"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pare bat sekretu kontatuko dizkizuet. Atzo arratsaldean, Tabakalerako zinema aretoaren abaroan kontatu zizkiguten ikasle eta kuriosoei. “Zein metodo baliatzen duzu pelikuletako musika hutsetik sortzeko?”, galdetu zion Aránzazu Calleja musikari eta konpositore euskaldunak lanbide bera duen Jean-Baptiste de Laubierri. Honek, bere lantokiko gailuen kokapena azalduz heldu zion Callejak botatakoari. Pantaila handi baten azpian kokatzen du pianoaren teklatua. Irudiak, kolore eta mugimenduz jantzita egon arren, lehenengo begiratuan, orri zuriaren antza dutela aitortu zigun. Berehala ulertu nuen Laubierrek aurpegiarekin egindako keinua, egunotan idatzi aurretik hein batean nik neuk ere sentitu dudalako bertigoa. Bigarren begiratuan baina, erizainak gaixoaren besoari egin antzera, irudiei pultsua hartzen ahalegintzen dela gaineratu zuen. “Argazki zuzendaria ona baldin bada”, planoek metronomoen funtzioa bete dezaketela azaldu zigun. Pantailak emandakoa entzun eta eskuak erabiliz teklatura ekartzen du ostean musika izango dena, Laubierrek.
“Zineman musika trikimailu bat da, ikusentzulea manipulatzen duen errezel garden bat” esanez partekatu zuen bere sekretua Aránzazu Callejak. Nonbait irakurri omen zituen hitzok eta berehala bere egin. Pelikulak muinean ilusio bat baldin badira, melodiak amarrurik handiena direla aitortu zigun konpositore bilbotarrak eta hortaz, bere lana funtsean engainuaren artea menperatzea dela. Irri txiki bat gorde zuen golkoan, besaulkietan geundenoi, bozgorailuetatik gure sorbaldetara lotutako hari ikusezinak segundo batez bistaratu izan balizkigu bezala. Hizketaldiaren ondarretan baina, bere azken proiektuak irakatsi diona azaldu zigun apaltasunez: “Une batzuetan musikarik ez egoteak urrunago eraman dezake ikuslea”. “Melodiak arriskutsuak dira, entzuleak beraien ametsetatik esnatu ditzake”, borobildu du Laubierrek.
MIKELE LANDA EIGUREN