ezkonduen etxera bizitzera etorri eta Jill gorteiatzen hasiko da. Larry konturatu orduko bere onetik aterako da, baina Jill joaten uzteko asmoa duela itxurak egingo ditu berak ere beste emakume bat duela aitortuz.
Ernst Lubitsch
Joseph Tura eta bere emazte Maria Tura Varsoviako antzerki talde bateko izarrak dira. Sobinski teniente abiadore gaztea Mariarekin dago maiteminduta eta emakumeak antzezpena (Hamlet) bitartean, bere kamerinoan elkar ikusiko dutela esan dio. Mutilak aretoa uzten du, hain justu, Josephek ?Izan ala ez izan? bakarrizketa hasten duenean. Alemaniak Polonia inbaditzen duenean, Sobinskik Ingalaterrara alde egingo du, baina Varsoviara itzuli beharko du nazien erresistentziaren aurkako konspirazio bat agerian uzteko.
Ernst Lubitsch
Henry Van Cleve 70 urterekin hiltzen denean, infernura doa, eta bertan Gorentasunak ongi etorria eman, eta gaizki egindakoak konta diezaizkion eskatu dio. Henryk bere istorioari hasiera emango dio. Jaio zenetik, Van Cleve famili dirudunak luxu guztiak eman zizkion eta zurrutero eta emakumezale bizimoduan murgildu zen, harik eta bere ametsetako emakumea aurkitu zuen arte, Martha Strabel. Bere kontakizunari adi-adi egon ondoren, Gorentasunak bera bezalako pertsonak ez dituela infernuan ametitzen jakin arazten dio.
Ernst Lubitsch
Adam Belinski naziengandik ihesi dabilen idazle txekiarra da, Ingalaterrako Carmel sendi aberats eta esnobean babesa aurkitzen duena. Etxeko neskamea da Cluny Brown, iturgintza-lanetan ere iaioa dena. Adam eta Cluny elkarren adiskide egingo dira. Carmeldarren semearen, honen emaztea izango denaren eta Adamen artean hainbat gaizki-ulerturen ondoren, honek alde egitea erabakiko du. Cluny treneraino atzetik joango zaio, eta maitemindu egin direnez, neskaren ezkontza-eskakizunari baiezkoa emango dio.
Robert Fischer
Donostiako Zinemaldian aurkezturiko munduko estreinaldi den dokumental honek Ernst Lubitschen aro berlindarraz argibide berriak ematen ditu, dokumentu filmatu eta testigantzen bitartez. Nicola Lubitsch bere alaba izango dugu garai horretarako gidari, zine-historialarien, haren lanean aditu direnen, egungo alemaniar zuzendari nagusien eta Tom Tykwer, Michael Hanisch, Hans Helmut Prinzler, Enno Patalas, Jan-Christopher Horak, Wolfgang Becker, Amanda Goodpaster eta Dani Levy bezalako pertsona ospetsuen laguntzarekin. Pelikulen laburpen ugari, argazki ezezagunak eta Lubitschekin, Henny Porten aktorearekin eta lehen eskuko beste lekuko batzurekin egindako elkarrizketak, horiek guztiek osatu dute zine-munduko benetako jenio baten erretratu sakona dena.