ELOY DE LA IGLESIA
Gabonetako oporrak etxetzar triste batean bizi diren lehengusina eta izebekin igarotzeko asmoz iloba batek egiten dien bixitak andre hauen beldur, amets eta frustrazioak eragiten ditu. Beraiekin harremanetan ibili eta euren bakardadeaz eta mamu pertsonalez jabetu arazi ondoren, patuak azken partida jokatuko du, bere pausoak tragediarantz eramanez eta itxaropenari atea betirako itxiz.
ELOY DE LA IGLESIA
De la Iglesiaren filme onenetakoriko bat dugun honetan zinegile zarauztarrak gazte giroa eta arazoak aztertzen jarraitzen du. Oraingoan gazte baten arreba eta era berean bere lagunaren andregaia den neskaren abortoa zhalbidetuko duen dirua lortzearren bi lagun horiek lapurreta, harreman homosexualak eta droga salmentaz baliatu beharko dute. Infernura daraman bidaia hori tragikoki amaituko da, gure gizarteak gazte hauei eskaintzen dien etorkizun eza erakutsiz. Gogoan dugun Antonio Floresen interpretazioa nabarmentzekoa da osotara.
ELOY DE LA IGLESIA
Zine espainiarrak gutxitan erakutsi ditu boxeoaren gorabeherak. Oraingoan, De la Iglesiak euren empresariaren gako-makoak pairatu behar dituzten bi boxealari handien historia kontatzen digu (horietako bat garai hartan oso ospetsua zen José Legrá dugu). Enpresariak boxealari horietako batek "bere ondasun bat" den modeloarekin ezkondu nahi duela jakin onduko, bi lagunak aurrejartzen ditu ring-aren gainean. Hauen prestatzaileari mendekuaren ahotxarra besterik ez zaio geldituko.
ELOY DE LA IGLESIA
De la Iglesiak filme honetan berriro aztertzen ditu bai homosexualitatearen gaia baita honen eragina eguneroko bizitzan ere. Oraingoan, familia egoerak, garaiko giza pentsamoldearen mugek eta talde ultraeskuindar batek egiten dion txantaiak diputatu ezkertiar batengan dituzten ondorioak aurkezten dizkigu. Filmea 1978. urtean errodatu zuen eta, beraz, Espainako aldabide politikoa aztertzeko aukera paregabea eskaintzen digu, kasu honetan giro hura historia sentsazionalista baten testuinguru soila baino zer edo zer gehiago baita
ELOY DE LA IGLESIA
1983ko Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatutako filme honek, alde batetik, bi gazte heroinazaleen artean sortzen den harreman berezia kontatzen digu. Lehena lider abertzale baten semea da eta Goardia Zibileko komandante batena bestea. Bestetik, euren gurasoen erreakzioak erakusten dizkigu ere, hori dena Euskal Herriak ezagutzen duen gatazka soziopolitikoaren barrun kokatua.
ELOY DE LA IGLESIA
Filme honetan aurreko filmean agertzen zen Goardia Zibileko komandantearen semearen mentura eta zorigaitzak ditugu nagusi, hasieran Carabanchel-eko kartzelan eta ondoren legez kanpo daraman bizimduan aztertzen du. Bere aitarekin izango dituen nahitaezko kontrajartzeak amaiera tragiko batera eramango du istorioa. Hamabi urte igaro badira ere, komunikabideen eta Goardi Zibilaren inguruko berri eta tirabirek filme honen gaurkotasunari eusten diote.
ELOY DE LA IGLESIA
Filmearen sarrerak 1966. urtean kokatzen gaitu, apaizen eta Elizaren betekizunez Vaticano II.a gero eta ikuspegi desberdinagoak sartzen ari den parrokia batean. Aita Miguel, bertako apaiz bat, sexuak obsesionatuta bizi da, sentimenduzko desoreka pertsonala erakutsiz. Egoera hau gainditzeko asmoz, bere bizitza betirako baldintzatuko duen erabaki drastiko bat hartuko du. Filme honen musika Carmelo Bernaolak konposatu zuen.
