"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irlandako Midlands eskualdea, 1862. Neskato batek jateari utzi dio, baina bizirik eta egoera onean dago, miraria badirudi ere. Lib Wright erizain ingelesa herri txiki batera eraman dute Anna O ‘Donnell hamaika urteko neska behatzera. Turista eta erromes ugari biltzen dira hainbat hilabetean ezer jan gabe bizirik iraun duen neskatoa ikustera. “Zeruko manarekin bizirik irauten duen santu” bat al dago herrian? Aitzitik, fenomeno horren arrazoiak gaiztoagoak al dira? XIX. mendeko neska barautzaileen fenomenoan inspiratutako thriller psikologikoa ikusi dugu gaur Ofizialean.
Sebastian Leliok mende hasieran La sagrada familia filmarekin bisitatu zuen lehenengoz Zinemaldia. Geroztik, besteak beste, Txilerentzat historikoa izan zen Una mujer fantástica filmarekin ingelesez besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Aurten, Donostiara itzuli da Netflixek ekoiztutako The Wonder lanarekin.
Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian lehen aldiz parte hartzen duen filmerako, Emma Donoghue idazlearen eleberrian oinarritu da Lelio, eta Florence Pugh aiurri ahaltsuko antzezlea aukeratu du protagonista, XIX. mendeko erizain ingeles bat haragituz, lau hilabete jan gabe daraman neskato baten kasua ikertzeko kontratatua. Aktore-zerrendan Pughek, besteak beste, Ciarán Hinds, Tom Burke eta Toby Jones aktore bikain askoak ditu lagun. Horiekin batera, Anna neskatoaren papera betetzen duen Kila Lord Cassidy, eta fikzioan bere amarena egiten duen bere benetako ama, Elaine Cassidy, aktore irlandarra.
The Wonder ikus-jolas batekin hasten da eta berdin amaitzen da, ikusleari “istoriorik gabe ez gara ezer” gogoraraziz eta film baten aurrean gaudela ahaztuko dugula iragarriz. Leliok bere filmaz adierazi duenez,“zientziaren eta pentsamendu magikoaren edo zientziaren eta fedearen arteko talka” proposatzen du.
Errealizadore txiletarraren arabera, “kontakizun oro ez da entretenimendua bakarrik, politika ere bada”. Kasu honetan politika hori bi jarrerei dagozkie, “egia aurkitzeko beste batzuek pentsatzen dutenera egokitzeko prest dagoen erizainarena eta egiaren jabe direla eta aldatu ezinezko usteak dituztenena. Horra fanatismoa. Ez dut esaten fedea fanatismoaren sinonimoa denik, zurruntasunarena baizik”.
Kila Lord Cassidy da Anna, ‘neska miragarria’. Prentsaren aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, amak liburua irakurri zuen eta berehala komentatu zion agenteari bere alaba ezin hobea zela paper horretarako. Denbora pasa zen, eta azkenean proiektatua mamitu zenean bertan parte hartzeko deitu zioten. “Ez daukagu komunean asko, bera oso erlijiosoa delako eta mina izan duelako, baina pertsonaiarekin konektatuta sentitzen nintzen”. Filmatzean oso ondo pasatu zuela dio, nahiz eta intentsitate handiko eszena batzuek aparteko ahalegina eskatu zioten. Zehazki, horietako batek baraualdi luzearen arrazoiak azaltzen dituenean, “oso sekuentzia luzea zen, eta egoera emozional desberdinetatik igarotzea eskatzen zuen”. Egun horretan 12 urte betetzeak lagundu zion, eta oso hunkituta zegoen taldearen aldetik jaso zituen zorionak ikusita.
Musikak funtsezko papera betetzen du pelikulan, beste pertsonaia bat bihurtu arte. Matthew Herbert musikagileak azaldu duenez, irlandar instrumentuak erabili zituen “baina horien doinua berrasmatu egin dugu” soinu-bandari beldurrezko ukituak eransteko, askotan musikak aurrea hartzen dio kontakizunari irudietan datorrena azpimarratzeko eta “perkusioak pertsonaiak nola sentitzen diren ikusarazten du”.
SERGIO BASURKO