17 filmetan murgiltzeko ardura du egunotan Lemohang Jeremiah Mosesek (Hlotse/Leribe, Lesotho,1980). Sail Ofizialeko epaimahaikide izateko etorri da Donostiara, baina aurretik ere aritu izan da betebehar horretan Berlin, Rotterdam eta Locarnoko zinema jaialdietan, besteak beste. Eskarmentuduna izan arren aitortu digu ahalegin berezia egiten duela filmek harridura sor diezaioten. Ikustear den ikus entzunezkoarekin “topo egitea” eta ezustean harrapatzea du gustuko. Horregatik, jaialdietan sariak esleitzea tokatzen zaionetan, beste era batera sekula ezagutuko ez lituzkeen zinemagileen lanak deskubritzea desio du.
Zinemaldiaren 70. edizio honetan Mosese epaile gisara lanean ikusiko duzuen arren, zinemagilea eta artista bisuala da bera. Mother, I am Suffocating. This is My Last Film About You film luzea zuzendu zuen 2019an eta zinema jaialdietan ibilbide oparoa egin ostean, MoMA eta BOZAR bezalako museoetan ikusi daiteke proiektatuta oraindik. Agian horregatik, bera ere sortzailea delako eta irudiei zuzendariaren
ikuspuntutik so egiteko ohitura duelako, ezin izaten du beste zinemagile batzuen filmen atzean egon daitezkeen erabakiak identifikatu eta epaitzea ekindin. Gainera, bere inpresioak disimulatzea zaila egiten zaiola
dio: “Film bat ez badut gustuko oso txarto erreakzionatu dezaket”. Baina pelikulen aurrean egoteko duen jarrera aldatzeko ahalegina egiten ari dela gaineratu du jarraian: “Ikasten ari naiz edertasuna bilatzen. Nahiz eta ikusten ari naizen filma osorik gustoko ez izan, izpi bat bilatzen dut, aktore baten keinu txiki bat bada ere. (…) Garrantzitsua da pelikularekin konektatuko nauen hori aurkitzea; amore ematera behartuko nauen edertasun apurra, itsusitasun gehiegi dago hor kanpoan”. Bere lanetan logika berberari jarraitu ohi dio, eta pantailetatik haratago ere bilaketa hori biziki garrantzitsua da berarentzat, “edertasuna begientzat da eta begien baitan argitzen da edertasuna. Aintzinatik datorren sinesmena da hori; loreak, Edertasunari amoreemana ura eta paisaia mirestea; begiek arima elikatzeko kontsumitu beharreko zerbait da edertasuna.”
Azaldutakoaren adibide praktikoa bisitatzeko aukera dago Donostian une honetan. Moseseren Bodies of Negroes. I Will Sculpture God, Grim and Benevolent ikus-entzunezko lana Tabakalerako “Vive Le Cinéma!” erakusketaren parte da. EYE Filmmuseumekin batera ekoitzi eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan antolatu duten esposizioan Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke zinemagileen instalazioak
ere bisitatu daitezke. Mosesek identitate kolektiboaren eraikuntzaren inguruko proposamen artistikoa eraman du erakusketa- aretora. Identitatea bere hitzetan “pusketetan zatitutako aurpegi bat da, denok berreraikitzen tematzen garena. Emaitzaren mostruotasunean, hor dago edertasuna, forma argirik ez edukitzean datza gakoa.” Hain zuzen ere, identitatearen auziak hemen duen garrantziagatik lotura berezia sentitzen du Lesothoarrak euskaldunekin.
Datorren urtarrilaren zortzia bitartean egongo da aukera Tabakalerako bigarren solairura igo eta Moseseren proposamen artistikoan murgiltzeko. Zazpi pantaila handik inguratuta badirudi denboraren joana eraldatu egiten dela areto barruan, segundo eta minutuek iraupen aldakorra dutela. Denbora aurrerantz joan beharrean, norabide anitz eta kontrajarrietan biratzen hastear dela senti dezake instalazioa ikustera sartzen denak. Sortzaileak azaldu duenez, jaioterriko kultura herrikoiak eragina izan du ikus entzunezko pieza inmertsibo honen sorkuntza prozesuan: “Denbora eta formaren muga desegiten ahalegintzen naiz. Iragana eta etorkizuna batu nahi izan ditut, eta oinazpia begien tokian jarri.”
Mikele Landa Eiguren.