ELOY DE LA IGLESIA
Hau izan zen Eloy de la Iglesiaren filmografian arrakasta handia lortu zuen lehen filmea. Lan hau polizia eta izuikarazko filmeen nahasketa izan zen. Andre batek bere senarraren ezleialtasuna zigortzeko azpijoko gogor bat irazten du, gorpua txerriei puskanaka jaurtiz. De la Iglesiak filme klaustrofobiko eta efektista bat lortu zuen. Bertan, Carmen Sevilla, paper honetaz baliatzen da irudi eta erregistroz aldatzen hasteko.
ELOY DE LA IGLESIA
Gaztetatik haur antzerkian interesatuta, Eloyk 22 urte zituelarik errodatu zuen bere lehen filmea. Horretarako fantasiazko literaturaren hiru ipuin klasiko aukeratu eta egokitu zituen: H.C. Andersenen Itsas lamia, Grimm anaien Deabruaren hiru ileak eta L.F. Baumek idatzitako Ozeko aztia. Filme honen zenbait eszena Zarautz, Hondarribia et Irunen errodatu zituzten. Lan egin zutenen artean, baziren euskal aktore batzuk ere, Sergio Mendizabal tarteko.
ELOY DE LA IGLESIA
Irakasle bat bere ikasle ohi batekin bizi da jauregi batean. Halako batean, etxetik alde egin ondoren stopean egiten ari diren bi ikasle hartzen ditu. Hurrengo egunean lagun hauek handik joateko ezintasunaz konturatuko dira. Irakasleak hiru gazteekin joko sadiko-erotiko bati ekingo dio, baina hauek elkartu egingo dira jokoaren arauak aldatu asmoz. Zentsuraren ebaketa nabarmena izan arren, filme hau De la Iglesiaren lanaren muina erakusten hasten da.
ELOY DE LA IGLESIA
Marcos (Juan Diego) alderdi eskuindar bateko militantea, TB.ko aurkezle ezagun bat dugu eta Ana Belenek antzesten duen pertsonaiarekin ezkonduta dago. Beraien arteko harremana gaizki doala ikusirik, seme bat izatea erabakitzen dute, horrek elkartuko dituela uste baitute, baina haur hori hilik jaiotzen da. Tragedia horretaz ahazteko oporretara doaz eta han jaberik gabeko txakur bat aurkitzen dute. Orduz geroztik, horrek andrearekin gero eta harreman estuagoak izango ditu.
ELOY DE LA IGLESIA
J.L. Alonso de Santos-en antzezlan homonimoan oinarritutako filme honek tabakotegi batean lapurketa burutu nahi duten bi gizagajoen istorioa kontatzen digu. Jabearen erresistentzia eta auzokideen jarrera ikusirik, kalelapur hauek jabearekin eta bere ilobarekin barruan gelditzea erabakitzen dute. Pertsonaia hauek elkar ezagutzeko eta ulertzeko parada eskainiko die deliberamendu horrek, kanpoan Polizia egoera kontrolatzen salatzen den bitartean. Emma Penella eta José Luis Gómez-en antzezpenak guztiz azpimarragarriak dira.
ELOY DE LA IGLESIA
Filme honetan, azken urteotako gertaeren kronista zorrotza gisa, zenbait politikariren ustelkeriaren kontra eta matrimonioaren zoriontasunari baino euren lanari lehentasuna ematen diotenen zurikeriaren aurka altxatzen da De la Iglesia. Enpresa multinazionalen interesei salduta agertzen diren politikari horiek konplot bat protagonizatzen dute, ministroaren emaztea bere etxeko lorezainaren besoetan bere maitasuna eta bere sexualitatea asebetetzen dituen bitartean.
ELOY DE LA IGLESIA
Bere senarrak "luxozko apaingaitzat" hartzen duen goimailako andre batek gasolindegiko langile bat erabiltzen du bere ezkontide antzuak ezin eman dion semea ernaltzeko. Nahiz eta, kasu honetan, emakumeak aurre hartu, amaieran patua izango da azken hitza emango duena. Filmearen protagonistak garai hartan senar-emazte ziren Patxi Andion eta Amparo Muñoz ditugu.
