"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Plataformen bidez online erakusteko eta banatzeko eredu berriak sartzeak aldaketa sakona ekarri du industriako profesionalek beren lana garatzeko dituzten lan-baldintzetan. Plataforma handiekin lan egiten duten hainbat profesional bildu ziren, atzo, San Telmo Museoan mahai-inguru batean parte hartzeko eta gai mamitsu horri buruzko gogoeta egiteko. Plataforma digital berriek ikus- -entzunezko ekoizpen-modu tradizionaletan sartu dituzten eraldaketei buruz luze eta zabal hitz egin zuten Roger Gual zuzendariak eta Marisa Fernández Armenteros eta Ander Sagardoy ekoizleek, Elena Neira moderatzaile zela.
Zazpi urte bete berri dira plataforma batek gaztelaniazko lehen “original”-a ekoitzi zuenetik. Ordutik, industria eta ikus-entzunezkoen kontsumoa erabat aldatu dela aipatu zuten hizlariek solasaldia abiatzeko. Roger Gual zuzendaria zinema independentean hasi zen Smoking Room filmarekin, eta Netflix bezalako plataformekin ere lan egindakoa da (7 años, El desorden que dejas); hori dela eta, industriaren garapenaz ikuspegi zabala du. “Prozesuak antzekoak dira baina aldea dago abiaduran, dena azkarrago egiten da; eta baita irismenean ere, plataformei esker milioika pertsonengana heltzen zara”.
Finantziazio iturrietara etorrita, Marisa Fernández Armenteros ekoizleak aipatu zuenez, “zenbat eta finantziazio leiho gehiago izan, hobe”. Industriaren handitze eta hedatze horrek industriako langileentzat mesedegarria izan dela ere aipatu zuen. Galdera bat ere planteatu zien bertaratutakoei: “Edukien atomizazioak aniztasuna al dakar?”. Plataformek algoritmoaren ezagutza sakona eduki arren, estrategiak etengabe doaz aldatzen, ekoizlearen iritziz: “Zirraragarria da ikustea ikusentzunekoaren norabidearen gaineko erabateko kontrolik ez dutela”.
Plataformek banatzaile izatetik ekoizle izatera igarotzearen ondorioak izan zituzten hizpide, ondoren. Filmik artistikoenak edo egile-filmek plataforma digital horietan guztietan duten lekuak eztabaida interesgarria sortu zuen. “Estrategia aldaketa bat egon da”, azaldu zuen Ander Sagardoyk, “plataformek ‘armairua’ bete zuten eta bolumen-estrategia batetik aukeraketa estrategia batera igaro dira”. Hala ere, sortzaileak ezin duela erosleen zain egon ohartarazi zuen Fernández Armenterosek: “Ezin duzu mundu mailako eroslea iritsi arte itxaron, proiektua norberak finantziatu behar du”. Ekoizleek urteak behar dituzte sortzaileekin eta idazleekin bide bat osatu eta proiektu bat ondu arte. “Talentua aurkitu eta lagundu egiten diogu; horretarako konpetitiboak izan behar dugu hasieratik”, gaineratu zuen.
Mahaingurua bukatzeko, formula hibridoetaz, ikusleen feedback-az, prozesuen estandarizazioaz, lankidetzarako elkargune egokietaz, eta marken pisuaz, eta tokiko ekoizleen ekarpenez, ahultasunez eta indarguneez hitz egin zuten solaskideek.
IRENE ELORZA GEREÑO