Izaskun Arandia (Tolosa, Gipuzkoa, 1972) aspalditik dihardu zinema- eta telebista-ekoizpenean eta dokumental ugari ekoitzi ditu bere ibilbide oparoan. Oraingoan, berak zuzendutako lehen dokumental luzearekin dator Zinemaldira. Arandia urte luzez bizi izan da Erresuma Batuan eta han aurkitu zuen filmaketarako gaia, 2016an. Ni naiz naizena websailean lanean ari zirela, Yogurinha Borovak hitz egin zion Londresko klub mitiko bati buruz, My Out Out pertsona transentzako dantzalekuaz. Ezagutu bezain pronto, Arandia maitemindu egin zen leku magiko hartaz eta bertako jendeaz.
Vickie Lee da klubaren jabea, kudeatzailea eta harreman publikoen arduraduna. Baina, denen gainetik, klubaren arima da 1993an ireki zutenetik. “Klubaren espiritua ospakizuna da: izan nahi duguna izan gaitezkeela ospatzen dugu”, azaldu du. Izaskun Arandia zuzendariak bertatik darion aldartea eta maitasuna azpimarratu ditu: “Klubera joaten naizen bakoitzean sentitzen dudan maitasuna transmititzea nahiko nuke film honekin”. Vickie Lee-ren arabera, klubera joaten direnek familia bat osatzen dute: “Batzuk etorri eta hazi egiten dira, beste batzuk loratu egiten dira, batzuk joan eta ezkonduta itzultzen dira, familietan bezala da”. Izan ere, belaunaldi ezberdinak nahasten dira klubean, horren lekuko da Carol, 90 urte dituena, edo Kam Angel gaztea.
The Way Out klub ospetsuari buruzko film luzeak trans agertokiaren azken hiru hamarkadak errepasatzen ditu eta, elkarrizketa eta artxiboko grabazioen bidez, klubak komunitate transean izan duen eragina erakusten digu. Arandiak sekulako artxiboan arakatu behar izan zuen, ehun bideo baino gehiago ikusiz eta klubaren hastapeneko argazki andana errepasatuz. Urteetan jende askorekin hitz egin dugu klubaren inguruko grabazioak egiteko, baina, izatekotan, nik argi nuen zerbait benetakoa, egiazkoa eta jatorra beharko lukeela izan”, azaldu du Leek. Arandiak hori guztia gorpuzten zuen eta konfiantza osoa eman zion ezagutu ziren lehen momentutik. “Vickie Lee profesional bat da eta profesional batek bakarrik bereiz dezake iruzurgilea eta benetako interesa duena”, dio zuzendariak. Grabatzen hasi aurretik, Arandia askotan izan zen klubean, giroa eta jendea hobeto ezagutzen eta dokumentala izango zena tokian-tokian lantzen.
Lantalde txikiak lan egin zuen klubaren izen bera daraman proiektuan. Euskal Herritik Londresera joanetorriak zirela-eta, edo autofinantziatua izan delako, baliabideak mugatuak ziren. “Proiektu honetan sinetsi duen jendearen ekarpenei esker atera da aurrera, crowdfunding bidez”, jakinarazi du zinemagileak. Klubaren egunerokoa (gauekoa esan beharko genuke) trabarik egin gabe eta ahalik eta naturaltasun gehienez filmatzeko ere oso garrantzitsua zen lantalde txikia izatea. “Klubean zerbait filmatu behar izan den bakoitzean jendeari esaten genion, ‘ez baduzu agertu nahi, alde egizue lehen iladatik’, eta inoiz ez dugu arazorik izan”, adierazi du klubaren jabeak. Oso gutxik alde egiten omen zuten; aldiz, jende asko hurbiltzen zen foku azpira.
Proiektua pixkanaka joan zen garatzen baina inork espero ez zuen gorabehera batek kili-kolo utzi zuen bai filma bai kluba bera ere. 2020ko martxoan, mundu-pandemiaren ondorioz, klubak bere ateak itxi zituen lehen aldiz bere historian. Arandiak ziurgabetasun une horiek aprobetxatu zituen muntaketa lanak aurreratzen joateko. Azkenean, egoera baretu zenean, Londresera itzuli eta klubaren berrirekiera filmatu ahal izan zuen, dokumentalaren bukaera osatzeko.
Izaskun Arandiarentzat amets bat betetzea izan da Zinemaldian dokumentala aurkeztea. “Protagonistek aurreko fase batean ikusi dute filma, eta hemen ikusiko dute estreinakoz postprodukzioa egin ondorengoa, oso pozik eta hunkituta nago”, aitortu du. “Banekien material ugari zegoela, baina lehendabizi ikusi nuenean kopia gordina, burua lehertu egin zitzaidan”, adierazi du Vickie Lee, “artxiboko materiala eta filmaketa berriak erabilita Izaskunek osatu duen istorioa sekulakoa da; jendeari eta bertako istorioeei egindako aitortza zoragarria da”.
IRENE ELORZA GEREÑO