"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez dira asko gastronomia ardatz duten film ez espezializatuak, eta zaila da harribitxi japoniar hau sailkatzea azken horien artean, ez baita jatearen plazerez arduratzen den filma, edo eskualde bateko gastronomia laudatzen duen dokumentala, edo jateko ohituraz ari den lan autobiografikoa. Hori guztia bada Tampopo (1985) hau, bai, baina hori guztia baino gehiago ere bada: western klasiko bat, esaterako. Baina, batez ere, gai unibertsala proposatzen digu filmak, errezeta definitiboaren bilaketaren narrazio nagusiaren artean: barneko bidearen garrantzia, hain zuzen ere.
Horixe baita gidoia gidatzen duen hari nagusia: emakume bakarti bat hirugarren mailako jatetxe batean, hiri erraldoiaren auzo apartatuan, semea hezi nahian. Inguruan, Japoniako mafiako matoiak; gelditu, zeozer jan eta ia hitzik egin gabe bideari berriz ekiten dioten garraiolari bakartiak; bigarren aldiz errepikatzen ez duten bezero txiroak: etorkizun latza. Ekaitz baten erdian kamioi bat jatetxearen atarian geratzen denean, orduan hasiko da bi protagonistek konpartituko duten proiektua: nola lortu inguruko ramen-ik onenak egitea eta, jakina, etorkizuna ziurtatzea.
Filmean zehar, horrela, helburu hori erdiesteko behar diren elementu guztiak ageriko dira, enpresa epikoguztietan bezala: bapateko lorpenak eta porrotak; nekeak; etsipen uneak; maitasunak eta maiteminak. Baina, tartekatuta, zuzendariak hainbat gai iradokitzen dizkio ikusleari, eta bat nagusi: tradizioaren eta modernitatearen arteko talka. Bitxiak dira, esaterako, sukaldaritza frantsesari egiten zaizkion erreferentziak: ironiaren bidez, mihi arraina meunière erara edo txanpaina eskatzea jartzen da goi mailako gustuaren gailurtzat baina, era berean, erridikulizatzen da kanpoko guztia goresteko tema: “Frantziako sukaldaritza sutegien kontrako etengabeko borroka da”, dio pertsonaietako batek.
Garbi dago Juzo Itami zuzendariak 70eko hamarkadan hain famatuak egin ziren spaghetti westerns-ak buruan zituela Tampopo filmaren gidoia taxutu zuenean, baina, tartekatuta, hainbat esketx proposatzen dizkigu filmak, trama nagusiarekin lotura ez izan arren haren atzean dagoen helburu narratiboarekin bat egiten dutenak: Yazuka talde mafiosoko kide baten eta bere amorantearen arteko eszena erotikoak, esaterako (9½ Weeks gogoratzen digutenak); ondo eta egoki jateko hainbat neskatilak jasotzen duten ikastaro baten amaiera etsigarria, bestalde; gizon edadetuaren eta gaztearen arteko solasaldi ia iniziatikoa janari plater baten aurrean, azkenik.
Eta beharbada amaiera aldean dago, eszena bitxi eta errealista batean, zuzendariak proposatu nahi duen estetika guztiaren laburpena. Mafioso gaztea, txuriz jantzita goitik behera pelikula osoan bezala, tirokatuta erori da hiriko kale batean. Maitalea hurbildu zaionean, etsiturik eta korrika, zinemaren bukaera handinahi guztien osagaiak dauzka dekoratuak: euriarekin nahasten diren malkoak; odolaz gorritutako jantzi zuriak; maitalearen etsipena; betiereko promesak. Orduan, gizonak esan dio bere azken ametsa zein den: neguan, tuberkuluak jaten dituzten basa txerri horietako baten hestea soia eta errefautxo minez tartekatuta saltxitxa baten moduan dastatzea, txingarren artean erre ondoren. Neskak baietz esan dio, goxoak egongo direla, eta elkarrekin jango dituztela… baina orduan gazteak moztu dio: “Ixo, nire azken filma hastera doa” esan dio, hil baino lehentxeago.
Bukaeran, jakina, jatetxeak ospea lortuko du eta cowboy-ak bere bideari jarraituko dio, errepidetik gora, burdinezko zaldi gainean.
ALBERTO BARANDIARAN