ELOY DE LA IGLESIA
Zer gerta dakioke pertsona bati, eztabaida erdian, nahi gabe norbait hiltzen badu eta etengabe hilaraztera behartuta ikusten denean, aurreko hilketarekin erlaziona dezakeen edozein aztarna ezkutatzeko? Erantzuna, zentsurak zertxobait bigunduta hala ere, patuaren xede aztergaitzei buruzko filme honetan aurki dezakegu, denok baitakigu ez dagoela uhin bakarrik, ezta 6 eguneko asterik. Eskerrak, dena den, ez dagoela ehun urte iraun dezakeen gaitzik.
ELOY DE LA IGLESIA
Franco generalaren heriotzaren ondoren, De la Iglesia bere aurreko etapa errealistara itzultzen da, oraingoan irudietan nahiz gaian homosexualitatea inplizitoki erakusten duen zine espainiarraren lehen filma errodatuz. Filme honek bere etxera gazte homosexualak eraman ohi dituen negozio handitan dabilen gizon baten historia kontatzen digu. Bere asmoa ez den arren artean, Madrilgo ingurualdeko auzo batean bizi den gazte behartsu batez maiteminduko da.
ELOY DE LA IGLESIA
Eloy de la Iglesia egingo eragin handiko gaiez interesatua agertu da beti. Horregatik ezin zuen gertaera kronika eta espainiako aldabide politikoaren gorabeherez bere iritzia emateko aukera hau alferrik galdu. Hari horietaz baliatuko da, hain zuzen, kaleko segurtasun eza desegurantza eta indarkeriaren aurrean gaurko gizarteak erakusten dituen beldurrak, komedia moduan, aurkezteko.
ELOY DE LA IGLESIA
Emakume bat (Carmen Sevilla, berriz, bere aurreko paperekin hautsiz), Vicente Parrak antzesten duen pertsonaiak egindako hilketa baten lekuko bakarra da, eta gorpua desagertarazten laguntzera behartua izango da. Egoera hau bihotzeko harreman sakonago baten hasiera besterik ez da izango, patuak erlazioaren hari aldakorrak moztuko baititu, historia hau ustekabez beteriko amaiera batera garamatza.
ELOY DE LA IGLESIA
Filme hau egiteko orduan de la Iglesia El Jaro izengoitiz ezaguna zen gaizkile baten bizitzan oinarritu zen. Hamasei urte zituela hildako gazte honek lapur talde bat sortu eta bere lidergoa eraman zuen, hiringuruko giroan murgildurik beti ere. Kazetari baten ikuspegitik planteatuta, egileak hiri handietako antzeko auzoetan sortzen den gazte gaizkintzari buruz duen iritzia azaltzen digu, bere lan zinematografikoetatik nabarmentzen den filme pertsonala lortuz.
ELOY DE LA IGLESIA
De la Iglesiak Espaniako transizioaren kronika zorrotza utzi eta Henry James-en elaberri kezkagarria hartzen du filme honen abiapuntutzat. Idazlan hau gure artean Suspense izenburua zeraman Jack Clayton-en filme ederraren oinarria ere izan zen. Oraingoan protagonistak, apaiztegia utzi ondoren, Etxeberriako kondearen iloben begirale modura aurkitzen du lana. Baina hauek bizi diren jauregiko horma zaharren inguruan zer edo zer ilunbetsu ote dagoen susmoa areagotu egingo da.
ELOY DE LA IGLESIA
Etorkizuneko giroan murgilduriko filme honek gaizkileen psikoterapian aritzen den espezialista baten gaztenindarkeriari buruzko ikerketak adierazten dizkigu. Aldi berean, liluratzen dituen gazteak hiltzen dituen erizain eder baten arazoak planteatzen dizkigu. Filmearen gai bereziak eta Sue Lyon aktoresaren presentziak Kubrick-en zinearekiko etengabeko erreferentzi eta begikeinuak sartzera bultzatzen dute De la Iglesia (hala nola Lolita eta Laranja mekanikoa).