GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu finalista, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan emango den X. Sebastiane Latino saria irabazteko hautagai. Hauek dira hautatutako filmak: Errante corazón (Ámame), Marte um (Mars One), Petit mal, Sublime eta Un varón
LGTBI komunitatearen aldarrikapenen eta balioen defentsa kontinente osoan ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria.
GEHITUkoek adierazi dutenez, “hautaketa horrek LGTBI pertsonen pluraltasun, aniztasun eta kontraesan guztiak islatzen ditu”. Kolektiboak, halaber, nabarmendu du ordezkaritza horrek agerian uzten duela “horrelako pertsonek jasaten duten LGTBI-fobia beste hainbat faktorerekin gurutzatu behar dela, hala nola adinarekin, klase sozialarekin eta legezko egoerarekin, faktore horiek batzuetan okerragotu egiten baitituzte kolektiboko pertsonen bizi-proiektuak”. “Horregatik guztiagatik”, gaineratu dute GEHITUkoek, “zailagoa da jende gazteenaren begirada garbi, ez-binario eta aurreiritzirik gabekoak guzti-guztion begirada bihurtzea”.
2021ean Anita Rocha da Silveiraren Medusa film brasildarrak eskuratu zuen Sebastiane Latino Saria; emakumearen eta LGTBI kolektiboaren errealitatea fantasiazko zinemaren bidez deskribatu zigun zuzendariak lan horretan. Bost film finalistetako bat, Ángeles Cruzen Nudo Mixteco, Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan Gipuzkoako hainbat herritan –Deban, Lasarten eta Tolosan– eman ohi den filma izango da aurten.
Sariaren hamargarren edizioa izango da, eta abuztuan jakinaraziko da irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk Latinoamerikako LGTBQ+ zinema babesten jarraitzen du Donostia Zinemaldiaren esparruan. Era berean, Zinemaldiaren 70. edizioan zehar (irailaren 16tik 24ra), Zinemaldiaren arduradunek Iberoamerikako LGTBI Zinema Jaialdien VIII. Topaketa ere antolatuko dute; Espainiako eta Latinoamerikako 25 zinema-jaialdi baino gehiagotako ordezkariak bilduko dira topaketa horretan.
ÁMAME filmak Santiagoren istorioa kontatzen digu; emozionalki hautsita, badirudi Santiagok ez duela inolako ardatzik, bere bizitza pertsonalean guztiz noraezean dabilela. Laila bere alaba nerabea da, eta Argentinan eta Brasilen emango dute elkarrekin uda, hasiera batean kaotikoa badirudi ere, aita-alaben arteko harremanean eta bizitzan inflexio-puntua izango da azkenean esperientzia hori. Alaba bat aitarengandik emantzipatzen deneko istorioa da film hau, eta aldi berean, etsi-etsian maitatu eta maitatua izan besterik nahi ez duen gizon batena.
Martins familiako kideak –ameslari baikorrak– lasai asko bizi dira Brasilgo hiri handi baten kanpoaldean. Ultraeskuineko presidente baten kargu-hartze etsigarriaren ondoren, eta klase ertain-baxuko beltzen familia izanik, errealitate berriaren tentsioa sentitzen hasiko dira botere politikoa finkatu ahala. Ama (Tercia) bere mundua berrinterpretatzen hasiko da, zorigaiztoko jazoera bat izan eta madarikatuta dagoela pentsatuta. Aitak (Wellington) euren seme Deivinhoren futbol-karreran jartzen ditu itxaropen guztiak. Deivinhok, ordea, gogoz kontra jarraitzen die aitaren anbizioei, astrofisika ikasi eta Marte kolonizatu nahi baitu ezkutuan. Alaba zaharrena, Eunice, espiritu libreko neska batekin maitemindu eta etxetik joateko ordua dela pentsatzen hasiko da.
Inoiz ezagutu duzu hiru kidez osatutako harremanik? Gure etxeko ateak irekiko dizkizugu, ikus dezazun nolakoa den gure bizitza, eta nola bizi dugun, emakumeen hirukote gisa, gutako bat jada ez egotea. Bakardadearekin, jeloskortasunarekin eta hiru bi bihurtzen direnean egoera berrira nola egokitu behar garen erakusten digu fikzio erreal honek.
16 urteko Manuel kostaldeko hiri txiki batean bizi da. Baxua jotzen du bere lagun onenekin duen musika-taldean. Lagun horietako bat Felipe da, izan ere, oso adiskide onak dira gazte-gaztetatik. Manuelek harreman bat du Azulekin, eta bizitasun handiz ari dira esploratzen harreman hori biak. Baina lehen aldiz egitear dagoela, Manuelek sentimendu zeharo berria izango du, eta gauzak bestela ikusten hasiko da.
Carlos Bogota erdialdean bizi da, gazteentzako aterpetxe batean, babesleku moduko batean, non bizitzaren gogortasuna arintzen saiatzen baita. Gabonak dira, eta Carlosek bere ama presoarekin eta bere arrebarekin eman nahi du eguna, hiriko indarkeriaren zurrunbiloan galdu ziren bi horiekin. Aterpetxetik irtetean, Karlosek bere auzoko kaleen zorroztasunari egin beharko dio aurre, kalean nagusi baita indartsuenaren legea, alfa arraren legea, hain zuzen. Familia-bilera baten zain dagoela, bera ere alfa ar izan daitekeela frogatu behar du Carlosek, baina maskulinotasun-adierazpen horien aurkako erabakiei aurre egin beharko die bere baitan.